264. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

38/2022 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZENBAIT ZERBITZU DIGITALEN GAINEKO ZERGARI BURUZKOA.

HITZAURREA

Sozietateen gaineko zergari buruzko gaur egungo arauak ez dira egokiak ekonomiaren digitalizazioak sortutako etekinak zergapetzeko, etekin horiek datuek eta erabiltzaileek sortutako balioari estu lotuta daudenean. Hartara, berrikusi behar dira.

Aspalditik ari dira nazioartean arau horiek berrikusten, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) eta G20ren barnean. Ildo horretan, bereziki garrantzitsuak izan dira BEPS proiektuaren 1. ekintzari buruzko txostena, 2015eko urriaren 5ekoa, ekonomia digitalaren erronka fiskalei buruzkoa, eta digitalizazioaren ondoriozko erronka fiskalei buruzko bitarteko txostena, 2018ko martxoaren 16koa. Europar Batasunean, honako hauek izan dira: batetik, Europako Batzordearen "Merkatu digital bakarrerako zerga-sistema bidezkoa eta eraginkorra Europar Batasunean" komunikazioa, 2017ko irailaren 21ean onartua, eta ekonomia digitalaren ezarpen bidezkoa eta eraginkorra lortzeko 2018ko martxoaren 21ean aurkeztutako zuzentarauen eta gomendioen proposamen-multzoa.

Arazoak munduan duen garrantzia kontuan hartuta, nazioarteko adostasuna dago horri heltzeko estrategiarik onena mundu osoan ere konponbidea aurkitzea izanen litzatekeela, hau da, ELGAren barnean. Hala ere, nazioartean eta alde anitzetan adostutako neurri horiek hartzea eta ezartzea asko atzera daitekeenez, zenbait herrialde alde bakarreko neurriak hartzen hasi dira arazoari aurre egiten saiatzeko. Bai munduko akordioa bai alde bakarreko neurriak hartzea bidezko irtenbideak dira, digitalizazioaren ondoriozko erronka fiskalei buruzko G20/ELGAren bitarteko txostenean aurreikusten direnak. Hala ere, ELGAk ekonomia digitalari buruz egindako txostenen arabera, alde bakarreko neurriak ezartzea aldi baterakoa izanen da.

Horrela, nazioarteko foroetan izandako eztabaiden bukaerari aurrea hartuta, Espainian urriaren 15eko 4/2020 Legeak zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ezartzen du, zeina behin-behinekoa izanen baita nazioartean hartutako konponbidea txertatzea xede duen legeria berria indarrean jarri arte.

Aipatutako 4/2020 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zerga Espainia osoan aplikatuko da, Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen hitzarmen ekonomikoaren zerga-araubide foralari kalterik egin gabe.

Bestalde, lege beraren azken xedapenetako bosgarrenak adierazten du "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta hiru hilabeteko epean, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitako Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, hura egokitzea erabakiko dela.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren arabera (hitzarmen horri idazpen berria eman zitzaion urriaren 19ko 22/2022 Legean), Nafarroako Foru Komunitateak, Estatuko Administrazioak edo bi administrazioek ordainaraziko dute zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga, likidazio-aldian lurralde bakoitzean egindako eragiketa-bolumenaren proportzioan. Proportzio hori zehaztuko da zergari atxikita dauden eta Administrazio bakoitzaren lurraldean egindako zerbitzuen prestazioengatik lortutako sarrerek Espainian osotara lortutako sarrerekiko egiten duten ehunekoaren arabera.

Zerbitzu digitalen prestazioak lurralde erkidean edo foru lurraldean eginak direla ulertuko da, erabiltzaileak dauden tokiaren arabera, zergaren araudian jasotako lokalizazio-arauei jarraikiz zehaztuta.

Era berean, zerga ordainaraztean, Nafarroak Estatuak unean-unean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

Ondorioz, foru lege honen xedea da zerbitzu digital jakin batzuen gaineko zerga arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, behin-behinean, harik eta nazioartean hartutako konponbidea txertatzea xede duen legeria berria indarrean jartzen den arte.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren xedea zerbitzu digitalen prestazioak dira, zeinetan erabiltzaileen partaidetza bat baitago, zerbitzuak ematen dituen enpresaren balioa sortzeko prozesuari ekarpena egiten diona, eta horien bidez enpresak erabiltzaileen ekarpen horiek monetizatzen ditu. Hau da, zerga honi lotutako zerbitzuak erabiltzaileen inplikaziorik gabe gaur egun existitu ezin direnak dira.

Emandako zerbitzuetan zentratzen denez, zerbitzu horiek ematen dituenaren ezaugarriak kontuan hartu gabe, besteak beste haren gaitasun ekonomikoa, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ez da errentaren edo ondarearen gaineko zerga bat, eta, beraz, ez da sartzen zergapetze bikoitzeko hitzarmenetan, digitalizazioaren ondoriozko erronka fiskalei buruz G20/ELGAk egindako bitarteko txostenak ezartzen duenaren arabera. Beraz, zeharkako tributu gisa eratzen da, eta, gainerakoan, bateragarria da balio erantsiaren gaineko zergarekin.

Zergak honako zerbitzu-prestazio hauek soilik zergapetzen ditu (foru lege honen ondorioetarako "zerbitzu digital" gisa identifikatzen dira): interfaze digital batean, interfaze horien erabiltzaileei zuzendutako publizitatea sartzea ("onlineko publizitate-zerbitzuak"); interfaze digital multifazetikoak eskura jartzea, erabiltzaileek beste erabiltzaile batzuk aurkitzeko eta haiekin elkarreragiteko aukera izan dezaten, edo, are gehiago, azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak erraztea ("onlineko bitartekaritza-zerbitzuak"); eta interfaze digitaletan erabiltzaileek garatutako jardueretan bildu diren datuak eskualdatzea, baita saltzea eta lagatzea ere ("datuak eskualdatzeko zerbitzuak"). Inola ere ez da sartzen komunikazio-seinaleen garraioa, Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorrean aipatua.

Zergaren oinarritzearen ondorioz, zergari ez lotzeko kasuetan, argitu nahi da haren esparrutik salbuetsita gelditu direla, besteak beste, honako hauek: azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak, onlineko bitartekaritza-zerbitzu batean erabiltzaileen artean gertatzen direnak; eta online kontratatutako ondasun edo zerbitzuen salmentak, ondasun edo zerbitzu horiek hornitzailearen webgunearen bitartez (merkataritza elektronikoko txikizkako jarduerak), zeinetan hornitzailea ez baita bitartekari gisa aritzen, zeren eta txikizkariarendako balioa sortzen da hornitutako ondasun eta zerbitzuetan eta interfaze digitala komunikaziorako bide soil moduan erabiltzen da. Hornitzaile batek ondasunak edo zerbitzuak bere kontura online saltzen dituen edo bitartekaritza-zerbitzuak ematen dituen zehazteko, eragiketaren substantzia juridikoa eta ekonomikoa hartu beharko da kontuan.

Zerga honen zergadunak dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoak eta entitateak, baldin eta Espainian, Europar Batasuneko beste estatu batean edo Europar Batasunekoa ez den beste edozein estatu edo jurisdikziotan kokatuta badaude eta, likidazio-aldiaren hasieran, aurreko urte naturalean bi atalase hauek gainditzen badituzte: negozio-zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa izatea; eta zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazioetatik eratorritako diru-sarreren zenbatekoa, osotara, 3 milioi euro, zerga-oinarria zehazteko aurreikusitako arauak aplikatu ondoren (Espainiako lurraldean kokatutako erabiltzaileei dagokien diru-sarrera horien zatia zehazten da horrela).

Lehen atalaseak aukera ematen du zergaren aplikazioa tamaina handiko enpresetara mugatzeko; izan ere, enpresa horiek gai dira datuetan eta erabiltzaileen ekarpenean oinarritutako zerbitzu digital horiek emateko, eta, neurri handi batean, oinarri dute erabiltzaile-sare zabalak, datu-trafiko handia eta merkatuan posizio sendoa izatea. Atalase horrek segurtasun juridikoa emanen du, enpresei eta zerga administrazioari aukera ematen baitie modu errazagoan zehazteko entitate bat zergari atxikita dagoen, izan ere, zehazteko modu hori bera agertzen da honakoetan: Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 (EB) Zuzentarauan (2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena, fiskalitatearen arloan informazioa nahitaez eta automatikoki trukatzeari dagokionez, eta herrialdez herrialdeko txostenari buruzko aitorpena ezartzen duena); nazioarteko arau baliokideetan, Zerga Oinarriaren Higadurari eta Etekinen Eskualdatzeari buruz ELGAk eta G-20ak egindako proiektuko 13. ekintza, transferentzia-prezioen eta herrialdez herrialdeko txostenaren gaineko dokumentazioari buruzkoa, aplikatuta hartutakoetan; eta Europako beste proiektu arauemaile batzuetan. Gainera, enpresa txiki eta ertainak eta garatzen ari diren enpresak zerga berritik kanpo uzteko aukera ematen du, zerga horri lotutako betetze-kostuek neurriz kanpoko eragina izan baitezakete haientzat.

Bigarren atalaseak aukera ematen du zergaren aplikazioa mugatzeko Espainian aztarna digital esanguratsu bat dagoen kasuetara, kargatutako zerbitzu digital motei dagokienez.

Hala ere, arau bereziak ezartzen dira talde bateko entitateentzat. Horrela, entitate batek atalaseak gainditzen dituen eta, beraz, zergaduntzat hartzen den zehazte aldera, atalaseak talde osoari aplikatu beharreko zenbatekoen arabera aplikatu behar dira.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren testuinguruan egiten den datu pertsonalen edozein tratamenduk bete beharko du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

Zergaren zerga-oinarria honako hau izanen da: zergadunak Espainian egindako eta zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazio bakoitzagatik lortutako diru-sarreren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga edo beste zerga baliokide batzuk alde batera utzita, hala badagokio. Oinarria kalkulatzeko, arau batzuk ezartzen dira Espainian kokatuta dauden erabiltzaileei dagozkien diru-sarreren zatia soilik zergapetzeko, erabiltzaile guztietatik bereizita.

Zergaren tasa %3koa izanen da.

Zergapetutako zerbitzu-prestazio bakoitzeko sortuko da zerga, eta likidazio-aldia hiru hilekoa izanen da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa betetzeko, foru lege hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Arauak tributu baten sorrera arautzen du, eta, beraz, beharrezkoa da foru lege mailako arau baten bidez onartzea; ez da maila txikiagoko beste arau-aukerarik kontuan hartu. Foru lege berria tresna egokia da eraginkortasunaren ikuspuntutik legean aurreikusitako politika ekonomiko orokorreko helburuak lortzeko: ikuspegi fiskaletik begiratuta, ekonomiaren digitalizazioak dituen erronkei aurre egitea, bereziki karga-eskubideen esleipen desegokia zuzentzeko, indarrean diren nazioarteko arau fiskalek ez baitute aintzat hartzen erabiltzaileek enpresentzat balioa sortzeko egindako ekarpena enpresek jarduten duten lurraldeetan.

Era berean, proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, eskuratu nahi diren helburuak erdiesten ahalegindu baita. Kontuan hartu diren zerga-egitateak soilik negozio-eredu batzuei dagozkie (uste da horietan hauteman diren arazoak modu sakonagoan aurkezten direla, kaltegarriak ere izan daitezkeen beste kasu batzuk sartu gabe).

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da arau-proiektua foru-ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.

Gardentasunaren printzipioari dagokionez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta, horretaz gainera, gardentasuna bermatuta geldituko da proiektua eta memoria Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian ere argitaratuko baitira, entzunaldia emateko tramitean eta jendaurrean jartzeko tramitean daudenean herritarrek testu horiek ezagutzeko aukera izanen baitute.

Efizientziaren printzipioari dagokionez, saiatu da arauak ahalik eta administrazio-karga eta zeharkako kostu gutxien izaten eta baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatzen. Ildo horretan, zergadunei eskatzen zaizkien informazio- eta dokumentazio-eskakizunak behar-beharrezkoak dira zerga administrazioak haien jardueraren kontrol minimoa bermatzeko.

1. artikulua. Izaera eta helburuak.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga zeharkako zerga bat da, foru lege honetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan zergapetzen dituena zenbait zerbitzu digitalen zenbait prestazio, zerga aplikatzen den lurraldean kokatutako erabiltzaileek horietan esku hartzen dutenean.

2. artikulua. Zergaren ordainarazpena eta ikuskapena.

Foru Komunitateari dagokio zerga ordainaraztea eta ikuskatzea, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40 ter artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

3. artikulua. Itunak eta hitzarmenak.

Foru lege honetan ezarritakoa ulertuko da deusetan galarazi gabe nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatuta egonik barne ordenamenduan txertatu dena, Espainiako Konstituzioaren 96. artikuluaren arabera.

4. artikulua. Kontzeptuak eta definizioak.

Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

1. Eduki digitalak: formatu digitalean emandako datuak, hala nola ordenagailu-programak, aplikazioak, musika, bideoak, testuak, jokoak eta beste edozein programa informatiko, interfaze digitalaren beraren datu adierazgarriez bestelakoak.

2. Interneteko Protokolo Helbidea (IP): interkonektatutako gailuei esleitzen zaien kodea, Internet bidez komunikatu ahal izateko.

3. Taldea: entitate multzoa, zeinetan entitate batek beste entitate baten edo batzuen kontrola bere gain duenean, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, alde batera utzita egoitza non duten eta urteko kontu kontsolidatuak aurkeztu behar dituzten.

4. Interfaze digitala: komunikazio digitala ahalbidetzen duen edozein programa, webguneak edo horien zatiak barne, edo aplikazio, aplikazio mugikorrak barne, edo erabiltzaileentzat eskuragarri dagoen beste edozein bitarteko.

5. Zerbitzu digitalak: onlineko publizitatekoak, onlineko bitartekotzakoak eta datuen eskualdatzeak soilik hartuko dira halakotzat.

6. Onlineko publizitate-zerbitzuak: interfaze digital propio batean edo hirugarrenen interfaze digital batean interfaze horren erabiltzaileei zuzendutako publizitatea sartzea. Publizitatea sartzen duen entitatea ez bada interfaze digitalaren jabea, entitate hori joko da publizitate-zerbitzuaren hornitzailetzat, eta ez interfazearen jabe den entitatea.

7. Onlineko bitartekaritza-zerbitzuak: interfaze digital multifazetiko bat erabiltzaileen esku jartzekoak (hainbat erabiltzailerekin aldi berean elkarri eragiteko aukera emanen duena), azpian dauden zerbitzuak edo ondasunak erabiltzaileen artean zuzenean ematea edo entregatzea errazteko, edo beste erabiltzaile batzuk aurkitzea eta haiekin elkarreragitea ahalbidetzeko.

8. Datuak eskualdatzeko zerbitzuak: erabiltzaileei buruz bildutako datuak kontraprestazioarekin eskualdatzeko zerbitzuak, salmenta edo lagapena barne, erabiltzaileek interfaze digitaletan garatutako jardueren ondorioz sortutakoak.

9. Erabiltzailea: interfaze digitala erabiltzen duen edozein pertsona edo entitate.

10. Zuzendutako publizitatea: produktu, zerbitzu edo marka bat sustatzeko helburua duen edozein komunikazio digital komertzial mota, interfaze digital baten erabiltzaileei zuzendua, interfaze horretan haiei buruz bildutako datuetan oinarrituta. Publizitate guztia «zuzendutako publizitatea» dela ulertuko da, kontrakoa frogatu ezean.

11. Finantza-zerbitzu arautuak: finantza-entitate arautu batek eman ditzakeen finantza-zerbitzuak.

12. Finantza-entitate arautua: finantza-zerbitzuen emailea, edozein arau nazional edo Europar Batasunak finantza-zerbitzuak arautzeko onartutako edozein harmonizazio-neurri aplikatuz baimendu edo erregistratu eta gainbegiratu beharrekoa, Europar Batasunaren egintza juridiko baten arabera Europar Batasunaren neurrien baliokidetzat jotzen den eta Europar Batasunak eman ez duen araudiaren arabera gainbegiratu behar diren finantza-zerbitzuen emaileak barne.

13. Zerga aplikatzeko lurraldea: Espainia.

5. artikulua. Zerga-egitatea.

Zergaren aplikazio-lurraldean zerga honen zergadunek egindako zerbitzu digitalen prestazioak zergari lotuta egonen dira.

6. artikulua. Zergari lotuta ez dauden kasuak.

Ondokoak ez zaizkio zergari lotuko:

a) ondasun edo zerbitzu horien hornitzailearen webgunearen bidez online kontratatutako ondasun edo zerbitzuen salmentak, hornitzaileak bitartekari gisa jarduten ez duenean;

b) onlineko bitartekaritza-zerbitzu baten esparruan erabiltzaileen artean egiten diren azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak;

c) onlineko bitartekaritza-zerbitzuen prestazioak, interfaze digital bat eskura jartzen duen entitateak emandako zerbitzu horien xede bakarra edo nagusia erabiltzaileei eduki digitalak ematea edo komunikazio-zerbitzuak edo ordainketa-zerbitzuak ematea denean;

d) finantza-entitate arautuek finantza-zerbitzu arautuak ematea;

e) datuak eskualdatzeko zerbitzuen prestazioak, finantza-entitate arautuek ematen dituztenean;

f) zerbitzu digitalak ematea, zuzenean edo zeharka %100eko partaidetzarekin talde bateko kide diren entitateen artean egiten direnean.

7. artikulua. Zerbitzu digitalak emateko lekua.

1. Zerbitzu digitalak zergaren aplikazio-lurraldean emandakotzat joko dira erabiltzaileren bat lurralde-eremu horretan dagoenean, alde batera utzita erabiltzaileak zerbitzutik eratorritako diru-sarrerak sortzen laguntzen duen kontraprestazioren bat ordaindu duen ala ez.

2. Erabiltzaile bat zerga aplikatzen den lurraldean dagoela ulertuko da:

a) Onlineko publizitate-zerbitzuen kasuan, publizitatea erabiltzaile horren gailuan agertzen den unean gailua lurralde-eremu horretan dagoenean.

b) Onlineko bitartekaritza-zerbitzuen kasuan, azpian zuzenean erabiltzaileen artean ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak errazten badira, erabiltzaile batek azpiko eragiketa bukatzen duenean lurralde-eremu horretan dagoen gailu baten interfaze digitalaren bidez.

Online egiten diren gainerako bitartekaritza-zerbitzuetan, erabiltzaileari interfaze digitalera sartzeko aukera ematen dion kontua irekitzean lurralde-eremu horretan dagoen gailu bat erabiliz ireki denean.

c) Datuak transmititzeko zerbitzuen kasuan, erabiltzaile batek interfaze digital baten bidez sortu dituenean transmititutako datuak, eta interfaze horretara datuak sortzean lurralde-eremu horretan dagoen gailu baten bidez sartu denean.

3. Zerbitzu digitalen prestazioak non eman diren zehazteko, ez da kontuan hartuko:

a) azpiko ondasunak entregatzeko edo zerbitzuak emateko lekua, onlineko bitartekaritza-zerbitzuen kasuan, halakorik badago;

b) zerbitzu digital batekin lotutako edozein ordainketa egiten den tokia.

4. Artikulu honen ondorioetarako, ulertuko da erabiltzaile baten gailu jakin bat dagoela gailuaren IP helbidearen arabera zehazten den lekuan edo erabiltzailearen gailua sare jakin batean dagoenean zerbitzura sartzeko erabiltzen den ekipoaren IP helbidearen arabera zehazten den lekuan, non eta ez den ondorioztatzen leku hori beste bat dela zuzenbidean onargarriak diren beste frogabide batzuk erabiliz, bereziki, geolokalizaziorako beste tresna batzuk erabiliz.

Horretarako, honako hauek erabiltzen ahal dira: sareen identifikazioan oinarritutako geolokalizazioa (WiFia, etherneta edo beste batzuk), satelite bidezko geolokalizazio fisikoa (GPS-Posizionatze globaleko sistema, GLONASS, Galileo edo Beidou sistemak, adibidez) edo lurreko hari gabeko komunikazio-sistemek emandako informazioa (GSM-Komunikazio mugikorren sistema globala- edo LPWAN), edo balizak (WiFia edo Bluetootha), edo dauden edo etorkizunean egonen diren teknologien beste edozein konbinazio.

5. Gailuaren kokalekua erabilitako geolokalizazio-teknologiak ematen duen helbidearen xehetasun guztiek zehazten dute, besteak beste, latitude- eta longitude-koordenatuek.

Lekua geolokalizazioko teknologien bidez lortuko da. Teknologia horiek gailutik, Interneterako konexiotik edo bien arteko konbinazio batetik lortutako informazioa aztertzen dute.

6. Foru lege hau aplikatzeko erabiltzaileei buruz bil daitezkeen datuak erabiltzaileen gailuak zerga aplikatzen den lurraldean kokatzea ahalbidetzen dutenak baizik ez dira.

8. artikulua. Zergadunak.

1. Zerga honen zergadun dira Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona juridikoak eta entitateak, likidazio-aldiaren lehen egunean honako bi atalase hauek gainditzen badituzte:

a) aurreko urte naturalean beren negozio-zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurotik gorakoa izatea; eta

b) Espainiako lurraldean zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazioetatik eratorritako diru-sarreren zenbateko osoa, 10. artikuluan aurreikusitako arauak aplikatu ondoren, aurreko urte naturalari dagokiona, 3 milioi eurotik gorakoa izatea.

Jarduera aurreko urtean hasi bada, zenbateko horiek urte osora proiektatuko dira.

2. 1. apartatuan aipatutako zenbatekoak euroa ez den beste moneta batean eskuragarri daudenean, eurotara bihurtuko dira, dagokion urte naturalean eskuragarri dagoen Europar Batasunaren azken Aldizkari Ofizialean argitaratutako kanbio-tasa aplikatuta.

3. Talde bateko kide diren entitateen kasuan, kontuan hartu beharreko zenbatekoak, 1. apartatuan aipatzen diren atalaseenak, talde osoarenak izanen dira. Ondorio horietarako:

a) 1.a) apartatuko atalasea honakoetan agertzen den bera izanen da: Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 (EB) Zuzentaraua (zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen du fiskalitatearen arloan informazioa nahitaez eta automatikoki trukatzeari dagokionez, eta herrialdez herrialdeko txostenari buruzko aitorpena ezartzen du), eta nazioarteko arau baliokideak, ELGAk eta G-20k zerga-oinarriaren higadurari eta etekinen eskualdaketari buruz egindako proiektuko (BEPS, ingelesezko sigletan) 13. ekintza aplikatuz ezarritakoak (ekintza hori transferentzia-prezioen eta herrialdez herrialdeko txostenaren gaineko dokumentazioari buruzkoa da);

b) 1.b) apartatuko atalasea zehazteko, ez dira ezabatuko talde bateko entitateen artean egiten diren zerga honi lotuta dauden zerbitzu digitalen prestazioak.

Taldeak atalase horiek gainditzen baditu, taldea osatzen duten entitate guztiak hartuko dira zergaduntzat, zerga-egitatea gauzatzen duten neurrian, 1.b) apartatuan aipatzen diren diru-sarreren zenbatekoa edozein izanik ere.

9. artikulua. Sortzapena.

Zergapetutako eragiketak egiten, burutzen edo gauzatzen direnean sortuko da zerga.

Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zerga-egitatea egin aurreko ordainketa aurreratuak eragiten dituzten zergapeko eragiketetan, benetan jasotako zenbatekoen prezioa osorik edo partzialki kobratzen den unean sortuko da zerga.

10. artikulua. Zerga-oinarria.

1. Zergaren zerga-oinarria honako hau izanen da: zergadunak Espainian egindako eta zergapetutako zerbitzu digitalen prestazio bakoitzagatik lortutako diru-sarreren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga edo beste zerga baliokide batzuk alde batera utzita, hala badagokio.

Talde bereko entitateen arteko zerbitzu digitalen prestazioetan, zerga-oinarria merkatuko balio arrunta izanen da.

2. Zergaren zerga-oinarria zehazteko, honako arau hauek hartuko dira kontuan:

a) Onlineko publizitate-zerbitzuen kasuan, zerga aplikatzen den lurraldean dauden gailuetan publizitatea zenbat aldiz agertzen den adierazten duen proportzioa aplikatuko zaie lortutako guztizko diru-sarrerei, publizitate hori edozein gailutan agertzen den guztizko kopuruarekiko, gailu horiek edozein lekutan daudela ere.

b) Azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak zuzenean erabiltzaileen artean egitea errazten duten onlineko bitartekaritza-zerbitzuen kasuan, lortutako guztizko diru-sarrerei honako proportzio hau aplikatuko zaie: zerga aplikatzen den lurraldean kokatutako erabiltzaileen kopurua adierazten duena, zerbitzu horretan, edozein lekutan kokatuta, esku hartzen duten erabiltzaileen guztizko kopuruarekiko.

Gainerako bitartekaritza-zerbitzuen zerga-oinarria erabiltzaileengandik zuzenean eratorritako diru-sarreren guztizko zenbatekoaren arabera zehaztuko da, baldin eta erabilitako interfaze digitalera sartzeko aukera ematen duten kontuak ireki badira irekitzeko unean zergaren aplikazio-lurraldean zegoen gailu bat erabiliz. Ondorio horietarako, berdin dio erabilitako kontua noiz ireki den.

c) Datuak eskualdatzeko zerbitzuen kasuan, datu horiek sortu dituzten eta zergaren aplikazio-lurraldean kokatuta dauden erabiltzaileen kopurua adierazten duen proportzioa aplikatuko zaie lortutako guztizko diru-sarrerei, datu horiek sortu dituzten erabiltzaileen guztizko kopuruarekiko, edozein lekutan daudela ere.

Ondorio horietarako, berdin da noiz bildu ziren transmititutako datu horiek.

3. Likidazio-aldian zerga-oinarriaren zenbatekoa ezagutzen ez bada, zergadunak behin-behinean finkatu beharko du, zerbitzu digitalen prestazio horietatik eratorritako diru-sarrerak sortuko diren aldi osoa kontuan hartzen duten irizpide funtsatuak aplikatuz, zenbateko hori ezaguna denean erregularizatzeari kalterik egin gabe, likidazio-aldi horri dagokion autolikidazioaren bidez.

Erregularizazioa gehienez ere 4 urteko epean egin beharko da, eragiketari dagokion zergaren sortzapen-datatik aurrera.

4. Zerga-oinarria oker zehaztu bada, zergadunak zuzendu egin beharko du, 13/2000 Foru Legean eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

5. Zerga-oinarria zuzeneko zenbatespenaren metodoaren bidez zehaztuko da, zerga-oinarrien zeharkako zenbatespenaren metodoa erregulatzen duten arauetan ezarritako salbuespenekin.

11. artikulua. Zerga-tasa.

Zergaren tasa 100eko 3koa izanen da.

12. artikulua. Kuota osoa.

Zerga-oinarriari zerga-tasa aplikatzearen emaitza izanen da kuota osoa.

13. artikulua. Betebehar formalak.

1. Zergaren zergadunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zergapetzea dakarten jardueren hasierari, aldaketari eta eteteari buruzko aitorpenak aurkeztea.

b) Administrazioari identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzea, eta ezartzen diren kasuetan jakinaraztea eta egiaztatzea.

c) Hiruhileko likidazio-aldi bakoitzeko, zerbitzu-motaren arabera bereizitako erregistroak eta deskribapen-memoria eramatea eta gordetzea, 14. eta 15. artikuluetan arautuak, hurrenez hurren. Erregistroak eta deskribapen-memoria ez daude formatu jakin baten mende. Zergadunek zerga administrazioari aurkeztu beharko dizkiote erregistroak eta memoria, hala eskatzen zaienean.

d) Aldian-aldian edo Administrazioak eskatuta, beren zerbitzu digitalei buruzko informazioa aurkeztea.

e) Ordezkari bat izendatzea foru lege honetan ezarritako betebeharrak betetzeko, Europar Batasunean finkatu gabeko zergadunen kasuan.

Zergadunak, edo bere ordezkariak, zerga administrazioari jakinarazi beharko dio izendapena, behar bezala egiaztatuta, zergari lotutako eragiketen aitorpen-epea amaitu baino lehen.

f) Zergaren xede diren eragiketen egiaztagiriak eta frogagiriak gordetzea, 13/2000 Foru Legean aurreikusitako preskripzio-epean. Bereziki, zergapeko zerbitzu digitala non ematen den identifikatzea ahalbidetzen duten frogabideak gorde beharko dituzte.

g) Zerga aplikatzen den lurraldean egindakotzat jotzen diren zerbitzu digitalen prestazioen fakturak, kontratuak edo egiaztagiriak gaztelaniara edo beste edozein hizkuntza ofizialetara itzultzea, zerga administrazioak hala eskatzen duenean zergadunaren zerga-egoera kontrolatzeko.

h) Erabiltzaileek zerga aplikatzen den lurraldean gailuak non dauden zehazteko sistemak, mekanismoak edo akordioak ezartzea, bai eta Nafarroan kokatutako erabiltzaileen gailuak identifikatzea ere.

2. Era berean, zerga-araudian ezarritako beste edozein betebehar formal ere bete beharko dute.

14. artikulua. Erregistroen edukia.

1. Aurreko artikuluan aipatutako erregistroetan, honako parametro hauek jasoko dira zergari lotutako eragiketa bakoitzeko:

a) Onlineko publizitate-zerbitzuen kasuan:

1) Onlineko publizitate-zerbitzuetatik eratorritako guztizko diru-sarrerak, edozein lekutan lortu direla ere, bezeroaren identifikazioarekin.

2) Publizitatea zenbat aldiz agertzen den zergaren aplikazio-lurraldean dauden gailuetan, Nafarroako lurraldean dauden gailuetan publizitatea zenbat aldiz agertzen den banakatuta.

3) Publizitate hori edozein gailutan zenbat aldiz agertzen den guztira, gailuak edozein lekutan daudela ere.

b) Onlineko bitartekaritza-zerbitzuen kasuan, erabiltzaileen artean zuzenean azpiko ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak egitea errazten bada:

1) Onlineko bitartekaritza-zerbitzuetatik eratorritako guztizko diru-sarrerak, edozein lekutan lortu direla ere, bezeroaren identifikazioarekin.

2) Azpiko eragiketa amaitzen den unean zergaren aplikazio-lurraldean kokatuta dauden gailuen erabiltzaileen kopurua, une horretan Nafarroan kokatuta dauden gailuen erabiltzaileen kopurua banakatuta.

3) Zerbitzu horretan esku hartzen duten erabiltzaileen guztizko kopurua, edozein lekutan kokatuta daudela ere.

c) Online egiten diren gainerako bitartekaritza-zerbitzuen kasuan:

1) Erabilitako interfaze digitalerako sarbide-kontuak zergaren aplikazio-lurraldean irekitzeko unean zegoen gailu bat erabiliz ireki dituzten erabiltzaileengandik zuzenean eratorritako guztizko diru-sarrerak, bezeroa identifikatuta. Era berean, erabilitako interfaze digitalerako sarbide-kontuak irekitzeko unean Nafarroan zegoen gailu bat erabiliz ireki dituzten erabiltzaileengandik zuzenean eratorritako guztizko diru-sarrerak banakatuko dira, bezeroa identifikatuta.

2) Likidazio-aldian irekitako kontuen kopurua, irekitzeko unean gailuak zergaren aplikazio-lurraldean kokatuta dituzten erabiltzaileek irekitakoena, une horretan gailuak Nafarroan kokatuta dituzten erabiltzaileek likidazio-aldian irekitako kontuen kopurua banakatuta.

d) Datuak eskualdatzeko zerbitzuen kasuan:

1) Datuak transmititzeko zerbitzuetatik eratorritako guztizko diru-sarrerak, edozein lekutan lortu direla ere, bezeroa identifikatuta.

2) Datu horiek sortu dituzten erabiltzaileen kopurua, datuak sortzen diren unean gailuak zergaren aplikazio-lurraldean kokatuta dituzten erabiltzaileena, datu horiek sortu dituzten eta une horretan gailuak Nafarroan dituzten erabiltzaileen kopurua banakatuta.

3) Datu horiek sortu dituzten erabiltzaileen guztizko kopurua, datu horiek biltzeko unean edozein lekutan kokatuta daudela ere.

2. Bezeroak izen-abizenen, sozietate-izenaren edo izendapen osoaren bidez identifikatuko dira, eta, eskuragarri badago, BEZaren ondorioetarako identifikazio-zenbakia edo identifikazio fiskaleko zenbaki nazionala adieraziko da.

3. Lehen apartatuaren arabera erregistratu behar diren eragiketek jasota egon beharko dute eragiketa horiei dagokien zergaren likidazioa eta ordainketa egiten den unean, edo, nolanahi ere, likidazio eta ordainketa hori borondatezko epean egiteko legezko epea amaitu baino lehen.

4. Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren zergadunek beste zerga- edo kontabilitate-betebehar batzuk betetzeko eraman behar dituzten liburu edo erregistroak artikulu honetan aipatzen den erregistro-betebeharra betetzeko erabiltzen ahal dira, baldin eta foru lege honetan ezartzen diren betekizunetara egokitzen badira.

15. artikulua. Deskribapen-memoriaren edukia.

Deskribapen-memoriak helburu hauetarako erabilitako prozesu, metodo, algoritmo eta teknologiak jasoko ditu:

a) 4.5 artikuluan aipatzen diren zerbitzu digitalak zergari lotuta dauden aztertzea, bai eta 6. artikuluan jasotako zerbitzuak zergari atxikita ez dauden aztertzea ere.

b) Zerbitzu mota bakoitza nola ematen den eta zerga aplikatzen den lurraldeari nola esleitzen zaion aurkitzea, kontuan hartuta prestazio bakoitzerako kokapena honako gailu honi dagokiona izanen dela:

1) Publizitatea zer gailutan agertzen den onlineko publizitate-zerbitzua ematen denean.

2) Azpiko eragiketa non amaitzen den, onlineko bitartekaritza-zerbitzuak ematen direnean, ondasun-emateak edo zerbitzu-prestazioak erraztuz.

3) Online egiten diren gainerako bitartekaritza-zerbitzuetan interfaze digitalera sartzeko kontua non ireki den.

4) Transmititutako datua non sortu den, datuak transmititzeko zerbitzuen kasuan.

c) Zergari lotutako zerbitzu-prestazio bakoitzari dagozkion diru-sarrerak kalkulatzea.

d) Aurreko prozesuetan likidazio-aldi bakoitzean erabilitako fitxategiak, programak eta aplikazioak identifikatzea.

16. artikulua. Erabiltzaileen gailuak zergaren aplikazio-lurraldean lokalizatzeko sistemak, mekanismoak edo akordioak.

1. Zergadunek barne-sistemak edo -mekanismoak ezarri beharko dituzte erabiltzaileen gailuak Espainian eta, bereziki, Nafarroan lokalizatzeko.

2. Era berean, zergadunek hirugarrenekin adostu ahalko dute erabiltzaileen gailuak lokalizatzeko zerbitzua ematea Espainian eta, bereziki, Nafarroan; kasu horretan, hirugarren horiek izanen dituzte lokalizazio-sistemak edo -mekanismoak.

3. Lokalizazio-sistemek eta -mekanismoek gailuen IP helbidea hartu beharko dute. Hala ere, erabiltzailea ez bada lokalizatzen gailuaren IP helbidearen bidez, edo datu hori beste batzuekin batera erabiltzen bada, lokalizaziorako erabilitako datu guztiak bildu beharko dituzte sistemek edo mekanismoek.

4. Lokalizazio-sistema eta -mekanismoetatik lortutako informazioa zergaren preskripzio-epean gorde beharko da.

17. artikulua. Zergaren kudeaketa.

1. Likidazio-aldia hiruhileko naturala da.

Zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte, eta zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezarritako tokian, moduan eta epeetan ordaindu beharko dute zerga-zorra.

2. Zergadunek zergaren autolikidazioak aurkeztuko dizkiote Nafarroako Foru Ogasunari, horrek ordainarazteko eskumena duenean; autolikidazio horietan, zerga administrazio bakoitzaren aurrean dagozkion proportzioak eta kuotak jasoko dira.

18. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Artikulu honetan aurreikusitako xedapen bereziak alde batera utzi gabe, zerga honi buruzko arau-hausteak 13/2000 Foru Legean eta aplikazio orokorreko gainerako arauetan aurreikusitakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

Zerga honen ondorioetarako, zerga-arloko arau-hauste astuna izanen da 13.1.h) artikuluan aipatzen den betebeharra ez betetzea.

Zehapena aurreko urte naturaleko negozio-zifraren zenbateko garbiaren ehuneko 0,5eko diruzko isuna izanen da, 8. artikuluan ezartzen den bezala, eta gutxienez 15.000 eurokoa eta gehienez 400.000 eurokoa izanen da, aurreko paragrafoan aipatzen den ez-betetzea gertatu den urte natural bakoitzeko.

Artikulu honetan ezarritako arau-haustea egiteagatik ordaindu beharreko zehapenaren zenbatekoa murrizten ahalko da, 13/2000 Foru Legearen 71.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularra gaitzen da behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru lege hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru Lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta ondorioak izanen ditu 2021eko urtarrilaren 16tik aurrera, urriaren 19ko 22/2022 Legean emandako idazpenean Hitzarmen Ekonomikoaren zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko abenduaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2217755