263. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES
–VIRGEN DEL PORTAL ZAHAR-ETXEA–

Deialdia, zaintzaile laguntzailearen 11 lanpostu huts merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko Alesbesko Virgen del Portal zahar-etxean, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak 2022ko abenduaren 2an hartutako erabakiaren bidez, onetsi dira deialdi baten oinarriak, xedea izanik merezimendu-lehiaketaren bidez betetzea zaintzaile laguntzailearen 11 lanpostu huts Alesbesko Virgen del Portal zahar-etxean, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean; hori guztia, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriei (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2022ko abenduaren 2an.–Alkate udalburua, M.ª Carmen Segura Moreno.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua, edo lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaeren aurkezpena nahitaez telematikoki egin beharko da, Alesbesko Udalaren erregistro elektroniko orokorraren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eta aurkeztu behar dituzte parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik, hilean zenbatuta, ez duela frogatzeko, interesdunak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, II. eranskineko eskabidean dagokiona betez.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taulan zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskabidea, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–Eskatutako titulazioaren kopia, I. eranskineko ezaugarrien taularen arabera.

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute bete dagokion atala II. eranskineko eskabidean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukatuta, onetsiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, Alesbesko Udalaren atarian.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Alesbesko Udalaren atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen erakundean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak.

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2.–Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3.–Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4.–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6.–Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 10 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Prestakuntza osagarria:

Lanpostuko zereginekin lotutako prestakuntza osagarriko ikastaroak baloratuko dira. Prestakuntza-jarduera antolatu duen erakundeak edo organismoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira, eta bertan jaso beharko dira honako alderdi hauek: ikastaroaren edukia eta iraupen osoa eta, kasua bada, izangaiak ikastaroa gainditu izana.

Lanpostuko zereginekin lotutako ikastaroak baloratuko dira, hala nola geriatriako zaintza osagarriak, lantaldeen kudeaketa, pazienteen mobilizazioa, zaintza aringarriak, lehen laguntzak eta elikagaien manipulazioa.

Prestakuntza osagarriagatik 30 puntu emanen dira gehienez, eta puntu 1 ikastaroaren ordu bakoitzeko.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Lan-kontratudun finko gisa kontratatuko dira aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Kontratatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratadun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

11.8. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

ALESBESKO VIRGEN DEL PORTAL ZAHAR ETXEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

Zk.

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

TITULAZIOA

NAHITAEZKO ­HIZKUNTZAK

4

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

5

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

6

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

7

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

13

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

14

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

15

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

16

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

17

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

18

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

19

Zaintzaile laguntzailea

D

LKF

Osoa

Eskola graduatuko titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea

Ez

2.–Baldintzak.

2.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa: Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

2.2. Deialdian parte hartzeko, izangaiak honako titulu edo ziurtagiri hauetako bat izan beharko du:

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua, apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuak ezarria, edo Klinikako teknikari laguntzailearen, Psikiatriako teknikari laguntzailearen eta Erizaintzako teknikari laguntzailearen titulu baliokideak, apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuan ezarriak, edo, kasua bada, argitaratzen den beste edozein titulu ondorio profesional berberak dituena.

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikari titulua, azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretuak arautua, edo Arreta Soziosanitarioko teknikariaren titulu baliokidea, orduko maiatzaren 2ko 496/2003 Errege Dekretuak ezarria, edo, kasua bada, argitaratzen den beste edozein titulu ondorio profesional berberak dituena.

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko lanbide ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua, edo, kasua bada, argitaratzen den beste edozein titulu ondorio profesional berberak dituena.

–Arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun-ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua, edo etxeko laguntzailearen okupazioaren profesionaltasun-ziurtagiri baliokidea, martxoaren 7ko 331/1997 Errege Dekretuak arautua, edo, bestela, argitaratzen den beste edozein titulu, ondorio profesional berberak dituena.

Kualifikazioa egiaztatzeko balioko dute, halaber, edozein kategoria profesionaletarako salbuespenezko lanbide gaikuntzek. Horiek egiaztatu beharko dira gizarte zerbitzuen arloan eskumena duten administrazioek edo dagokion autonomia-erkidegoak zehazten duen erakunde publikoak emandako ziurtagiri indibidualaren bidez.

Arestian aipatutako betekizunak, akreditazio profesionalei buruzkoak, exijituko dira erabaki hau argitaratu aurretik hasiak ziren salbuespenezko eta behin-behineko gaikuntza prozedurak eta 2. eta 3. puntuetan ezarritakoak amaitutakoan, bai eta honako hauek amaitutakoan ere: lan eskarmentua egiaztatzeko prozesuak edo profesionaltasun-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza-programak, baldin eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasi badira.

3.–Tasa.

3.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa:

30 euro.

3.2. Ordaintzeko modua: zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan:

Nafarroako Rural Kutxa ES82 3008 0011 9107 0091 3825.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Virgen del Portal zahar-etxeko laguntzailearen lehiaketa

4.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian.

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/dea8287c-e2a7-4fe2-b102-fe524637ccb2/

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Alkatearen 2022-0214 Ebazpena, 2022ko maiatzaren 20koa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/46

6.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Alesbesko Gobernu Batzarraren erabakia, 2022ko abenduaren 2koa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/dea8287c-e2a7-4fe2-b102-fe524637ccb2/

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://villafranca.sedelectronica.es/transparency/dea8287c-e2a7-4fe2-b102-fe524637ccb2/

Iragarkiaren kodea: L2216701