27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

2021eko Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoa erregulatzen duen araua. Onespena

Azkoiengo Udalak, 2021eko abenduaren 29an egindako bilkuran, arau bat onetsi zuen, erregulatzen duena 2021eko Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoa. Azkoiengo Udalak antolatzen du zerbitzu hori. Araua eranskinean jasotzen da, eta xedatzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Azkoienen, 2022ko urtarrilaren 3an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

2021EKO EGUBERRIETAKO LUDOTEKA ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOA ERREGULATZEN DUEN ARAUA

Azkoiengo Udalak, kontziliaziorako tokiko itunen harira, xede nagusi izan du koordinatzea baliabideak, proposamenak, eginahalak eta planteamendu berriak, zertarako eta abian jar daitezen, geure herriko ikuspuntutik, hainbat ekimen, bateragarri egiteko familia, lana eta bizitza pertsonala.

Oporretan haurrei zuzendutako zerbitzu falta izan da atzemandako problema nagusienetakoa. Behar hori, gainera, agertu da udalerri honi buruzko hainbat azterlanetan. Hori dela eta, lehentasuneko erabakia izan zen udarako eta Eguberrietarako “ludoteka” kontziliazio zerbitzua sortzea, eta, emaitzak baloratu ondoan haiek positiboak izanez gero, zerbitzuari eustea hurrengo oporraldietan. Horrenbestez, Azkoiengo Udalean finkatu egin da ludoteka zerbitzua, helburu nagusia izanik Azkoiengo herritarrek bateragarri egitea familia, lana eta bizitza pertsonala.

Orain arte eskaini diren ludoteka zerbitzuak Gizarte-ongizate Batzordeak antolatu eta arautu ditu, eta osoko bilkuran onetsi ohi dira zerbitzuaren arauak eta prezio publikoak, behin irizpena eman ondoan Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko Informazio Batzordeak.

Arau erregulatzaile honen xedea da, hortaz, zerbitzua ematearen alderdi komunak arautzea, nahiz eta jakin ludoteka bakoitzaren alderdiak banan-banan hartu eta zehaztu behar direla.

I. TITULUA

Zerbitzua

1. KAPITULUA

Zerbitzuaren deskripzioa

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen helburua da oinarrizko alderdiak arautzea Azkoiengo Udalak antolatzen duen ludoteka zerbitzurako, zehaztuz printzipio sozialak, betiere bete behar direnak zerbitzua ematean, eta erregulatuz horren prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak.

2. Arau honek ezarritako esparruaren barnean, Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko Batzordeak erabakiko ditu ludoteka bakoitzaren ezaugarriak, eta ondotik Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko.

2. artikulua. Ludoteka zerbitzuaren edukiak.

1. Azkoiengo Udalak ludoteka zerbitzua emanen du eskola oporraldi bakoitzean. Hasiera batean, aurreikusi da 2021. urteko Eguberrietarako programatzea.

2. Zerbitzua honako ordutegi honetan emanen da: abenduaren 27, 28, 29, 30 eta 31n eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean, 8:45etik 13:15era.

Ordutegi hori aldatzen ahalko da ludoteka bakoitzean, baldin eusten bazaie artikulu honetan ezarritako egiturari eta zerbitzu motei.

3. artikulua. Zerbitzuaren xedeak.

1. Zerbitzuaren antolakuntzak eta eskaintzak kalitatea izan beharko dute helburu, nahiz eta horretarako defizit ekonomikoa sortu. Hala izanez gero, jokatuko da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 32. artikuluari.

2. Hona hemen zerbitzuaren xede orokorrak:

a) Erraztea Azkoiengo emakumezkoak eta gizonezkoak laneratzea eta gizarteratzea, eta egoera horri eustea.

b) Babesa ematea bateragarri izan daitezen Azkoiengo gizonezkoen eta emakumezkoen familia, lana eta bizitza pertsonalak.

c) Bultzatzea herritarren parte-hartzea.

Orobat, honako hauek dira zerbitzuaren xedeak:

a) Seme-alabei kasu egiteko denbora faltagatik gurasoek izaten duten ezegonkortasun emozionala gutxitzea.

b) Seme-alabei kasu egiteak eta haiek zaintzeak familiari ekartzen dion gehiegizko zama arintzea, eta, hala, erraztasunak ematea aisialdiaz gozatzeko.

c) Udal instalazioen erabilera optimizatzea.

d) Jostatzeko eta hezteko zerbitzuen eskaintza handitzea 3 eta 12 urte bitartekoentzat.

e) Zerbitzuaren jarraitasuna sendotzea.

f) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea.

g) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erantzukizun partekatua bultzatzea.

h) Esparru bat sortzea haurrak pertsona moduan haz daitezen, jolas- eta heziketa-jardueretan parte hartuz eta jostaketaren bidez.

i) Umeen artean bultzatzea ingurumena babestearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko balioak eta jarrerak.

Zerbitzua kudeatzeko arauak

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Ludoteka zerbitzuak xede ditu haur hezkuntzako 1. mailatik lehen hezkuntzako 6. mailara bitarteko haurrak. Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute Azkoienen erroldaturik dauden haurrek; bigarrenik, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoak dituztenek, eta familia gurasobakarra dutenekin jokatuko da etxetik kanpo lan egiten duten bi guraso dituztenekin bezala. Gurasoetako batek bakarrik lan egiten badu, lehentasuna emanen da, bietako bakar batek ere lan egiten ez dutenen aurretik.

2. Inskripzio epea bukatuta egiten diren eskaerak kontuan hartuko dira baldin eta hala ahalbidetzen badute ludotekaren antolakuntzan aldez aurretik finkatutako ratioek.

5. artikulua. Familiak.

10. artikuluan zehazten den bezala, ekonomikoki lagunduko zaie inskripzio bat baino gehiago egiten duten familia-unitateei.

6. artikulua. Elkarlana Udalarekin.

1. Udalak konpromisoa hartzen du errazteko zerbitzua bideragarria eta eskuragarria izatea, eta, horretarako, laguntza ekonomikoak emanen ditu, jarraikiz ordenantza honen 3.1 artikuluan eta arau honen 13. artikuluan aurreikusi denari.

2. Orobat, lagunduko du ahalik eta hobekien egin dadin jarduera, antolatzaileen esku utziz udal instalazioak eta behar diren gainerako bitartekoak.

7. artikulua. Kontratazioa.

1. Ludoteka zerbitzuaren kontratazioak beteko ditu Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak.

Prezio publikoa ordainaraztearen kudeaketa

8. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, hain zuzen ere haren lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatala, eta haren 28. artikuluko baimena.

9. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

1. Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoa 60 eurokoa izanen da epealdi osorako.

2. Aurreko arauak aplikatzean, baldin zerbitzuaren kostu osoa betetzen ez bada, jarraituko zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari, hain zuzen ere 32. artikuluaren 2. apartatuari, eta Udalak ordainduko du aldea, bai bere baliabideen bidez bai horretarako jaso dituen diru-laguntzen zenbatekoaren bidez.

3. Hala izanez gero, erakundearen aurrekontuetan kontsignatu beharko dira kasuan kasuko diru-zuzkidurak, ateratzen den aldea estaltzeko.

10. artikulua. Hobariak.

1. Familia-unitate beraren bigarren inskripziotik aurrera, prezio publikoak murriztu eginen dira. Deskontu hori ez da metatuko.

2. Prezioaren %20ko hobaria izanen da inskribatutako bigarren umearengatik eta hurrengoengatik.

11. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra sortzen da zerbitzua ematen hasten denetik. Hala ere, zerbitzua hasi aurretik zenbateko guztia ordaintzeko eskatuko da, jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 34. artikuluari.

2. Prezio publikoa onuradun guztiek ordaindu beharko dute, edo, bestela, gurasoek edo zerbitzuez baliatu diren adin txikikoen gaineko tutoretza daukatenek edo haien legezko ordezkariek, Udalak zehaztutako finantza entitateen bidez.

3. Onuraduna bertaratzen ez bada, administrazioari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, berdin egonen da tasa ordaintzera behartuta. Aldiz, baldin ikastaroa edo jarduera egiten ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik, halakoetan dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

4. Aipatutako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuarekin.

5. Zerbitzua azkentzea edo etetea. Zerbitzua emateari uzten ahalko zaio honako arrazoi hauengatik:

–A petición del usuario, siempre y cuando exista causa justificada.

–Prezio publikoa ez ordaintzeagatik, galarazi gabe sortu eta pagatu gabeko zenbatekoak kobratzea, premiamendu administratiboaren bidez.

–Zentroaren arauak sistematikoki ez betetzeagatik.

–Zerbitzua guztiz kentzeagatik, osoko bilkurak hori erabaki ondoren.

12. artikulua. Osoko bilkuraren eskumenak.

Udalbatzaren osoko bilkurak izanen du onesteko eskumena.

13. artikulua. Udalaren ekarpenak.

–Espazioak:

  • Udalak eskura dauden instalazioen erabilera lagako du kanpalekuak egiteko.

–Ekarpen ekonomikoa:

  • Udalak behar den zenbatekoa emanen du, zerbitzua ematearren izan daitezkeen defizitei aurre egiteko.
  • Udalak ordainduko du 10. artikuluan ezarritako hobaria aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa.
  • Udalak ordainduko du ludotekan erabiltzen diren instalazioak garbitzeko zerbitzua (langileak eta produktuak).

14. artikulua. Inskripzioak.

Erroldatuek lehentasuna izanen dute erroldatu gabeen aurretik.

Lehentasuna izanen da guraso biek etxetik kanpo lan egiten dutenean. Biek kanpoan lan egiten ez duten kasuetan, lehentasuna izanen du batek lan egiteak bietako batek ere lan ez egitearen aurretik.

Familia gurasobakarren kasuan, aita edo ama horrek kanpoan lan egiten badu, jokatuko da bi gurasoek lan egiten duten familiekin bezala.

Iragarkiaren kodea: L2200194