27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Obanosko Udalak, 2021eko urriaren 25ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Obanosen, 2022ko urtarrilaren 11n.–Alkate udalburua, Arantxa Hernández Lacalle.

ORDENANTZA FISKALA, UDAL HILERRIA ERABILTZEKO ETA ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12., 13. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Obanosko Udalari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Barne araubideari dagokion guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Udalaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Obanosko Udalari egin behar diote eskaera.

4. artikulua.

Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

5. artikulua.

Hilerrian, lur eman dakioke ehorzteko ekartzen den gorpu orori, baldintza hauetako bat betez gero:

a) Heriotza egunean Obanosen erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Nahiz eta goiko baldintzak ez bete, aurrekoak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea Obanosko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak. Ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan.

Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira.

Obanosko Udala arduratuko da lekua prestatuta edukitzeaz ehorzketarako.

6. artikulua.

Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Hilarriak ehorzketaren buruan jarriko dira, horman edo, halakorik ezean, lurzoruan, edo tripode batez, makinekin pasatu beharraren ondorioz mugitu behar denean.

Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.

7. artikulua.

Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hilerriaren esparruan gerta daitezkeen lapurretengatik edo kalteengatik.

8. artikulua.

Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Udalak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten hori konpontzeko. Epe hori iraganik, Udalak eginen ditu lan horiek modu subsidiarioan, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.

9. artikulua.

Kontzesioak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

II. KAPITULUA

Ehorzketak, hobitik ateratzea, lekualdaketak eta autopsiak

10. artikulua.

1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.

2.–Lekua aurreztu beharrez, familia batek baldin badauka ehorzketa bat gutxienez 10 urte lehenago egindakoa, beharturik dago leku horretan egitera ehorzketa berria. Ezin izanen da erabili beste leku bat.

Azken ehorzketatik ez badira iragan 10 urte, ehorzketa beste leku batean egiten utziko da. Kasu horietan, 10 urte iragan ondoren, nahitaezkoa izanen da gorpuzkiak familia hilobira eramatea.

3.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

4.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da gorpuak edo gorpu-hondakinak hobitik atera edo ehorzteko, hilerri honen barnean edo beste hilerri batera lekualdatu nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).

Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

11. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

12. artikulua.

Ehorzketa berriak egiteko hobitik ateratzeak.

Libre dauden eremuak agorturik, hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabea den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senideak.

Hobitik ateratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da familiakoei behar besteko aurrerapenez jakinarazten.

13. artikulua.

Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senide baten beste hilobi batean jarri beharko dira.

14. artikulua.

Udalak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

15. artikulua.

Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senide batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularrarengandik hurbilena den familiak eskatzen badu.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

16. artikulua.

Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Zenduaren izen-abizenak.

d) Eskualdaketak, adierazita data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: hilotza den pertsonaren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen beste gertaera oro.

Obanosko Udaleko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor sartzea eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua.

Berdinak dira tributu tasa edo kuota eta zerga-oinarria; azken hori ordenantza honen 18. artikuluan zehazten da.

18. artikulua.

Hona hemen zerga-egitatea:

1.–Ehorzketak.

Ordenantza honen 5. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Obanosko Udalari ehorzketa bakoitzean, lur eremua erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritakoari jarraikiz.

Obanosko Udalak ez du ehorzketa gastua ordainduko, eta ehorzketaren kostua beti izanen da eskatzailearen kargura.

2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorzteko tasak.

Ordenantza honen 5. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Obanosko Udalari ehorzketa eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritakoari jarraikiz.

3.–Hobitik ateratzeak.

Hilerriko hilobi guztietan 200 euro izanen da zerbitzuaren kostua.

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.

19. artikulua.

a) Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten erakundeak izan.

b) Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

20. artikulua.

Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua.

Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagozkion tasak baizik ez dira ordainduko.

22. artikulua.

Interesdunak lursaila erabiltzeko edo zerbitzua emateko eskaera egiten duen unean sortuko da tasa ordaintzeko betebeharra.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, jarraituko zaio Hileta-Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2200326