27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Nordex Energy Orcoien SLk Oltzako udalerriko 10. poligonoko 225. lurzatian baliabide eolikoaren neurketa-dorrea jartzeko aurkeztu duen proiektuari.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren bidez, dorre meteorologiko bat instalatuko da, sekzio triangeluarreko saretaz osatua, 120 metroko altuerakoa, elkarren artean 120º-ko tartea duten hiru planotan kokatutako euste tiranteen bidez txarrantxatua; 14 tirante izanen ditu plano bakoitzean, 9 metroko altuerako tartearekin dorrera ainguratuta. Ainguraketen eta dorrearen oinaren arteko distantziak honako hauek izanen dira: 15, 30, 45, 60 eta 75 m. Dorrea lurrean atxikitzeko 50 cm x 50 cm neurriko oinarri metalikoa erabiliko da; oinarri hori 10 mm-ko bernoez ainguratuko da lurrean. Tiranteak lurrean zuzenean sartutako 40 mm-ko diametroko haga edo barra metalikoez ainguratuko dira, 120 cm-ko sakoneran.

Dorrea gorriz eta zuriz margotuko da. Gainera, intentsitate baxuko bi baliza gorri ipiniko dira, bata 60 metroan eta bestea 120 metroan, eta hegaztiak babesteko balizak ere bai.

Oltzako Udalak jarduketaren hirigintza-bateragarritasunaren kontrako txostena egin du. Horretaz Lurraldearen Antolamenduaren Atalak ere eman du iritzia, eta aurkeztutako dokumentuak eta jasotako txostenak aztertu ondoren aldeko txostena egin du, zenbait baldintza jarrita, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du ingurumenaren aldetik.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Nordex Energy Orcoien SLk Oltzako udalerriko 10. poligonoko 225. lurzatian baliabide eolikoaren neurketa-dorrea jartzeko aurkeztu duen proiektuari.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Dorrearen tentsore soka guztietan hegaztiak babesteko neoprenozko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeki ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizak hiruka jarriko dira tentsore bakoitzean, gehienez 10 metroko distantziara.

–Azpiegitura egiteko beharrezkoak diren obrak bukatutakoan okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbitu eta ukitutako eremuak leheneratuko dira. Ukitutako lurrazalak leheneratu eginen dira; horretarako, aldez aurretik kendu eta metatuko den landare lurra erabiliko da. Soberako lurren eta obra materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, nolakotasunaren arabera.

–Dorrea funtzionatzen ari den bitartean jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiren dituena:

  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak hegaztietan duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik dagoen begiratuta.
  • Txostenak eginen dira lau hilean behin, neurketa dorrea instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze lanez, bai eta faunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), ale kopurua, urte sasoia, etab.

–Dorrea gehienez bi urtez egonen da instalatuta, eta ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokien araudia betez.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz, Orkoien parke eoliko esperimentalarekin lotuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurriak eta baldintzak, jarduketaren ingurumen-balioak babesteari dagokionez.

–Lurzoru urbanizaezineko jarduerak ingurumenera egokitzeko beharrari buruzko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betez, jarduerak bat eginen du paisaiarekin, eta udalaren hirigintzako araudian ezarritako baldintzak beteko ditu, bereziki ingurunera egokitzeari dagokionez. Begi inpaktua murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare-pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur-erauzketa eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.

–Udalak begiratuko du betetzen ote direnez sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazitako baldintzak, hartan esaten baita erabiltzen ez diren azpiegiturak/neurketa dorreak desmuntatuko direla.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, eraikuntzek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena izan beharko du, instalazioak 100 m baino gehiagoko garaiera baitu.
  • Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu beharko du, NA-2337 errepidetik sartzeari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearekin bat.
  • Bertara heltzeko erabiltzen den P-22 iraganbidea ukitzen duela-eta, gogoan eduki behar da Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoa bete behar dela, bai eta, ingurumen-izapideen arloan ardura duen organoak egindako balorazioa ere, egonez gero.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarrean dagoen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Baimendutako jarduera eta horri lotutako parke eolikoa uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara leheneratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5.- Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.- Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.- Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Oltzako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2200301