27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAKIL

Aizkorbeko hilerria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Arakilgo Udalak, 2021eko urriaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aizkorbeko hilerria arautzen duen ordenantza, eta erabaki hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2021eko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 23koan, bai eta Udalaren iragarki taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Arakilen, 2022ko urtarrilaren 7an.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

AIZKORBEKO HILERRIAREN TASA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aizkorbeko hilerriko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Arakilgo Udalari dagokio, horren jabea baita, Aizkorbeko Kontzejua desegin ondoren, ordenantza honen xedapenen arabera eta beste administrazio publiko batzuen berezko eskumenei kalterik egin gabe.

2. artikulua. Arakilgo Udalak hilerriarekin zerikusia duten eginkizun hauek beteko ditu:

a) Esparrua administratu eta mantentzea, segurtasuna, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta.

b) Hilobien eta sartzeko giltzen banaketa eta kontzesioa.

c) Era guztietako ehorzketa eskubideak onartzea, aldatzea, eta haien iraungipena deklaratzea.

d) Ondorio horretarako bitartekoak erabiliz, hilarri, gurutze, zerraldo, arropa, abitu, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnak.

e) Dagokion ordenantza fiskalean, legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

f) Hilerriko zerbitzuekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Udalak Aizkorbeko herritarren beharrizanei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu.

4. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

5. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

6. artikulua. Arakilgo Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik, baldin eta zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

7. artikulua. Hilerrian diren hilobien erregistroa izanen da, zenduaren gaineko datu hauek izanen dituena:

–Hilobiaren identifikazioa.

–Kontzesioaren data.

–Ordaindutako tasak.

–Hilobiaren gaineko betebehar edo eskubideak bere bizkar hartzen dituen ordezkari edo ahaidearen izen-deiturak eta helbidea.

8. artikulua. Era berean, Udalak iragarki oholean izanen du beti hilerrian ematen diren zerbitzuen zerrenda, haiei dagozkien tasekin batean, halakorik bada:

–Hilobiak.

–Desobiratzeak eta lekualdaketak.

–Lorezaintza, garbitasuna eta mantentze-lanak.

9. artikulua. Duda edo premia izanez gero, Arakilgo Udalbatzarrak ordenantza hau aldatzen edo emendatzen ahalko du, gai hauei buruz diren legeei loturik eta ukituak gerta daitezkeenei aitzinetik gaztigaturik.

II. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

10. artikulua. Aizkorbeko hilerrian hilobia izateko eskubidea izanen dute, bai eta horrekin batera kolunbarioak erabiltzekoa ere, Aizkorbeko herrian hil baino gutxienez urtebete lehenago erroldaturik dauden zenduek, gure hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiez landa.

11. artikulua. Hilobien erabilpenaren gaineko ehorzketa eskubidea lurperatu aitzineko kontzesio egintzarekin batera sortzen da. Familiak frogatu beharko du ezarritako baldintza betetzen dela edo, bestela, azaldu beharko du zergatik egiten duten eskea eta, orduan, erregistroan inskribatzeko datu guztiekin batean, eskubidea jasotzeko eskea eginen du. Udalak, datuak egiaztatu ondoan, eskubidea onetsiko du edo ez du onetsiko, eta aldi berean ezarritako tasa kobratuko du.

12. artikulua. Hilobiak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioak 10 urterako emanen dira eta luzera bereko beste bi alditan luzatzen ahalko dira, gehienez ere 30 urte egin arte. Azken epea akitu ondoan eta eskabidea izanez gero, Udalak erabakiko du, hilerriak duen leku beharraren arabera, luzapen gehiago ematen duen ala ez.

13. artikulua. Kontzesioen luzapena, hala behar badu, mugaegunaren aitzineko urtean eskatu beharko da, Udalak aitzinetik iraungipenaren gaztigua eginda, eta behar den tasa ordaindu ondoren erabakiko da, hala behar badu (lehen ehorzketarako tasa bera)

14. artikulua. Kontzesioak ahal dela emanen dira, edo bestela diren hutsuneak hurrenez hurren betez.

15. artikulua. Familia beraren aitzineko hilobien aztarnak dauden lekuetan ehorzteko, beste erabilera kontzesio bat egin behar da, eta hutsetik hasi betebehar, tasa eta horrelako kontuetan, zaharrak ahaztuta.

16. artikulua. Gorpuzkiak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira. Hori egiteko, bertan egon beharko du hilerriaren arduradun batek, eta nahi duen edozein pertsona ere horretara bertaratzen ahalko da.

Gorpuzkiak berriz hilobiratzen ahalko dira, hilotz bat uzten edo kolunbario bat erabiltzeko eskatzen denean.

III. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea azkentzea

17. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

–Eskubidearen kontzesio aldia amaitzeagatik luzapenik eskatu gabe, horretarako gaztigua igorrita ere, edo egin daitekeen azken luzapena bukatzeagatik.

−Kontzesioa bukatu baino lehen eta nahita hilobia husteagatik edo gorpuzkiak handik ateratzeagatik.

–Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

18. artikulua. Iraungi ondotik, kontzesioaren xedeko hilobia edo kolunbarioa Udalari itzuliko zaio, eta eskubidearen azkentzeak ez du konpentsaziorik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Udalak nahi duenean (hilerrian leku falta izateagatik eta abarrengatik) eta aldez aurretik gaztigua igorrita, hilobian dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo erraustuko dira, hilaren ahaideek edo haien baimena duten beste batzuek beste hilobi edo kolunbario erabilera batera aldatzeko eskatu ezean.

IV. KAPITULUA

Hilobiak mantentzea eta zaintzea

19. artikulua. Hilarriaren barruan obrak egiteko, honako arau hauek bete beharko dira:

–Hargin, marmolari edo igeltsero lanetarako materialen prestaketa hilerrik kanpora egin beharko da.

−Materialak, lanabesak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utzi beharko dira, eta kontuan hartu beharko da inguruko landare edo hilobiei ez dietela kalterik egiten.

–Egindakoaren ondorioz gertatzen ahal den edozein kalte agindu eta gauzatu dutenen ardura izanen da.

–Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

–Zerbitzuak hobeki funtziona dezan, Udalak kasu bakoitzean xedatzen dituenak.

20. artikulua. Hilobiak apaintzeko, hilarriak jartzeko eta konponketak egiteko lanak eraikuntza partikularrekoak izanen dira, eta hilerriaren ingurunea kontuan hartu beharko da, gaizki eman ez dezaten.

21. artikulua. Udalak ehorzketa zerbitzu bat jarriko du partikularren eskura; hartara, enpresa partikular espezializatu bat arduratuko da hilobiak ireki eta ixteaz. Zerbitzu hori hautara izanen dute interesa duten familia guztiek, eta sortzen diren gastuak zenduaren ahaide ordezkariaren bizkar izanen dira.

22. artikulua. Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak, ikurrak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

23. artikulua. Landatze partikularrak osagarritzat joko dira, titularra arduratuko da haiek zaintzeaz, eta ez dute inola ere bide publikoa okupatzen ahalko, ez eta alboko eraikuntzei kalte egin ere.

24. artikulua. Titularrek edo haien baimena duten beste batzuek zainduko eta garbituko dituzte hilobiak. Garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

25. artikulua. Hilobietan jarritako hilarriak eta gurutzeak titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan. Hala egin ezean, Udalak desegiteko eskubidea izanen du, horretarako bitartekoak erabilita.

V. KAPITULUA

Lehenagoko hilobiak

26. artikulua. Ordenantza honek indarra hartzean, erregistro bat sortuko da egungo hilobien gaineko datuekin, eta idazki bat igorriko zaie ukitutako familiei, zeinean bakoitzari azalduko baitzaio zein den bere egoera, eta aldez aurretik zer urrats egin behar dituen hilobia erabiltzeko kontzesioa eskuratzeko.

27. artikulua. Kontzesio horietarako aldiak ordaintzen diren egunetik hasiko dira kontatzen, berrien iraupen bera izanen dute, baina iraungitzat joko dira edozein aldiren bukaeran frogatzen denean ehorzketatik aurreikusitako 30 urteak gainditu direla; hala bada, 12. artikuluan agindutakoaren arabera jokatuko da.

VI. KAPITULUA

Ordenantza fiskala

28. artikulua. Ordenantza hauek onetsi baino lehenagoko hilobiei dagokienez, bai eta zendu baino gutxienez urtebete lehenago Aizkorben erroldatuta egon direnei dagokienez ere, 10 urteko aldi bakoitzeko prezioa 300 eurokoa izanen da, urtez urte eguneratuta kasuan kasuko KPIaren arabera.

29. artikulua. Baldintza hori betetzen ez dutenendako, 10 urteko aldi bakoitzeko hilobiaren prezioa 600 eurokoa izanen da.

30. artikulua. Kolunbarioan: 300 euro lehendabiziko errauts-kutxagatik. Beste 100 euro ordainduko dira beste errauts-kutxa bakoitzagatik, gehienez ere lau izan arte.

31. artikulua. Bigarren artikuluan adierazten diren zerbitzuetako edozein ematea baimentzean sortuko dira tasak, 26. artikuluan jasotzen diren kasuetan izan ezik, halakoetan unea behar den erregistroa argitaratzen denekoa izanen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak ordenantza fiskal honek.

Iragarkiaren kodea: L2200339