27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1387E/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Cadreitako Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Cadreitako Udala da.

Ingurumen Ebakluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek abiarazten edo onartzen dituen planek Ingurumen ebaluazio estrategikoa pasa behar dute, eta Ingurumen adierazpen estrategikoa eskuratu behar dute, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

Cadreitako Udal Plan Orokorraren Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen. Horri buruzko txostena 2016ko uztailaren 26an eman zen. Txosten horretan adierazi ziren Udalaren Hirigintza Planean ingurumenari dagokionez aintzat hartu beharreko zenbait alderdi.

2020ko urtarrilaren 29an hasierako onespena izan zuen Udalaren Hirigintza Planak, eta jendaurrean jarri zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 34. zenbakian, 2020ko otsailaren 19an jarritako iragarkiaren bidez, eta ondoren hainbat akats zuzendu ziren, 2020ko martxoaren 6ko NAOren 46. zenbakian, hain zuzen ere, jendaurreko epea bi hilabetetik 45 egun baliodunera aldatuz. Biodibertsitate Zerbitzuak, 2020ko apirilaren 14an, txostena eman zuen, plangintzan jaso beharreko ingurumen alderdiak zehaztuz.

Udal Planaren behin-behineko onarpena 2021eko abuztuaren 10ean egin zuen Udalak.

Udal Plan Orokorrak 1997tik indarra zuena ordeztu zuen, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri sarea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea; eta sistema orokorrak aurreikustea.

Planeamenduko analisia, diagnostikoa eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira, 27,3 km²-ko azalera baitu. Cadreitaren okupazio ereduak oraingoa onartzen eta finkatzen du; bizitegi nukleo trinko bat da, industrialdetik bereizten duena NA-134 errepideak, alegia, Ebroko Ardatzaren saihesbideak.

Bizitegi erabilerarako hirigintza proposamenak hirigunea finkatzea bilatzen du, eta zabalgune berriak proposatzen ditu Erronda pasealekuaren eta NA-134 saihesbidearen artean. Lurzoru urbanizagarriko bi sektore definitzen dira (SR1 eta SR2), guztira 10,24 hektarea, oraingo hirigunearen inguruan, eta NA-134 errepidera bitarteko trantsizio-espazioa antolatzen da. Bi sektore horiek garatuko dituzten plan partzialek behar diren neurriak hartu beharko dituzte bizitegi erabilerei egozten zaizkien kalitate akustikoko helburuak betetzen direla bermatzeko. Herrira ekialdetik iristeko sarbidean, eredua babesteko lurzoru erreserba bat definitzen da, 2,65 hektareakoa.

Cadreita, terraza baten ertzean kokatuta, Ebro ibaiaren gainean eraikitzen da, talaia baten erara. Irtengune geografikoak herria babesten du uholdeen eraginetik, eta espazio libre publiko batean integratuta geratzen da, Ebroko Iraganbide Nagusiko errege altxonbidera iritsi arte.

Bizitegien proposamenak, hiri ingurune finkatu batean egonik, eta tartean ez delarik ingurumen elementu aipagarririk, ez du ingurumen eragin nabarmenik. Hala ere, Plan Orokorraren garapenak hiri lurzoru urbanizagarrirako ingurumen azterketa estrategikoan ezartzen diren ingurumen integraziorako neurriak eta irizpideak jaso behar ditu. Bereziki, integraziorako neurriak, Erronda pasealekuan, Errota Zaharraren eremuan edo Errege Altxonbidean barna.

NA-134 saihesbidearen iparraldeko jarduera ekonomikoen eremuaren proposamenari dagokionez, aldameneko eremuetan zabaltzea aurreikusten da. Proposamen hori aldatu da hasieran onartu zenetik, bi eremu berri erantsi baitzaizkio. Azkenik, industriarako lurzoru urbanizagarriko hiru sektore planteatzen dira, guztira ukituz 11,7 ha eta hiri lurzoru ez finkatuko 4 ha. Industria erabilerako lurzorua lur eremu zelaietan hedatzen da, Nafarroako Ubidearen inguruko nekazaritzako ureztalurretakoak, eta ez da haietan identifikatzen ingurumen balio nabarmeneko elementurik, Vallehondo erreka salbu. Trazadura hainbat aldiz aldatu ondoren, errekak La Boquerako bidearen arekatik isurtzen du ura. Beraz, SI-3 sektorea garatuz gero, harekin mugakidea izanik, egoera hori kontuan hartuko da.

Planaren ingurumen integrazioa hobetzeko, eta berotze globalerako egokitzeko, Biodibertsitate Zerbitzuak baldintza multzo lotesle bat proposatzen du, Plan Partzialetarako eta hirigintza proiektuetarako. Neurri horien oinarria da azaroaren 9ko 21/2013 Legetik sortzen den betebeharra, alegia, klima aldaketa integratu behar dela ingurumen ebaluazioko prozeduran, kontuan hartuta erregioari dagozkion klima-eszenatokiak, aurreikusten baita batezbesteko tenperaturen igoera, bero boladak ugaritzea, egun eta gau beroak, izotz egun gutxiago, eta orobat, euri erregimenaren “mediterraneartze” bat.

Beraz, Plan Partzialek euri-uren kudeaketarako eta berdeguneen diseinu eta antolamendurako zehaztapenak jaso behar dituzte. Horien bitartez, hirigintza prozesuetan maximizatu behar da lurzoru iragazkorrak izatea, iragazte prozesuei laguntzeko eta uren kalitatea kontrolatzeko, ibilgu nagusi batera isuri aurretik, eta lurzoruaren zigilatu masiboa saihesteko. Neurri horiek aplikagarriak dira aparkalekuetarako esleitutako espazioetan eta berdeguneen planifikazioan. Berdeguneen antolamenduan zainduko da itzala eskaintzen duten zuhaiztiak jartzea espazio publikoetan, bero boladen maiztasuna eta iraupena handitzeak ekar ditzakeen ondorioak arintzeko asmoz, irizpide bioklimatikoak aplikatuz haien diseinuan.

Landa lurzoruaren antolamenduari heltzen zaio lurzoru urbanizaezinaren sailkapenetik, udalerrian identifikatutako balioen izaera aintzat hartuta (ingurumen, paisaia, nekazaritza edota kultura arloetakoak), eta zehazten direnak, neurri batean, Aurretiko Itunean.

Cadreitaren ezaugarria da nekazaritzari emandako udalerria izatea, ingurumen balio handiko bi eremuren artean kokatzen dena, alegia, Ebro ibaia, hegoaldetik, eta Errege Bardea, iparraldetik. Nekazaritza erabilera nagusi dela, Ebro ibarrean barna eta ibai gaineko terrazetako ureztalurretan hedaturik, ipar-ekialdeko koadranteak gordetzen ditu udalerriak dituen ingurumen balioko landarediaren arrasto urriak. Hau da, bazkalekuak eta sasitzak igeltsuetan eta erreketan, esaterako Valfondo ibarrean. Planak lurzoru urbanizaezinaren babeserako arauak garatzen ditu, proposatzen diren lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bakoitzaren balioak babestu eta zaintzeko. Hirigintza Planean 2020ko apirilaren 14an Bioidibertsitate Zerbitzuak emandako txostenaren irizpideetako batzuk jaso badira ere, 5.18 artikuluan zehazten den erabilera eta jardueren araubidea aplikatuta, ingurumen arloko bateraezintasun batzuk antzeman dira, eta horiek zuzendu beharrak dira:

Hori da, adibidez, ingurumen eta paisaia arloko balioak babesteko lurzoruen kasua, nagusi direla udalerriaren iparraldeko erlieberik nabarmenenetan hedatzen diren ontina, sisalla eta orgaza (1430 habitata), retama sphaerocarparen sasitzak (5330), erromeroa, ezkaia eta otea (4090). Kontuan hartuta formazio horien ezaugarri topografikoak eta ingurumen balioa, instalazio fotovoltaikoak jartzeak berekin ekartzen ditu eraldaketa eta erabilera aldaketa, eta hori bateraezina da habitat horiek babesteko helburuekin, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduaren arabera, horren bidez ezarri baitziren lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak.

Azpimarratu behar dira eremu bat berean baimengarriak diren jardueren arteko interferentziak, esaterako abeltegi intentsiboen eta parke eolikoen azpiegituren artekoak. Bi jardueren arteko hurbiltasunak abifaunaren gaineko eragin nabarmena ekartzen du, hain zuzen ere, espezie sarraskijaleen gainean. Beraz, kontuan hartu beharreko alderdia da, jarduera baimentzeko unean.

Udalerrian identifikatutako arrisku nagusietatik, azpimarragarriak dira uholde arriskuak. Horiek jaso badira ere, eguneratu eta zuzendu behar dira eremu ukituak, eta arriskuaren zonifikazioa ere agertu behar da. Informazio hori ikusita, jardueren araubidea doituko da, uholde arriskua duten eremuetan. Beste alde batetik, egiaztatu da Cadreitako udalerria, Ebro-Aragoi ibarren alubialean kokatuta, nitratoez kutsatzeko arriskua duten eremuetako bat dela (irailaren 15eko 147E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak). Arrisku hori, bere esparruan aldizkako azterketak izaten dituena, aintzat hartu behar da lurzoru urbanizaezinean egin ohi diren jarduerak baimentzeko prozeduran, alubialean nitratoen konzentrazioa handitzeko potentziala duten eremuak direnean.

Errege Bardea KBE eta Ebro Ibaia KBE guneen arteko konektagarritasun espazioa sostengatzen dutenak udalerrian dauden erreka eta formazio erdi-natural urriak dira, lurraldea zeharkatzen baitute komunikazio azpiegitura handiek (ipar herena) eta nekazaritza erabilera intentsiboa nagusi delako (erdialdea eta hegoa). Lurzorua lohiez betetzeari eta era masiboan okupatzeari aurrea hartzeko, eta konexioak eta pasabide ekologikoak sortzeko nekazaritza gune sinplifikatuetan, berotegi industrialen ezarpenak ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

–Okupazioaren gehieneko portzentajea % 50ekoa izanen da, hasierako onarpenaren dokumentuan adierazten zen bezala.

–Jardueraren antolamendu zehatza izanen du, honako hauek identifikatuz, gutxienez: landaredi naturalerako erreserbatutako eremu jarraituak (gutxienez azaleraren % 15), paisaia eta ingurumen integraziorako konpentsazio neurrien proposamen zehatz bat (lurzorua leheneratzeko neurriak, euri-urak bildu eta kudeatzekoak, prebentzio neurriak ureztatzeko baltsetan, geruza anitzeko landaketak...).

2021eko urriaren 6an aurkeztutako dokumentazio osoa aztertuta, Biodibertsitate Zerbitzuak aldeko txostena eman du, azaldutako baldintzak jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Cadreitako Udal Plan Orokorrari buruz. Cadreitako Udala da sustatzailea.

2. Ingurumen adierazpen estrategiko hau emanen da, betiere zehaztapen hauek gehituz gero:

–Lurzoru urbanizaezinaren antolamenduari buruzko zehaztapenak:

a) Arriskuen Prebentziorako Lurzorua: uholde arriskua duten eremuak eguneratzea eta zuzentzea, eta arriskuaren zonifikazioa agertzea (O.2A Planoa), eta jardueren araubidea berrikustea, arriskuen arabera.

b) 5.21 artikulua, berotegi industrialen baldintza partikularrei buruzkoa, aldatzea:

–Jardueraren gehieneko portzentajea % 50ekoa izanen da,

–Jardueraren antolamendu zehatza izanen du, honako hauek identifikatuz, gutxienez: landaredi naturalerako erreserbatutako eremu jarraituak (gutxienez azaleraren % 15), paisaia eta ingurumen integraziorako konpentsazio neurrien proposamen zehatz bat (lurzorua leheneratzeko neurriak, euri-urak bildu eta kudeatzekoak, prebentzio neurriak ureztatze baltsetan, geruza anitzeko landaketak...).

c) Ingurumen balioa duen lurzoruaren araubidea berrikustea eta aldatzea, eta instalazio fotovoltaikoak kanpo uztea, habitaten kontserbazioarekin bateragarriak diren jardueretatik.

–Lurzoru urbanizagarriari buruzko zehaztapenak. Bizitegi eta industria sektoreak garatuko dituzten plan partzialetan jaso beharko dira, haien arau-fitxetan, ingurumen baldintza hauek:

a) Euri-uren kudeaketa, azalera iragazkorren erabilera maximizatuz (aparkalekuak, berdeguneak).

b) Berdeguneen antolamenduaren eta tratamenduaren helburua izanen da itzala duten espazio publikoak finkatzea, irizpide bioklimatikoez eta berotze globalaren ondorioetara egokitzeko moduan diseinatuta.

c) Mugigarritasuna. Ibilgailu pribatuez bestelako garraiobide alternatiboak errazteko eta sustatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

d) Argiteria publikoak azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babesteko antolatzeari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onesten duen irailaren 15eko 199/2007 Foru Dekretua beteko du.

–Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, ingurumen azterketa estrategikoan bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cadreitako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Udalaren Hirigintza Planaren eta ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena

Analisia, diagnostikoa eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira, 27,3 km²-ko azalerarekin. Cadreita Erriberagoienan kokatuta dago, eta iparraldeko muga Alesbes eta Bardearekin du, hegoan eta ekialdean Valtierra, eta mendebaldean Milagro eta Alfaro.

Udalerria Ebro ibaiko terrazen eta Errege Bardeako mendien artean dago, eta Ebro ibaiko terraza baten ertz topografikoan kokatuta dago, haren uholdeetatik salbu. Cadreita Erdi Aroan sortu zen, orain denbora ez asko arte dukerria izan zen, eta ondoren dukeak kontratatutako langileek kolonizatu zituzten lurrak. Horien guztien ondorioz sortu zen orain ikusten den hiri antolamendua, ardatz nagusitik (lehengo NA-134) abiatu eta topografia aldetik erosoenak ziren lur eremuetan hedatuta.

Cadreitako lurraldearen okupazio eredua bizitegi nukleo bat da, trenbidetik, autopistatik eta N121 errepidetik bereizita. Bizitegi nukleoaren mugak dira, iparraldetik, ertzeko bide egituratzaile bat, NA-134a, zehazki, eta jarduera ekonomikoko poligono txiki bat; hegoaldetik, eremuaren ertzeko amildegia eta ureztalur tradizionalak; ekialdetik AP15 autopista; eta mendebaldetik amildegi bera eta NA-134 errepidea.

Bizitegi erabilerako hirigintza proposamenaren helburua da hirigunea finkatzea, zabalgune berriak proposatuz alboetan (muga geografikoek baldintzatuta), Erronda pasealekuaren bide egituratzailea indartzea, eta eraikinen zaharberritzeak sustatzea. Zabalguneak, bai mendebaldetik, bai ekialdetik, ureztalurrek eta NA-134ak mugatzen dituzte. Lurzoru urbanizagarriko bi sektore definitzen dira (SR1 eta SR2), guztira 10,24 hektarea, oraingo hirigunea inguratzen dutenak, NA-134ra arteko trantsizio-espazioa antolatuz. Etorkizunerako aukera irekitzen da, hiriguneko oraingo biltegiak eta erabilera industrialak ordezteko bizitegi erabilerekin, Hiri Jarduketarako Plan Berezi bat tramitatuz gero.

Berdeguneei eta eremu libre publikoei dagokienez, helburua da Erronda pasealekuko parke bulebarra indartzea, eta hiriaren ibai aldeko ertza hobetzea, altxonbideari jarraipena emanez, oinezkoentzako ibilbide gisa.

Jarduera ekonomikoen eremuen ereduak egungo industria poligonoaren kokapena finkatzen du, eta zabaltzea proposatzen du, ipar-ekialdera eta mendebaldera. Jarduera ekonomikoen inguruko aurreikuspenek zabalpena zuzentzen dute egungo poligonoaren ingurunean, 13,4 ha-ko eremu bat eraginez, lurzoruaren erreserba batekin, garapen ereduaren babes gisa.

Landa-lurzoruari dagokionez, eta kontuan harturik ingurumen, paisaia eta kultura balioak, eta LAP-5 planean jasotzen diren irizpideak, ezarri dira jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arauak. Cadreitako ingurumen balioak babesteari dagozkion helburuak eta lehentasunak hauek dira: bazkalekuak, erromero sailak eta Alepo pinu landaketak babestea, N-121 errepidearen inguruan, eta gune txiki zenbait, Cuartochico parajearen magaletan, Ebro ibarreko paisaia eta abelbideak. Zentzu horretan, lurzoru urbanizaezinaren sailkapenak honako hauek identifikatu eta sailkatzen ditu:

–Ingurumen balioko lurzoruak, aintzat hartuta ibai ingurua eta ibilgu eta ibaiertzen sistema, sasi eta belar formazioak, eta pinudiak,

–Nekazaritza lurzoruak, ustiapen naturaleko lurzoru gisa, barne direla gaitasun agrologiko handiko lurzoruak, ureztalurrak eta lehorreko laboreak,

–Ebro ibarreko usadio zaharreko baratzeen paisaia eta ingurumen balioko paisaia,

–Balio kulturalak, besteak beste, aztarnategi arkeologikoak, abelbideak, tradiziozko bideak eta memoria historikoko lekuak,

–Lurzoruaren erreserbarako utzitako espazioak, garapen ereduaren babes gisa, barne direla hiria eta industrialdea zabaltzeko erreserbak, eta NA-134aren eta AP-15aren lotuneak.

–Ebro ibaiaren uholdeen arriskuei aurrea hartzeko lurzoruak.

Ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena

Ingurumen azterketa estrategikoak planaren helburuak identifikatzen ditu eta indarra duten plan sektorialekiko interakzioak aztertzen ditu.

Udalerriaren analisia, diagnostikoa eta ingurumen balorazioa egin ondoren, hirigintza planaren garapenak berekin ekartzen dituen ingurumen eraginak ebaluatzen ditu. Ingurumen diagnostiko horrek klimatologia, geologia eta lur gaineko nahiz azpiko hidrogeologiari buruzko ingurune fisiko eta biotikoaren datuak integratzen ditu. Ur-ibilgu nagusiak Cuarto Chico, Valfondo, Mayor eta Tudela errekei dagozkienak dira, eta sare hidrologikoaren osagarriak dira ureztatzeko hainbat ubide eta drainatze. Ebroren terrazaren zati handi bat Ebro ibaiaren uholdeen arriskua duten eremu gisa jasoa dago, akuiferoak kutsatzeko arrisku handiarekin. Lurraldearen erabilera nagusia nekazaritza dela (udalerriaren % 79,6), landarediaren formazioak urriak dira, alegia, abarizti hondar batzuk, isatsa, erromeroa, otea eta ezkaia, eta haiekin batera ontina, sisalla eta orgaza, eta bazkalekuak (Brachypodium retusum) ere bai, udalerriaren iparraldean kokatuak. Udalerriaren iparraldean kokatzen diren baso guneak landatutakoak dira gehienak, batez ere Alepo pinudiak.

Cadreitak ez du Natura 2000 Sareari atxikitako gunerik, ez babesgunerik ere, baina udalerriaren mugakidea du, iparraldean, Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremua, eta Alfaroko “Ebroko ibar basoak eta ertzak” KBErantz drainatzen da. Konexio lotura nagusiak abelbideak dira (Ebroko Iraganbide Nagusia altxonbidea, Traviesa 5, Ramal del corral de la Muga, Ramal del corral de la Paridera), eta erreka eta drainatzeen sistema; beste alde batetik, hirigunearen Ipar-ekialdearen eta udalerriaren gainerako zatiaren arteko lotura, Ebro ibai aldera, baldintzatzen duten elementu nagusiak AHTa, A-15a, N-121a eta bide-azpiegiturak dira.

Landaredia, habitat eta lurzoruen erabilera motaren arabera hainbat ingurumen-unitate identifikatzen dira, honela laburtzen direnak: Ingurumen eta babes balioa duten zuhaiztiak (UA4 pinudiak), Sasi eta belar formazioak (UA6, abarizti hondarrak, erromero, ezkai, ontina, sisalla eta antzeko sasitzak, bazkalekuak, espartzudiak eta bazkaleku higrofiloak), lehorreko laboreak eta ureztalurrak (UA12) eta Hezeguneak (UA13 baltsak eta lezkadiak). Berezitasuna, hauskortasuna, naturaltasuna eta habitataren presentzia irizpideak aintzat hartuta, ingurumen-unitate bakoitzaren naturaren balorazioa aurkezten da, baliorik handiena erakusten dutela sasi eta belar formazioek eta hezeguneek.

Lurraldearen diagnostiko horretatik abiatuta, eta gaurko erabilera eta jardueren ondorioz detektatu diren arazoak identifikatu ondoren, ingurumena babestu eta kontserbatzeko helburuak eta lehentasunak ezartzen dira, eta landa-lurzoruaren antolamendurako proposamena egiten da.

Azterlanak, Hirigintzako Planak natura eta gizarte ingurunean izanen dituen eraginak identifikatu eta baloratuta, ondorioztatzen du eraginen balorazio globala, neurri zuzentzaileak, prebentziokoak eta konpentsaziokoak aplikatu aurretik, positiboa izanen dela gizartearen eta kultur ondarearen ikuspuntutik, eta negatiboa natur ingurunerako.

Ingurumen azterketa estrategikoaren 5. Atalak , prebentzioa, zuzenketa eta konpentsazioa bermatzeko hainbat neurri azaltzen dira, hiri lurzoru urbanizagarrian eta lurzoru urbanizaezinean aplikatu beharrekoak bereiziz. Neurri horiek betetzen direla bermatzeko, ingurumen zaintzako plana erantsi da.

Iragarkiaren kodea: F2200297