263. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES
–VIRGEN DEL PORTAL ZAHAR-ETXEA–

Deialdia, erizainaren lanpostu hutsa bete dadin oposizio-lehiaketaren bidez Alesbesko Udalaren Virgen del Portal zahar-etxea erakunde autonomoan, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak 2022ko abenduaren 2an hartutako erabakiaren bidez, onetsi dira deialdi baten oinarriak, xedea izanik oposizio-lehiaketaren bidez betetzea erizainaren lanpostu hutsa Alesbesko Virgen del Portal zahar-etxean, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean; hori guztia, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriei (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2022ko abenduaren 2an.–Alkate udalburua, M.ª Carmen Segura Moreno.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsa, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts hori txanda irekian beteko da, deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera (1. eranskina).

1.3. Prozedura horietan, ez da funtzionarioen arteko igoera txanda murrizturako erreserbarik egonen.

1.4. Deialdi honen bidez Alesbesko Udalaren Virgen del Portal zahar-etxeko lan-kontratudn finko izendatzen den izangaiak beteko ditu bere lanpostuari dagozkion eginkizunak, eta izanen ditu dagozkion eskubideak eta betebeharrak, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) edo Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudietan ezarritako eskubideak eta betebeharrak, eta sailkatuko dira ezaugarri teknikoen taulan zehazten den araubidean eta mailan.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua, edo lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu Alesbesko Udalean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

h) Ezaugarrien taulan (I. eranskina) hala zehazten denean, jarraikiz uztailaren 28ko 26/2015 Legeari (horren bidez aldatzen da haurrak eta nerabeak babesteko sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek, eta eskabideak aurkezteko unean eduki beharko dituzte, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaz jabetzen diren arte.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaeren aurkezpena nahitaez telematikoki egin beharko da, Alesbesko Udalaren erregistro elektroniko orokorraren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eta aurkeztu behar dituzte parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik, hilean zenbatuta, ez duela frogatzeko, interesdunak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, II. eranskineko eskabidean dagokiona betez.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taulan zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskabidea, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–Eskatutako titulazioen kopiak, I. eranskineko ezaugarrien taularen arabera.

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute bete dagokion atala II. eranskineko eskabidean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) –IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) –Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

Baldin eta langileen ordezkariek ez badute epaimahai bakoitzean dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukatuta, onetsiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, Alesbesko Udalaren atarian.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Alesbesko Udalaren atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 70 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Oposizioaldiak bi proba hauek izanen ditu:

–Test moduko proba bat, 40 galderakoa. Hainbat erantzun-aukera izanen ditu, eta erantzun zuzen bakoitzeko 0,5 puntu emanen dira, eta 0,1 kenduko dira erantzun oker bakoitzeko. 20 puntu emanen dira, gehienez.

–Proba teoriko-praktiko bat. Idatziz garatu beharko dira, bi ordu eta erdian, lanpostuarekin zerikusia duten bi kasu praktiko; kasu bakoitzagatik, gehienez ere, 25 puntu emanen dira. 50 puntu emanen dira, gehienez.

7.2.3. Proben ezaugarriak eta edukia erizaintzako lanpostuko zereginei buruzkoak izanen dira, eta, bereziki, zentro geriatrikoetako erizaintzako jardunarekin.

7.2.4. Prozeduran onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onesten denean emanen da argitara probak egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.2.5. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.6. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.2.7. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Alesbesko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.3. Lehiaketaldia: 30 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 15 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 15 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) –Zentro geriatrikoetan egindako zerbitzuak lehiaketako kategoria bereko lanpostuetan: 3 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

a.2) –Bestelako zentro edo zerbitzuetan egindako zerbitzuak lehiaketako kategoria bereko lanpostuetan: 1,5 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

a.1 eta a.2 apartatuetarako ohar komunak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 15 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

5. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena.

Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Alesbesko Udalari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 15 puntu.

Titulu edo prestakuntza-ikastaro hauek baloratuko dira:

–Erizaintzako titulua, geriatrian espezialista: 3 puntu.

–Zentro soziosanitarioen zuzendari titulua: 0,2 puntu kreditu bakoitzeko.

–Masterra erizaintzako zainketetan: 0,1 puntu kreditu bakoitzeko.

–Bestelako tituluak (masterra, aditua, graduatu ondokoa) geriatriari edo pertsonen kudeaketari buruzkoak: 0,1 puntu kreditu bakoitzeko.

–Bete beharreko eginkizunei lotutako beste ikastaro batzuk, epaimahaiaren irizpideen arabera: 0,05 puntu kreditu bakoitzeko.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3. apartatuan merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, Alesbesko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu prozesua gainditu dutenen zerrenda, Alesbesko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenaturik, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko eta izendapena onartzeko izapideak egin daitezen.

8.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak hamar egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratzen duen proposatutako izangaiak aurkez dezan dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatzeko:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Ikastaroen eta tituluen kopiak, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituztenak.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Izapide hori bukaturik, epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari, espediente osoarekin batera.

Kontratazio proposamen hori Alesbesko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alesbesko Udaleko Virgen del Portal zahar-etxeko funtzionario izendatu edo lan-kontratudun finko gisa kontratatuko da, dagokion lanpostua betetzeko.

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea lan-kontratadun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

10.6. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostua zuzenean lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaie.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Onetsiko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, deialdi honek ekarritako hautapen-prozesuen ondoriozkoa, eta argitaratuko da Alesbesko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, erizainaren lanpostua oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko Alesbesko Udalaren "Virgen del Portal zahar etxea" erakunde autonomoan, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

ALESBESKO VIRGEN DEL PORTAL ZAHAR ETXEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

Zk.

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

TITULAZIOA

NAHITAEZKO
HIZKUNTZAK

3

Erizaina

B

LKF

Osoa

Erizaintzako unibertsitateko diplomaduna edo graduduna

Ez

2.–Betekizunak.

2.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa: Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

3.–Tasak.

3.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: 30 euro.

3.2. Ordaintzeko modua: zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan:

Nafarroako Rural Kutxa ES82 3008 0011 9107 0091 3825.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Zahar-etxeko erizainaren lehiaketa.

4.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian.

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/b39c63ae-766d-46d8-bdf0-bb160c8d5df1/

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Alkatearen 2022-0214 Ebazpena, 2022ko maiatzaren 20koa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/46

6.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Alesbesko Gobernu Batzarraren erabakia, 2022ko abenduaren 2koa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/b39c63ae-766d-46d8-bdf0-bb160c8d5df1/

III. ERANSKINA

Merezimenduen autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketaldirako

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/b39c63ae-766d-46d8-bdf0-bb160c8d5df1/

Iragarkiaren kodea: L2216706