262. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2022ko irailaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duen ordenantza. Hura 2022ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n.

Jendaurreko aldia igaro denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Garesen, 2022ko azaroaren 29an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOA TERRAZEKIN OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da arautzea terrazek edo ostalaritza establezimenduei lotutako jarduera baten elementuek zer baldintzatan okupatuko duten eremu publikoa.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau aplikatuko zaie erabilera publikoko eremu guztietan egiten diren okupazioei (kaleak, plazak, barneko patioak, eremu libreak, berdeguneak eta abar), kontuan hartu gabe titulartasun publikoa edo pribatua duten, edo erabilera publiko hori izatezko egoera baten ondorioa den edo planeamenduaren determinazio batena; hori guztia, Garesko udal-mugartean dauden eremuez ari garela.

2. Ordenantza honen aplikaziotik kanpo dago ostalaritzako jarduerekin bide publikoa okupatzea feria, bestak, kirol edo kultur jarduerak eta gisakoak egiten direnean.

3. artikulua. Definizioak.

–Terraza: lurzoru publikoko eremua, establezimenduaren barnean egiten den ostalaritzako jarduerei loturiko elementu batzuk jarriz, behin behinekoz aprobetxa daitekeena eta establezimendu horren osagarria dena.

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko.

–Babes-elementuak eta haize-babesak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko diren elementuak, establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Itxiturak: kontzeptu horretan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura eramaile batek eta haren osagarriek (kontrapisuak eta abar) eratutako elementuak, terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzeko badira, erraz desmuntatzeko modukoak badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

–Eguzki-babes edo eguzkitakoak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak).

–Eguzki-oihalak: edozein terrazatan instalatzen ahalko dira erantsitako eraikinaren fatxadan finkatutako toldo hedagarriak, zeinen funtzioa baita terraza erabiltzen dutenak eguzki-izpien inpaktutik babestea. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Estufak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko diren elementu guztiak; bai berogailu eramangarri autonomoak bai fatxadari erantsitako berogailuak, haiek erabiltzen duten energia iturria kontuan hartu gabe, betiere erabilera horretarako behar bezala homologatuta badaude.

4. artikulua. Baimentzeko moduko instalazioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, terrazak baimentzeko moduko instalazioak dira baldin eta ostatu, kafetegi, jatetxe, ostatu-jatetxe, kafetegi-ostatu, taberna, txokolategi, izozki denda, te gela eta beste antzeko establezimendu nagusi baten osagarri izanik, beren jarduerak egiten badituzte, lurzoru publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan. Kasu guztietan, zein establezimenduren mende dauden, haren jarduera bera izanen dute eta haren produktu berak salduko dituzte.

II. KAPITULUA

Eremu publikoa okupatzeko baimena

5. artikulua. Baimena.

Halako instalazioak 3. artikuluan definitutako espazioetan ezarri baino lehen, udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian xedaturikoari jarraikiz.

6. artikulua. Baimenaren baldintzak.

1. Terrazaren baimen agiria, xehetasun planoa eta/edo proiektu teknikoa, eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta udal agintarien eskura.

2. Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubidea salbu utzirik emanen dira lizentziak. Onuradunak ezin izanen ditu haiek alegatu, hala lokalean nola terrazek okupatutako bide publikoaren zatian jardutean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko.

3. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

4. Hala eskatzen duen larrialdi-egoera edo ebakuazio-jarduketa gertatzen bada, terraza berehala eta nahitaez kenduko da.

5. Lizentziak pertsonalak eta besterezinak dira, eta debeku da errentan ematea edo hirugarrenei zernahi eratan lagatzea.

6. Terrazak okupatutako eremua erabili behar bada edo han dauden ur-harguneak, estalkiak eta bestelako instalazioak konpondu behar badira edo horien erregistroa egin behar bada, terraza kendu beharko da.

7. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 103.1 artikuluan xedatuarekin bat, alkateari dagokio ordenantza honetan arautzen diren baimenak emateko eskumena, hark ebazten ahal duen eskuordetzea galarazi gabe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak xedatuaren babesean.

7. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.

1. Udalak terrazak paratzeko baimena ukatzen ahal du interes publikoak hala nahi duenean edo komeni denean, dela trazadura, kokalekua, bide segurtasuna, herri lanak nahiz lan pribatuak (teilatu edo fatxada konponketak etab.) edo beste edozein inguruabar. Baimena emateko edo ukatzeko, kontuan hartuko da, besteak beste, zehapen espedienteak izatea, ingurunearen balio turistikoa, instalazioaren tradizioa, terrazen instalazioen norgehiagoka edo ingurunean mugitzeko duen eragina, edo aldi baterako den, aitzineko auzoek obrak eginez gero (fatxadak, teilatuak etab.).

2. Jarduerari lotutako zerga edo tasak ordaintzen ez badira, lizentzia ukatu eginen da.

3. Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz esan diezaiokete honelako inguruabarrak tarteko:

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

–Oinezkoen pasabideetan, seinalatuta egon edo ez, eta elbarrientzako espaloi-janguneetan daudenean.

–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

8. artikulua. Baliogabetzea.

1. Halaber, interes publikoko arrazoiak direla eta, Udalak noiznahi baliogabetzen ahalko ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduera batzuetarako erabiltzea galarazten dutenean, edo erabilera orokorra trabatzen dutenean.

2. Kasu horietan, ukitutakoek ez dute izanen kalte-ordainerako edo konpentsaziorako eskubiderik, salbu eta bide publikoa okupatzeagatik ordaindutako zenbatekoaren zati proportzionala atzera eskuratzeko, erabili ez den denboragatik.

9. artikulua. Okupatu daitezkeen eremuak.

1. Terrazak jartzeko lizentzia ematen ahalko da jabari publikoko ondasunak diren tokietan nahiz erabilera publikoa duten jabari pribatukoetan; betiere, ibilgailuen edo oinezkoen harat-honatak galarazi gabe, eta inguruko etxebizitza eta lokaletarako eta besteen erakusleihoetarako sarbideetan traba egin gabe.

2. Erabilera publikoa duen jabari pribatuko ondasunetan terrazak instalatuz gero, ukitutako jabeen erkidegoen baimena beharko da, erkidegoburuak edo legezko ordezkariak, behar bezala kreditatuta, sinatua.

3. Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko. Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bertzelako neurriak ere baimentzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

4. Udal agintari eskudunak terrazak eta gisako elementuak ezin para daitezkeen eremuak finka ditzake interes publikoak hala eskatzen badu, trazadura, kokapena, bide segurtasuna, oinezkoen joan-etorri handia, saturazioa, ikuspena, irisgarritasuna edo beste edozein inguruabar dela eta.

10. artikulua. Funtzionatzeko aldia.

1. Aldi hauetarako egiten ahal da eskaera:

–Urterako; urte naturalerako, alegia.

–Sasoirako, hau da, martxoaren 15etik urriaren 31ra bitarte.

2. Urte bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira terrazetarako baimenak berritzeko edo baimenaren baldintzak aldatzeko eskabideak.

Aitzineko epeek ez dute galarazten establezimendu berriek, hirigintzako, jarduerarako eta irekitzeko lizentziak eskuratu ondoan, urte naturalaren hondarrerako eskaera egitea, nahiz sasoirako edo horren hondarrerako.

11. artikulua. Ordutegiak.

1. Terrazak funtzionatzeko ordutegia ez da inoiz establezimendu nagusiak baimenduta duena baino zabalagoa izanen.

2. Gehienez, 8:00etatik 12:00etara egonen dira irekita. Betekizun hori terraza guztiendako da.

3. Ordutegiak ezin izanen du inolaz ere gainditu dagokion legedian ezarritakoa. Hain zuzen, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 12ko 2/1989 Foru Legea da aplikatzekoa (abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak aldatu zuen). Orobat da aplikatzekoa 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena, bai eta etorkizunean eman daitezkeen xedapenak ere.

4. Udalak ordutegia murrizten ahal du, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak kontuan hartuta, edo asotsak inguruko bizilagunei traba egiten diela egiaztatzen denean. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

III. KAPITULUA

Prozedura

12. artikulua. Baimena eskatzea.

1. Interesdunak Alkatetzari igorritako eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, dokumentazio hau erantsita:

a) Jardueraren titularraren izena, abizenak, NANa, telefonoa eta helbidea.

b) Jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokapena.

c) Paratu gogo diren hiri-altzari homologatuen zerrenda, haien mota, ezaugarriak eta kopurua adierazita; eta haize-babesak edo bestelako hiri-altzariak izanez gero, haien zehaztapena.

d) Planoa edo proiektu teknikoa, honako hauek adierazita: terraza osatzen duten elementu guztien kokalekua, guztizko neurriak eta okupatutako azalera.

e) Ordutegia, kontuan izanda ezin izanen duela gainditu legedian ezarritakoa (11. artikuluan aipatutakoa).

f) Erantzukizun zibileko eta suteetako aseguru-poliza indarrean dagoela egiaztatzen duen agiria (300.000 euroko bermea izan behar du).

g) Establezimenduaren fatxada ez den beste fatxada batean paratu nahi bada terraza, ukitutako jabearen edo jabeen erkidegoaren berariazko baimena beharko da. Baimen hori ezin bada eskuratu jabea edo jabeen erkidegoa ez dagoelako edo haiek zein diren jakiterik ez dagoelako, udalari eskatuko zaio baimena. Hark aztertuko du emateko aukera, eta baldintzak ezarriko ditu.

h) Terraza bat paratzea eskatzen denean erabilera publikoko eremu pribatu batean, ukitutako jabeen erkidegoaren berariazko baimena beharko da.

2. Udalak, baimena eman aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu establezimenduaren lizentziak, baita jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egotea eta hura ordaindu izana ere. Baimena ukatzeko arrazoia izanen da titularrak edozein motatako zorrak izatea udalarekin.

3. Oinezkoendako eremuetan terrazak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

13. artikulua. Ebazpena.

1. Ordenantza honetan arautzen den baimenen araubideak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legaren 122.1 b artikuluan xedatuari jarraituko dio. Horren arabera, lizentzia behar du pertsona nahiz entitate batzuek egiten duten jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboak, beste batzuentzat erabilpen hori mugatu edo horretatik kanpo uzten dituena, eta obra edo instalazio iraunkorren beharrik ez duena.

2. Eskabidea ordenantza honetan zehaztutako moduan eginik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa prestaturik, legez ezarritako epeetan emanen da ebazpena. Dokumentazio guztia Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denetik hasiko da epea kontatzen.

3. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Toki Araubidearen gaineko legediaren arabera Udaleko zein organok duen eskumena, hura izanen da terrazak eta beste elementu batzuk instalatzeko lizentzia emateko udal organo eskuduna.

4. Ebazpena eman aitzin, terrazak eta beladoreak nola kokatuko diren erakusteko eskatzen ahal diote Udalaren zerbitzuek titularrari.

5. Eskabidea, eskatutako agiri guztiekin batera, Udalaren Erregistroan aurkeztu ondoren berariazko ebazpena eman eta jakinarazi gabe hilabeteko epea iraganik, interesdunak ulertzen ahalko du hori ezetsi dela isiltasun administratiboaren bidez.

14. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren babesak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu. Halaber, okupazioa baimendu ondoren, polizaren kopia aurkeztu beharko du Udaletxean, bai eta dagokion ekitaldiko kuota ordaindu izanaren egiaztagiria ere.

15. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Ematen diren baimenen indarraldia bat etorriko da funtzionamendurako baimendutako epearekin. Indarraldia hamabi hilabetekoa izanen da gehienez. Indarraldi hau, betiere, etenik gabekoa izanen da.

2. Betiere, ezin izanen da terraza paratu baimenaren agiria eskuratu arte. Baimena erdiesteko baldintza izanen da aitzineko urteei dagozkien tasak ordaindu izana.

3. Terrazak paratzeko aurreko aldian emandako baimenak automatikoki berrituko dira, ez bada aldaketarik izan eta bi aldeek, Udalak eta titularrak, berritzearen aurkako borondatea azaltzen ez badute aldi berria hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez.

4. Berritzea erabaki baina interesdunek aurreko urtean baimendutakoa aldatu nahi izanez gero, propio eskatu beharko dute, baimen berriak eskatzeko emandako epe berean, aldatu gogo dena baimentzeko behar den informazioa erantsita.

5. Besterik gabe berritzeko, tasa borondatezko epean ordaindu izana egiaztatu beharko da, baita aseguruen poliza eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu direla eta indarrean daudela frogatu ere.

6. Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu beste lizentzia bat lortu hurrengo ekitaldirako, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, instalazio guztia kenduz.

7. Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

8. Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, besteak beste, kasu hauetan:

–Prozeduraren bat hasirik, ondorioztatzen denean jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kalteak eragiten dituela.

–Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.

–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egitea aurreikusten denean, eta aurreikusten denean jarduketok baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuko dutela.

–Tasa ordaintzen ez den kasuetan.

IV. KAPITULUA

Instalazioen/altzarien ezaugarriak

16. artikulua. Terrazen tipologia.

1. Terraza jabari publikoko edo pribatuko lurzoruaren azalera da, ostalaritzako jarduerei lotutako aprobetxamendua sortzen ahal duena, zenbait elementu jarriz. Establezimendu horien barnean egiten den jarduera zabaldu edo handitzeko erabiltzen da eta, beraz, lotuta dago hari. Hori guztia kontuan hartuta, baita baimenen behin-behineko eta kolokako izaera ere, terraza motak honako hauek izan daitezke:

a) Urte osorako okupazioa edo udako denboraldikoa bakarrik (martxoaren 15etik urriaren 31ra).

b) Instalazioaren tipologia zein den, kobratuko den tasa aldatuko da:

i. Mahaiak eta aulkiak.

ii. Mahaiak, aulkiak, egitura erdi-iraunkorreko beladoreak.

iii. Upelak eta jardinerak.

17. artikulua. Homologazioak eta publizitatea.

1. Terrazetan, aldez aurretik homologatutako hiri-altzarien zerrendako elementuak izan beharko dituzte instalazioaren zerbitzuan jartzeko.

2. Garesko Udaleko Hirigintza Zerbitzuen Arloak aldez aurretik zehaztuko du zer ezaugarri estetiko izan behar dituzten instalazioaren zerbitzura dauden hiri-altzarien elementuek. Hirigune historikorako irizpide bereziak ezarriko ditu.

3. Ez da inola ere baimenduko instalatzea erabilera horretarako behar bezala homologatuta ez dagoen modelorik.

4. Debeku da publizitatea terrazetako hiri altzarietan.

18. artikulua. Elementos integrantes.

1. Terraza bat osatzen duten elementutzat hartzen dira eremu publikoko espazioa ostalaritzako jarduerarako erabiltzea onartzen dutenak. Honako hauek, alegia: mahaiak, aulkiak, bankuak, upelak, tabureteak, babesteko elementuak eta haize-babesak, itxiturak, apaingarriak, eguzki-babesak, eguzkitakoak, eguzki-oihalak, berogailuak eta argitze sistemak, baita horiek instalatzeko behar den azpiegitura ere (kableak, aingurak, kontrapisuak eta abar).

2. Titular bakoitzak eskabidean adierazi beharko du terraza osatzen duten elementu guztien zerrenda, eta ezin izanen du inongo elementu osagarririk paratu, udal baimen osagarria eskuratu bitarte.

19. artikulua. Altzarien ezaugarri teknikoak.

1. Ezarriko diren hiri altzariek manu hauek bete beharko dituzte:

–Ezin da zoru estaldurarik edo apaingarririk ezarri, ez badaude baimenean propio aipatuta.

–Oro har, ezin izanen da finkatu zoladuran terraza osatzen duten elementuetako bat ere, salbuespenezko baimena lortzen ez bada, bermatu beharko baita elementuen egonkortasuna, terrazan sartzen diren kontrapisuen bidez (hala nola loreontziaren euskarriak, eserlekuak eta abar).

–Salbuespenez elementuak zoladuran tinkatzeko baimena ematen denean, eskabideak izan behar du tinkatzeko elementuen definizio zehaztua, bermatzen baita terraza kendu ondoren eremu publikoko zoladura lehengoratzea.

–Nolanahi ere, baimenaren izaera juridikoa dela-eta, terraza osatzen duten elementu guztiak eramangarriak edo aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.

–Altzariak (aulkiak, tabureteak eta abar) arrastaka eramatean sortzen diren zarata eta eragozpenak txikiagotzeko, horiek gomak edo neoprenoak eduki beharko dituzte.

–Terrazaren azalerak aukera ematen badu mahai eta aulkien lerro bat baino gehiago paratzeko, hobekien komeni den moduan kokatzen ahal dira; betiere, mahai eta aulkietan aise sartzeko maneran; horretarako, korridore bat utzi beharko da tartean, zerbitzariak mahaietara ailegatzeko. Korridore horren luzera ilara txikienaren parekoa izanen da eta zabalera, berriz, 0,50 m gutxienez ere. Korridoreak okupatzen duen azalera terrazak okupatzen duen azaleraren barnean kontatuko da.

2. Itxituradun terrazek/beladoreek ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Ezinbesteko baldintza da dokumentuak aurkeztea, bertan jarduketak zeharo definituta egon behar baitu, honako honi dagokionez: eremu publikoan non kokatzen den, zein lokal osatzen duen, uzten dituen pasabide libreak, egitura, materialak, bolumetria eta altzariz hornitzea.

–Egiturari dagokion dokumentazioak –terrazak okupatzen duen espazioaren bolumenaren muga izatea baita bere egitekoa– definitu beharko du zoladuran finkatzeko sistema, eta teknikari eskudunak sinatu beharko du, edo bestela fabrikatzailearen agiria eduki beharko du, instalazioaren baldintza teknikoei buruzkoa.

–Terraza angeluzuzena bada, onartuko da haren hiru alde ixtea, eta establezimendutik terrazara joateko sarbidea duen aldea betiere libre egonen da luzera osoan.

–Egitura metalikoak instalatzen ahal dira, baina profilak ahalik eta finena izan behar du.

–Beladorearen estalkia prozedura eskuzkoen edo mekanikoen bidez kentzen ahalko da, eta lokala itxita dagoenean bilduta egon beharko du beti. Estalkiak laua izan behar du.

–Itxituraren gutxieneko garaiera 2,20 m-koa izanen da, eta gehienekoa, berriz, 3,00 m-koa. Gutxienez 1,50 m-ko tartea egon beharko da ondoko fatxadako edozein baoren beheko ertzaren azpian (hala nola leihoak eta abar).

–Ezin izanen da instalazioa baimendu, fatxadako baoetatik gutxieneko tarteari eutsi behar izatearen ondorioz, terrazaren garaiera 2,20 m-tik beherakoa denean.

–Oro har, terraza paratuko da ostalaritzako lokalaren luzeran, modu exentuan edo aparte, eta tarte librea utzi behar da lokalaren eta terrazaren artean, edo fatxadaren ondoan, oinezkoak espaloitik pasatu ahal izateko. Bi kasu horietan, terrazako elementuek ez diote trabarik eginen oinezkoendako pasabideari, baimenaren titularraren ardura baita pasabidearen baldintzak mantentzea.

–Beladorea modu exentuan edo aparte jarrita dagoenean eta oinezkoendako pasabide librea uzten denean, ezin izanen da jarri pasabidea estaltzen duen eguzki-oihalik, beladorea estalita baldin badago goiko aldean.

–Oro har, elementu mugatzaileek gardenak izan beharko dute. Material opakoak baimentzen ahalko dira 0,90 m-ko garaieraraino.

–Estalkian bezala, material arineko (olanak, plastikoak) alboko elementu mugatzaileak bilgarriak edo tolesgarriak izanen dira, eta lokalak itxita daudenean bilduta egon beharko dute. Ez da onartuko elementu mugatzaile finkorik.

3. Eguzki-babesek eta eguzkitakoek ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Egitura bat direnez, dagokion proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, edo fabrikatzailearen agiria, instalazioaren ezaugarri teknikoei buruzkoa. Altuera librea 2,20 m-tik gorakoa izanen da beti

–Ehunezkoak izanen dira, lauak eta hiriaren inguruko koloreekin bat datozela; betiere, aise biltzeko modukoak izanen dira.

–Onartua dago establezimenduaren izena eta logotipoa eguzki-oihal eta eguzkitakoen hegaletan, 0,60 × 0,20 m bitartekoak eguzki-oihaletan eta 0,20 × 0,20 m-koak eguzkitakoetan.

4. Eguzki-oihalek ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Terraza guztiak estaltzen ahal dira eguzki-oihalen bidez, horiek eraikinaren fatxadan finkatu beharko baitira. Bilgarriak edo tolesgarriak izanen dira eta gutxienez 2,20 m-ko altueran jarriko dira eta, gehienez, 3 m-tan, gutxienez 1,50 m-ko tartea egon beharko baita ondoko fatxadako edozein baoren, hala nola, leihoen eta abarren beheko ertzaren azpian.

–Ezin izanen da instalazioa baimendu, fatxadako baoetatik gutxieneko tarteari eutsi behar izatearen ondorioz, eguzki-oihalaren altuera librea 2,20 m-tik beherakoa denean.

–Ehunezkoak izanen dira, lauak eta hiriaren inguruko koloreekin bat datozela; betiere, aise biltzeko modukoak izanen dira.

–Fatxadan ainguratu nahi badira, fatxadaren jabearen berariazko baimena beharko da.

–Jarduera amaitutakoan, bilduta edo eremu publikotik kenduta utzi beharko dira beti.

–Onartua dago establezimenduaren izena eta logotipoa eguzki-oihal eta eguzkitakoen hegaletan, 0,60 × 0,20 m bitartekoak eguzki-oihaletan eta 0,20 × 0,20 m-koak eguzkitakoetan.

5. Estufek ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Eramangarriak izanen dira, eguzkitakoak bezalaxe.

–Ez da inola ere baimenduko instalatzea erabilera horretarako behar bezala homologatuta ez dagoen modelorik.

–Elektrizitatea behar duten estufak direnean, elektrizitatez hornitzeko instalazioa behar bada, bakarrik eraikinaren fatxadan jartzen ahalko dira.

–Ezin izanen da inolako kable elektrikorik paratu eremu publikoaren lurgainean, lurrean edo lurrazpian.

–Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu honi finkatutako estufen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

6. Argiztapen elementuek ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Ezin izanen da horiek elikatzeko inolako kablerik paratu eremu publikoaren lurgainean, lurrean edo lurrazpian.

–Lokalaren fatxadan argiztapen elementuak jartzen ahalko dira, baina 2,20 metrotik gora egon beharko dute.

–Argiztapen elementu autosufizienteak jartzen ahalko dira, elementuan bertan eguzki-plakak edo plaka fotovoltaikoak dituztela (eguzki-farolak, esaterako).

–Argiztapen elementuek aise mugitzeko modukoak izan behar dute.

–Terraza argitzeko instalazio elektrikoa dagoenean, bete beharko ditu lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak.

–Gidariak edozein pertsonarengandik urrun geldituko dira, eta ezin dute espaloi gainean egon, ezta arboladia edo hiri altzariak euskarritzat hartu ere.

–Fokoek ez dute inoiz itsutuko eta ez diete bestelako eragozpenik eraginen bizilagun, oinezko edo ibilgailuei.

–Urtero, instalatzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasunaren txostena egin.

7. Jardinerak/kontrapisuak paratzea ere zilegi da, karratuak, laukizuzenak edo biribilak. Betiere, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrari kontsulta egin eta hark besterik propio baimenduta izan ezik, hauek dira gehieneko neurriak:

–Laukizuzenak: luzera, 1200 mm; zabalera, 600 mm; altuera, 500 mm.

–Karratuak: aldea, 900 mm; altuera, 500 mm.

–Biribilak: diametroa, 900 mm; altuera, 500 mm.

8. Terrazetako edozein altzariren kokalekuak ez du trabarik eginen finketako atarietatik galtzadara joateko, eta ez du zailduko gau eta eguneko pasabideetan barna sartu eta ateratzea.

9. Irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoak kentzea sustatzen duen araudian agindutako guztia beteko da.

10. Udalerria garbi edukitzeko, mahai bakoitzean ontzi batzuk jarriko dira hondakin txikiak biltzeko, haizearen ondorioz zaborra ez dadin barreiatu espazio publikoan.

20. artikulua. Berariazko baldintzak Hirigune Historikoko eta Pasealekuko altzarietarako.

Hirigune Historikoko eta Pasealekuko plan bereziaren esparruan, terrazetako altzariek (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, eguzki-oihalak etab.), dagokien artikuluan aipatutakoez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Debeku da plastizkoko mahaiak eta plastikozko egitura duten aulkiak jartzea.

b) Ahal dela, kolore argiak (artile koloretik okrera bitarteko guztiak) eta lauak erabiliko dira. Espres debekatuta daude kolore nahasgabeak (gorria, horia etab.) edo tonu nahasgabeetatik hurbil direnak.

c) Eguzkitakoak eta eguzki-oihalak lonazkoak izanen dira edo antzekoak, kolore argi eta lauekoak (artile koloretik okrera bitarteko guztiak).

d) Jardinerak burdin urtukoak izanen dira, forja oxirón beltzak eta, borondatezko osagarri gisa, udalerriaren armarria dutela.

e) Elementu guztiek beharko dute Hirigintza Arloaren oniritzia.

21. artikulua. Turismoko eta zerbitzuetako banaketa eremuko lurzoru urbanizagarriko altzarien baldintza bereziak.

Onartzen da kontzeko metalezko egiturak paratzea, babesteko isurialde bat edo biko sabaia dutenak, berinazkoa edo kolore argiko olanazkoa.

a) Egituraren gehieneko altuera 3,00 m-koa izanen da punturik garaienean eta 2,20 metrokoa punturik baxuenean, eta aukera egonen da beira perimetralezko itxitura finkoa jartzeko.

b) Egitura metalezkoa edo zurezkoa izan daiteke.

c) Terraza itxiak edo beladoreak paratzen ahalko dira turismoko eta zerbitzuetako banaketa eremuko lurzoru urbanizagarrian kokatutako establezimenduetan.

d) Txosten teknikoa eta/edo juridikoa beharko da, udal-plangintzaren aplikazioa kontuan hartuta (eraikigarritasuna handitzea, zortasunak...).

22. artikulua. Segurtasun baldintzak.

1. Terraza osatzen duten elementuek ez dute arriskurik ekarriko, terrazaren titularra arriskuak saihesteaz arduratuko baita horiek funtzionatzen dutenean, baita baimena eskatzean ere, hori bermatzen duten dokumentuak aurkeztuta. (Proiektua haize-kargen kalkuluekin, su hartzen ahal duten altzaririk ez pilatzea eta abar).

2. Terrazen titularrek segurtasun, osasungarritasun eta apainketa baldintzak bete beharko dituzte haien elementu guztietan.

Eguzki-oihalen kasuan, determinazio hauek ezarri dira:

–Elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

–Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (itxitura, bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola era lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

–Baimendutako ordutegitik kanpo, eguzki-oihalek bilduta egon beharko dute.

3. Eguzkitakoak eta eguzki-babesak biltzen ahalko dira haizea badabil, jabearen ardura baita instalatutako elementuen mugak ezagutzea.

4. Terraza publikoan ezin izanen dira su hartzen ahal duten elementuak paratu edo bildu, plastikozkoak edo beste edozein gaiz eginak direnean.

5. Erregai likidoez edo gasez elikatutako estufak eramangarriak izanen dira, eta lokalaren barnealdera edo biltegira eraman beharko dira hori ixten denean, ezin izanen baitira kalean pilatu ordezko ontziak.

6. Ikusmen-desgaituek hauteman ahal izateko, terrazako elementuen zati bat ere ez da aterako baimendutako eremutik kanpo; orobat, ez da onartuko baimendutako eremuaren perimetroan elementuak jartzerik (elementu mugatzaileak, haize-babesak, itxiturak edo eguzki-babesak), baldin eta haien azpiko ertza 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago zoladuratik.

7. Arrazoi beragatik, elementu hauetako bakoitzaren gutxieneko garaiera 90 zentimetrokoa izanen da, zoladuratik gora, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa izanen da gehienez.

23. artikulua. Baldintza estetikoak.

1. Terrazan erabili beharreko elementuek bat egin beharko dute haren ingurunearekin.

2. Ondorio horietarako, eta eremu publikoarekin bat egiteko ahalik eta esku-hartze gutxieneko irizpideei jarraikiz, instalazioaren sustatzaileek aurretik aurkeztu beharko dizkiete udal zerbitzu teknikoei haien proposamenak, haiek balora dezaten, aipatutako irizpideen arabera.

3. Proposamenak behar bezala zehaztuko dira, haien alderdi estetikoei dagokienez (koloreak, erabili beharreko materialak eta abar), eta 30 eguneko epean erantzunen zaie.

Epe hori udal zerbitzu teknikoek espresuki erantzun gabe iraganez gero, hori aldekoa dela ulertuko da, bakarrik ekimenaren ezaugarri estetikoen ondorioetarako.

V. KAPITULUA

Terrazak instalatzeko eremu publikoaren okupaziorako baimenaren baldintzak

24. artikulua. Baimenerako baldintza orokorrak.

1. Ordenantza honetan arautzen den baimenen araubideak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legaren 122.1 b artikuluan xedatuari jarraituko dio. Horren arabera, lizentzia behar du pertsona nahiz entitate batzuek egiten duten jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboak, beste batzuentzat erabilpen hori mugatu edo horretatik kanpo uzten dituena, eta obra edo instalazio iraunkorren beharrik ez duena.

2. Eremu publikoetan terrazak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen edo ibilgailuen segurtasunari.

3. Ordenantza honen 8. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

4. Terrazaren baimenak titularraren dokumentazioan berariaz adierazitako altzari-elementuak soilik instalatzeko aukera emanen du, baimenean edo lizentzian jasotako elementuetatik, Udalak baimendutakoei dagokienez.

5. Terrazak handitzeko, baldintza berberak aplikatuko dira egokitzat jotzen diren eremuetan, hala nola urbanizazio berriko tokietan, monumentuen eraginpeko eremuan, eraikin katalogatuetan, lorategietan eta abar. Alkatetzak ebazpena emanen du, interesdunei entzunaldia eman ondoan.

6. Terraza eskaera berri batek lehendik dagoen baimen bat aldatzea ekar dezake.

25. artikulua. Terrazen okupaziorako baldintza orokorrak.

1. Eremu publikoan terrazak paratzen direnean, eremu horren erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez da oztopo izanen oinezkoendako, ez dio kalterik eginen haien segurtasunari edo ibilgailuenari, ez da traba izanen inguruko finketako atarietatik galtzadara sartu nahi dutenendako, eta ez ditu zailduko legez baimendutako pasabideetako sarrera-irteerak.

2. Terrazak hiri altzariekin eta zuhaitzekin integratuta kokatuko dira, eremu publikoan ezarrita dauden elementuak ikustea eta haien behar bezalako erabilera zaildu edo trabatu gabe. Ahal dela, terrazak multzo trinkoa osatuko du, oinezkoen pasabide nagusitik aparte; zatitzekotan, oinezkoen bigarren mailako sarbideek zatituko dute.

3. Eremu batek terraza jartzeko baldintza guztiak beteta ere, baimena ukatzen ahalko zaio edo eskatutakoak baino neurri txikiagoak baimendu, oinezkoen joan-etorria zailtzen badu, nahiz ordu batzuetan baino ez izan.

4. Terrazak, ahal dela, establezimenduaren fatxadaren ondoko espaloian kokatuko dira, edo establezimenduaren ondoan. Ez da inoiz terrazarako baimenik emanen establezimenduaren fatxada bakar batek ez badu hura ezartzeko eremura ematen.

5. Ez da zilegi terraza bat fatxada ondoan eta beste bat, zintarri ondoan espaloi tarte berean, paratzea.

6. Plazetan kokatzeko, haietara eman beharko du establezimenduaren fatxadak edo sarrera plazatik izanen du. Terraza gisa erabiltzen ahal den plazaren zatia, inoiz ere ez oinezkoen azaleraren %50 baino gehiago, eskatzaile guztien artean banatuko da, haien kopuruaren eta eskatzen diren beladoreen arabera, eskaerak batera kontuan hartuta. Arkupeak oinezkoak ibiltzeko dira, eta ez da inoiz haien okupazioa baimenduko.

7. Eremuko gainerako erabilerekin bateragarriak diren ingurumenaren hots mailak ez gainditzeko maneran erabakiko da zenbat terraza kokatu, gehienez ere, plazan edo karrikan.

8. Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere 1,80 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da.

9. Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera hori proiekzio bertikal osoan errespetatuko da, 3,50 metroko garaierara arte.

10. Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabidearen ezaugarriak handitzen ahalko dira.

11. Establezimenduaren fatxada eta oinezkoentzako pasabidea bat datozenean, alboko fatxadetan jarri ahal izango da terraza, betiere beste establezimendu batek okupatzen ez badu. Horretarako, gainera, auzotarren baimena beharko du.

12. Zabalera librea kalkulatzeko, hori mugatzen duten oztopotzat hartuko dira hiri-altzari guztiak eta espaloiaren gainean egon daitekeen edozein elementu.

13. Zoruan ezin izanen dira elementuak ainguratu sute-ahoen edo kanalizazio elektrikoaren kutxatilen gainean.

14. Ezin izanen da kable elektrikorik paratu erabilera publikoko lurgainean, lurzoruan edo lurrazpian.

26. artikulua. Terrazaren okupaziorako baldintza bereziak, kokatu nahi den espazioaren arabera.

1. Anaia Vicente Bernedo pasealekua, Foruen pasealekua eta Harresi Zaharreko kalea:

–Oinezkoak pasatzeko eremu bat utzi beharko da, eraikinaren fatxadaren ondoan. Oro har, ezin izanen da eraikinaren fatxadari itsatsitako terrazarik jarri.

–Establezimenduaren fatxadaren aurrean jarriko dira.

–Oro har, lokalaren aurrean dauden aparkalekuen gainean jartzen ahalko da terraza, betiere Udalak egokitzat jotzen badu aparkatzeko premiak direla eta.

–Gutxi gorabehera 50 cm-ko tartea utzi beharko da aurrealdeko espaloiaren zintarritik, urari igarotzen uzteko.

–Lokal batek baino gehiagok terrazak instalatzea eskatzen badute espaloi berean, agintaritza eskudunak aztertuko du kasu hori, diseinuari eta baimenei dagokienez.

–Oro har, terrazak ezin izanen dira paratu ondoko leku hauen parean: oinezkoen pasabideak, minusbaliatuendako erreserbatzen diren aparkalekuak, autobusen geralekuak, taxiak, edukiontziak eta abar.

–Oro har, ez da terrazarik baimenduko ez ataripeetan, ez arkupeetan, ezta estalitako bide tarteetan edo antzekoetan ere. (Adibidez: Mena plazaren eta Pasealekuaren arteko pasabidea).

–Beladoreak jartzen ahalko dira; 19.2 artikuluan adierazitako ezaugarriak izan beharko dituzte.

–Beladorerako mugatutako espaziotik kanpo mahaiak eta aulkiak jartzeko berariazko baimena beharko da eta, edozein kasutan, baimen hori denbora tarte baterako izanen da.

–Terrazarako beladorerako izanen den espazioa espaloitik hurbil egotearen ondorioz arriskurik baldin badago bide segurtasunerako, dagokion agintaritzaren txostena eskatuko da, jarraibideak ezar ditzan, eskatzailearen kargu izanen baitira.

–Jarduera amaitzean, ez da beharrezkoa izanen terrazak jasotzea, baina bai kanpoaldea garbitzeko lan guztiak egitea (erratza pasatzea, zaborra kentzea...).

2. Hirigune historikoa:

–Oinezkoendako pasabide bat utzi beharko da.

–3,5 metro utzi beharko dira libre, ibilgailuak igarotzeko.

–Oro har, establezimenduaren fatxadaren aurrean jari beharko dira, fatxadari itsatsita, eta etxebizitzetarako sarbidea libre utzita.

–Inguruko establezimenduak direla eta, posible izanen da terraza fatxadari itsatsita ez jartzea, betiere horrek oinezkoen joan-etorria errazten badu. Kasuak banaka aztertuko dira.

–Luzerak ezin du izan establezimenduak okupatzen duen zatia baino handiagoa.

–Alboko fatxadak okupatu nahi izanez gero, okupatu beharreko fatxadako auzotarren baimena beharko da. Baimen hori ezin bada eskuratu jabea edo jabeen erkidegoa ez dagoelako edo haiek zein diren jakiterik ez dagoelako, udalari eskatuko zaio baimena. Jaberik ez dagoen bitartean, prekarioan emanen da baimena.

–Alboko fatxada baten muga soilik okupatzen ahalko da.

–Aurrez aurre dauden bi terrazen kasuan, kasu bakoitza aztertuko da. Dena den, litekeena da bi establezimenduei ematea baimena taburete altuak jartzeko, eta ibilgailuendako pasabidea uztea bien artean.

–Espaloiaren ezaugarriak direla eta, terraza lokalaren beraren fatxadan jartzea ezinezkoa bada, onartuko da terraza beste establezimendu baten fatxadan jartzea, betiere nahitaezko baldintza baita establezimendu horren titularrak dokumentua aurkeztea, berariazko baimena adieraziz. Udalaren baimena baliogabetuko da establezimenduaren titularrak baimena kentzen duenean. Baimen hori ezin bada eskuratu jabea edo jabeen erkidegoa ez dagoelako edo haiek zein diren jakiterik ez dagoelako, udalari eskatuko zaio baimena. Jaberik ez dagoen bitartean, prekarioan emanen da baimena.

–Kalea estua delako mahai eta aulkien modulu nagusia (185 × 185 cm) ezin denean jarri, upelak eta tabureteak jartzen ahalko dira, edo ondoko moduluak: mahai altua + bi aulki altu (185 x 85 cm) edo mahai altua + 3 aulki altu (185 cm x 135 cm).

–Debekatua dago beladoreak paratzea.

–Jarduera burututakoan kenduko da terraza, eta garbitze lan guztiak eginen dira.

VI. KAPITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

27. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

Orokorrean, honako determinazioak ezarri dira:

Baimenen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu.

Baimenen titularrak izanen dira terrazen erabileraren arduradunak, eta eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

–Oro har, debekatuta dago honako elementu hauek instalatzea:

  • Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.
  • Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak eta abar.
  • Salmenta makinak eta jolaserakoak, horretarako baimena behar baita.
  • Edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, edo gisako beste edozein.
  • Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan.

Zein lokali lotuta dagoen terraza, haren ordutegi bera izanen du.

Erabiltzaileek eta udal agintaritzak ikusteko moduan ezarri beharko da terrazaren planoa, berari dagokion udal baimenarekin batera.

Terraza zabalik ez dagoenean, hots, baimendutako ordutegitik kanpo edo edozein arrazoi dela-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazako elementuak:

Lokalaren jarduerarako baimendutako ordutegia bukatu ondoren, titularrak egunero kendu beharko ditu eremu publikotik honako elementu hauek: upelak eta tabureteak, azalera babestuaren 9 metrotik beherako eguzkitakoak (eusteko oinak barne), apaingarriak eta estufa eramangarriak, aparatua nahiz erregai-botilak.

Oporraldietan titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak.

Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, honako elementu hauek dute izaera hori: itxiturak, eguzki-babesak eta eguzki-oihalak. Beraz, horiek guztiak uzten ahal dira eremu publikoan. Horren ondorioz, 9 metro koadrotik gorako eguzkitakoak eta haiei eusteko oinak kendu egin beharko dira. Oporralditzat hartuko da astebetetik gorako aldia, establezimendua itxita dagoenean.

Eremu publikotik elementu horietako edozein kendu beharra titularrak gauzatuko du lokalaren funtzionamendurako ordutegia bukatu eta berehala, eremu publikotik kanpo biltegiratu beharko baitu, leku itxian, bai establezimenduan bertan bai erabilera horretarako baldintza egokiak dituen beste edozein lokaletan.

Eremu publikoan uzten ahal diren elementu guztiak modu antolatuan bildu beharko dira, betiere terrazarako baimendu den eremuaren barnean.

Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

Instalatutako altzarien ezaugarriak direla-eta, lokala itxita dagoenean ezin badira horiek kendu eta pilatu, beharrezko neurriak hartu beharko dira, erabiltzea saihesteko.

VII. KAPITULUA

Araubide juridikoa

28. artikulua. Terrazaren titularraren betebeharrak.

1. Titularrak ez du terraza paratuko edo bildu eginen du udal agintariak edo udaltzainek beren eginkizunen barrenean hala agintzen diotenean ekitaldi sozial, erlijioso edo kirolekoa egiteko, terraza ibilbidean, eraginpeko eremuan edo jendetza biltzeko tokian dagoelako. Kasu horietan, Administrazioak garaiz emanen dio gertaeraren berri titularrari; horrek, jakinarazitako ordua baino lehen kendu beharko du terraza, eta ez du berriz paratuko ekitaldia bukatu arte.

2. Lizentziaren indarraldia bukatuta, titularrak garbi aski utzi beharko du okupatua duen lurzoru publikoa, bertan ezarrita dauden elementu egonkor guztiak kenduta, jarduera bukatu ondoko hamabost egunean. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

3. Erantzukizun zibileko asegurua eta suteena indarrean izatea.

4. Jardueraren ondorioz eremu publikoan eta hiri-altzarietan eragindako kaltea konpontzea.

29. artikulua. Debekuak.

1. Ez da zilegi mostradoreak edo terrazan zerbitzatzeko beste elementu batzuk paratzea, establezimendutik beretik aritu beharko baita.

2. Baimendutako terraza paratzeko beharrezko direnak bakarrik, ez da elementu gehiagorik izanen eremu publikoan. Betiere, debeku da billarrak, mahai-futbolak, josteta makinak, saltzekoak edo ausazkoak, publizitatea egitekoak eta antzeko beste edozein paratzea.

3. Debeku da Udalak baimendutakoaz bestelako altzariak paratzea.

4. Debekatua dago edozein ikuskizun eta musika ekitaldi egitea terrazan, baita bozgorailuak edo soinua nahiz bibrazio akustikoak handitu edo erreproduzitzen dituen beste edozein tresna ere, edo irudiak ematen dituztenak.

5. Debeku da eremu publikoan edariak, elikagaiak edo bestelakoak saltzen dituzten makinak paratzea, baita haurrendako erakargarri txikiak edo publizitatekoak.

30. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko bai jarduera egiteko moduaz bai gainerako aginduei dagokienez.

Ordenantza honetan biltzen diren determinazioak betetzeak ez du salbuesten lizentziaren titularrak araudi sektorialaren legezko betekizunak betetzetik, Udalaren eskumenak ez diren alderdietan, bereziki tabako, zarata, adingabeek alkohola kontsumitzeari eta abarri buruzkoa.

31. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udal agintariek, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzeko agindua ematen ahalko dute, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2. Terrazak edo bestelako elementuak lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe paratu badira, egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko da. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, kautelazko eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

32. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna lehengoratzea dela ulertuko da. Berrezartze horren erantzuleak ez badu bere borondatez hura gauzatzen, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak Udalaren instalazioetan biltegiratuta egonen dira 3 hilabetez, gehienez. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

33. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan jasotako beharkizun, betebehar eta debekuak ez betetzeari esaten zaio arau-haustea, baita ordenantzaren babesean emandako lizentzietako baldintzak ez betetzea ere.

Emandako lizentzien pertsona fisiko edo juridiko titularrak dira arau-hausteen arduradunak.

Zehatzeko ahala gauzatzeko eskumena duen organoari dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. Tituluan xedatutakoari jarraikiko zaio. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Okupazio eremua edo haren ingurua egunero behar bezala ez garbitzea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gainditzea.

c) Udalaren baimena ikusteko moduan ez erakustea.

d) Hasteko edo ixteko orduak 15 eta 30 minutu artean ez betetzea.

e) Terraza behar bezalako segurtasun baldintzetan ez izatea.

f) Produktu, ontzi edo hondarrak terrazan edo eremu publikoaren beste edozein tokitan bildu eta pilatzea.

g) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin.

h) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

i) Astuntzat edo oso astuntzat jo gabe, ordenantza hau ez betetzea.

j) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko altzari eta apaingarrietan kalte arina egitea.

k) Ez jartzea mahai bakoitzean ontzi batzuk hondakin txikiak biltzeko, haizearen ondorioz zaborra ez dadin barreiatu espazio publikoan.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Urtean hiru arau-hauste arin egitea.

b) Hasteko edo ixteko orduak 30 eta 60 minutu artean ez betetzea.

c) Baimenean aurreikusi gabeko hiri altzariak (mahaiak, aulkiak edo beste elementu batzuk) paratzea, edo baimenduta daudenak baino gehiago edo beste kopuru bat, edo ordenantzan eskatzen diren baldintzak bete gabe.

d) Baimendua baino azalera gehiago hartzea, %25 arte, edo mugatuta dauden beste baldintza batzuk ez betetzea. Titularraren ardura da bezeroek ez ditzatela altzariak baimendutako okupazio mugetatik kanpo eraman.

e) Okupazioa %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

f) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz, bizilagunei eta joan-etorrian direnei eragozpenak sortzea.

g) Musika tresnak edo baimenduta ez dauden beste instalazio batzuk paratzea.

h) Terrazako altzariak kendu edo bildu eta pilatzeko betebeharrari muzin egitea funtzionamenduko ordutegia bukatzean.

i) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko altzari eta apaingarriak larriki hondatzea.

j) Ordenantzan xedatutakoari jarraitu gabe, publizitatea jartzea elementuetan.

k) Desobeditzea, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean, udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzeagatik.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Hiru urteko epean, bi falta astun egitea.

b) Terraza paratzea Udalaren baimenik gabe, edo baimendu ez bezalako toki edo denboraldi batean.

c) Funtzionatzeko ordutegia gainditzea 60 minututik gora.

d) Baimendua baino %25etik gorako azalera hartzea.

e) Okupazioa %25etik gora gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

f) Espresuki baimendu gabeko ikuskizun edo ekitaldiak egitea.

g) Terrazaren ustiapena edozein tituluren bidez lagatzea edo azpierrentamenduan ematea beste batzuei.

h) Udal agintariak edo udaltzainek aginduta, terraza biltzeari uko egitea, terraza dagoen tokian edo haren eraginpeko eremuan ekitaldiren bat dagoelako.

i) Terraza berehala ez kentzea larrialdietan edo ebakuazioetan.

j) Terraza ez kentzea denboraldia bukatutakoan.

k) Baimendutako instalazioak sei hilabetetik gora ez erabiltzea, arrazoi justifikaturik gabe, horrek nahaste larria dakarrenean era guztietako jardueren ohiko bilakaeran edo osasungarritasun edo apainketa publikoan, araudi aplikagarriaren arabera.

l) Instalazioa berehala kentzeko agindua ez betetzea, horrek nahaste larria dakarrenean elkarbizitzan, eragin larri, berehalakoa eta zuzenekoa badu lasaitasunean, besteen eskubideetan, era guztietako jardueren ohiko bilakaeran, osasungarritasun edo apainketa publikoan, edo zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten denean, edo ekipamenduak, azpiegiturak, zerbitzu publikoen instalazioak, eremu publikoak edo haietako edozein instalazio modu larrian hondatzen direnean.

34. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hausteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak 60 eta 600 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

b) Astunei, 601 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

c) Oso astunei, 3.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

3. Zehapenez aparte, ez-betetzeak jardueraren aldi baterako etena ekartzen ahal du, edo baimena kentzea, zein den arau-haustearen larritasuna, egitatearen gizarte oihartzuna eta beste inguruabar batzuk, baita astungarritzat edo aringarritzat hartzen ahal diren beste elementu batzuk.

4. Arau-hauste astunak behin eta berriro errepikatuz gero, ez da baimena berrituko hurrengo urteetarako.

5. Orobat, eta zehapena alde batera utzita, Udalaren administrazioak elementu eta instalazioak kentzeko aginduko du, eta arau-haustea egin aitzin zegoen bezala uzteko.

6. Ematen den epearen barrenean bete beharko dute titularrek terraza kentzeko agindua. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

35. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatu ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesduna lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

36. artikulua. Mailakatze irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gorde beharko da arau-haustearen astuntasun-mailaren eta ezartzen den zehapenaren artean; hala, aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, jarraikiko zaie legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpideei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituenei.

37. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Ordenantza honetan araututako arau-hausteei dagokienez, oso astunak hiru urtean preskribatuko dira, astunak bi urtean eta arinak sei hilabetean.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita.

Preskripzioak eragina izanen du soilik behar den zehapen espedientea hasteko aukeran, baina ez du eragotziko legalitatea lehengoratu beharra.

38. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

39. artikulua. Prozedura.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa izanen da zehapen-prozedura.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek haren determinazioetara egokitu beharko dute hurrengo urterako, emandako baimena baliogabetzen ahal den arren.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, indargabetuta geratuko dira Garesko terrazak arautzeko emandako aurreko udal-xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2216599