262. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES
–FERNANDO CALAHORRA MUSIKA ESKOLA–

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zuzendari-irakaslearen lanpostu bat, Alesbesko Fernando Calahorra Musika Eskolan eta musika bandetan jardun dezan

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak 2022ko azaroaren 11n hartutako erabakiaren bidez, onetsi dira deialdi baten oinarriak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zuzendari-irakaslearen lanpostu bat, Alesbesko Udalaren Fernando Calahorra Musika Eskola erakunde autonomoan eta musika bandetan jardun dezan.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2022ko abenduaren 2an.–Alkate udalburua, M.ª Carmen Segura Moreno.

OINARRIAK

Lehen oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Alesbesko Fernando Calahorra Musika Eskolako zuzendari lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, araubide mugagabean eta lanaldi osoan. Haren eginkizunak izanen dira Estatutuen 10.2 artikuluan aurreikusitakoak (II. eranskina), bai eta "La Villafranquesa" musika bandan eta Txikien bandan zuzendari lanak egitea ere (III. eranskina).

1.2. Musika bandako eta Txikien bandako zuzendari gisa egin beharreko jarduerak IV. eranskinean zehazten dira.

1.3. Era berean, kontratatuak bere espezialitateko (haize edo perkusiokoa) irakaslearen eginkizunak izanen ditu Musika Eskolan.

1.4. Musika Eskolako Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluak onetsi du deialdia, estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

1.5. Lanpostua lan-kontratu mugagabearekin beteko da, eta lanaldi osoa izanen du, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako lanaldiarekin.

1.6. Urteko ordainsari gordina Nafarroako enplegatu publikoentzat urte bakoitzerako ezarritako ordainsarien B mailari dagokiona izanen da, lanaldia luzatzeagatiko %10eko osagarriarekin.

Bigarren oinarria.–Izangaien betebeharrak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Musikako goi mailako titulua izatea, haize edo perkusioko espezialitateren batekoa, edo hura lortzeko baldintzetan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen Legea), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da ez egotea epai irmo baten bidez kondenatua sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatibo baten bidez, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

3.2. Eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, deialdiaren I. eranskinean agertzen den eskabide ereduarekin batera.

3.3. Eskaerari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo identifikazioko beste agiri baliokide baten fotokopia.

b) Fotokopia, erakusten duena badaukala deialdi honen bigarren oinarriko apartatuan eskatutako titulazioa.

c) Curriculum vitaea eta izangaiak alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Tasa eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izanen da, Rural kutxako ES82 3008 0011 9107 0091 3825 kontu-zenbakian, eta honako datu hauek agertu beharko dira ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa / IFZ.

–Kontzeptua: Musika Eskolako zuzendariaren oposizio-lehiaketa.

e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.

f) Udal musika eskola bat kudeatzeko proiektua (plan pedagogikoa), 20 orrikoa gehienez, Arial 11 letra motarekin eta 1,15eko lerroartearekin.

g) "La Villafranquesa" Banda Kultur Elkartearekin garatu beharreko proiektua, gehienez ere 15 orrikoa, Arial 11 letra motarekin eta 1,15eko lerroartearekin.

3.4. Aurreko ataletan adierazitako dokumenturen bat aurkeztu ezean, izangaia kanporatu eginen da.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

Laugarren oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Patronatuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Alesbesko Udalaren web-orrian ere.

4.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egin ditzakete eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan eta, halakorik bada, haiek ebatzi ondoan, Patronatuko lehendakariak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Bosgarren oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

–Epaimahaiburua: M.ª Carmen Segura Moreno.

–Epaimahaikidea: Carlos Vigil Velasco, Azkoiengo Musika Eskolako zuzendaria.

–Epaimahaikidea: José Javier Malo Amadoz, Martzillako Musika Eskolako zuzendaria.

–Idazkaria (hitzarekin baina botorik gabe): Álvaro Marcén Echandi.

Musika Eskolako Patronatuaren Batzarreko kide guztiak joan daitezke epaimahaiaren bilkuretara; hizpidea izanen dute baina botorik ez.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Udalari hala jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Seigarren oinarria.–Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Izangaiei deialdi bakarra eginen zaie, eta deitzen diren probetara aurkezten ez direnak oposiziotik kanpo geratuko dira.

Izangaiek NANa aldean eraman beharko dute edo, halakorik ezean, pasaportea edo gidabaimena.

Epaimahaiak prozeduraren edozein unetan eskatu ahal izanen die izangaiei beren nortasuna frogatzeko.

Hautaketa prozesuak honako fase hauek izanen ditu: oposizioaldia, lehiaketaldia eta buruz buruko elkarrizketa.

6.1. Oposizioaldia (60 puntu gehienez).

Oposizioaldia lehiaketa baino lehen eginen da, eta bertan bi ariketa egin beharko dira. Baztertzailea izanen da eta gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu beharko dira bi ariketa hauetako bakoitzean:

Lehenengo ariketa.–Nahitaezkoa (gehienez 30 puntu).

Udal musika eskola bat kudeatzeko proiektu bat (plan pedagogikoa) aurkeztu eta defendatuko du izangaiak; eskaintzen den plazarenaren antzekoa izanen da eskola hori.

Gehienez ere 20 minutu izanen ditu hura aurkezteko, eta epaimahaiak egokitzat jotzen dituen galderak egin ditzake.

Honako hauek baloratuko dira:

–Lortu nahi diren helburuak eta xedeak.

–Eskola dinamizatzeko jarduerak.

–Eskolan eskainiko liratekeen jarduerak, taldeak eta jarduera-eremuak (udalerriaren errealitatera egokituta).

–Garatzen diren prozesuak eta jarduerak hobetzeko neurriak.

–Udal musika-eskola bateko lanaren errealitatea ezagutzea.

–Alesbesko udalerriaren ezagutza: kultura, ekonomia, gizartea eta lana.

–Udal musika-eskola bateko irakasleen eta zuzendaritzaren erantzukizunak eta eginkizunak.

–Izangaiek musika-eskola baten jarduerari buruz egokitzat jotzen dituzten beste alderdi batzuk, epaimahaiak halakotzat baloratzen dituenak.

–Dirulaguntzen kontrola eta kudeaketa.

Aurkezpenerako, gehienez orrialde bateko gidoia erabil dezake.

Bigarren ariketa.–Nahitaezkoa (gehienez 30 puntu).

Hautagaiak "La Villafranquesa" Banda Kultur Elkartean garatu beharreko proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du.

Gehienez ere 20 minutu izanen ditu hura aurkezteko, eta epaimahaiak egokitzat jotzen dituen galderak egin ditzake.

Honako hauek baloratuko dira:

–Elkartearen antolaketa eta funtzionamendua.

–Lortu nahi diren helburuak eta xedeak.

–Elkartea dinamizatzeko jarduerak.

–Garatzen diren prozesuak eta jarduerak hobetzeko neurriak.

–Musika banda bateko lanaren errealitatea ezagutzea.

–Alesbesko udalerriaren ezagutza: kultura, ekonomia, gizartea eta lana.

–Musika banda bateko zuzendariaren erantzukizunak eta eginkizunak.

–Jarduera, egoera ezberdinetan.

Aurkezpenerako, gehienez orrialde bateko gidoia erabil dezake.

6.2. Lehiaketaldia (30 puntu gehienez).

Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean.

Merezimendu konputagarriak:

–Akademikoak (5 puntu gehienez)

–Irakaskuntzako gaitasun agiria (IGA): 2 puntu.

–Prestakuntza-ikastaroak, deitutako lanpostuarekin zerikusia dutenak, espezialitatekoak, musika-eskolen antolaketari eta teknologia berriei buruzkoak: 3 puntu, gehienez (0,02 ikastaroko ordu bakoitzeko).

Lanbide-esperientzia (25 puntu gehienez)

–Edozein administrazio publikotan edo erakunde pribatutan egindako zerbitzuengatik, musika eskolako zuzendariaren kategoriako lanpostu batean: 1 puntu, ikasturte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 7 puntu. Esperientzia frogatzeko, eskolak berak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ziurtagiri horretan jaso beharko da lanean egindako denbora.

–Musika eskoletan edo kontserbatorioetan irakasle lanetan izandako esperientzia: gehienez 4 puntu, 0,15 puntu lanean emandako ikasturte oso bakoitzeko. Esperientzia frogatzeko, eskolak berak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ziurtagiri horretan jaso beharko da lanean egindako denbora.

–Edozein udal bandatan edo musika elkarte edo bandatan egindako zerbitzuak, zuzendaritza lanak egiten: puntu 1 lan egindako urte oso bakoitzeko, gehienez ere 14 puntu. Esperientzia frogatzeko, Udalak, elkarteak edo bandak berak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ziurtagiri horretan jaso beharko da lanean egindako denbora.

6.3. Elkarrizketa epaimahaiarekin (10 puntu gehienez).

Oposizioaldia eta lehiaketaldia amaitu ondoren, izangaiek lortutako puntuazioa argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta epaimahaiarekin elkarrizketatzeko deia eginen da.

Zazpigarren oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda, agirien aurkezpena eta kontratazio-proposamena.

7.1. Oposizio-lehiaketaren prozesua bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, izangai bakoitzak oposizio-lehiaketako ariketetan lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta, Udal Patronatuari igorriko dio, dagokion izendapena egin dezan, hala badagokio.

7.2. Behin jasota aurreko apartatuan aipatutako jakinarazpena, epaimahaiak kontratazio-proposamena eginen du, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Alesbesko Udaleko Idazkaritzan:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana, edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoen zerbitzuetatik.

c) Titulazioa, jatorrizkoa, 2.1.c) apartatuan adierazitakoaren arabera.

7.4. Aipatutako epearen barrenean, eta salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da gauzatu lan-kontratua, eta jarduketa guztiek galduko dute balioa, galarazi gabe izan daitekeen erantzukizuna hasierako eskaerako faltsukeriagatik.

7.5. Aurreko apartatuan eta 1.4 apartatuan aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

Zortzigarren oinarria.–Izendapena eta kontratazioa.

Udal Patronatuko lehendakariak formalizatuko du kontratua, baldintza-agirian ezarritako baldintzetan.

Bederatzigarren oinarria.–Errekurtsoak.

9.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Patronatuko lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

9.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide orria (DOC).

II. ERANSKINA

10.2. artikulua. Estatutuak

Musika Eskolako zuzendariaren eginkizunak dira Patronatua zuzentzea, kudeatzea eta haren ordezkari administratiboa izatea. Horiek aurrera eramateko, bada, eskumen hauek ditu:

a) Patronatuaren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak diren jarduerak programatzea, zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea.

b) Erabakiak hartzea Zuzendaritza Kontseiluak edo lehendakariak espresuki agintzen dizkioten alderdien gainean.

c) Patronatua zuzentzea eta administratzea, eta lan horien berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari aldian aldian eta lehendakariari modu jarraituan.

d) Zuzendaritza Kontseiluak eta lehendakariak hartzen dituzten erabakiak betearaztea.

e) Patronatuko Zuzendaritza Kontseiluak agintzen dizkion gainerakoak.

f) Herriko banden zuzendaritza: La Villafranquesa banda eta Txikien banda.

III. ERANSKINA

Musika bandako eta Txikien bandako zuzendariaren eginkizunak

Eginkizun nagusiak:

–Herritarrei edo gainerako langileei informazioa eta arreta ematea, dagokionaren arabera, bere eskumeneko alderdiak ebazteko.

–Erabilitako erremintak, materiala eta makineria zaintzea eta mantentzea.

–Jarduerak aurreikusitako epean eta kalitatearekin betetzea.

–Bere lanaldiaren barruan, lan-bilera guztietara joatea, deitzen zaionean. (Udala, Bandako Batzarra, Nafarroako Banden Federazioa, herriko kultura-erakundeak)

–Bere kudeaketa-eremuan eta erantzukizun profesionalean sortzen diren arazo guztiak konpontzen saiatzea, eta bere nagusiari gertatutako gorabeheren berri ematea.

–Bere lanpostuari ez dagozkion zereginak edo erantzukizunak betetzea, betiere bere sailkapenari, graduari edo kategoriari egokitzen bazaizkio eta zerbitzuaren beharrek hala justifikatzen badute.

–Arauak eta prozedurak betetzea honako arlo hauetan: laneko arriskuen prebentzioa, datu pertsonalen babesa, gardentasuna eta informazio publikorako sarbidea, eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko segurtasun-politikak.

–Legez edo erregelamenduz ezarritako eginkizun guztiak betetzea.

–Zerbitzua edo erakundea ordezkatzea.

Berariazko eginkizunak:

–Musika Bandako jarduera tekniko-musikalak zuzendu eta koordinatzea.

–Entseguak programatzea, baita interpretatu beharreko obrak edo partiturak ere.

–Musika obren konponketak eta transkripzioak egitea, Musika Bandak interpreta ditzan, hala behar denean.

–Egokitzat jotzen dituen jarduketak eta jarduerak proposatzea, musikaren ezagutza eta zabalkundea bultzatzeko, Musika Bandaren bidez.

–Funtzionamendu egokia eta etengabeko prestakuntza bermatzea, bai Musika bandako bai Txikien bandako kideei dagokienez.

–Ikaslearen talentu eta bokazio bereziak hala gomendatzen duenean, irakaskuntza profesionalera bideratzea.

–Banden kudeaketa eta zuzendaritza artistikoaz arduratzea.

–Urtero berrikustea Musika bandaren instrumentuen eta gainerako tresnen inbentarioa.

–Urtero Musika bandaren beharren azterketa bat egitea, gastuen eta diru-sarreren aurreikuspena jasota.

–Bere eskura jarritako baliabide teknologikoak aplikatzea izapidetze eta kudeaketa lanari, errazteko sarbidea eta izapidetze elektronikoa.

IV. ERANSKINA

Banden zuzendaritzako jarduerak

1.–"La Villafranquesa" bandaren zuzendaria.

1.1. Entseguak: 40 entsegu (ostiraletan, 20:30etik 23:30era).

1.2. Entseguen prestaketa.

1.3. Bandaren administrazioa: 2 ordu astean - 110 ordu urtean.

1.4. Emanaldien zuzendaritza (2 ordu emanaldiko):

–Errege eguna.

–Hileta-martxen kontzertua (Ostegun Santua edo Aste Santu aurreko igandea).

–Ostiral Santua.

–Pazko Igandea.

–Corpus eguna.

–Gazteriaren festak: 4 egun, egunean 2 ordu.

–Musikaren Eguna (ekaineko lehen larunbata).

–16 igande ekainetik irailera, egunean 2 ordu.

–Udalaren eguna.

–Atariko Ama Birjinaren prozesioa (abuztuaren 30a eta irailaren 8a).

–Emanaldiak herriko festetan eta beste 12 ordu egunean jaiegun bakoitzeko, gutxienez 8 egun (96 ordu).

–Nafarroaren eguna.

–Eguberrietako kalejira (abenduaren 24a).

–Eguberriko kontzertua (abenduaren 25a).

–Kotilloia (abenduaren 30a).

1.5. Ordezkaritza (Patronatuko Batzarra, Udalak, elkarteak): 52 ordu urtean.

2.–Txikien bandako zuzendaritza:

2.1. Entseguak, materialak, kontzertuak, etab.: 2 ordu astean: 104 ordu urtean:

–Eguberrietako kalejira (abenduaren 24a).

–Musikaren egunean parte hartzea. (Ekaineko lehen igandea).

–Hiruhileko bakoitzean kontzertu bat. (Eskola-egutegia).

Iragarkiaren kodea: L2216711