27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Udal ordenantza, helduek ingelesa ikasteko dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2021eko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Helduek ingelesa ikasteko dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespena jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia argitaraturik 2021eko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11n.

Jendaurreko aldi hori iragan da inork aurkeztu gabe alegaziorik edo erreklamaziorik; hartara, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da, eta agintzen da argitara dadila ordenantza berriaren testu osoa, izan ditzan uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedaturiko ondorioak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

UDAL ORDENANTZA, HELDUEK INGELESA IKASTEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

TITULU BAKARRA

Helduek ingelesa ikasteko dirulaguntzak

1. artikulua.–Xedea.

Dirulaguntzen deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea dirulaguntzak emateko, helduendako ingeles eskolen kostuaren zati bat estaltzeko.

Laguntza eman nahi zaio kolektibo horri, hizkuntza-gaitasunak eskura ditzan, lan merkatuan sartzeko edo onuradunen lan egoera hobetzeko.

2. artikulua.–Onuradunak.

Pertsona fisikoak izaten ahalko dira laguntza berezi honen onuradun, 18 urtetik gora badituzte eta Faltzesen bizi badira. Horretarako, joan beharko dute pertsona fisiko edo juridiko batek emaniko ingeles eskoletara. Azken horrek egoitza soziala Faltzesen izan beharko du, eta udalerriko ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanik egon.

3. artikulua.–Baldintzak.

Ordenantza honi dagokion dirulaguntza jaso ahal izateko, eskolek izan beharko dute ingelesaren ahozko adierazpena sustatzeko, eguneroko elkarrizketan, lagunartekoan, oinarrizko elkarrizketan eta abar. Eskolak ez dira izanen laguntza emateko institutuetako edo beste prestakuntza-erakunde batzuetako ingeleseko irakasgaian, ez eta hizkuntza horretako titulu ofizialik lortzeko ere.

4. artikulua.–Dirulaguntzaren zenbatekoak.

Dirulaguntza izanen da onuradunak urte naturalean ordaindutako kuoten %25 (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra), eta gehienez 180 euro emanen zaio onuradun bakoitzari.

Xede horretarako izendatzen den aurrekontu-partida proportzionalki banatuko da onuradunen artean, baldin eta dirulaguntzatzat eman beharreko zenbatekoak, guztira, gehiago badira aurrekontu-baliabideak baino.

5. artikulua–Eskabideak aurkezteko epea.

Dirulaguntza honen eskabideak aurkeztuko dira –urte natural bakoitzerako– urtarrilaren 20a baino lehen, diruz laguntzen den aldiaren ondoko urtean.

6. artikulua.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Eskatzaileek aurkeztu beharko dute eskabide orokor bat behar bezala beteta, aditzera emanda helduek ingelesa ikasteko dirulaguntza jaso nahi dutela. Horrekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiarena pasaportearekin batera.

–Eskabidea aurkezteko behar besteko ahalordea, titularra ez den beste pertsona batek aurkezten badu.

–Ingeleseko eskolak ematen dituen pertsona fisiko edo juridikoak emandako ziurtagiria, honako hauek egiaztaturik:

a) Aurreko urte naturalean eskolak ordaintzeko erabili den zenbatekoa.

b) Eskolek ordenantza honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzearen ziurtapena.

Ordenantza.

7. artikulua.–Beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki, autonomia edo estatu mailan ezarritako beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, baldin horien onuradun ere badira ordenantza honek ezarritako dirulaguntzaren hartzaileak.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

a) Men egitea egiaztapeneko eta finantza-kontroleko jarduketei, dirulaguntzen arloan indarra duen araudian xedatuaren arabera.

b) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan; bereziki, dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako egiaztapen eta finantza-kontrolen aurrean jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa agertzen denean.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, aplikatzekoak direnean.

d) Dirulaguntzaren ezaugarriak direla eta, salbuespenez, onuradunak salbuetsita daude emandako dirulaguntzari publizitatea egiteko betebeharretik.

9. artikulua.–Eskaerak ebazteko epea.

Eginiko eskaeren prozedurak ebazteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazioaren isiltasuna negatiboa izanen da, baldin ebazpenik ematen ez bada ezarritako epean.

10. artikulua.–Araubide juridikoa

Ordenantza honetan arautzen diren aparteko neurriak onetsi dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoaren arabera, eta Aurrekontua betearazteko oinarrietako 30. oinarriaren arabera.

Ordenantza honek berariaz arautzen ez duen orotan, jarraikiko zaio aipatutako araudi orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65. artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Faltzesen, 2022ko urtarrilaren 13an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2200543