27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Aldaketa egitea ordenantza batean, hain zuzen ere kulturako, turismoko eta ondarea sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2021eko uztailaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea ordenantza batean, hain zuzen ere Kulturako, turismoko eta Alesbesko ondarea sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzan. Hura argitaratu zen 2021eko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 5ekoan.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta argitara ematen haren testu bategina, onetsitako aldaketa guztiekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2021eko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, M.ª Carmen Segura Moreno.

ORDENANTZA, DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA KULTURARAKO, TURISMORAKO ETA ALESBESKO ONDAREA SUSTATZEKO. TESTU BATEGINA

1. artikulua. Diru-laguntzaren helburua, baldintzak eta xedea.

Ordenantza honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko, honako printzipio hauek dira oinarri: berdintasuna eta diskriminaziorik eza, publizitatea, gardentasuna, konkurrentzia askea, objektibotasuna, Udalak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna, eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia. Honatx helburuak:

a) Bultzatzea eta sustatzea antola daitezela ekintza kulturalak, herritarrei aukera emanen dietenak parte hartzeko, arizale nahiz ikusle; bereziki, udalerriari errentagarritasun soziala ekartzen dioten ekintza kulturalak.

b) Sustatzea kultura aktiboa eta parte-hartzekoa; turismoa; eta udalerriko ondare historiko eta kulturala.

c) Sustatzea honako hauek bultza daitezela udalerriko herritarren artean: kultura, turismoa eta Alesbesko ondarea.

d) Dauden elkarteak sendotzea, edo bultzatzea elkarte berriak sor daitezela, kulturara hurbiltzeko aukera emateko.

e) Sostengu ematea Udalaren Kultura Programa osatzen edo harekin koordinatzen diren jarduerei.

f) Babesa ematea honako hauek egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei: antolatzea ekitaldi, ikuskizun eta/edo ekitaldi kultural bereziak, urte naturalean, eta laguntzea turismoa sustatzen eta Alesbesko ondarea kontserbatzen eta birgaitzen.

Jarduera hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:

a) Alesbesko elkarteek irabazi-asmorik gabe antolatzen dituzten kulturaren, turismoaren edo ondarearen arloko emanaldiak, ikuskizunak eta/edo ekitaldiak, udalerriko bizilagunei zuzenduak, bertan parte har dezaten edo ikusle izan daitezen; betiere, defizitarioak izan behar dute antolatzailearentzat.

b) Udalaren Kultura eta Turismo Programaren osagarri diren programak edo jarduerak, elkarteek sustatutako zaharberritzeak, berekin dakartenak bultzada kulturala, artistikoa, turistikoa eta/edo ekonomikoa Alesbesen; betiere, defizitarioak izan behar dute antolatzailearentzat.

c) Gastuak diruz lagungarriak izanen dira baldin loturik badaude dirulaguntzaren xede diren jardueren programazioarekin, koordinazioarekin eta gauzatzearekin. Gastu horien barnean honako kontzeptu hauek sartzen dira:

–Hitzaldiak, tailerrak, musika-emanaldiak, ekitaldiak eta bisita gidatuak.

–Prestakuntza ikastaroak, helburu dutenak sustatzea egin daitezela ekintza kulturalak, fisikoak eta mentalak hainbat adin-taldetarako.

–Bidaiak, hurbildu ahal izateko beste herri batzuetako kulturetara.

–Gastuak eta dietak, kultura jarduerak errazten eta sustatzen dituzten zuzendarientzat.

–Bestelako gastuak, nahitaezkoak direnak kultura jarduera egiteko.

–Elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik sor daitezkeen aparteko gastuak, hala nola pandemia batek sortutakoak, beharrezkoak direnak egoki gauzatzeko programatutako jarduerak.

d) Erraztuko da Kultura Etxeko lokaletara sartu ahal izatea, beharrezkoa baldin bada bileretarako edo prestakuntza-ikastaroetarako.

Berariaz deialditik kanpo daude honako jarduera edo proiektu hauek:

–Lehen edo funtsezko helburu ez dutenak kultura-, musika-, turismo- nahiz ondare-arloko jarduera, nahiz eta haien alderdiren bat kulturari lotua egon.

–Jende guztiarentzat ez direnak.

–Diru-sarrera aski dutenak, edo gehienbat honako hauen dirulaguntza jaso behar dutenak: erabiltzaileak, udal honetako beste zerbitzu batzuk edo beste administrazio bat.

–Ezaugarri sexistak nahiz arrazistak dituzten jarduerak, edo indarkeria bultzatzen dutenak, edo bestelakoak, administrazio publiko batek diruz ezin lagundu dituenak.

–Ondasun inbentariagarriak eskuratzeko, eraikitzeko, zaharberritzeko eta hobetzeko gastuak.

–Elkartearen funtzionamendu-gastuak.

–Dokumentazioaren faltsukeria nabarmena duten eskaerak aurkezten dituztenak.

–Udalarekin esparru-hitzarmena duten elkarteen jarduerak.

2. artikulua. Laguntzak emateko araubidea eta aurrekontuko kreditua.

Oinarri hauetan arautzen da diru-laguntzak emateko prozedura, aurkeztutako eskabideak aztertuz, zehazteko zenbateko portzentajea eman dakiekeen, ordenantzaren artikulu honetan ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Era berean, urteko hitzarmenak izenpetzen ahal dira Alesbesen errotze eta ezartze ezaguna duten elkarte, kolektibo eta taldeekin, baldin definitzen eta zehazten badituzte jarduketa eta jarduera diruz lagungarriak, dirulaguntzaren zenbatekoa eta hura jasotzeko betebeharrak eta gainerako beharkizunak, jarraituz ordenantza honetan ezarritako irizpideei.

Indarrean den ekitaldiko aurrekontua egiten denean ezarriko da kredituaren muga. Gero aurrekontu-aldaketak izan daitezke, behar den organo eskudunak aginduzko erabakia hartuta.

3. artikulua. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Proiektu eta/edo jarduera kulturalak egiteko diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte bizilekua Alesbesen duten pertsonek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin egiten badituzte herriarentzat interesa duten proiektuak eta/edo jarduerak eta honako baldintza hauek betetzen:

a) Legez eratua egotea, eta inskribaturik egotea Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan.

b) Udalarekin lankidetzan aritzea herrian antolatzen diren kultura eta/edo festa jardueretan.

c) Estatutuetan, helburuen artean edukitzea kulturarekin lotutako jarduerak egitea, eta aitortzea ez dutela irabazteko asmorik.

d) Alesbesko udalerrian gauzatzea kultura jarduerak eta diru-laguntzaren xede izanen diren proiektuak, eta horiek herritarren onerako izatea.

e) Ez egotea onuradun izatea eragozten duen kasu batean, jarraikiz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluari (Diru-laguntzei buruzko Foru Legea), eta zorrik ez izatea Alesbesko Udalarekin.

4. artikulua. Eskabideen aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Aurkezteko epea:

Eskaerak eta galdatzen den hasierako dokumentazioa aurkezteko epea, diru-laguntza zer ekitalditarako eskatzen den, aurreko abendukoa izanen da.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua, eta IFKrena edo IFZrena.

b) Entitatearen eta hura ordezkatzen duen pertsona fisikoaren datuak.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

d) Aurrekontu xehakatua, kontzeptuen arabera sailkaturik, azalduta aurreikusten diren diru-sarrerak eta gastuak.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena ez duela inolako eragozpenik onuradun izateko, jarraituz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Organikoaren 13. artikuluari (Diru-laguntzei buruzko Foru Legea).

f) Ziurtagiriak, frogatzen dutenak entitateak beteak dituela Nafarroako Foru Ogasuneko zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak, eta frogatzen dutenak ez duela inolako zorrik Alesbesko Udalarekin.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena ea dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso den beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuetatik, deialdi honetako laguntzaren xede den proiekturako, I. eranskinaren arabera.

h) Proiektuaren edo jardueraren publizitatea eta zabalkundea egitean, Alesbesko Udalaren diru-laguntza jaso duela agerrarazteko konpromisoa.

5. artikulua. Aurkeztutako eskaeren balorazioa:

5.1. Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira aurkeztutako jarduerak eta zehaztuko dira laguntzaren zenbatekoak:

a) Prestakuntza-ikastaroak:

–Ikastaroen defizita diruz lagunduko da baldin ez bada %30etik gorakoa.

–Baldin hilabeteko kuota zentzuko bat ezartzen bada ikasleentzat, ikastaroaren kostuaren araberakoa.

–Baldin 6 ikasletik gora badira.

–Baldin ikastaroa egiteko beharra justifikatzen bada.

Ikastaroa egiten den lokala Udalarena bada, lokalen kostuaren kalkulutik kenduko zaio diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa zehazteko.

b) Kulturako eta turismoko programa berezia, librea eta independentea duten elkarteentzat, ondotik heldu den balorazio irizpidea ezartzen da zehazteko gastuaren zer portzentaje izanen den diruz lagungarria (gehienez ere 1.200 euro, handitzen ahal dena salbuespenezko kasuetan, esaterako Alesbesen dagoen ondarea zaharberritzea, edo, salbuespenez, jardueren gastuak handitzen badira salbuespenezko aferek derrigortutako arauak betetzeagatik, adibidez pandemia batek ekarritakoak).

1) Udalerriko herritarren artean kultura, turismoa eta ondarea sustatzea, edo Alesbesko ondare kulturala edo artistikoa zabaltzea.

–20 puntu.

2) Kulturaren, turismoaren eta ondarearen gaineko jarduerak sustatzea, bereziki adingabeentzat eta zaharrentzat.

–20 puntu.

3) Proiektuak izanen duen eragina Alesbesen dinamizatzeko kultura, turismoa eta ondarearen arloa, jardueran aurreikusten diren ikus-entzule, parte-hartzaile nahiz bertaratuen kopuruarengatik.

–10 puntu.

c) Udalaren programetako jardueretan lankidetzan aritzen diren elkarteen jardueretarako, Udalak bere gain hartuko du jardueraren defizita, muga hauekin:

–Erregeen Kabalgata eta Olentzeroa antolatzeko eta prestatzeko: 1.500 euro.

–Eguberrietan haurrentzako ikus-entzunezkoak antolatzeko eta prestatzeko: 1.000 euro.

–Inauterietako haur lehiaketako sarietarako: 1100 euro.

–Kulturen arteko egunerako: 600 euro.

–Udalak ezarritako bazkariak/askariak antolatzeko: 1000 euro.

–Udalak zehaztutako egunetan musika akonpainamendua, zuzendaritza, egitea: 2.000 euro.

5.2. Diru-laguntza emateko Udalaren ebazpenak berekin dakar gastu konpromisoa, eta, beraz, aitzinetik beharko du Udaleko Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa.

5.3. Onuradunen betebeharrak.

a) Xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea, edo dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izatea.

b) Organo emaileari justifikatzea betetzen direla beharkizunak eta baldintzak eta, orobat, egin direla diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak, eta bete direla helburuak.

c) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak, eta, behar denean, Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Organo emaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak.

f) Eduki beharko dira kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak, behar bezala ikuskatuak, xedatzen duten bezala onuradunei aplikatzekoak zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

6. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

6.1. Aurkeztutako proiektuaren edo proiektuen justifikazioa.

a) Egindako jardueraren memoria.

b) Azken balantze ekonomikoa, gastuen eta diru-sarreren justifikazioa, elkarteko diruzainak eta buruak sinaturik.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Onartuko dira, orobat, bankuko frogagiriak, “ordaindua” zigilua duten fakturak –hornitzaileak sinatu eta zigilatuak–, erosketaren tiketa, fakturari erantsia, edo beste edozein agiri, frogatzen duena ordaindu dela fakturari edo gastuaren frogagiriari dagokion gastua.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza, eta ordainketaren frogagiri eguneratua, behar den kasuetan.

e) Frogatu beharko da Alesbesko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

6.2. Deialdi honetan emandako zenbatekoa ordaintzea.

Kulturako diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo gehituta beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Gehienez emanen da diruz lagundu daitezkeen gastu frogatuen %75 arteko diru-laguntza, eta eskatzaileak bere baliabideak erabiliz bete beharko du gelditzen den tartea.

Epe bakarrean ordainduko da zenbatekoa, salbu behar justifikatua izateagatik eskatzen bada %50 aurreratzea, konturako ordainketa gisa, gehienez ere 30 eguneko epean, zenbatuta laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Betiere justifikatu beharko da, ordura arteko ordainketen faktura eta agiriekin.

Diru-laguntzaren gainerako portzentajea %100 arte: eskatzen diren frogagiriak aurkeztutakoan; ezinbesteko baldintza izanen da betetzea diru-laguntzarako eskaeran adierazitako helburuak, programa eta aurrekontua.

Proiektuaren justifikazioa gehienez ere 30 egun balioduneko epean eginen da, aurkeztutako proiektuko jarduera bukatzen denetik hasita. Baldin askatutako frogagiriak aipatu epean aurkezten ez badira, onuradunak diru-laguntza lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Behar bezala frogatzen ez bada gastuen eta diru-sarreren azken justifikazioarekin gastua, behar bezala frogatutako gastu lagungarrietarako soilik lortzen ahalko da laguntza.

6.3. Laguntza itzultzea.

Honako kasu hauetan, jasotako laguntzak itzuli beharko dira eta berandutza interesa ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, jarraikiz Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoari, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan:

a) Programaturiko jarduerak gauzatzen ez direnean. Halakoetan, onuradunak jasotako aurrerakina itzuli beharko du Udaleko Diruzaintzan. Hala egiten ez badu, behar den espedientea irekiko da.

b) Frogagiriak epez kanpo aurkezten direnean; izan ere, horrek ekarriko du diru-laguntza deuseztatzea eta jasotako dirua itzuli egin beharko da.

c) Udalaren baimenik gabeko aldaketak egiten direnean diruz lagundutako jardueretan.

d) Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

e) Diru-laguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

f) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.

g) Zenbait dirulaguntza batera jasotzen direnean, salbu eta haien artean bateragarriak badira.

h) Jardueran, onuradunak gainditzen duenean diruz lagundutako kostuaren muga, bateragarriak diren diru-laguntzak batuta; erreparatuko zaio muga horretatik gorako zenbatekoari.

i) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.

j) Trabak jartzea ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei, eta ez betetzea horiei men egin beharra.

Alkatetzak emanen du diru-laguntza itzultzeari buruzko ebazpena, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat. Zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira itzuli beharreko zenbatekoak eta, horiek kobratzeko, aplikatuko da xedaturik dagoena diru-bilketari buruzko indarreko araudian.

7. artikulua. Aplikazio ordeztailea.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatzekoak izanen dira 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, onesten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua, eta orobat honako hauetan ezarria dagoena: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Iragarkiaren kodea: L2118300