263. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ETXARRI ARANATZ

Alkate udalburuaren Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Tokiko Gobernu Batzordearen 2022ko maiatzaren 12ko Erabakiaren bidez onetsi da 2022rako lan publikoaren eskaintza, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak ezartzen dituena, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera. Aipatu ebazpena 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 17koan, argitaratu zen.

Osoko bilkuraren 2022ko azaroaren 16ko Erabakiaren bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Horiek horrela, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz, honako hau ebazten dut:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostuetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta haren oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Etxarri Aranatzen, 2021eko ekainaren 21ean.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudiari eta ondotik ematen diren oinarrietan ezartzen denari jarraikiz.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, zeina egiten baita abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts horiek honako txanda hauetan banatuko dira, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera:

a) Txanda irekia.

b) Dagokionean, erreserba txanda %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat.

c) Dagokionean, erreserba txanda genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

Prozedura hauetan ez da funtzionarioen arteko igoera txanda murrizturako erreserbarik egonen.

Halakorik bada, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzen diren hautapen-prozeduretan, izangaiek hautaprobak gainditu beharko dituzte eta adierazi duten desgaitasun maila eta kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatu beharko dituzte.

Halakorik bada, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat lanpostuak erreserbatzen diren hautapen-prozeduretan, izangaiek hautapen-prozesuak gainditu beharko dituzte eta genero-indarkeriaren biktimak direla frogatu beharko dute.

1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan (halakorik bada) izangaiek ez badute lortzen hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak gehituko zaizkie txanda irekikoei, jarraikiz ezarritako hurrenkerari, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkerari.

1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan (halakorik bada) bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak gehituko zaizkie txanda irekikoei, jarraikiz ezarritako hurrenkerari, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkerari.

1.5. Bestetik, desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandetan, baldin eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako amaierako puntuazioaren arabera.

1.6. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua, edo lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Euskarari dagokionez, dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak, maila-proben ondoriozkoak, aplikatuta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (foru lege horrek hizpide ditu neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

g) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

h) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen ekainaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.1.2. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Halakorik bada, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 3.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko desgaitasuna edo handiagoa eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

3.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Halakorik bada, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 3.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Ez dago tasak ordaintzeko aukerarik, udal araudian erregulaziorik ez dagoelako.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, toki erakundearen atarian.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitara dadila aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. C, D eta E mailetarako, oposizioaldiak proba bakarra izanen du, test motakoa.

7.2.3. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.6. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.7. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak baldin badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 26 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 26 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Beste administrazio publiko batean, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 26 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Zerbitzu-emate bakoitza hasten denetik amaitzen den arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Merezimendu akademikoak: gehienez ere 8 puntu.

b.1) Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak edo prestakuntza espezifikoa, eman dituztenean erakunde publikoek, zentro itunduek edo unibertsitateek: gehienez ere 4 puntu.

b.2) Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak edo prestakuntza espezifikoa, eman dituztenean erakunde publikoek, zentro itunduek edo unibertsitateek (%60 gaindituta): gehienez ere puntu 1.

b.3) Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak (gutxienez 20 orduko iraupena dutenak): 0,5 ikastaro bakoitzeko eta 3 puntu gehienez.

c) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 6 puntu.

c.1) Ingelesa, frantsesa eta alemana: Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik. C1 atalerako oharrak: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio. Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen edo beste hizkuntza ofizial baten hizkuntza eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa). Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz, egonkortze-prozesuak gauzatzeko neurriak hartzen dituen Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz antolatutako maila-proben bidez Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak. Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

d) Halakorik bada, indarkeriaren biktima diren emakumeen izaera baliarazi duten izangaiek hauetakoren bat aurkeztu beharko dute: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial. Halaber, izaera hori egiazta dezakete gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

10.8. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Etxarri Aranazko Udala. Datuak babesteko ordezkaria: idazkaritza@etxarriaranatz.eus Xedea: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean. Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea). Datuen hartzaileak: Indarrean dagoen legediaren arabera datuok epaile zein entzutegiei laga ahalko dira, eta Udalaren web orrian zein iragarki oholean publikatuko dira deialdian zehaztu bezala. Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere. Era berean, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren aurrean, idatzi bat igorriz helbide honetara: Jorge Juan kalea 6, 28001 (Madril) edo egoitza elektronikoaren bidez: www.agpd.es Argibide gehiagorako: Etxarri Aranazko Udalaren Pribatutasun Abisua.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

1.–Plazen identifikazioa

PLAZAREN
ZENBAKIA
PLANTILLA
ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

ESKATUTAKO TITULUA

NAHITAEZKO HIZKUNTZA

BESTELAKO BALDINTZAK

6A

Arduraduna eta zerbitzu anitzak

C

F

Osoa

Etxarri Aranazko Udala

Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

Euskara, C1

9A

Administrari laguntzailea

D

LK

Osoa

Etxarri Aranazko Udala

Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokidea

Euskara, C1

2.–Txandak (hala badagokio, adierazi lanpostu kopurua).

LANPOSTUA

TXANDA IREKIKO LANPOSTUEN KOPURUA

6A-Arduraduna eta zerbitzu anitzak

1

9A-Administrari laguntzailea

1

3.–Oposizioko probak.

LANPOSTUA

PROBA BAKARRA
(deskribatu probaren ezaugarriak, denbora, puntuazioa...)

6A

Proba, test moduko 40 galderakoa.

–1,5 puntu emanen dira zuzen erantzundako galdera bakoitzeko. Probaren balioa: 60 puntu.

–Gainditzeko, 30 puntu beharko dira gutxienez.

–Oker erantzundako galderengatik ez da punturik kenduko.

–Probaren iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

9A

Proba, test moduko 40 galderakoa.

–1,5 puntu emanen dira zuzen erantzundako galdera bakoitzeko. Probaren balioa: 60 puntu.

–Gainditzeko, 30 puntu beharko dira gutxienez.

–Oker erantzundako galderengatik ez da punturik kenduko.

–Probaren iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

4.–Gai-zerrenda.

–Lanpostua: 6A.

Proba bakarra: gaitegia.

1.–Etxarri Aranazko udalerria: kale eta auzoak, mendiak, bazterrak, ubideak, baserriak, Etxarri Aranazko ur- biltegiak, udal eraikinak, jai eta erromeriak, historia, udalerriko usadio eta ohiturak.

2.–Etxarri Aranazko Udala. Osaera: osoko bilkura, alkatea. Bilkuren araubidea. Egintzak eta ebazpenak jakinaraztea.

3.–Dokumentazio administratiboa. Ofizioa, eskabidea, egiaztagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena. Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta moduak.

4.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. Titulua: Langileriako funtzionarioak.

5.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

6.–2/2018 Foru Legea, Nafarroako Kontratazio Publikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio kontratu motak. Prestaze-jarduera administratiboak. Prozedura eta asignazio motak.

7.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

8.–Etxebizitzetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

9.–Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

10.–Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.

11.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, airea betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta horien ezaugarri bereziak.

12.–Zurgindegiko oinarrizko erraminten ezagutza, erabilera eta mantenimendua (mailuak, zerrak, trintxak, zulatzeko marina elektrikoa, eta gehigarriak: lixak, itsasgarriak,...).

13.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

14.–Argiteria publikoa paratzea. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argi motak.

15.–Barne instalazioak. Neurketa ekipoak. Potentzia kontrolatzeko etengailuak. Etengailu diferentzialak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak eta mekanismoak).

16.–Lanpara motak, erabilerak, ezaugarriak eta horien funtzionamendurako beharrezkoak diren osagarriak. Loturen eskemak. Elektrizitate lanetako arriskuen prebentzioa.

17.–Energia elektrikoaren banaketa funtsezko zein kontzeptutan oinarritzen den.

18.–Kloratzaileen funtzionamendua.

19.–Lorezaintzako eta mendiko lanetako oinarrizko produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta zaintzea (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra...). Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

20.–Garbiketako eta pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea (pintura eta berniz motak, brotxak eta arrabolak), baita hondakinak kudeatzea ere.

21.–Igeltserotzako produktu eta erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun publikoak mantentzeko obrak. Planoak irakurri eta interpretatzea. Udal konponketak eta obra-zuinketak.

22.–Kudeaketa energetikoari buruzko ezagutzak: kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

23.–Lan-arriskuen prebentzioa dagokion lanpostuan.

24.–Oihan kudeaketa integralari buruzko oinarrizko ezagupenak, arlo hauetan zehazki: oihangintza, jostetarako azpiegiturak, abeltzaintza estentsiboa eta geografia-informazioko sistemak.

–Lanpostua: 9A.

1.–Agiri administratiboak: ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, akordioen igorpena.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: Atariko tituluko I. eta II. kapituluak.

3.–Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. V. titulua, II. kapitulua.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Artikulu hauek: 1-12, 37-41, 47, 73-100, 141-143, 233-237, 259-274, 317-328, 332-338.

5.–6/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa. Artikulu hauek: 1, 4, 46-57 eta 71-81.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: artikulu hauek izan ezik: 1-35, 60-84 eta 97-118.

7.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, informazio publikoa eta gobernu ona arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean. 1-6 eta 18-33 artikuluak.

(*) Edukia baloratuko da jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legedirari.

5.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian.

www.etxarriaranatz.eus.

6.–Lan publikaoren eskaintza onesteko ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkirako esteka.

https://bon.navarra.es/es/anuncio/-/texto/2022/95/17

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

www.etxarriaranatz.eus

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

www.etxarriaranatz.eus

Iragarkiaren kodea: L2217831