27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Aldaketa, Kirol entitateendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2021eko uztailaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea ordenantza batean, hain zuzen ere Kirol entitateendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan. Hura 2021eko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 5ekoan.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta argitara ematen haren testu bategina, onetsitako aldaketa guztiekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2021eko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, M.ª Carmen Segura Moreno.

ALESBESKO KIROL ENTITATEENDAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

1. artikulua. Dirulaguntzaren helburua, baldintzak eta xedea.

Eskatzaileak Alesbesko erakundeak, klubak eta/edo elkarteak izan daitezke, herrian kirol jarduera sustatzen badute.

Ordenantza honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, honako printzipio hauek dira oinarri: berdintasuna eta diskriminaziorik eza, publizitatea, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, Udalak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna, eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia. Honatx helburuak:

a) Herritarrei, arizale nahiz ikusle, parte hartzeko aukera ematen dieten kirol jardueren antolaketa laguntzea eta bultzatzea, bereziki udalerrian errentagarritasun sozialari eragiten diotelarik.

b) Ekitaldi puntualen bidez, gazteengan nahiz haurrengan kirolzaletasuna piztea.

c) Oinarrizko kirola laguntzea eta sustatzea, udalerriko klubetan, gazteak eta haurrak kirol federatu nahiz federatu gabeetan modu jarraituan aritzeko erraztasuna emanez.

d) Udalerriko biztanleen artean kirolaren sustapena bultzatzea.

e) Dauden klubak sendotzea eta klub berrien sorrera bulkatzea, kirola egiteko parada ematen dutenak.

f) Udalaren Kirol Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerei sostengu ematea.

g) Kirol klubak babestea, irabazi-asmorik gabe kirol ekitaldi, ikuskizun eta/edo emanaldi bereziak urte naturalean antolatzen dituztenak, edo denboraldiaren barnean edozein kirol motatan aritzen direnak, horiek egiten badira aitzin urteko irailetik aurtengo abuztura bitartean, federazioek edo entitate antolatzaileek ezarritako egutegiarekin bat, eta betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

Jarduera hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:

a) Alesbesko klub eta/edo elkarteek irabazi-asmorik gabe antolatzen dituzten kirol emanaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi bereziak, udalerriko bizilagunei zuzenduak, bertan parte har dezaten edo ikusle izan daitezen, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

b) Irabazi-asmorik gabeko kirol jarduerak, federazioek edo entitate antolatzaileek ezarritako egutegiarekin bat eginak, egiten badira aitzin urteko irailetik aurtengo abuztura bitarteko denboraldian, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

c) Udalaren Kirol Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerak, betiere antolatzaileari defizita sortzen badiote.

d) Gastuak diruz lagungarriak izanen dira baldin loturik badaude dirulaguntzaren xede diren jardueren programazioarekin, koordinazioarekin eta gauzatzearekin. Gastu horien barnean honako kontzeptu hauek sartzen dira:

–Lehiaketan izen ematea, lizentziak eta federazioko bertze kuota batzuk.

–Material suntsigarria eta kirol ekipamendua.

–Laguntzak eta bidaia-sariak monitore/entrenatzaileendako, epaile, arbitro eta fisioterapeutendako.

–Kirol instalazioen erabilera.

–Sariak eta trofeoak.

–Bertzelako gastuak, kirol jarduera egin ahal izateko nahitaezkoak.

–Bertze gastu batzuk, kirol jarduera egiteko ezinbertzekoak, barne daudela elkarte edo klubarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik sor daitezkeen aparteko gastuak, hala nola pandemia batek sortutakoak, beharrezkoak direnak egoki gauzatzeko kirol jarduerak.

e) Udalaren lokal/instalazioetako sarrera erraztuko da, bileretarako edo kirol erabilerarako, baldin elkarte bakoitzak haiek kontserbatzeko mantentze-lanaren kostua bere gain hartzen badu.

f) Diruz lagundutako jarduerarik egiten ez bada, baina irabazi-asmorik gabeko kirol elkarte bat izanez gero, Udalak bertze kontzeptu batzuengatik ezarritako kuotak eta tasak itzuliko zaizkio, galera ekonomikorik ez ekartzeko gure herrian kirola sustatzen duten elkarteei.

Jarduera hauek ezin izanen dira dirulaguntzaren xede izan:

a) Kirol jarduera lehentasunezko edo oinarrizko helburua ez dutenak, nahiz eta beren alderdietako batzuek halako izaera izan.

b) Alesbesko Udalak programatuen gisako programak edo jarduerak, non ez diren haien osagarri.

c) Alesbesko udal-mugartean kokaturiko espazio edo instalazioetan egin ahal izanik kanpoan egiten diren jarduerak.

d) Irakaskuntzako kirol jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusiak; kirolen batean aritzeko irteerak edo gisa bertsuko eskolaz kanpoko bertzelako jarduerak.

e) Sarrera publikoa ez duten jarduerak.

f) Monitore eta/edo entrenatzaileen prestakuntza eta birziklatzea.

g) Diru-sarrera aski duten jarduerak edo gehienbat erabiltzaileek, udal honetako bertze zerbitzu batzuek edo bertze administrazio publiko nahiz pribatu batek diruz lagundu behar dituenak.

h) Ezaugarri sexistak edo arrazistak dituzten jarduerak edo indarkeria bultzatzen dutenak edo bertzelakoak, Espainiako Konstituzioaren printzipioei eraso egiten dietenak eta administrazio publiko batek diruz lagundu ez ditzakeenak.

i) Honetarako ez da dirulaguntzarik emanen:

–Ondasun inbentariagarriak eskuratzeko, eraikitzeko, zaharberritzeko eta hobetzeko gastuak.

–Elkartearen funtzionamendu gastuak, hala nola argindarra, gasa, telefonoa eta gainerako gastu arruntak.

2. artikulua. Laguntzak emateko araubidea eta aurrekontuko kreditua.

Dirulaguntzak emateko prozedura oinarri hauetan arautzen da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak aztertuko dira, zenbateko portzentajea eman dakiekeen ezartzeko, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Era berean, hitzarmenak sinatzen ahalko dira urtero Alesbesen errotuta eta finkatuta dauden kirol erakundeekin, non definitu eta zehaztuko baitira diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta jarduketak, dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza jasotzeko betebeharrak eta gainerako baldintzak, ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Kreditu-muga indarreko ekitaldiko aurrekontua egitean ezarriko da, eta gerora aurrekontu-aldaketak egiten ahalko dira, organo eskudunak nahitaezko erabakia hartuz.

3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Onuradun bilakatzen ahalko dira Alesbesko eskatzaileak, irabazi-asmorik ez badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkarte edo kluba izatea, Nafarroako Gobernuaren erregistroan izen emana.

b) Estatutuen arabera, helbide soziala Alesbesen izatea eta elkartearen jardueraren xedea izatea kirol jardueran aritzea.

c) Kirol jarduerak eta dirulaguntzaren xede izanen diren proiektuak Alesbesko udalerrian gauzatzea, eta horiek herritarren onerako izatea.

d) Onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Alesbesko Udalarekin zorrik ez izatea.

4. artikulua. Eskabideen aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Aurkezteko epea:

Eskaerak eta galdatzen den hasierako dokumentazioa aurkezteko epea, dirulaguntza zer ekitalditarako eskatzen den, aurreko abendukoa izanen da.

4.2. Hasiera batean aurkeztu beharreko agiriak:

a) IFKaren edo IFZaren kopia konpultsatua, baita klub edo elkartearen estatutuena, baldin eta aurkezten den lehen aldia edo haietan aldaketarik izan bada.

b) Entitatearen eta hura ordezkatzen duen pertsona fisikoaren datuak.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

d) Aurrekontu xehakatua, kontzeptuen arabera sailkaturik diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena.

e) Erantzukizuneko aitorpena, onuraduna izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egoteari buruzkoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Organikoaren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat.

f) Entitateak Nafarroako Foru Ogasuneko zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituela frogatzen duten ziurtagiriak, eta Alesbesko Udalarekin inolako zorrik ez duela frogatzen duena.

g) Erantzukizuneko aitorpena, deialdi honetako laguntzaren xede den proiekturako bertze erakunde publiko eta/edo pribatu batzuetan dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso den azaltzeari buruzkoa.

h) Proiektuaren edo jardueraren publizitatea eta zabalkundea egitean, Alesbesko Udalaren dirulaguntza jaso duela agerrarazteko konpromisoa.

5. artikulua. Aurkeztutako eskaeren balorazioa.

5.1. Balorazio irizpideak.

Kirol klub eta/edo elkarteendako, aurkeztutako jarduerak baloratzeko irizpideak eta laguntzaren zenbatekoa jarraian azaltzen diren balorazio irizpideen arabera zehaztuko dira, adierazten den puntuazioaren arabera. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Hona hemen:

1.–Adingabeendako jarduerak sustatzeagatik klubean edo elkartean:

–5 puntu.

2.–Klubaren edo elkartearen jardueran aritzeko behar diren urteko gastuak:

–0 eurotik 15.000 eurora bitarte: 5 puntu.

–15.000 eurotik 30.000 eurora bitarte: 10 puntu.

–30.000 eurotik goiti: 15 puntu.

3.–Klubak edo elkarteak duen bazkide kopurua:

–20 bazkidetik 100 bazkidera: 5 puntu.

–100 bazkidetik goiti: 10 puntu.

4.–Jendearendako dohainik den jarduera kopurua, ekitaldian:

–10 baino gutxiago: 5 puntu.

–10 eta 20 bitarte: 10 puntu.

–20tik goiti: 15 puntu.

5.–Jarduera nagusietako bat egiten bada irabazi-asmorik gabeko bertze elkarte baten mesedetan, gaixotasun fisiko edo mentalak ikertzeko edo tratatzeko:

–10 puntu.

Lortutako puntuazioak zehazten du zenbateko portzentajearekin lagunduko den diruz elkarte bakoitzaren urteko aurrekontua (gehienez %50). Dirulaguntza osoak muga hauek izanen ditu:

–Urteko aurrekontua 15.000 eurokoa baino txikiagoa duten elkarteak: 1.500 euro urtean.

–Urteko aurrekontua 15.000 eurotik 40.000 eurora duten elkarteak: 10.000 euro urtean.

–Urteko aurrekontua 40.000 eurotik goiti duten elkarteak: 20.000 euro urtean.

Muga horiek gainditzen ahalko dira, soilik, salbuespenezko arrazoiengatik (pandemia bat, adibidez) ezarritako arauak betetzearen ondorioz jardueren gastuak handitzen direnean.

5.2. Dirulaguntza emateko Udalaren ebazpenak dagokion gastu konpromisoa baitu itsatsirik, Udaleko Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa beharko du aitzinetik.

5.3. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak ondoko hauek dira:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak egunean dituztela frogatzea.

f) Kontabilitate liburuak edukitzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

6. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

6.1. Aurkeztutako proiektuaren edo proiektuen justifikazioa.

a) Egindako jardueraren memoria.

b) Azken balantze ekonomikoa, gastuen eta diru-sarreren justifikazioa, elkarteko diruzainak eta buruak sinatua.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Onartuko dira, orobat, bankuko frogagiriak, “ordaindua” zigilua duten fakturak –hornitzaileak sinatu eta zigilatuak–, erosketaren tiketa, fakturari erantsia, edo bertze edozein agiri, faktura edo gastuaren frogagiria ordaindu izana erakusten duena.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza eta ordainketaren frogagiri eguneratua, behar den kasuetan.

e) Frogatu beharko da Alesbesko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

6.2. Emandako zenbatekoa ordaintzea.

Kulturako dirulaguntzen zenbatekoa, berez edo bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Diruz laguntzen ahal diren gastu frogatuen %75 arteko dirulaguntza emanen da gehienez, eta eskatzaileak bere baliabideak erabiliz bete beharko du gelditzen den tartea.

Epe bakarrean ordainduko da zenbatekoa, behar justifikatua izateagatik %50 aurreratzea eskatzen denean izan ezik konturako ordainketa gisa, gehienez ere 30 eguneko epean, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Beti justifikatu beharko da, ordurarteko ordainketen faktura eta agiriekin.

Dirulaguntzaren gainerako portzentajea %100 arte: eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; dirulaguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua betetzea ezinbertzeko baldintza izanen da.

Proiektuaren justifikazioa gehienez ere 30 egun balioduneko epean eginen da, aurkeztutako proiektuko jarduera bukatzen denetik hasita. Eskatutako frogagiriak aipatu epean aurkezten ez badira, onuradunak dirulaguntza lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Gastuen eta diru-sarreren azken justifikazioarekin gastua behar bezala frogatzen ez bada, behar bezala frogatutako gastu lagungarrietarako soilik lortzen ahalko da laguntza.

6.3. Laguntza itzultzea.

Jasotako laguntzak itzuli beharko dira eta berandutza interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan, eta honako hauetan:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak jasotako aurrerakina itzuli beharko dio Udalari. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da.

b) Frogagiriak epez kanpo aurkezten direnean; izan ere, horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

c) Diruz lagundutako jardueretan Udalaren baimenik gabeko aldaketak egiten direnean.

d) Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

e) Dirulaguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

f) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.

g) Zenbait dirulaguntza batera jasotzen direnean, salbu eta haien artean bateragarriak badira.

h) Diruz lagundutako jardueraren kostuaren muga gainditzen denean, onuradunak bateragarriak diren dirulaguntzak batuz; muga horretatik goitiko zenbatekoari erreparatuko zaio.

i) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.

j) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzen zaizkienean eta horiei men egin beharra betetzen ez denean.

Alkatetzak emanen du dirulaguntza itzultzeari buruzko ebazpena, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

7. artikulua. Aplikazio ordeztailea.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta orobat honako hauetan ezarria dagoena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Iragarkiaren kodea: L2118301