27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, rena, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Andosillako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak “Resa I” aztarnategi arkeologikoaren mugaketari eragiten dio, eta Andosillako Udalak sustatu du.

Andosillako Udalak 2021eko azaroaren 25ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 281. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16koan.

Aldaketaren xedea da Resa I izenez ezagutzen den aztarnategi arkeologikoaren kultura-balioa babestea, haren kontserbazioa bermatzeko eta etorkizunean aztarnategia hobeki mugatzea eta haren balioa nabarmentzea ahalbidetuko duten azterketa berriak ahalbidetzeko.

Horretarako, aldaketa-proposamenak aurreikusten du balio kulturala izateagatik (aztarnategi arkeologikoa) gorde beharreko lurzoru urbanizaezinen azpikategorian sartzea honako lur hauek osatzen duten eremua: 6. poligonoko 362. eta 440. lurzatiak, 1. poligonoko 220. lurzatia, eta haien ondoan dauden bide publikoak. Eta artikulu berri bat sartuko du hirigintza-araudian (90. artikulua), eraikuntza-jarduerak eta eraikitzekoak ez direnak arautzeko, kultura-balioak zaintze aldera.

Aldaketaren eremua aipatutako lurzatietara mugatzen da. Guztira 19,25 hektareako azalera dute, eta udalerriaren mendebaldean daude, La Veguilla alderdian, Andosillako herrigunetik 5,4 km ingurura eta Sartagudatik 2,2 km ingurura.

Indarrean dagoen planeamenduaren arabera, 362. eta 440. lurzatiak lurzoru urbanizaezin generiko gisa sailkatuak daude, eta 220. lurzatia nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru gisa. Beraz, proposamenak lurzoruaren azpikategoria berri bat gainjartzen du, kontuan hartuta lehendik dauden kultura-balioak, Ebroko Ardatza LAP5 planean adieraziak daudenak.

Ingurumenaren ikuspegitik, proposamenak ez du ingurumen afekziorik eragiten, eta kultura-ondarea kontserbatzeko prebentzio neurri bat da. 440. lurzatiaren kasuan, zeina Ebroko ordoki alubiala eta “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” Kontserbazio Bereziko Eremua mugatzen dituzten igeltsuzko labarren paisaia naturalaren zati baita, proposamenak ez du afekziorik eragiten ez paisaia-balioetan, ez KBEan zaindu beharreko balioetan, ez eta KBEaren kudeaketa planean identifikatutako gako-elementuetan ere.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Andosillako Udal Planaren aldaketa honi buruz, ez baitu efektu nabarmenik eragiten ingurumenean: “Andosillako Udal Planaren aldaketa egituratzailea. Resa I aztarnategi arkeologikoaren mugaketa”. Aldaketaren sustatzailea Andosillako Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Andosillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2200190