27. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Mendabiako Udal Planaren aldaketari buruz, UE-4.2.2 exekuzio unitateari dagokionez. Sustatzailea Productos Trevijano SL da.

Proposamenaren helburua da, alde batetik, 4. sektoreko 4.2.2 exekuzio-unitatea bi azpiunitatetan banatzea (UE-4.2.2.1 eta UE-4.2.2.2), industrialdean jada instalatuta dagoen enpresa handitu ahal izateko, eta, bestetik, lurzati baten erabilera aldatzea, erabilera anitzeko ekipamendutik industria-erabilerara igarotzeko. Eremu osoa mantenduko da, eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta segituko du. Ondoriozko unitate bakoitzean hirigintza-planeamenduan indarrean dauden determinazioak aplikatuko dira.

Eremua “La Nevera” industrialdean kokatua dago, Mendabiako herrigunearen ipar-mendebaldean, eta 3. poligonoko 1172., 1173., 1588., 1589., 1590. eta 744. lurzatiei eragiten die, bideekin batera.

Aurreikusitako antolamendua bat dator planeamenduan indarrean dagoenarekin. Dagoen bideari jarraipena ematen zaio eta alde bakoitzean industria-nabeak hartzeko bi espazio sortzen dira. Berdegune bat planteatzen da, espazio librea zuhaitzekin izenekoa, UE-4.2.2.2 unitatearen ipar-ekialdean, NA-6310 errepidearekiko paraleloan, bi exekuzio-unitateen hego-ekialdera. Espazio hori lur azpiko ur-kanalari gainjartzen zaio, eta horrek baldintzatu egiten du berdeguneen kokapena. Proposamenak ez du hirigintza-zerbitzuen sare berririk behar, eta sare elektrikoari dagokionez, aurreikusita dago UE-4.2.2.1 unitatean dagoen 13,2 kV-ko euskarri bat UE-4.3 unitateko lurzati batera eramatea, ondoan baitago.

Ingurumen agiri estrategikoak proposamenaren ingurumen ukipenak baloratzen ditu, eta ondorioztatzen du ez dela aurreikusten ingurumen aldaketa esanguratsurik, ingurunea txikia delako, hiri-espazio batean kokatua eta industria-lurzoru gisa planifikatua, non ez den identifikatzen ingurumen balio nabarmeneko elementurik. Eremuaren ingurumen- eta paisaia-integrazioa hobetzeko asmoz, 11. kapituluan hainbat neurri eta irizpide garatzen ditu, drainatze jasangarriko tekniken bidez lurzoruaren iragazgaiztea eta zigilatzea minimizatzeko, saneamendu-sareak eta euri-uren sareak bereizteko, euri-ura berrerabiltzeko (berdegunea ureztatzeko) eta berdegunea espazio naturalizatu baten modura tratatzeko, “Estellerriko Erriberako igeltsuak” izeneko KBEtik hurbilen dagoen ingurunearekin bisualki konektatua.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura aztertu, eta aldeko txostena eman du, ingurumen agiri estrategikoan adierazitako ingurumen hobekuntzako neurriak eta irizpideak aplikatzearen baldintzapean. Gainera, mugikortasunari buruzko neurriak sartzea proposatzen du, hala nola aparkalekuetarako eremuetan ibilgailu ez-motorizatuetarako espazioak erreserbatzea, horietan zoladura iragazkorrak aplikatzea eta argiztapen-sistema efizienteak erabiltzea energia-kontsumoa murrizteko eta argi-kutsadura saihesteko. Txostenean adierazi da garrantzitsua dela antzeko irizpideak hartzea La Nevera industrialdeko eremuak diseinatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Mendabiako Udal Planaren aldaketari buruz, lurzoru urbanizagarrien UE-4.2.2 exekuzio unitateari dagokionez, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita. Sustatzailea Productos Trevijano SL da.

2. Mendabiako Udal Planaren aldaketak ingurumen agiri estrategikoaren 11. kapituluko ingurumen integraziorako neurriak jasoko ditu bere arau-atalean, urbanizazio proiektuan kontuan har daitezen, bai eta mugikortasunari buruzko neurriak ere, hala nola aparkalekurako eremuetan ibilgailu ez-motorizatuetarako espazioak erreserbatzea, horietan zoladura iragazkorrak aplikatzea eta argiztapen-sistema efizienteak erabiltzea energia-kontsumoa murrizteko eta argi-kutsadura saihesteko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Mendabiako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2200529