27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko “Orkoien” parke eolikoa jartzeko Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalerrietan.

1. 2020ko maiatzaren 21eko eskaera.

2020ko maiatzaren 21ean Orcoien Energy Orcoien SLU entitateak (lehen Nordex Energy Orcoien SLU zenak) aurretiazko administrazio baimena eskatu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari “Orkoien” parke eolikoa eta handik energia ateratzeko azpiegiturak jartzeko.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera “Orkoien”parke eolikoan N155/5X TS108 modeloko haize-sorgailu prototipo bat egonen da; hona ezaugarriak: 5,8 MW-eko potentzia, errotoreak 155 metroko diametroa eta 108 metroko altuera abatzera. Beraz, parke eolikoaren potentzia instalatua 5,8 MW izanen da. Oltza Zendeako udalerrian eraikiko dira parkea eta bertako sarbidea.

Gainera, dokumentazioaren arabera sortzen den energia ateratzeko linea bat eginen da, lurpean eta airean, 13,2 kV-ekoa, haize-sorgailua eta egungo transformazio-azpiestazio elektrikoa (“SET 13,2/20/66/220 kV Orkoien”) lotzeko. Linea elektriko berria Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalerrietan barna eginen da. Lineak hiru tarte edukiko ditu: lehena 660 metro luze izanen da, eta lurpean egonen da; bigarrena 3.100 metro luze izanen da, eta airekoa izanen da, 19 euskarrirekin; hirugarrena 170 metro luzea izanen da, eta lurpetik joanen azpiestazioraino.

Jarduketaren aurrekontua 4.223.284,66 eurokoa da.

2. Ingurumen eraginaren azterketa eta proiektua jendaurrean jartzea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen da. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Orcoien Energy Orcoien SLU entitateak egindako eskaera jendaurrean jarri zen 30 egunez. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2020ko ekainaren 23an, 138. zenbakia) eta Diario de Navarra egunkarian (2020ko urriaren 24an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

3. Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultak.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera bidali zien Orkoiengo Udalari eta Oltza Zendeako Udalari, iritzia eman zezaten eta iragarkien oholean jar zezaten.

Gainera, txostena eskatu zitzaien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

Azkenik, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien I-DE Redes Eléctricas Inteligentes-i, Nedgia Navarra SAri, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (EKH), txostena egin zezaten.

4.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako alegazio eta txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

Alegazioak:

1. alegazioa. Gurelur elkartearena, 2020ko abuztuaren 10ekoa.

Alegazioen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Txostenak:

1. txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, 2020ko ekainaren 1ekoa.

2. txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuarena, 2020ko uztailaren 16koa.

3. txostena. Oltza Zendeako Udalarena, 2020ko uztailaren 31koa.

4. txostena. Orkoiengo Udalarena, 2020ko abuztuaren 4koa.

5. txostena. Ingurumen Eraginaren Atalarena, 2020ko irailaren 10ekoa.

6. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloarena, 2020ko urriaren 23koa.

7. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloarena, 2020ko abenduaren 21ekoa.

8. txostena. Nedgia SArena, 2021eko apirilaren 21ekoa.

i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk ez zuen erantzun, eta Nafarroako Gobernuko Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak ere ez.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Orcoien Energy Orcoien SLUri igorri zizkion aurreko txostenak eta alegazioak.

6. Jendaurreko informazioaren bigarren tramitea.

2020ko urriaren 8an Orcoien Energy Orcoien SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, eta beraren bidez bi gauza eskatzen zituen: ingurumen ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik. Dokumentazioan jendaurreko informazioaren tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei eta txostenei emandako erantzuna gehitu zuen.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu horren beraren arabera, eskaera hori eta berarekin batera aurkeztutako dokumentazioa Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali ziren 2020ko urriaren 9an.

Ingumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera eta berarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aurkeztu ondoren Ingurumen Eraginaren Atalak honako hau adierazi zuen 2020ko urriaren 23an egindako txostenean: “jendaurrean agertu behar litzateke Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aipatzen diren dokumentuak biltzen dituen espediente osoa”.

Aurreko guztia kontuan harturik, eta sustatzaileak 2021eko urtarrilaren 13an aurkeztutako dokumentazio osagarria jasota, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak berriz ere 30 egunez ipini zuen jendaurrean proiektua, eta horretarako iragarkia argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2021eko otsailaren 8an, 29. zenbakia), Diario de Navarra egunkarian (2021eko otsailaren 10ean), eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.

7. Proiektuaren aldaketak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei eginiko kontsultak.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera bidali zien Orkoiengo Udalari eta Oltza Zendeako Udalari, iritzia eman zezaten eta iragarkien oholean jar zezaten.

Gainera, txostena eskatu zitzaion Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

8. Jasotako txostenak eta alegazioak.

Jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako alegazio eta txosten hauek jaso zituen (jaso ziren hurrenkeran daude):

Alegazioak:

2. alegazioa. Orkoiengo Udalarena, 2021eko martxoaren 8koa.

3. alegazioa. Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko martxoaren 23koa.

4. alegazioa. Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko martxoaren 23koa.

5. alegazioa. Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartearena, 2021eko martxoaren 24koa.

Alegazioen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Txostenak:

2bis txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuarena, 2021eko otsailaren 11koa.

4bis txostena. Orkoiengo Udalarena, 2021eko martxoaren 8koa.

3bis txostena. Oltza Zendeako Udalarena, 2021eko martxoaren 22koa.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

9. Bigarren jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza igortzea sustatzaileari.

Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Orcoien Energy Orcoien SLUri igorri zizkion aurreko txostenak eta alegazioak.

10. Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2021eko maiatzaren 6an Orcoien Energy Orcoien SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, eta beraren bidez bi gauza eskatzen zituen: ingurumen ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik. Dokumentazioan jendaurreko informazioaren tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei eta txostenei emandako erantzuna gehitu zuen.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren artikulu horren beraren arabera, eskaera hori eta berarekin batera aurkeztutako dokumentazioa Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali ziren 2021eko maiatzaren 12an.

11. Ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenaren bidez proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egin da, aldekoa. Hona zer ezartzen den bertan:

“Espedientearen azterketa teknikoaren ondoren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ongi egin dela ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura, eta uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta, horregatik, ingurumen eraginaren adierazpena aldekoa izatea proposatu du, eta erabaki, ingurumen ondorioetarako baino ez, “Orkoien” parke eolikoa egiten ahal dela, baldin eta kontuan hartzen badira ingurumen eraginari buruzko azterlanean ezartzen diren neurriak eta baldintzak, bai eta ebazpen honetan bildutako baldintzak ere.”

Horregatik, “ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpen hau egiten da Oltza Zendeako udalerriko Asiaingo kontzejuan “Orkoien” parke eolikoa eta handik energia ateratzeko azpiegitura eraikitzeko proiektuari buruz; energia ateratzeko azpiegiturak eragina dauka udalerri horretan eta Orkoiengo udalerrian”.

Azkenik, ezartzen da jarduera egin dadila aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei eta ebazpenean bertan ezartzen direnei jarraikiz. Ebazpenean ezartzen diren baldintzetan honako hau nabarmentzen da: energia ateratzeko azpiegitura osoa lurpean egon beharra “linea elektrikoaren eragina murrizteko, eta eragin horiek dauden eta egitekoak diren beste azpiegitura batzuenekin pilatu ez daitezen”.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1400E/2021 Ebazpenaren bidez urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenean antzemandako akats bat zuzendu zen; ebazpen horren II. eranskina ordeztu zen.

12. Lurzoru urbanizaezineko baimena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenaren bidez lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena eman da “Orkoien” parke eolikoa eta energia ateratzeko azpiegituraren proiekturako.

Baimen horretatik bazter gelditzen dira Orkoiengo Udalaren Plan Orokorraren arabera urbanizaezina den lurzoruan egitekoak diren parkearen elementuak.

13. Alegazioen eta txostenen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako dokumentu guztiak kontuan harturik, jendaurreko informazioaren aldian eta kontsulten aldian jaso diren alegazioen eta txostenen analisia ebazpen honen I. eta II. eranskinetan egiten da.

14. Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Orcoien Energy Orcoien SLU enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Gainera, Orcoien Energy Orcoien SLUri atzitzeko eta konektatzeko baimena eman dio banaketa-sarearen kudeatzaileak, Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak 53. artikuluan eskatzen duen bezala.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du Orcoien Energy Orcoien SLUri aurretiazko administrazio baimena.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Orcoien Energy Orcoien SLUri energia elektrikoa ekoizteko “Orkoien” parke eolikoa, 5,8 MW-ekoa, eta handik energia ateratzeko azpiegiturak (13,2 kV-eko linea elektrikoa) jartzeko Oltza Zendea eta Orkoiengo udalerrietan.

2. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenean eta abenduaren 29ko 1400E/2021 Ebazpenean ezarritako baldintzak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenean ezarritakoak bete beharko dira.

3. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

4. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezaten.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Orcoien Energy Orcoien SLUri, Nedgia Navarra SAri eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Gurelur elkarteari, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari, Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteari, Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen. Errekurtsoan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiari, eta ohartaraztea ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean bi hilabete iragan baino lehen, eta aurretik Nafarroako Gobernuari errekerimendua egiten ahal zaiola Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 44. artikuluan ezartzen duen bezala eta bertan finkatzen den epealdian.

8. Ebazpen hau jakinaraztea, Oltza Zendeako Udalak hala eskatuta, Aratzuri, Artazkotz, Asiain, Ibero, Izkue, Itzu, Lizasoain, Oltza eta Ororbiako kontzejuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 14an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa. Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsak alegazio-dokumentua aurkeztu du; bertan honako bi gai nagusi hauek jorratzen ditu:

1. Hegaztiek eremua erabiltzen duten moduari buruzko azterlana ez dago osatuta.

2. Haize-sorgailua eraiki nahi den tokia “ez da egokia” 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera.

Erantzuna:

Gurelurrek aurkeztu dituen ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean.

Hegaztiek eremua erabiltzen duten moduari buruzko azterlana dela-eta, sustatzaileak informazio osagarria bidali zuen 2021eko urtarrilaren 13an, eta hura jaso ondoren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informaziorako ipini zen bigarrenez.

2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko aipuei dagokienez, bidezkoa da adieraztea plan horrek aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta, Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendua. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua Planean “egokia ez” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

2. alegazioa. Orkoiengo Udala.

Orkoiengo Udalak alegazio-idazkia aurkeztu du, eta bertan eskatzen du eremuko linea elektrikoak multzokatzeko eta lurpean ezartzeko, ahal dela, uste baitu eragina dutela inguruneko paisaian eta funtzionaltasunean.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean, eta bertan ezartzen da energia ateratzeko azpiegiturak lurpean ezarri behar direla.

3. eta 4. alegazioak. Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz-Ekologistak Martxan.

Elkarte horiek alegazio-dokumentu bana aurkeztu dute; hona alegazio nagusien laburpena:

1. Ez da aztertu parke eolikoa egokia denez Nafarroako egoera energetikorako.

2. 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera Parke eolikoa eraiki nahi den tokia ez da egokia, eta dagoen eremua ez da lehentasunekoa ez erreserbakoa.

3. Proiektuak eragina edukiko du ingurumenean, paisaian eta funtzionaltasunean.

4. Ez da aztertu nolako eragina edukiko duen proiektuak klima-aldaketan eta CO2 emisioetan eta beste kutsatzaile batzuen emisioetan fase guztietan.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean.

“Orkoien” parke eolikoa Nafarroako egoera energetikorako egokia izatea dela-eta, proiektuan Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, sustatzaileak adierazi duen bezala, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.

2030erako Nafarroako Energia Plana dela-eta, bertan ezartzen dena orientagarria da; beraz, Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez da erregelamendua. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua Planean “egokia ez” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

5. alegazioa. Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea.

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkarteak aurkeztu duen idazkian adierazten du parkearen sustatzaileak egin duen ingurumen-eraginaren azterlanean informazio oso zehatza dagoela haize-sorgailua eraiki aurretik eremuan bizi diren saguzarrez.

Hala ere, SECEMUk hobetzeko moduko gauza batzuk aipatzen ditu, eta eskatzen du egin daitezela antzeko azterlanak parke eolikoa abian jarri ondoren, eta egin dadila saguzarren heriotza-tasaren jarraipena.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean; bertan ezartzen da zaintza eta jarraipen planean aintzat hartuko dela nolako eragina duen proiektuak hegaztietan eta kiropteroetan.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena. Lurralde Antolamenduaren Atala.

2020ko ekainaren 1ean Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2020-000059 txostena egin zuen; bertan, kontuan hartu beharreko lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako arau-xedapenak eta tresnak zehaztu aurretik, honako hau adierazten du:

“Txosten honetan ez da ebazten instalazioa bateragarria denez aipatzen diren arau-xedapenekin, berariaz adierazten den kasuetan izan ezik.

Instalazioa hirigintza-arauekin eta lurralde-antolamenduko arauekin bat datorren ebazteko balorazioa ingurumenaren eta hirigintzaren arloetako tramiteak hasteko eskatu ondoren eginen da (tramite horiek Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen den bezala eginen dira).”

2. txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2020ko uztailaren 16an Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena jaso zen; bertan ohartarazten zen energia ateratzeko aireko linea elektrikoa “Itzako bidea” aztarnategitik pasatzen dela (kodea: 09-31-193-0001). Horretan honako hau adierazten da: “3. mailako aztarnategia da. Zilegi da aireko linea pasatzea 3. mailako aztarnategi baten gainetik. Aztarnategiaren barruan eta inguruko 50 metroko babes-eremuan lurra iraultzea dakarren obrarik egin behar izanez gero, jarraipen arkeologikoa egin beharko da.”

Erantzuna:

2021eko urtarrilaren 13an sustatzaileak “Itzako bidea” (kodea: 09-31-193-0001) aztarnategiaren gaineko eraginari buruzko analisia aurkeztu zuen; haren arabera ez lineak ez beraren euskarriek ez dute ukituko aztarnategiaren esparrua. Gainera, konpromisoa hartzen zuen “aztarnategiaren barruan eta inguruko 50 metroko babes-eremuan lurra iraultzea dakarren obrarik egin behar izanez gero, jarraipen arkeologikoa egiteko.”

2 bis txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2021eko otsailaren 11n Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena egin zuen; haren arabera proiektuak ez dauka ukipenik atal horri dagokionez.

3 eta 3 bis txostena. Oltza Zendeako Udala.

Oltza Zendeako Udalak bi txosten aurkeztu ditu, bata 2020ko uztailaren 31n eta bestea 2021eko martxoaren 22an. Horien bidez honako desadostasun hauek adierazi ditu:

1. Parke eolikoa eraiki nahi den tokia “ez da egokia” 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera. Gainera, ez dago lehentasuneko eremu eoliko batean, ez erreserbako batean, eta Nafarroako eremu eoliko potentzialen zerrendan ere ez dago.

2. Proiektuan ez da aztertzen Nafarroako egoera energetikoa.

3. Ez dira aztertzen parke eolikoa eraikitzearen eta landare-estalkia kentzearen ondorioz sortuko diren CO2 emisioak.

4. Energia ateratzeko aireko linearen lehen tartea lurpean ez ezartzeak eragina edukiko du inguruneko paisaian.

5. Hirigintzako ukipenak daude.

6. Proiektua ez da bateragarria Oltza Zendeako Udalaren Planarekin, haize-sorgailua prozesu industrial bateko osagaia baita.

Azkenik, Udalak eskatzen du interesduntzat hartzeko proiektuarekin lotutako espediente eta tramitazio guztiekin, eta zuzenean jakinarazteko haien ebazpenak. Gauza bera eskatzen du ukitutako zendeako kontzejuentzat.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean, eta bertan ezartzen da energia ateratzeko azpiegitura lurpean ezarri behar dela.

“Orkoien” parke eolikoa Nafarroako egoera energetikorako egokia izatea dela-eta, proiektuan Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.

2030erako Nafarroako Energia Plana dela-eta, bertan ezartzen dena orientagarria da; beraz, Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez da erregelamendua. Horrenbestez, proiektuak ukitzen duen eremua Planean “egokia ez” izatea ez da ingurumenaren inguruabarren ondorioa, ingurumen-eraginaren adierazpenean azaltzen den bezala.

Azkenik, proiektua Oltza Zendeako Udalaren Planarekin bateragarria izatea dela-eta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 16ko 297E/2021 Ebazpenaren bidez baimena eman da proiektua lurzoru urbanizaezinean egiteko.

Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenaren arabera, energia elektrikoaren ekoizleak honako hauek dira: pertsona fisikoak edo juridikoak, energia elektrikoa sortzen dutenak eta horretarako behar diren instalazioak eraikitzen, erabiltzen eta artatzen dituztenak.

Beste alde batetik, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du 1. artikuluan: “ulertuko da parke eolikoa dela lehen mailako energia gisa haizea baliatuz energia elektrikoa ekoizten duen instalazioa. Haize-sorgailu batek edo batzuek osatuta egonen da, elkarren arteko konexio elektrikoa izanik, eta garraio edo banaketa sarearekiko konexio puntu bakar batekin. Parke eolikoaren parte izanen dira energia eramateko azpiegiturak, hau da, garraio edo banaketa sarearekiko konexioa eta, kasua denean, energia elektrikoaren transformazioa, bai eta sarbide eraiki berriak edo lehendik egon eta aldatzen direnak ere”.

“Orkoien” parke eolikoan sortzen den energia ateratzeko behar den azpiegitura dago, eta sarean sartzeko eta harekin konektatzeko baimena dauka; beraz, haize-sorgailua energia elektrikoa sortzeko instalazioa edo azpiegitura da, eta energia eolikoa erabiltzen du lehen mailako energia gisa.

4 eta 4 bis txostena. Orkoiengo Udala.

Orkoiengo Udalak bi txosten aurkeztu ditu, bata 2020ko abuztuaren 4an eta bestea 2021eko martxoaren 8an; haien bidez eskatzen du eremuko linea elektrikoak multzokatzeko eta lurpean ezartzeko, ahal dela.

Erantzuna:

Ingurumenaren arloko gogoetak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-eraginaren adierazpenean, eta bertan ezartzen da energia ateratzeko azpiegitura lurpean ezarri behar dela.

5. txostena. Ingurumen Eraginaren Atala.

2020ko irailaren 10ean Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0226-2020-000005 txostena egin du; bertan ingurumenaren inguruko gogoeta batzuk egiten ditu, eta ezartzen du informazioa osatu behar dela.

6. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloa.

2020ko urriaren 23an bidalitako ofizio batean Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloak adierazi zuen ados zegoela proiektuarekin, baldin eta ingurumen-eraginaren azterlanean ezarritako prebentzio-neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak betetzen badira.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du bat ados dagoela txostenarekin.

7. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa.

2020ko abenduaren 21ean Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloak adierazi du bere aldetik ez dagoela inolako eragozpenik proiektua egiteko, uste baitu ez duela eraginik edukiko ez jabari publiko hidraulikoan ez hirugarrenengan. Hala ere, gogorarazten du linea elektrikoa jartzeko lanei ekin aurretik sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu behar duela.

Erantzuna:

Txostena sustatzaileari helarazi zitzaion, kontuan har zezan.

8. txostena. Nedgia SArena, 2021eko apirilaren 21ekoa.

2021eko apirilaren 21ean Nedgia SAk txostena egin zuen, eta bertan adierazten du ados dagoela proiektuarekin, baina ohar tekniko batzuk kontuan eduki behar direla.

Erantzuna:

Txostena sustatzaileari helarazi zitzaion, kontuan har zezan.

Iragarkiaren kodea: F2200647