27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURIETA

Aldaketa, Murietako udal hilerriaren erabilerari eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasei buruzko ordenantzan. Behin betiko onespena

Murietako Udalak, 2021eko azaroaren 16an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Murietako udal hilerriaren erabilerari eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasei buruzko ordenantzan.

Erabaki hori 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi eta haren testua osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murietan, 2021eko urtarrilaren 18an.–Alkatea, Roberto Lana Ortigosa.

ORDENANTZA, MURIETAKO UDAL HILERRIAREN ERABILERARI ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASEI BURUZKOA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak ezarritakoaren arabera, Murietako Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dionean.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko, behar diren proposamenak eginen dizkio Udalari (adibidez, lanak kanpoko enpresa batekin azpikontratatzea).

Hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

4. artikulua. Hilerriko hilobi hutsen kopurua egokituko da udalerriko biztanleria zentsuaren arabera, edo hilobi-kopuru horretarako lur aski egonen da bederen.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, baldin legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak eta ordenantza betetzen dela ikuskatu beharko baititu. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, horren ardura duten udal zerbitzuek hezurtegi orokorrera eramanen dituzte gelditzen diren gorpuzkiak, eta ez da inolako abisurik eman beharko.

8. artikulua. Ez da gorpurik hilobiratuko hil zenetik 24 ordu bederen igaro arte.

Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortu ez bazuen, baltsamatu edo erraustu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira:

a) Hilobiratu zirenetik bost urte igaro eta gero, erabat hezurtuta badaude.

b) Noiznahi, gorpuzkiak erraustu egin baziren.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, edo atera eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko erregistro-liburu ofizialetan. Horietan agertuko dira ehorztutakoaren izena eta bi abizenak, gorpuzkiak hilobitik ateratzeko baimenik ez emate aldera 9. artikuluan ezarritako epea iragan baino lehen, bai eta argiro zehazte aldera hilotz bakoitzaren egoera justiziak hilobitik ateratzea aginduko balu, eta jasoko da hilotza I. taldekoa edo II. taldekoa den.

12. artikulua. Ehorzketa-kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, doan edo kostu bidez, eta hura Udalak emanen du.

Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

13. artikulua. Hilerrian ematen diren kontzesio guztiak (lurrean, nitxoan edo kolunbarioan ehorzteko) ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesio hartzaileen eskubide guztiak. Ondorioz, bai lurzatia bai jartzen diren hilobi-elementuak araudi honetan ezarritakoaren mende egonen dira.

14. artikulua. Lur edo hilobien kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar berekin haien gaineko xedapen egintzarik.

15. artikulua. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

16. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta gainerako gastu guztiak, obra bukatu artekoak, kontzesiodunaren kargura izanen dira.

17. artikulua. Hilobiak garbi eta apain edukitzea kontzesiodunen betebeharra da. Alkatetzak errekerimendua egiten ahalko die hilobia egokitzeko obrak egin ditzaten, eta bestela berak egiten ahalko ditu, kontzesiodunen kargura. Horiek ordaintzen ez badute, eskubidea galduko dute, eta, horren ondorioz, gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dira, baldin eta 9. artikuluan jasotzen diren epeak iragan badira.

18. artikulua. Ordenantza hau onetsi baino lehen emandako kontzesioei araudi hau aplikatuko zaie.

19. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamenduak honako hauengatik ere buka daitezke: hilerria kentzeagatik, interes publikoagatik edo kontzesioaren epea eta kasuan kasuko luzapenena, halakorik balitz, betetzeagatik.

20. artikulua. Gaur egungo hilerria ondoko eremuez osatua dago:

Lurrean ehorzteko kontzesioen eremua:

A zatia: lurrean ehorzteko kontzesioen eremuari dagokio.

B zatia: hilobiek okupaturiko eremua.

C zatia: hilobiek okupaturiko eremua.

Nitxoen kontzesiorako eremua:

1. eremua: bertan 66 nitxo daude instalaturik.

2. eremua: bertan 51 nitxo eta 15 kolunbario daude instalaturik.

21. artikulua. Nitxoen kontzesioak 25 urterako emanen dira, betiere nitxo erabilgarririk baldin bada udal hilerrian. Aurretik eskatuta, 15 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

Nitxoen emakidak emateko, eskaeren hurrenkera hartuko da kontuan. Haien adjudikazioa honela eginen da: erabiltzen ari den multzoaren aurrean jarrita, behetik gora eta ezkerretik eskuinera. Hilerriko nitxo guztiak erabiltzen direnean, Udalak kontzesioa iraungita duten nitxoetako gorpuzkiak atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko ditu, nitxoaren kontzesioa berriro emateko. Hori ez bada posible, iraungitako emakida duen nitxorik ez dagoelako, Udala ez dago behartuta emakida mota hau egitera.

Nitxoak erreserbatzen ahalko dira, kontzesioko unean dagokion tasa ordainduta. Kontzesioaren 25 urteko epea zenbatzen hasiko da erreserba egiten den unetik, eta 15 urteko luzapen jarraituak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

22. artikulua. Kolunbarioen kontzesioak 30 urterako emanen dira, betiere kolunbario erabilgarririk baldin bada udal hilerrian. Aldez aurretik eskatuta, 15 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

Kolunbarioak erabiliko dira hilotzen errautsak edo hezurrak gordetzeko soilik. Hilobian beste hondar batzuk egonda, kolunbarioan ehorzteak hori erabiltzeko emakida berria ematea dakar 30 urteko aldirako, ehorzten den egunetik zenbatzen hasita, aurretik ordainduta ehorzketari eta emakidari dagozkien tasak.

Kolunbarioen emakidak emateko, eskaeren hurrenkera hartuko da kontuan. Haien adjudikazioa honela eginen da: haien aurrean jarrita, behetik gora eta ezkerretik eskuinera.

Kolunbarioak erreserbatzen ahalko dira, kontzesioko unean dagokion tasa ordainduta. Kontzesioaren 30 urteko epea zenbatzen hasiko da erreserba egiten den unetik, eta 15 urteko luzapen jarraituak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

23. artikulua. Baimena emanen da hilarria paratzeko eta bertan inskripzioak egiteko, nitxoak eta kolunbarioak ixten diren aldean, baina ez apalak edota hilarriaren lerrotik ateratzen diren elementuak paratzeko, ez eta multzoaren batasuna hausten duten bestelako elementuak ere.

24. artikulua. Lurreko hilobien kontzesioak hurrenkeraren arabera emanen dira (c zatian izan ezik), betiere hilerrian tokia badago, eta kontzesioa 25 urterako izanen da. Aldez aurretik eskatuta, 15 urterako luzapenak ematen ahalko dira, ematen den unean indarra duen prezioa ordainduta.

Kontzesioaren epea igaro ondoren, Udalak hilobiko gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramaten ahalko ditu, lurreko hilobien kontzesio gehiago emate aldera.

Lurreko hilobiek ondoko neurriak izan beharko dituzte: 2,40 m luze, 0,7 m zabal eta 2 m sakon. Hilobietan gurutze, hilarri edo antzeko zerbait jartzen ahalko da, eta bertan inskripzioak egin. Halaber, lurzatia harriz, zementuz, katez edo hesiz mugarritzen ahalko da, baina hesiak 40 zentimetro garai izaten ahalko da gehienez.

Hilobian beste hondar batzuk egonda, gorpuzkiak lurreko hilobian ehorzteak hori erabiltzeko kontzesio berria ematea dakar 25 urteko aldirako, ehorzten den egunetik zenbatzen hasita, aldez aurretik ordainduta ehorzketari eta kontzesioari dagozkien tasak.

II. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak egiteagatik

25. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1. Lurreko hilobien, nitxoen edo kolunbarioen kontzesioa.

2. Lurrean, nitxoan edo kolunbarioan ehorztea.

3. Beste zerbitzu batzuk.

26. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua diren entitateak.

27. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

28. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki –edo gehiago– batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain mugarriturik badaude; partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura, hilotz bakarretik gorakoak lurperatzeko lanak.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Kontzesioak.

ERROLDATU GABEAK

MURIETAN ERROLDATUAK EDOTA 3 URTEZ BEDEREN ERROLDATUTA EGON DIRENAK

LUZAPENA

Lurrean

300 euro (25 urte)

Salbuetsita (25 urte)

300 euro (15 urte)

Nitxoan

500 euro (25 urte)

250 euro (25 urte)

300 euro (15 urte)

Kolunbarioan

300 euro (30 urte)

150 euro (30 urte)

100 euro (15 urte)

2. epigrafea.–Ehorzketak.

Lurrean

300 euro

Nitxoan

100 euro

Kolunbarioan

100 euro

3. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk.

Ordenantza honetan zehaztuta ez dauden zerbitzuak eta arau orokorretik kanpo egin nahi diren eta Udalak baimendu beharrekoak diren ehorzketak egiten ahalko dituzte eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek.

Aipatu tasak urtero eguneratuko dira, aurreko urteko KPIaren arabera.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako lurreko hilobien eta nitxoen kontzesioei 25 urteko beste kontzesio-aldi bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe.

Bigarren xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik ez da emanen lurreko hilobien kontzesiorik 20. artikuluan aipaturiko C zatirako.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Hilerriari dagozkion zerbitzuak eta jarduerak egiteko eta Udalaren bestelako hileta zerbitzuetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, bai eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak izanen ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2200691