27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1401E/2021 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena proiektu honi buruz: “Templarios” haize-parkea eta haren ebakuazio azpiegiturak Red Eléctrica de Españaren jabetzakoa den Muruarte-TAEra arte egiteko proiektua, Lerga, Uxue, Eslaba, Galipentzu, Beire, Erriberri, Tafalla, Puiu, Garinoain, Barasoain, Oloritz, Untzue eta Tebas-Muru Artederretako udalerrietan. Green Capital Power SLU da sustatzailea.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduraren garapena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

1.1. Aurretiazko jarduketak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluarekin bat, 2019ko otsailaren 4an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Green Capital Power SLU enpresak aurkeztutako eskaera bat bidali zion Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta ingurumen-organo horri eskatu ingurumen-inpaktuaren irismeneko dokumentua egin zezala proiektu hauetarako: “Templarios” haize-parkea, “Templarios” haize-parkeko 220/30 kV-eko transformazio azpiestazioa eta “Templarios haize-parkearen ebakuaziorako 2020 kV-eko goi-tentsioko linea elektrikoa. 2019ko martxoaren 28an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak dokumentazioa zuzentzeko errekerimendu bat bidali zion Green Capital Power SLUri, eta eskatu zion aurkez zitzala Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren b) eta c) atalak, ingurumen-inpaktuaren irismeneko dokumentua egiteko beharrezkoak baitira. 2019ko ekainaren 6an, eskatutako dokumentazioa jaso zen, eta 2019ko ekainaren 14an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion sustatzaileari. 2019ko azaroaren 4an, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentuaren berri eman zuen. Ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira kontsultatu ziren erakundeak, jasotako erantzunak eta egindako irismeneko dokumentuaren laburpena.

1.2. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen “Templarios” haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren gaineko azterketa (2021eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 18koa), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien horiei buruz. Ebazpen honen II. eranskinean bildu dira jasotako alegazioak eta txostenak.

1.3. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

Green Capital Power SLk, 2021eko irailaren 3an, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Organo sustantiboak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2021eko irailaren 13an dokumentazio guztia Biodibertsitate Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoari eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

2.–Proiektuaren laburpena.

Proiektua Lerga, Eslaba, Galipentzu eta Uxueko udalerrietan jarriko diren 13 haize-sorgailuk osatzen dute; abatzeraino 105 metroko garaiera duten dorreen gainean joanen dira eta hegalek 155 m-ko diametroko errotorea izanen dute.

Ezarri nahi diren haize-sorgailuen kokapena ondorengo taulan zehazten da (UTM koordenatuak: ETRS89, 30N ardatza):

AEROSORGAILUAREN ZK.

X

Y

629030,32

4709337,48

WTG02

628652,91

4709508,34

WTG03

628262,29

4709648,09

WTG04

627897,50

4709804,88

WTG05

627287,06

4709908,66

WTG06

626854,53

4710083,82

WTG07

626467,34

4710178,52

WTG08

626069,83

4710258,84

WTG09

625682,60

4710357,69

WTG10

624602,54

4710869,33

WTG11

624241,94

4711053,16

WTG12

623845,96

4711153,62

WTG13

623442,01

4711139,67

Horiez gain, 120 metroko sareta izanen duen dorre meteorologiko bat instalatu nahi da UTM-ETRS89, 30N koordenatuetan. X: 627.587,42; Y: 4.709.828.41.

Sarbidea Lizarra-Tafalla-Zangoza NA-132 tokiko errepidetik abiatuko litzateke, 50+090 KP parean. Hona obra zibilerako aurreikusitako lur mugimenduen bolumena:

Lur erauzketaren bolumena m³-tan

1.083.789,93

Lubetaren bolumena, guztira m³-tan

1.370.726,79

Landare-lurraren bolumena m³-tan

147.711,40

Lur mugimenduak eginen dira haize-sorgailuetara iristeko 12.631,50 m bide irekitzeko eta/edo egokitzeko. Horietatik 7.396,98 m-tan bide berriak eginen dira eta 5.234,52 m-tan lehendik daudenak egokituko dira. Bideek 5 m-ko errodadura-zabalera erabilgarria izanen dute gutxienez, eta 40-120 m-ko biraketa-erradioko kurbaduretan zabalera handitu eginen da. Zorua zabor-legarrezkoa izanen da, 0,25 m-koa eta zabor-legar naturalekoa oinarri azpian, eta oinarrian 0,20 m-koa eta zabor-legar artifizialezkoa, gehienez ere %10eko malda duten tarteetan; eta hormigoizkoa, %14ra bitarteko maldetan. Haize-sorgailuak muntatzeko plataformak berdindu eta egokituko dira, eta hormigoi armatuzko zapatak eginen dira haize-sorgailuak zimendatzeko. Gainera, metaketarako hainbat eremu, instalazio osagarriak eta behin-behineko instalazioak ere aurreikusten dira.

Sortutako energia ebakuatzeko eta parkea kontrolatzeko, zangetan kanalizatuko diren eroanbide elektrikoak aurreikusten dira, eta, ahal den neurrian, haize-sorgailuetara iristeko bideak jarraituz trazatuko dira. Ebakuazioa lurpeko erdi-tentsioko (30 kV) linea elektrikoaren bidez eginen da, Lergan aurreikusita dagoen 220/30 kV-eko Templarios-TAE azpiestazio elektriko jasotzaileraino. TAE hori 8.538 km-ko luzera eta 23 euskarri dituen goi-tentsioko (220 kV) aireko linea elektriko baten bidez lotuko da Uxueko 220 kV-eko Templarios EZ ebakitze-zentroarekin. Ebakitze zentro honetan Zaragozako Cinco Villas-en dagoen Muno haize-parkeko goi-tentsioko (220 kV) aireko ebakuazio-linearekin lotuko da. (Haize-parke hori tramitazioan dago, Green capital Power SLUk sustaturik). Templarios EZtik garraio nodora arteko konexioa egiteko ebakuazio azpiegitura komunak (EAK) erabiliko dira energia berriztagarrien beste sustatzaile batzuekin batera. Hauek dira ebakuazio azpiegitura komunak: 1) 28,082 km eta 94 euskarri dituen goi-tentsioko (220 kV) aireko linea, Templarios EZ ebakitze zentrotik egin asmo den 400/220 kV-eko Muruarte Sustatzaileak TAE azpiestazio jasotzaileraino. 2) 400/220 kV-eko Muruarte Sustatzaileak TAE transformazio azpiestazioa bera, Tebas-Muru Artederretan, eta 3) 60 m-ko goi-tentsioko (400 kV) aireko linea, TAE hori Red Eléctrica de Españaren Muru Artederretako 400 kV-eko TAErekin lotuko duena. Horrela, ebakuazio-linearen luzera osoa 36,62 km-koa izanen da 220 kV-eko tentsioan, eta 60 m gehiago 400 kV-etan. Lineak Lerga, Uxue, Beire, San Martin Unx, Erriberri, Tafalla, Puiu, Garinoian, Barasoain, Oloritz, Untzue eta Tebas-Muru Artederreta udalerriak zeharkatuko ditu.

3.–Azterketa teknikoa.

“Templarios” haize-parkea, haren ebakuazio azpegiturak barne, ingurumen zein lurralde aldetik muga handiak dituzten eremuetan egin nahi da. Irismeneko dokumentuan, non ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena eta edukia zehazten baitira, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari ohartarazi zion inguru horretan hegazti-fauna mehatxatua egoteak, hegaztiek talka egiteko dagoen arriskuak, haien joan-etorrietarako sortzen duen hesi-efektuak eta beste instalazio eoliko batzuekiko eta energia banatzeko instalazioekiko metaketa- eta sinergia-inpaktuek, bai eta enklabe horren paisaia-berezitasunak ere, ekar dezaketela haize-sorgailuen instalazioaren eta ebakuaziorako linea elektrikoaren inpaktuak garrantzitsuak izatea eta ingurumen bideragarritasuna baldintzatzea.

Haize-sorgailuak ezartzeko ia azpiegitura guztiek, sarbideak barne, baita ebakuazioko linea elektrikoaren ibilbidearen zati handi batek ere, landare naturalen formazioei eragiten diete. Formazio horietako asko Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen I. eranskinean jasotako Batasunaren intereseko habitat gisa har daitezke, edo horrela kartografiatuta daude. Ingurumen-inpaktuaren azterketak (EIA) 4090. 5210, 6210(*) eta 9240 habitatak daudela detektatu du. Horiez gain, Lurreko habitaten Espainiako inbentarioan 6420, 91E0* eta 9340 habitatak ukitzen dituzten barrutiak kartografiatu dira. Ingurumen-inpaktuaren azterketan ez da proiektuak ukitzen duen landaredi naturalaren eskalan aztertu eta kartografiatu, era horretan proiektuak landaredi naturalean eta Batasunaren intereseko habitatetan eta horiei lotutako animalien eta landareen komunitateetan dituen ondorioak kuantifikatu eta ebaluatu ahal izateko. Bideak eraiki eta egokitzeak, haize-sorgailuak muntatzeak, kaleak egokitzeak, eta ebakuazio-linearen 36,62 km-ko euskarriak eta haietarako sarbideak eraikitzeak habitat naturalen azalera handi bat aldatzea eta murriztea ekarriko luke, habitat naturalen aniztasun galerarekin batera.

Proiektuaren eremua oso sentikorra da ingurumen aldetik, izan ere tamaina ertaineko eta handiko hegazti planeatzaileen espezie ugari daude bertan, baita saguzarrak ere; horiek babes bereziko erregimenean edo mehatxatu gisa katalogatuta daude bai estatuan, bai autonomia-erkidegoan.

Galzorian katalogatutako hegazti harraparien espezie batzuek haize-parkearen ezarpen-eremua erabiltzen dute, hala nola miru gorriak, ugatzak, Bonelli arranoak, guztiak ere oso sentikorrak ale helduen galerarekiko. Azken bien kasuan, haien banaketa-mugan finkatutako aleak aurkitu dira gainera. Natur Guneen eta Espezie Babestuen Atalak GPS geolokalizatzaileak dituzten aleei buruzko datuak eman ditu. Templarios haize-parkean honako hauek dira kernel probabilitateak lurraldean finkatutako Bonelli arrano alearen kasuan: jarduera gunean (%50eko kernel probabilitatea), eremu kritikoan (k75), bizi-eremuan (k95) eta okupazio-mailan (k99), eta lurraldean finkatutako ugatz alearen kasuan: jarduera gunean (k50), eremu kritikoan(k75) eta bizi-eremuan (k90). Uste da proiektuak zaildu egingo duela Nafarroan Ugatza Berreskuratzeko II. Planean eta Nafarroan Bonelli arranoa Berreskuratzeko Planean ezarritako helburuak lortzea. Sai zuriak eta mirotz zuriak ere erabiltzen dute eremua; biak daude kaltebera gisa katalogatuta. Ingurumen-inpaktuaren azterketan proiektuari ekin aurretik eginiko abifaunaren jarraipenean, katalogatutako espezie horientzat arriskutsutzat hartzen diren egoerak ikusi dira, proiektatutako hamahiru haize-sorgailuetatik zortzitan. Miru gorria da kalteberatasun espazialaren indize handiena duen harraparia (35,93), ugariagoa den sai arrearen atzetik (65,56), eta ondoren arrano beltza (28,09) eta ugatza (26,25).

Babes bereziko erregimenean sartutako harraparien artean, haize-parkeak ondorio garrantzitsuak izango ditu sai arrearen, sai sugezale europarraren eta arrano beltzaren populazioetan. Ingurumen-inpaktuaren azterketak dio Beragu mendilerro gainean bertan haize-sorgailuak lekuz aldatzeak ez duela murriztuko arriskuan dauden espezieen gaineko eragina. Haize-sorgailuak jartzeko asmorik ez dagoen beste leku batzuetan ere harraparien joan-etorria handia da.

Haize-sorgailuak askotariko saguzar komunitateek erabiltzen duten eremu batean lerrokatu nahi dira. 13 espezie arte detektatu dira urteko jarduera zikloaren azterketan, guztiak ere babes bereziko erregimenean daudenak. Nabarmentzekoa da Nafarroan galzorian katalogatuta dagoen kobazuloko saguzarrak eremuan duen presentzia handia eta ezohikoa; oraindik ezezaguna den hurbileko babesleku baten adierazle izan liteke. Espezie honek landarediaren gainetik hegan egiten du, eta talka egiteko arrisku handia du, haize-parkeen proiektuetan saguzarrak aztertzeko jarraibideek diotenez (Guidelines for consideration of bats in windfarm projects. UNEP/Eurobats).

Haize-parkeak, gainera, lerro bat osatzen du faunaren migrazio-fluxuekiko perpendikularra den bizkarrean kokatutako lerrokadura bat eratzen du, Uxueko mendilerroaren iparraldeko mendi-adarrean; horri esker termikoak sortzen dira, fauna hegalariak batez ere planeatzeko erabiltzen dituenak. Kurrilo arruntak, zikoina zuriak, zapelatz liztorjaleak eta abarrek inguru honetan barna migratzen dutela egiaztatu da. Hegazti migratzaileen ibilbideak altuera handiagoan joan ohi dira, baina, egoera jakin batzuetan, altuera txikiagoan egin ditzakete hegaldiak, erroten paretsuan, eta horrek talka egiteko arriskua dakar. Gau-saguzar txiki, ertain eta handien migrazio mugimenduak edo joan-etorriak ere hauteman dira. Azken bi horiek galzorian eta kaltebera gisa katalogatuta daude, hurrenez hurren. Saguzar hauek altueran hegaldatzen dira eta talka egiteko arrisku handia dute.

Egin asmo den ebakuazio lineari dagokionez, Templarios EZ ebakitze zentrorainoko linearen trazadura eta Muru Artederretarainoko zatiaren lehen kilometroak babes-eremu gisa izendatutako eremuaren barruan eginen dira, hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen 1432/2008 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzearen ondorioetarako. Landaredi natural mediterraneoak hartzen du ia eremu osoa, eta bizileku bat eskaintzen die tamaina ertain eta handiko harrapari askok aprobetxatzen dituzten eta habitat horietan ohikoak diren harrapakin batzuei. Harrapari nekrofago ugari dago eremu honetan, ugatza barne.

Templarios-EZ ebakitze zentroa eta Muru Artederreta Sustatzaileak TAEren arteko tarte luzea landaredi naturala eta Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuetatik ere igarotzen da, horien artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan identifikatu gabeko karraskadi eta erkamezti orbanetatik eta zuhaitz heskaiak dituzten nekazaritza-paisaietatik; katalogatutako harrapariek asko erabiltzen dituzte horiek, batez ere miru gorriak. Miru gorriak inguru horretan egiten ditu habiak; beste eremu batzuetako ale ugaltzaileek 30 km baino gehiago egiten dituzte Esteribartik edo Erromantzatutik proiektuaren eremuraino elikagai bila etortzeko, eta espezieak negurako etzaleku bat du Zidakos ibaiaren ibar-basoan, Garinoain eta Barasoain artean. Eremu horretan, Orbaibarko Mendia KBEan (ES2200032) dagoen Natura 2000 Sarearen gunetik gertu doa linea; haren kudeaketarako funtsezko elementuen artean daude besteak beste, konektibitate ekologikoa, hegazti harrapariak eta kiropteroak.

Arestian adierazitakoa aintzat hartuta, proiektuaren eraginpeko eremuko kontserbazio-helburuetan eta Natura 2000 Sareko guneen jarraitutasun ekologikoan ere eraginak nabarmenak izango direla uste da. Caparreta HBBEaren (ES0000151) kontserbazio helburuen artean daude Bonelli arranoa, beste hegazti harkaiztar batzuk eta saguzarrak. Eta arestian aipatu bezala, Orbaibarko Mendia KBEaren (ES2200032) kontserbazio helburuen artean daude konektibitate ekologikoa, hegazti harrapariak eta kiropteroak.

Proiektuak ukitzen dituen paisaia unitateak balio natural, estetiko, historiko eta kultural handikotzat hartzen dira Nafarroako Erdialdeko Eremuen Lurralde Antolamendurako Planean, landaredi naturala, nekazaritzako eta abeltzaintzako paisaia tradizional eta mosaiko ugari dagoelako, eta Erdi Aroko talaia-herriak, guneak eta eraikinak ere ugari direlako. Paisaia-unitate horiek ikusgaitasun handikotzat jotzen dira, ikusmen-arro handia dutelako, kalitate bikaina dutelako eta hauskortasun handienekoak direlako.

Bukatzeko, kontuan hartu behar dira lehen aipatutako ingurumen faktore guztietarako eragin sinergikoak eta metagarriak; izan ere, proiektuaren eremuan dauden haize-sorgailuen eta azpiegitura linealen dentsitatea, horien ebakuazio-linea barne, handia baita.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala gauzatu dela. Hala ere, ez dator bat ingurumen-inpaktuaren azterketaren ondorioekin, eta uste du inguru horren ingurumen-sentsibilitate handiak, arriskuan dagoen fauna hegalariaren presentziak, talka egiteko arrisku handiak, Natura 2000 Sareko guneen arteko hesi-efektua eta koherentzia ekologikoaren galerak, eta Natura 2000 Sareko gune horien kontserbazio-helburuetan eta Nafarroan ugatzarentzat eta Bonelli arranoarentzat onartutako Errekuperazio Planetan izandako ondorio kaltegarriek, paisaiaren gaineko ondorioek eta faktore horien gainean lehendik dauden haize-parke edo energia banatzeko parke ugari horien eragin sinergiko eta metagarriak kontuan hartzeak Templarios haize-parkearen proiektua ingurumen aldetik bideraezina egiten dutela ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak aplikatu ondoren ere. Beraz, aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatu du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proiektu honi buruz: “Templarios” haize-parkea eta haren ebakuazio azpiegitura Red Eléctrica de Españaren jabetzakoa den Muruarte-TAEra arte egiteko proiektua, Lerga, Uxue, Eslaba, Galipentzu, Beire, Erriberri, Tafalla, Puiu, Garinoain, Barasoain, Oloritz, Untzue eta Tebas-Muru Artederretako udalerrietan”. Green Capital Power SLU da sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Lerga, Uxue, Eslaba, Galipentzu, Beire, Erriberri, Tafalla, Puiu, Garinoain, Barasoain, Oloritz, Untzue eta Tebas-Muru Artederretako udalei, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko jarduketetan egindako kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira:

Uxueko Udala

Lergako Udala

X

Eslabako Udala

X

Galipentzuko Udala

X

Ezporogiko Udala

Zareko Udala

X

Oibarko Udala

X

Zangozako Udala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atala

X

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala.

Ehiza Atala

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

Gurelur

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

ANAN–Naturaren Lagunen Nafarroako Elkartea

Nafarroako Ehiza Federazioa

ADECANA–Nafarroako Ehiztarien Elkartea

Alaitz Mendi Elkartea

Nafarroako Mendi Federazioa.

Nafarroa Erdialdeko Eskualdeko Tokiko Ekintza Taldea

CEDERNA-GARALUR

Sustrai Erakuntza fundazioa

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

Acciona Energía

Horiez gain, San Martin Unxeko Udalaren eta kontsulta egin zitzaien udaletako herri-antolakundeen erantzunak jaso ziren. Ondoko taulan jaso dira:

San Martin Unxeko Udala

X

Galipentzu Zaindu eta Babesteko Elkartea

X

“Eslabaren Lagunak” elkartea

X

“Abaizen Lagunak” elkartea (Lerga)

X

Lergako Udalak iradokizun hauek egin ditu: 1) Autonomia Erkidegoa Nafarroako Foru Komunitate gisa izendatzeko. 2) Proiektua egin nahi den eremua 2030erako Nafarroako Energia Planean (2030 NEP), NA-46 gisa izendatutako erreserba-eremuaren barruan dagoela. 3) Proiektua Nafarroako Foru Komunitatean tramitatzen ari dela. 4) Eskualde horretan tramitatu berria dela Zangozako Muga meatzaritza proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, eta hori ingurumenarentzat haize-parke bat instalatzea baino jarduera askoz ere erasokorragoa dela, eta eskualdean, halaber, (Kasedan) Viscofan enpresa handitu dela, inongo ingurumen arazorik eragin gabe. 5) Eginen den parkera iristeko egin nahi den bidea oso irtenbide tekniko egokitzat daukatela. 6) Udalak Nafarroako Azpiegitura Berdearen Estrategiak haize-parkeak eraikitzeko ekar ditzakeen murrizketen aurrean duen kezka adierazten du, eta Nafarroako Gobernuak kalte-ordaina eman beharko diela ukitutako udalei, 2030erako PEN planean definitutako NA-46 eremu eolikoaren garapenari trabaren bat jarriz gero, hondakinei eta horien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duen modu bertsuan. 7) NA-46 erreserbako eremu eolikoan ez dagoela lurralde antolamenduko 4. planean aurreikusitako paisaia-eremu berezirik. 8) Ez dagoela eragozpenik aurreikusitako ebakuazio linea elektrikoa eraikitzeko, eta sustatzaileak Joluga izeneko haize-parkearen ebakuazioarekin batera azter dezala trazadura. 9) NA-46 erreserbako eremu eolikoan, proposatutako haize-parkearen instalazioarekin bateragarriak diren zenbait ingurumen-baimen eman direla. 9 bis) Nafarroako Gobernuak Green Capital Power SLk sustatutako Templarios haize-parkearen espedientearen egoera juridikoa argi dezala, atzerapenak eta izapideak errepikatu beharra saihesteko. 10) Alda dadila aldez aurretik hegazti-faunaren azterketa egiteko eskakizuna, horren ordez beste izapide bat egin ahal izan dadin, obrak hasi ondorenean ere.

Eslabako Udala bat dator haren iradokizunetan Lergako Udalak 1), 2), 3), 4), 5), 7), 8), 9), 9 bis) eta 10) puntuetan eginikoekin. Gainera erantsi du eginen den haize-parkearen eremuan ez dagoela faunaren gaineko eraginik. Eslabatik urrun dauden eremuetan espezieak berriz sartzeak lehendik eraikita dauden beste instalazio batzuei eraginen die, ez Eslabari.

Galipentzuko Udala bat dator bere iradokizunetan Lergako Udalak 1), 2), 3), 4), 5), 7), 8), 9 bis) eta 10) puntuetan eginikoekin. Gainera, haize-parkea tramitatzearen alde dagoela adierazi du klima aldaketarekin eta energia berriztagarriekin lotuta duen konpromisoa dela-eta.

Zareko Udala bat dator bere iradokizunetan Lergako Udalak 1), 2), 4), 5), 6), 7), 8), 9 bis) eta 10) puntuetan eginikoekin.

Oibarko Udalak, bere iradokizunen idazkian dio proposatutako ebakuazio linea Jolugako haize-parkeko linearenaz bestelako parajeetan barna doala eta proposaturiko linearen luzera handia nabarmendu du. Ebakuaziorako linea gisa Galipentzuko zentral hidroelektrikotik abiatu eta Kasedako zentral hidroelektrikotik jarraituz Zangozaraino iristen den linea erabiltzea iradokitzen du.

San Martin Unxeko Udala, Galipentzu Zaindu eta Babesteko Elkartea, “Eslabaren Lagunak” elkartea eta “Abaizen Lagunak” elkartea (Lerga) bat datoz haien iradokizunetan, eta baiesten dute proiektua onuragarria dela eskualderako eta tramitazioan ingurumenaren ikuspegitik espedientearen alde egitearen alde daude, ez baitute inongo eragozpenik ikusten haize-parkea 2030eko NEP NA-46 eremuan egiteko.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak ukitutako abelbideei dagokienez jakinarazi du proposatutako azpiegituren gurutzaketak baimentzen ahalko liratekeela saihetsezinak direlako. Horiez gain, obren faseak iraun bitartean kontuan hartu beharreko baldintza batzuk jasotzen ditu, abelbideei eta horien zortasun-eremuari buruz.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak esaten du zer araudi eta tresna, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoak, hartu behar diren aintzat Nafarroan haize-parkeak ezartzeko. Proiektuak ukitutako hirigintzako udal-plangintzari dagokionez, 2013ko abenduaren 19tik indarrean dagoen Galipentzuko Udal Planeko lurzoru urbanizaezinaren honako kategoria hauen babes-araubideak: ingurumen-balioagatik babesteko lurzoru urbanizaezinarenak (T-01, T-03, T-04, T-05 eta T-06 izeneko haize-sorgailuak) eta kultura-balioagatik babesteko lurzoru urbanizaezinarenak (T-02 haize-sorgailua) DEBEKATUTAKO jardueratzat hartzen ditu azpiegitura horiek (hirigintzako arau orokorren 94. artik.).

Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako Templarios haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentuaren laburpena

Proiektuaren ezaugarrien laburpena egiten da, fase honetan haize-parkeko azpiestaziotik Zangoza TAE azpiestazioraino 17.946 m luzeko 220 kV-eko aireko ebakuazio linea eraikitzeari buruzkoa.

Zenbait akats antzeman dira ukitutako balio naturalei buruzko inbentarioan, eta zuzendu egin beharko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Ohartarazten da egin asmo den haize-parkea haize-sorgailuen kontzentrazio handiko eremuan dagoela eta horrek oztopo handi bat suposatuko duela hegaztien tokian tokiko joan-etorrietarako eta migraziorako. Jakinarazten da proiektuaren eremua garrantzi handiko ingurunea dela abifaunarentzat, eta ugaltzen, elikatzen eta sakabanatzen ari diren espezie katalogatuak daudela. Inguruan martxan dauden haize-parkeetako abifaunaren hilkortasun tasa handien berri ematen da.

Bereziki nabarmentzen da haize-sorgailuak nahiz ebakuazio linea hartuko dituen eremuak galzorian katalogatuta dagoen Bonelli arranoaren kontserbaziorako duen garrantzia. Espezie horrengan zein arrano beltzarengan eta sai zuriarengan dituen eragin metagarriak eta sinergikoak aztertu beharko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketak.

Parkea mendebaldeko paleartikoko hegazti populazioen ibilbideen eta migrazio fluxuen barnean dagoela adierazten da. Baita hegazti planeatzaileek Uxueko mendilerroa baliatzen dutela ere. Ingurumen-inpaktuaren azterketak garai egokian egin beharko luke jarraipena, proiektuak migraziorako ibilbideetan, eta pirinioaurreko mendien eta Erribera eta Bardearen arteko lotura eremuan zer nolako ondorioak dituen baloratzeko.

Adierazten da haize-sorgailuak lurralde konektibitaterako ingurumen balioa dela-eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean daudela. Lurzoru horietako jarduketek bereziki kontuan izan beharko dute fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin gisa ez jardutea, eta eremu babestuen arteko konexioa galtzea saihestu beharko da.

Haize-parkearen eragin eremuan saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten aztertu beharko da.

Galipentzu zaharreko hirigunearen garrantzi estetikoaz ohartarazten da, ondo kontserbatutako Erdi Aroko esparru den aldetik, bai eta azpiegiturek eta lur-mugimenduek paisaian dituzten ondorioez ere. Ingurumen-inpaktuaren azterketan proiektuak paisaian dituen ondorioak ere aztertu beharko dira.

Sarbideak egiteak eta azpiegiturak muntatzeak landaredi naturalari, Batasunaren intereseko habitatei eta paisaiari nabarmen eraginen diela uste da.

Ebakuaziorako azpiegitura luzeegia dela uste da. Ebakuazio linea, sustatzaile berak sustatutako Jolugako haize-parkearenarekin partekatzeko aukera aztertu behar da. Jakinarazten da zona hori abifaunarentzako babes eremu gisa izendatuta dagoela, Nafarroan 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioetarako. Errege dekretu horren bidez, abifauna goi-tentsioko lineetako talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dira.

Ondorioztatzen da, haize-sorgailuak eta ebakuazio linea jartzeak izan ditzaketen eraginak esanguratsuak izan daitezkeela, eta proiektuaren ingurumen-bideragarritasuna baldintzatzen dutela.

Indarrean dagoen legeria gogorarazten da, naziokoa zein Foru Komunitatekoa, ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukiak arautzen dituena, eta Ingurumen Eraginaren Atalak abifaunaren eta saguzarren urteko zikloko azterketak egiteko ezarritako protokoloak eransten dira, bai eta paisaia-azterlanaren edukiak ere.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko eta administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidearen emaitza

Aurkeztutako alegazioen eta jasotako txostenen laburpena:

1.–Sustrai Erakuntza.

Alegazio-egileak honako hau adierazi du:

1. Proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako egoera energetikoa aztertzen. Alegazio-egileak Nafarroako egoera energetikoari buruzko ikuspegia ematen du; elektrizitate berriztagarriaren ekoizpena handitzea ez zaio lehentasunezkoa iruditzen, eta kontsumoa murrizteko eta ekoizpena dibertsifikatzeko beharra planteatzen du.

Erantzuna:

Estrategia eta plangintzari buruzko gai horiek Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean (PEN 2030) ebatzi dira, eta ez proiektu jakin baten ingurumen ebaluazioaren eremuan.

2. Ez da aztertzen proiektua eraikitzeko landare estalkia kentzean sortzen den CO2 isuria.

Erantzuna:

Saihestutako CO2 isurien eta proiektuaren karbono aztarnaren azterketa ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.1.1 kapituluan aztertzen da, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar. Pistak irekitzearen eta makinak instalatzearen ondoriozko inpaktuen azterketa egokia egin behar da.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

4. Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu naturaguneetan. Haize-parkeek, oro har, hesi-efektuaren, habitatak suntsitzearen eta zatikatzearen eta talkak eragindako heriotzaren ondorioz faunarengan dituzten ondorioez hitz egiten da.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

5. Proiektuak komunitate ekologiko garrantzitsuak hondatuko lituzke ezinbestean. Landare-komunitateei, Batasunaren intereseko habitatei eta faunako eta florako espezie ugari biltzen dituzten ekotonoko formazioei eragiten diete. Habitatak lehengoratzea ezinezkoa da epe labur eta ertainean, eta jarduketak bateraezinak dira ingurumen baldintzak kontserbatzearekin. Goi-tentsioko lineak ingurumenaren kalitatea eta zeharkatzen dituen eremuen jarraitutasun ekologikoa murrizten ditu.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

6. Proiektuak ez ditu behar bezala ebaluatzen sortutako inpaktuak edo ez da beharrezko neurri zuzentzailerik ezartzen. Paisaia: Paisaian duen inpaktuak gehieneko kalifikazioa izan beharko luke. Alegazio-egileak Galipentzuko herrigunean paisaia-inpaktuak duen garrantzia nabarmendu du. Landaredia eta lurzorua: Ez dago ondo definitutako landaketa- eta landareztatze planik. Ez da ukitutako azaleraren azterketa zorrotzik egin. Hidroereintza eta zuhaixken landaketak ez dira aski ingurumena lehengoratzeko. Landare komunitate helduek ez dute garatzeko aukerarik. Gainera, neurri horiek ez lirateke aski izanen lurzoruak higaduratik babesteko. Gizartean duen eragina: Ez da balioetsi eskualdearen pertzepzio sozioekonomikoan duen eragina, ezta landa turismoan, nekazaritzan edo ehiza jardueretan duen eragina ere. Haize-parkeak ezartzeak ez du herri horiek pairatzen duten despopulazioa geldiarazi. Inguru hori haize-parkez gainezka dago.

Erantzuna:

Alegazioa hein batean aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

7. Proiektuak lur mugimendu handiak behar dituzten pistak egokitzea eskatzen du. Lur mugimendurik handiena eskatzen duen aukera hautatu da sarbidea egiteko. Gainera, inpaktu nabarmena sortzen da ibilgailuen zirkulazioaren gorakadak eraginda, era horretan Txutxuko haize-parkearen presentziak eragindakoak areagotuz.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

8. NEP 2030 planaren harrera eolikorako gaitasun maparen arabera, ia proiektu osoa egokiak ez diren edo egokiak izan bai baina mugak dituzten eremuetan egin nahi da. Garapen eolikorako erreserba eremuan dago, NA-46 kodea duenean. Kontraesana dago ingurumen irizpideen araberako zonakatze-maparen eta ustiapen eolikorako esparruak barne hartzen dituen zonakatze-maparen artean, irizpide ekonomikoa gailentzen delarik besteen gainetik.

Erantzuna:

2030erako NEP planean parke eolikoak hartzeko gai ez diren eremutzat hartutako eremuak ingurumenaren, lurralde antolamenduaren eta bestelako baldintzen ondorio dira, eta plangintza mailan landu dira. Haize-parkerako proiektu bakoitzaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, proiektu mailan ebaluatzen da parke zehatz bakoitzak sortutako ingurumen-inpaktua, beste proiektu batzuekiko ondorio metagarri eta sinergikoak barne.

9. Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu faunan. Abifaunari eta kiropteroei buruzko azterketa espezifikoak osatu gabe daude eta osatu egin behar dira. Lanei ekin aurreko jarraipenez gain, kontuan hartu behar dira inguruko hegazti populazioen ugaritasuna eta berezitasuna. Saihestu egin beharko litzateke eremu sentikorretan haize-parkeak instalatzea, arriskuan dauden hegazti harrapariak baitaude. Inguru horretan Bonelli arranoari buruzko informazio ugari dago. Aurkeztutako ikerketa gehiegi oinarritzen da landa-datuetan, eta Bonelli arranoa edo sai zuria bezalako funtsezko espezieei buruzko informazioari garrantzi gutxi eman zaio.

Proiektuaren arabera hilkortasun arriskua handia da, ezaugarri topografikoak eta hautemandako espezieak aintzat hartuta. Talka egiteko arriskua oso kaltegarria izan daiteke ugalketa-tasa baxuko eta bizi-iraupen natural handiko espezieen bideragarritasunerako.

Proiektuak ondorio sinergiko eta metagarri handiak izan ditzake ukitzen dituen espezieetan. Harrapari handiek irismen handiko joan-etorriak egiten dituzte. Kontuan izan behar da hustubide demografikoak ekar ditzakeela. Bizi luzea duten hegaztietan, hegazti ugaltzaileen hilkortasunak eragin nabarmenagoa du populazioetan gazteen ugalketa- edo heriotza-tasek baino. Ez dago ebidentziarik hegaztiak azpiegitura horietara ohitzen direla esateko. Zaila da hilkortasuna murrizteko neurri eraginkorrak ezartzea. Hegazti harrapari handien populazioen hilkortasun ez-naturala iraunkor bilakatzeko arriskua handia da. Tamaina handiko populazioak eta banaketa jarraia dituzten espezieetan, tokian tokiko galerak oharkabean pasa daitezke, populazio-iturri/populazio hustubide dinamika metapoblazionalaren ondorioz. Hilkortasuna espazioan hedatzen bada, iturri-hustubide dinamika jasanezina bihurtzen da, eta populazioak murriztu egiten dira epe luzera. Oro har ebaluatu behar da haize-parkeek eta haiei loturiko linea elektrikoek harrapari handien populazioetan duten eragina. Horri hesi-efektua gehitu behar zaio, lehendik dauden parke eolikoekin batera.

Proiektuak kalte kritikoak eragin diezazkioke Bonelli arranoaren populazioari. Hilkortasunaren ondorioei buruzko aurreko gogoeta guztiak eta eremuaren sentikortasuna ebaluatzeko gai metodologikoak aplika dakizkioke espezie horri. Haize-parkea hilkortasun kausa izan daiteke espeziearentzat, baita hesi-elementua ere. Proiektua onartzeak zalantzan jarriko luke espezie horren kontserbaziorako estrategia.

Proiektuak kalte kritikoak eragin ditzake ugatzaren populazioan. Abifaunaren azterketaren arabera, espezieak parkeko espazioa erabiltzen du eta “Itzaga” HBBEn ugaltzen da. Arbaiun-Leire HBBEn ere ugaltzen da. Proiektuak eragin kritikoa izan dezake espezie horren populazioan.

Proiektuak kalte larriak eragingo dizkio miru gorriari. Miru gorria galzoriko espezie gisa katalogatuta dago. Funtsezko elementutzat jotzen da “Orbaibarko Mendia” KBEan, eta espezie adierazgarrietako bat da “Itzaga” haitza eta Aragoi ibaiaren erdiko tarteen KBEetan. Abifaunaren azterketak adierazten du eragin larria duela espeziearentzat. Ezin da onartu instalazioak lekarkeen arriskua.

Proiektuak eragin kritikoak izan ditzake sai arrearengan. Sai arreak hegaldi luzeak egiten ditu eta haize-parkearen ondorioek aztergai dugun eremua gainditzen dute. Aurreikuspenen arabera, proiektua eraikitzeak eragin kritikoa izanen luke espezie horren populazioan.

Proiektuak eragin kritikoak izan ditzake sai zurian, eta adierazi behar da landa-azterketa espezie hori Afrikan dagoen hilabeteetan egin dela. Sai zuriak habiatik 7-8 km baino gehiagora dauden eremuak esploratu ohi ditu, eta sarritan 30 km baino gehiagoko joan-etorriak egiten ditu. 15-20 km-ko erradioan dagoen sai zurien ugaritasunak erakusten du proiektua mehatxu larria dela espeziearentzat.

Proiektuak inguruko fauna osoari eraginen dio.

Kiropteroak inguru horretako Natura 2000 Sareko funtsezko elementuetako batzuk dira.

Ez da behar bezala ebaluatzen inguru horretako Natura 2000 Sareko guneetako funtsezko elementuetan duen eragina. Alegazio-egileak indarrean dagoen legeria aztertu du, eta ondorioztatu du proiektuak ez diela eraginen Natura 2000 Sareko guneen funtsezko balioei. Zalantzaren bat izanez gero, zuhurtasun printzipioa aplikatuko da.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

2.–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU).

Alegazio-egileak aldez aurreko gogoeta batzuk egin ditu haize-parkeetako saguzarren hilkortasunari buruz eta haize-parkeen ingurumen-inpaktuaren azterketetan saguzarrei ematen zaien tratamenduari buruz. Proiektuari dagokionez, alegazio-egileak honako hau adierazten du:

1. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurkeztutako kiropteroen txostena material egokiarekin egin da, baina ez du denbora-ziklo osoa hartzen; beraz, uste da ez dela nahikoa azpiegitura horren inpaktua ezagutzeko. Azterketa osatzeko eta proiektua berriz ere jendaurrean jartzeko eskatu du.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

2. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren memorian saguzarrei ia ez zaie jaramonik egiten ingurumen-inbentarioan, eta espezie nagusiak bakarrik aipatzen dira. Parkeak faunarengan duen inpaktuaren balorazioa (saguzarrak barne) beharrezko datuak izan gabe egin da.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

3. Ez dago prebentziozko neurririk edo neurri zuzentzaile zehatzik ugaztun talde horrentzat, zeina oso sentikorra baita luzaroan irauten duen hilkortasun naturalaren tasarekiko. Saguzarren aldi aktiboetan, haizea abiadura txikian dabilen gauetan, haize-sorgailuak gelditzea aztertu beharko litzateke. Hondar-inpaktua larria izatetik esanguratsua izatera igaro da, eta ez da inolako neurririk proposatu aurreikus daitekeen heriotza-tasa murrizteko.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

4. Ingurumena zaintzeko planeko abifaunaren eta kiropteroen faunaren gaineko eraginaren jarraipena oso zehaztugabea dela uste du. Hilkortasuna detektatzeko jarraitu beharreko metodologiari eta protokoloari buruzko gomendioak egiten ditu. Detektagarritasun-testa egin behar da. Gainera, lanei ekin aurreko protokoloen arabera, saguzarren jarduera eta espazioaren erabilera aztertzen jarraitu behar da. Parkearen bizitza osoan zehar luzatu beharko da ingurumena zaintzeko plana.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

5. Efektu sinergiko eta metagarrien atalak ez ditu kiropteroak kontuan hartzen. Saguzarren gaineko eragin metagarri-sinergikoaren balorazioa egin behar da, proiektutik 10 km-ko erradioan dauden haize-sorgailuak kontuan hartuta.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

3.–Gurelur.

Alegazio-egileak honako hau adierazi du:

1. Fauna hegalariari buruzko azterketa ez da osoa, ez baititu urteko hamabi hilabeteak kontuan hartzen.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

2. Parkeak katalogatutako faunan (saguzarrak, Bonelli arranoa eta ugatza), eta naturaguneetan izanen lituzkeen ondorioen arrisku larria adierazten da. Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du proposatzen neurri zuzentzailerik fauna hegalariaren gaineko eragina murrizteko; hala ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak dio inpaktu globala nabarmena dela eta proiektua, oro har, bideragarria dela. Alegazio-egileak dio proiektua ez litzatekeela baimendu behar, mehatxatutako faunaren gaineko inpaktu handiagatik.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

4.–Nafarroako Ekologistak Martxan

Alegazio-egileak honako hau adierazi du:

1. Nafarroako egoera energetikoari buruzko gogoeta egiten du, baita 2030erako NEP planeko zonakatze- eta garapen-irizpideari buruz ere.

Erantzuna:

Alderdi estrategikoak eta energia-plangintzari buruzkoak Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean (PEN 2030) lantzen dira, eta ez proiektu jakin baten ingurumen-ebaluazioaren eremuan. 2030erako NEP planean haize-parkeak jartzeko zonakatzea ingurumen baldintzen, lurralde-antolamenduaren eta bestelako aurreikuspen batzuen arabera egin zen.

2. Oro har azaltzen ditu haize-parkeen proiektuen inpaktuak. Naturagune babestuen arteko konektibitatean eta espezie mehatxatuak kontserbatzeko eta berreskuratzeko planen helburuen lorpenean dituen ondorioak aztertzeak duen garrantzia.

Erantzuna:

Alegazioa aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

3. CO2 isuria ez da proiektuaren fase guztietan kontuan hartzen, eta landare-azaleraren galerak CO2 atxikipenaren galeran duen eragina ere ez.

Erantzuna:

Saihestutako CO2 isurien eta proiektuaren karbono aztarnaren azterketa ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.1.1 kapituluan aztertzen da, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. Templarios haize-parkearen eta haren ebakuazio linearen proiektuaren inguruneko ingurumen balioak azaltzen ditu:

Proiektua muga naturalak dituzten eremuetan, lurralde-konektibitatearen bidez babestutako lurzoruan, eta hegazti migratzaileentzako populazioen arteko konektibitate-eremuan, KBEaren eta Bonelli arranoaren sakabanatze-ibilbidea izan daitekeenaren artean egin nahi da; horrek guztiak onartezin bihurtzen du proiektua.

Parkeak eta linea elektrikoak hesi bat sortuko dute eta landaredi-unitateen zatiketa ekarriko dute.

Paisaiaren gaineko eragina izanen du Nafarroan haize-sorgailurik gabe geratzen den nekazaritza eta basozaintzako mosaiko itxurako gune urrietako batean.

Ez da aurkeztu proiektuak landaredi naturalari, intereseko habitatei edo flora mehatxatuari eragindako inpaktuaren ebaluazioa egitea ahalbidetuko duen azterlan botanikorik.

Abifaunaren deskribapenean eta katalogazioan akatsak antzeman dira ingurumen-inpakturen azterketan. Alegazio-egileak Bonelli arranoak eskualdean eta Nafarroan dituen lehengoratze-proiektuak eta egoera aipatzen ditu, eta proiektua onartezintzat jotzen du espeziearentzat dituen ondorioengatik. Uste du NEP 2030 planak baztertu egin behar zituela GPS geolokalizatzailearekin hornitutako espezie honen aleen espazioaren erabileran sartutako eremuak.

Eremuak hainbat irizpide betetzen ditu hegazti eta saguzarrentzako sentikortasun potentzial oso handiko eremutzat hartzeko, SEO/BirdLifek haize-parkeen inpaktua ebaluatzeko argitaratutako jarraibideen arabera.

Inguruan korronte termiko ugari sortzen dira. Galipentzu Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes-zonen barruan dago. Ingurumen-inpaktuaren azterketan ez dira sartu nekrofagoen azken erroldak. Ugatza ikus daiteke inguru honetan.

Ez da egoki ikusten abifauna aztertzeko apeuak erabiltzea. Azterlan hori osatu gabe dago, eta ez da bete Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloa.

Parkea egin nahi den eremua dagoeneko masifikatuta dago bertan dauden haize-sorgailuen dentsitatea dela-eta.

Proiektuak Natura 2000 Sarearen konektibitatean eta haren kontserbazio-elementu giltzarrietan izango dituen ondorioak ez dira garatu ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Erantzuna:

Alegazioa hein batean aintzat hartu da ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

5. Alternatiben proposamena: energia kontsumoa murriztea; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparrua gainditzen du.

6. Parke berriak proposatu aurretik egungo haize-parkeak sustatu beharra.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparrua gainditzen du.

7. Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzeko eskaera, sustatzaileak izan daitezen haize- eta eguzki-parkeek eta haien ebakuazio azpiegiturek eragindako hegazti eta saguzarren heriotzaren erantzuleak.

Erantzuna:

Alegazioak proiektu honen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparrua gainditzen du.

5.–Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan.

Alegazioa Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak egindakoaren antzekoa da, eta, beraz, erantzunak berak dira.

6.–Nafarroako Ubidea SA

Argi dago hedatu nahi den goi-tentsioko aireko linea bi puntutan gurutzatuko dela Nafarroako ubidearen azpiegiturarekin. Ondorioztatzen da 1. zenbakiko gurutzagunean ezin dela egiaztatu Nafarroako ubidearen gaineko galiboa, 4. eta 5. euskarrien arteko baoan. 2. gurutzagunean, trazadura mugitzeko eskatzen da, kalterik ez egiteko Tafallako sifoiaren eta haren instalazioen mantentze-lanei.

7.–Autopistas de Navarra SA

Egiaztatu da AP-15 autobideari ebakuazio-linearen bi gurutzagunek eraginen diotela. Jakinarazi du galtzadaren gainetik joanen diren kableei eman nahi zaien gutxieneko altuera 13 metrora arte handitu beharko dela, eta hedatu nahi den goi-tentsioko linea AP-15 autobidearen gainetik gurutzatzeko baldintzak erantsi ditu.

8.–I-DE Grupo Iberdrola

Adierazi dute entregatutako separatan ez dela ageri haize-sorgailuen kokapenik, beren sareekiko distantziak betetzen ote diren baloratu ahal izateko. Egin asmo den ebakuazio-linea elektrikoak I-DErenak diren eta ez diren linea elektrikoekin izanen dituen gurutzaketak eta paralelismoak deskribatzen ditu eta haien berri ematen du. Ondorioztatzen da I-DEk baimena emateko baldintza dela informatutako gurutzaketa bakoitzaren distantzia bertikalak eta horizontalak aurkeztea.

9.–Galipentzuko Udala.

Jakinarazten du Galipentzuko Udalak hirigintzako araudia aldatzeko izapideak hasi dituela Templarios haize-parkea hirigintzako udal planera egokitze aldera. Udal Planeko aldaketa puntualaren memoria aurkeztu du, udal-mugarteko lurzoru urbanizaezinaren 1. poligonoko 717. lurzatiari eragiten diona, bai eta udaleko idazkariaren ziurtagiria udal planaren aldaketa hasiera batez onetsi eta aldaketaren espedientea jendaurrean jartzeko erabakia hartu zuen osoko bilkurari buruzkoa.

10.–Lergako Udala.

Proiektuaren aurkako txostena egin du, eta Nafarroako Gobernuari proiektua ezesteko eskatu dio, honako alegazio hauetan oinarrituta: Orain aurkeztutako proiektuaren eta aurretiazko kontsulten izapidean kontsultaldian jarri zen proiektua nabarmen desberdinak dira; horrek proiektuaren deuseztasunerako kausa izan beharko luke. Atzera bota beharko litzateke ez dituelako izapidetzeko behar diren agiriak: ez dago jasota garraio-sarera konektatzeko onarpenik, ez da justifikatzen ebakuaziorako posturaren abalaren gordailua, eta proiektuen dokumentazioaren zati bat ez dago sinatuta. Zalantzan jartzendu sustatzailea 2002az geroztik kokalekuak eta jarri nahi diren haize-sorgailuen ezaugarri tekniko batzuk aztertzen ari ote zen, proiektuan funtsezko aldaketak eragiten baititu. Ez da betetzen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa. Foru dekretu horretan parke eolikoetarako baimena arautzen da Nafarroan. Ez dago jasota sozietate sustatzailearen jabetza-egitura. Adierazten da Lergako Udalak ez duela inolako erantzukizunik udal-baimena ekar lezakeen inolako izapideren gainean. Espedientean ez dago jasota beste parke batzuekiko sinergiazko eraginari buruzko txostenik.

11.–San Martin Unxeko Udala.

Proiektuaren aurkako txostena eman du, honako alegazio hauetan oinarrituta: Proiektua guztiz desberdina da aurretiazko kontsulten izapidera aurkeztutakoaren aldean. San Martin Unxetik barna doan linea elektrikoak beste proiektu batzuetan eta beste autonomia erkidego batzuetan ekoitzitako energia eramanen du. Templarios proiektuak ez du berezko funtsik, eta baimenduta ez dauden energia ekoizteko beste sustapen batzuk behar ditu. Paisaiaren txikizioa handia da. Ez da justifikatzen REEra lotzeko puntu bat edukitzea. Ez da aurreikusten Udalari beste parke eoliko batzuetan ekoitzi eta San Martin Unxetik igarotzen den energiaren %1,5 ordaintzea.

12.–Erriberriko Udala.

Proiektuaren aurkako hirigintzako txostena egin du Erriberriko udalerriko aireko ebakuazio lineari dagokionez, Erriberriko indarreko Udal Plan Orokorraren Hirigintza Araudi Berezian xedatutakoarekin bateraezina delako. Adierazi denez, bateraezintasuna konpon liteke, Erriberriko udalerriari ez eragiteko aldaketa txiki bat eginez trazaduran.

13.–Puiuko Udala.

Hirigintzako txostena egiten du, eta bertan ondorioztatzen da, Udal Planarekin bat etorriz, egin asmo den aireko linea ezartzeko baimena eman daitekeela, Udal Planak Ur Babestu gisa sailkatutako eremuetan izan ezik, horietan debekatuta baitago. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko eskaerak izapidetzeari buruzko informazioa ere eman da, eta proiektuaren dokumentazioarekin batera, obran zehar erabilitako bide publikoak mantentzeko eta konpontzeko plan bat sartzeko eskatzen da.

14.–Tafallako Udala.

Hirigintza Sailak txostena egin du, eta ondorioztatu du egin nahi den goi-tentsioko linea baimendu daitekeela, indarrean dagoen Tafallako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Hirigintza Arau Orokorren arabera. Era berean, honekin batera doan txosten batean ondorioztatzen da egin asmo den linea elektrikoak kalteak eragingo dizkiola florari eta, bereziki, faunari. Eta, baita, azpiegituren saturazioak sinergiaz jokatzen duela eta ondorioak dituela paisaian, biodibertsitatearen galeran eta lotutako natura-balioetan.

15.–Tebas-Muru Artederretako Udala.

Tebas-Muru Artederretako udal-mugartean proiektuaren ebakuazio azpiegituren amaierako zatiko zailtasunen berri eman du. Ingurumen-ebaluaziorako aurkeztu beharreko dokumentazioan honako hauek jasotzeko eskatu dute:

–Proiektua aldatzea eta ebakuazio-linea hirigunearen inguruan lurperatzea, edo linea AP-15 autobidearen eskuineko ertzetik desbideratzea, Iruñerako noranzkoan, udal-mugartean sartzen denetik hasita. Lurpeko ebakuazio linea eraikitzeko bideraezintasunaren justifikazioa.

–Helmuga REEren azpiestazio elektrikoan izan dezaketen linea guztiak batera aztertzea. Funtsezko jotzen da eroanbideetarako kaleak sortzea eta bateratzea.

–Proiektu horren eraginaren ebaluazio zehatza eta osoa, lehendik dauden edota aurreikusita dauden proiektuekiko metaketak eta sinergiak barne. Aukeratutako alternatibaren justifikazio argia.

–Udalari udalaren lurretan gauzatuko den Ingurumena Zaintzeko Programa helarazteko eskatzen du, baita emaitzak urtero helarazteko eta programa horren arduradunekin harreman zuzena izatea ere.

–Lurrak lehengoratzeko erantzukizunpeko adierazpena, jarduera amaitu eta/edo utzi baino lehen.

16.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Jakinarazi du Templarios haize-parkeak eta haren ebakuazio-azpiegiturek ez dutela eraginik atalaren eskumeneko arloetan.

17.–Oihanak Kudeatzeko Atala.

Jakinarazi du bai haize-sorgailuen ezarpenak, bai ebakuazioko linea elektrikoak, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen arabera, “Baso-lur” gisa hartzen diren azalerei eragiten dietela, eta onura publikoko mendiei ere eragiten dietela. Proiektu honi dagokionez izapidetzen diren dokumentu guztietan kontuan hartu beharko dira 13/1990 Foru Legearen eta Mendien Erregelamendua onartzen duen 59/1992 Foru Dekretuaren arauzko eta erregelamenduzko xedapenak.

A priori, jarduerak bateragarritzat jotzen dira proiektuak ukitutako mendien onura publikoarekin. Onura publikoko mendia okupatzeko eta zortasuna onartzeko egin beharreko administrazio-izapideen berri ematen du. Proiektuak bateragarria izan behar du ukitzen dituen mendiak antolatzeko proiektuetan ezarritako kontserbazio-helburuekin, eta bete beharreko baldintzak eta ingurumen-inpaktuaren azterketan sartu beharreko edukiak finkatzen dira, bideak egitearen, baso-suteak prebenitzearen eta mendien erabilera turistikoaren ondoriozko baso-azaleraren balizko galeraren aurrean. Munoko Plan Estrategikoarekin partekatutako ebakuazio-lineari dagokionez, 2016an Erdialdeko Eremuan piztutako suteak kaltetutako azalera zeharkatzen duen zatian zortasunei edo erabilera-aldaketei buruz kontuan hartu beharreko kontsiderazioei buruzko informazioa ematen da.

18.–Zainketa Zerbitzua.

Azaltzen du txostenaren xede den proiektuko aireko linea elektrikoak Nafarroako Errepide Sareari eragiten diola zenbait gurutzagunetan, baita NA-132 errepidetik parkerako sarbidean ere. Aplikatu beharreko mugak adierazten dira, bai eta Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari jarduketak baimentzeko eskaera egin behar zaiola ere.

19.–Lurralde Antolamenduaren Atala.

Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzako plangintzaren arloan kontuan hartu beharreko araudiei eta tresnei buruzko informazioa ematen du.

Lurraldearen Hirigintzako Planeamenduari buruz dio Lergako Udal Plan Orokorraren arabera, ingurumen-balioa babesteko lurzoru urbanizaezinaren azpikategorian aurreikusitako azpiegituretan debekatuta egongo liratekeela lurralde konektibitatekoak. Eta Galipentzuko Udal Plan Orokorraren arabera, balio kulturala babesteko lurzoru urbanizaezinari eragiten dioten instalazioek debekatuta dute proposatutako eraikuntzako erabilera. Ingurumen balioa babesteko urzoru urbanizaezinari dagokionez, jakinarazi du proposatutako eraikuntzako erabilera debekatuta dagoela, eta, gainera, azpiegiturak berariaz jasotzen direla debekatutako jarduera gisa. Horrekin batera, haize-sorgailuetatik paisaia balioa duen babestutako lurzoru urbanizaezinaren mugara dagoen distantzia txikia aipatzen da, baita paisaiara egokitzeko dagoen hirigintzako araudi partikularra ere.

Jakinarazi da hirigintzako baimen-espedientearen etorkizuneko izapidetzean organo eskudunen txostenak bilduko direla eragin sektorialei dagokienez. Haize-sorgailuen kokapena NEP 2030 planean ezarritako zonakatzearekin alderatzen da, eta haize-parkeak duen inpaktua baimena balioetsi ahal izateko paisaia-azterlan baten bidez kontuan hartu beharko dela adierazten da.

Ondorioztatzen da txostena instalazioaren eta bertan aipatutako arau-xedapenen arteko bateragarritasunaren lehen balorazio bat dela, eta ez da aurreikusten paisaia eraginen baloraziorik egitea. Hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balorazio osoa lurzoru urbanizaezinean baimen daitekeen jardueraren nahitaezko baimenaren tramitean eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2200346