27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

306E/2021 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona Lezaungo bideak konpontzeko proiektuari. Lezaungo Udalak aurkeztu du proiektu hori.

2021eko martxoaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuko jarduketak hiru bide hauek konpontzea du xede: Ikasturri (925 m), Atermin (600 m) eta Parcelas Viejas (1800 m). Bide horietako zati bat onura publikoko mendietan daude.

Ikasturri bidea herritik hegoaldera dagoen poligonotik abiatzen da, eta ibilbide ia osoa bat dator Taustetik Urbasa-Andiara doan errege altxonbidearekin. Abelbide hori Nafarroako altxonbide garrantzitsuena da, abereen mugimendurako gehien erabiltzen dena. Aurreikusirik dago bidea nibelatzailearen bidez profilatzea, alboetako maldak berregitea ura atera dadin errazteko (bidean dagoen materiala erabiliz), arekak garbitzea, eta abar. Zabor-legarrik ez dagoen tokietan 150 m³ ekartzea aurreikusi da.

Atermin bidea herritik ipar-ekialderantz ateratzen da. Aurreikusirik dago nibelatzailearekin profilatzea eta alboetako maldak berregitea ura atera dadin errazteko (bidean dagoen materiala erabiliz). Zabor-legarrik ez dagoen tokietan 90 m³ ekartzea aurreikusi da. Bide honetako eremu batean ura pilatzen da, eta drainatzeko zailtasunak daude; bertan 15 cm-ko lodiera duen hormigoizko zola bat egitea aurreikusi da, sare elektrosoldatuarekin, 165 m²-ko azaleran (55 x 3 m).

Parcelas Viejas bidea herritik ipar-mendebaldera dago, eta Andiako bidetik (NA-120) abiatzen da. Aurreikusirik dago bidea nibelatzailearen bidez profilatzea, alboetako maldak berregitea ura atera dadin errazteko (bidean dagoen materiala erabiliz), arekak garbitzea, eta abar. Zabor-legarrik ez dagoen tokietan 270 m³ ekartzea aurreikusi da.

Hirigintzako bateragarritasunari buruzko txostena eskatu zaio Lezaungo Udalari, baina ez da erantzunik jaso. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du eskatutako jarduketa jarduera baimendutzat hartzen dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110.2 artikuluaren arabera eta beraz ez duela behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin du, baina baldintza batzuk ezarrita abelbidearen gainean izan ditzakeen ukipenei dagokienez. Basoak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena eman du bere eskumenen gaietan, baldintza batzuk jarrita. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Lezaungo bideak konpontzeko proiektuari. Lezaungo Udalak aurkeztu du proiektu hori.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik kalteberak diren tokietan kokatzea ere (naturagune babestuak edo Natura 2000 Sarea, arboladi naturalak eta ibai bazterrak).

–Ahal den neurrian, bide bazterretako landaredi naturala ukitzea saihestuko da, eta lanek ukitutako eremu guztiak lehengoratu beharko dira.

–Abelbidearen gaineko balizko ukipenei dagokienez, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera handitzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

–Lanak ekainaren 15etik irailaren 30era egiten badira, bete beharko da Sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko, arautzen duen 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikulua: “Ibilgailu motordunak mendiko pistetan eta makinak lurzoru urbanizaezinean”.

  • Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.
  • Ibilgailuak soilik aparkatzen ahalko dira horretarako prestatutako tokietan, landarerik ez dutenetan eta trafikoa oztopatu gabe.
  • Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek 112-SOS Nafarroari abisu eman beharko diote berehala.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko. Lanetan sortutako hondakinak horretarako gaitutako tokietan utzi beharko dira.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, zuhaitzak moztea eta abar), mezu elektroniko bidez bidali egin beharko du Lizarra Iparraldeko barrutira (gmaestellanorte@navarra.es).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Lezaungo Udalera eta Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra Iparraldeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2200302