27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2021eko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza; 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

Cascanten, 2022ko urtarrilaren 18an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN CASCANTEKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Etxebizitza hutsen gaineko zergak zergapetuko du Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean araututako Etxebizitza Hutsen Erregistroan agertzen diren etxebizitzen titulartasuna, zein udalerritan dauden kontuan hartuta.

2. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun erkidegoak, eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen dutenak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

3. artikulua. Salbuespenak.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude:

a) Funtzionario publikoen titulartasuneko etxebizitzak, baldin eta beren zereginak etxebizitza duten herritik kanpo bete behar badituzte; hori guztia, aplikatzen zaien legeriarekin bat.

b) Beren ohiko bizilekua duten herritik aldi baterako kanpora joan behar izan duten langileen titulartasuneko etxebizitzak, baldin eta hori gertatu bada arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla-eta, edo enpresa jarduerari lotutako kontratazioengatik, edo langile horiek mugikortasun geografikoaren mende daudelako.

c) Administrazio publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (NASUVINSA edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte alokairurako erabiltzeko.

2. Nolanahi ere, salbuespenak etxebizitza bakarra hartuko du.

4. artikulua. Zerga oinarria.

Zerga oinarria lurralde kontribuzioa ordainarazteko indarra duena izanen da.

5. artikulua. Kuota.

1. Zerga honen kuota izanen da zerga oinarriari karga tasa aplikaturik ateratzen dena.

2. Karga tasak tarte hauen barrenean egon beharko du: % 0,25 eta % 0,50 artean, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan agertzen den lehenbiziko urtean; % 0,50 eta % 1 artean, erregistroan agertzen den bigarren urtean; eta % 1,5 erregistroan agertzen den hirugarren urtean eta hurrengoetan. Karga tasa bat bera izanen da udalerri osoan.

6. artikulua. Sortzapena.

1. Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2. Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda dagoen bitartean.

3. Kuotak sei hilean behingoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.

4. Subjektu pasiboek, espediente egokia izapidetuta, etxebizitza bete denetik aurrerako aldiari dagokion kuotaren zati proportzionala itzultzeko eskatzen ahalko dute.

7. artikulua. Etxebizitza hutsen zentsua.

1. Etxebizitza hutsen zentsua mantendu beharko dute udalek, zergaren ordainarazpenerako.

2. Aurreko idatz-zatian xedatuaren ondorioetarako, departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio udal bakoitzari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udalerriari dagozkionak.

3. Erregistroan alta emanda, udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga oinarria eta karga tasa indarduna adierazita.

8. artikulua. Zergaren kudeaketa.

Zerga kudeatzeko, lurralde kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak erabiliko dira, eta kasuko likidazioak eta kobrantza dokumentuen igorpena batera eginen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

ERANSKINA

2022ko urtarrilaren 1etik aplikatzeko karga tasak

Lehen urtea: % 0,50.

Bigarren urtea: % 1.

Hirugarren urtea eta hurrengoak: % 1,5.

Ordenantza behin betiko onestearen aurka, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzazko Errege Dekretuak onartutako Tokiko Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak xedatuaren arabera, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

Iragarkiaren kodea: L2200689