261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbizuarengatiko tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantza. Behin betiko onestea

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2022ko urriaren 20an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eskualdeko hiri-garraioaren zerbitzua emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantza aldatzea.

Onespenaren erabakia 215. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko urriaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsita gelditu da aldaketa hori eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 20an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN ZERBITZUARENGATIKO TRIBUTU IZAERA EZ DUTEN ONDARE-PRESTAZIO PUBLIKOAK ARAUTZEKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen hamabigarren azken xedapenak Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina aldatzen du, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, 20. artikuluan 6. atal edo idatz-zati berria gehituta, modu honetan:

«6. Artikulu honetako 4. atalak erreferentzia egiten dien zerbitzu publikoak emateagatik jasotzen diren kontraprestazio ekonomikoak -emate hori zuzenean eginda, pertsonifikazio pribatuaren bidez edo zeharkako kudeaketaren bidez-, nahitaez ezarritakoak, tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikotzat joko dira, Konstituzioaren 31.3 artikuluan jasota dagoenaren arabera.

Zehazki, halakotzat joko dira obrak ustiatzeagatik edo zerbitzuak emateagatik exijitutakoak, kontzesio-erregimenean, ekonomia mistoko sozietateak, enpresa-erakunde publikoak, kapitala osorik publikoa duten sozietateak eta Zuzenbide pribatuko gainerako formulak.

Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 103. artikuluan ezarrita dagoena alde batera utzirik, atal honek aipamena egiten dien kontraprestazio ekonomikoak ordenantza bidez arautuko dira. Ordenantza hori onartzeko prozeduran, tokiko erakundeek arauzko txostena eskatuko diete ordenamendu juridikoak haien gaineko esku-hartze ahalmenen bat egozten dien erakunde publikoei».

Hori dela-eta, tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoen ordenantza berria onartzea planteatu zen, hiri-garraioaren zerbitzua emateagatiko tarifa guztiak hartuko dituena, barnean sartuta bertan sozial esaten zaienen eta gainerakoen arautzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan jasota dagoenaren arabera, lege edo erregelamendu baten proiektua edo aurreproiektua egin aurretik, herri-kontsulta bideratu zen Mankomunitatearen web atariaren bidez.

Beste alde batetik, Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legea aldatzen duen ekainaren 18ko 11/2014 Foru Legearen xedapen gehigarriaren arabera, Iruñerriko Mankomunitateak Eskualdeko Hiri Garraiorako bonu sozial baten proposamena egiteko beharra ezartzen da, Gizarteratzeko Errentaren taulak erreferentzia dituena. Ordenantza honek tarifa sozialari eusten dio, orain berezia (F tarifa). Hartan sartzen dira oinarrizko beharrei erantzuteko baliabide ekonomikorik ez duten etxebizitzak eta, horrenbestez, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonek eratutakoak. Halakotzat hartzen dira errenta bermatuaren, bizitzeko gutxieneko errentaren edo kotizazio gabeko erretiro-pentsioen kenkariaren zenbatekoaren ordainketa aurreratuaren onuradunak direnak, edo nazioarteko babeserako harrerako eta arreta humanitarioko programen eskatzaileak edo onuradunak direnak, eta talde horien barnean sartzen dira familia-unitatearen edo unitate jasotzailearen kide guztiak. Gainera, aldi baterako berariazko araudi batek araututako nazioarteko babeserako hipotesi bat izatean, Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioaren arreta humanitarioko eta nazioarteko babeserako harrerako programetatik desberdina, berariaz sartu behar dira agindu hauetan aurreikusitako aldi baterako babeserako eskatzaileak: PCM/169/2022 Agindua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez garatzen baita Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonen aldi baterako babesa aitortzeko prozedura, eta PCM/170/2022 Agindua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez kaleratzen baita Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 8ko Akordioa. Akordio horrek luzatu egiten du 2022/382 (EB) Betearazpen Erabakia betez, 2022ko martxoaren 4ko Kontseiluarena, emandako aldi baterako babesa Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonentzat, Espainian babesa aurki dezaketenentzat.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea hiri-garraio kolektiboko zerbitzu publikoa da, Mankomunitateak ematen diena bere eskumeneko eremuan II. tituluan araututako garraio-titulu baliodunak eskuratzearen bidez eskatzen duten pertsonei.

2. artikulua. Ordaintzera behartuta dauden pertsonak.

Ordaintzera behartuta egongo dira 5 urteko edo gehiagoko pertsona fisikoak edo juridikoak, garraio-titulua eskatzen dutenak.

3. artikulua. Sortzapena.

Ondare-prestazioak eskatzeko unean sortuko dira.

4. artikulua. Ordainarazpena.

Ondare-prestazioak sortzeko unean ordainaraziko dira.

5. artikulua. Diru-bilketa.

Ondare-prestazioak sortzeko unean ordainduko dira.

6. artikulua. Ordaintzeko era.

1. Garraio-titulu desberdinak eta indarrean dauden tarifak erabiltzeko, Iruñerriko Mankomunitateak tiketak jarriko ditu erabiltzaileen esku eskudirutan, EMV banku-txartelarekin eta gailu mugikorrekin ordaintzeko, eta garraio-txartela, txanpon-tituluak eta aldi baterako tituluak eskuratzeko.

2. Tiketak eta txanpon-tituluak ordaintzea gidariaren aurrean egingo da, bitarteko hauen bidez:

a) Eskudirutan. Kasu horretan, ez da onartuko gidariari 20 eurotik gora ematea.

b) Garraio-txartela erabilita, helburu horretarako ezarritako makinan balidazioa eta zorduntzea eginda.

c) EMV banku-txartela erabilita, helburu horretarako ezarritako makinan balidazioa eta zorduntzea eginda.

d) Gailu mugikor bateko aplikazioa erabilita, bide telematikoen bidez tiket arrunta erosteko bidea ematen duena, eta balidazioa QR kodearen bidez helburu horretarako ezarritako makinetan.

e) NFC teknologia erabilita, erabiltzaileen gailu mugikor batzuetan erabilgarri dagoena, teknologia hori nahiko heldu dagoenean helburu horretarako makinetan bidaia ordaindu eta balidazioa egiteko.

f) Sustapen-bale bat emanda, egokia bada, sustapen-tituluak eskuratzeko. Sustapen-bale hori paperezko formatuan egon daiteke, edo QR kode batean, paper batean inprimatuta edo gailu mugikor batean ikusgai.

3. Aldi baterako tituluak kargatzeko sareko salmenta-guneetan ordainduko dira, bai presentzialki eta bai birtualki ere (mugikorra, telematikoki...).

7. artikulua. Tarifak.

Aplika daitezkeen tarifak ordenantza honetako eranskinean ezarrita daudenak dira.

II. TITULUA

Garraio-Tituluak

8. artikulua. Garraio-tituluen motak

Onartzekoak diren garraio-tituluak hauek dira:

a) Tiketak: eskudirutan, EMV banku-txartelarekin edo gailu mugikor batekin ordaintzen zaizkionak gidariari.

b) Txanpon-tituluak: garraio-txartelean aurretik diru-saldoa kargatzea eskatzen dutenak eta bidaia bakoitzeko ezarrita dagoen prezioan ondoz ondoko bidaiak egiteko aukera ematen dutenak, saldo hori ahitu bitartean. Diru-zorro horretako saldoaren bidez, ordenantza honetako IV. tituluan arautzen denaren arabera, txanpon-titulu desberdinetarako dauden tarifa-mota desberdinak ordaindu ahal izango dira: orokorra, berezia, egunekoa, gauekoa eta linea-aldaketa.

c) Aldi baterako tituluak: ezarritako prezioan titulu horiek eskuratzeak denbora-aldi jakin batean zerbitzuan nahi adina bidaia egiteko eskubidea ematen duenak. Mota honetako tituluak garraio-txartel pertsonalizatuetan baino ezin dira kargatu. Aldi baterako tituluetarako tarifa-mota desberdinak daude, ordenantza honetako V. tituluan arautzen denaren arabera: orokorra eta berezia.

d) Sustapen-tituluak: sustapen-baleak ematearen bidez, dela paperezko formatuan egonda, dela QR kode batean egonda, paper batean inprimatuta edo gailu mugikor batean ikusgai, administrazio titularraren eta beste administrazio publiko batzuen artean garraio publikoa sustatzeko lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzen arabera bidaiak egiteko bidea ematen dutenak.

9. artikulua. Erabiltzaileek garraio-titulua gordetzea.

Erabiltzaileak behartuta daude bidaiaren titulu balioduna gordetzera, hondatu gabe eta kontrolatzeko moduko baldintzetan, ibilgailuan dauden bitartean. Halaber, garraioko ikuskaritzaren eta/edo enpresa kontzesioduneko langileen aurrean, hala egiteko eskatzen bazaie, titulua ordaindu izana egiaztatu beharko dute, dela paperezko tiketaren bidez, eskudirutan ordaindu bada, dela EMV banku-txartelaren bidez, dela gailu mugikorraren bidez, dela sustapen-tituluaren bidez (paperezko formatuan egonda edo QR kode batean egonda, paper batean inprimatuta edo gailu mugikor batean ikusgai), dela garraio-txartel baliodunaren bidez, txartel hori erabilita ordaindu bada bidaia.

Erabiltzaileak EMV banku-txartelarekin ordaindu badu, egindako bidaia ordaindu eta balioduntzea justifikatzen duen paperezko tiket bat eska dezake, edo gidariari, balidazioaren unean bertan, edo geroago Mankomunitatearen Bezeroen Arretarako Bulegoan. Edonola ere, bidaiaren titulu balioduna egiaztatzeko, nahikoa da ordainketa egiteko erabili den EMV banku-txartela aurkeztea. Banku-txartel horren zenbakia ez bada irakurgarria, bitarteko elektronikoen bidez irakurri ahal izango da.

Era berean, QR formatuko (edo paperekoa edo gailu mugikorrekoa) sustapen-titulu batekin ordaindu badu bidaia erabiltzaileak, egindako bidaia ordaindu eta balioduntzea justifikatzen duen paperezko tiket bat eska dezake, edo gidariari, balidazioaren unean bertan, edo geroago Mankomunitatearen Bezeroen Arretarako Bulegoan. Edonola ere, bidaiaren titulu balioduna egiaztatzeko, nahikoa da QR kodea erakustea, paperezko formatuan edo gailu mugikorrean.

Pertsona batek baino gehiagok erabiliz gero txartel bera, autobusetik aterako den azken pertsonak gorde beharko du garraio-txartel hori. Gainerako ordaintzeko moduetarako (EMV banku-txartela, gailu mugikorrak, sustapen-tiketa...): pertsona baten baino gehiagoren bidaia ordaintzeko erabiltzen bada eta ez badira denak geraleku berberean jaisten, egindako bidaia balioduntzea justifikatzen duen paperezko tiket bat eskatu beharko dute, eta bidaia amaitu arte eduki beharko dute.

III. TITULUA

Tarifa berezien onuradun izateko baldintzak

10. artikulua. Tarifa berezien onuradunak.

Tarifa berezien onuradun izateko, jarraian zehazten diren bost mota hauetako baten bati dagozkion baldintzak bete beharko dira:

1. B mota: 65 urte edo gehiago izatea.

2. C mota: Familia ugariei buruzko 20/2003 Foru Legearen 3. artikuluan edo Estatuko beste edozein autonomia erkidegotan indarrean dagoen kideko araudi batean exijitzen diren baldintzak betetzen dituen familia ugari bateko kide izatea, eta lege horiek ezartzen duten titulu ofiziala edukitzea.

3. E mota: Ezintasun absolutua, baliaezintasun handia edo %65eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren kalifikazioa aitortua izatea. Ordenantza hau aplikatzearen eraginetarako, ulertuko da %65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak direla judizialki ezgai jo dituzten pertsonak.

4. F mota: Familia-unitate bateko kide izatea.

a) Errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren onuraduna dena.

b) Kotizazio gabeko erretiro-pentsioen kenkariaren zenbatekoaren ordainketa aurreratuaren onuraduna dena, Pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren Foru Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68. bis artikuluan araututa daudenak, eta bai 110/2017 Foru Dekretuan, abenduaren 13koan, kenkari horien ordainketa aurreratua arautzen duenean, edo, baliogabetuz gero, haiek ordezten dituen araudian.

c) Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioaren arreta humanitarioko eta nazioarteko babeserako harrerako programen eskatzailea edo onuraduna dena. Kasu honen barnean daude agindu hauetan aurreikusitako aldi baterako babeserako eskatzaileak: PCM/169/2022 Agindua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez garatzen baita Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonen aldi baterako babesa aitortzeko prozedura, eta PCM/170/2022 Agindua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez kaleratzen baita Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 8ko Akordioa. Akordio horrek luzatu egiten du 2022/382 (EB) Betearazpen Erabakia betez, 2022ko martxoaren 4ko Kontseiluarena, emandako aldi baterako babesa Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonentzat, Espainian babesa aurki dezaketenentzat.

5. J mota: 30 urte bitartean izatea, 30ak barne.

11. artikulua. Onuradun-izaera egiaztatzea

Kontuan hartutako talde horietakoren batekoa izatea egiaztatzea eta, horrenbestez, erabiltzaileak eskubidea duen eta Iruñerriko Hiri Garraioko zerbitzuan dagokion tarifa ordaintzea berariazko garraio-txartel baten bidez egingo da. Txartelean, hain zuzen, dagokion mota agertuko da.

Aurrekoa gorabehera, onuradun izateko baldintzak betetzeari uzten zaionean, txartela autobusean erabiltzen jarraitu ahal izango da, diru-zorroko saldoa ahitu arte, baina ezin izango da berriro kargatu.

IV. TITULUA

Txanpon-tituluak arautzea

12. artikulua. –Erabilera eta tarifa-motak.

1. Txanpon-titulu bat eskuratzeak eskatzen du garraio-txartelean diru-saldo bat kargatzea aurretik, gehienez ere 30 eurokoa, eta horrek ahalbidetzen du ondoz ondoko bidaiak egitea, bidaia bakoitzeko ezarrita dagoen prezio batean, saldo hori ahitu arte.

2. Tarifa desberdinak daude txanpon-tituluetarako, ordenantza honetako III. tituluan finkatuta dauden baldintzak beteta erabiltzaileak txartel pertsonalizatu berezia lortu izanaren arabera:

a) Tarifa orokorra.

b) Tarifa berezia.

Era berean, aurreko kasu horiei beste tarifa-mota batzuk aplikatzen zaizkie, erabilitako garraio-zerbitzuaren ezaugarrien arabera:

a) Eguneko tarifa: eguneko zerbitzua erabiltzen denean, eguneko lineek eratutakoa, eta bai sanferminetan 06:00 eta 00:00 artean emandako zerbitzua ere.

b) Gaueko tarifa: gaueko zerbitzua erabiltzen denean, gaueko lineek eratutakoa, eta bai sanferminetan 00:00 eta 06:00 artean emandako zerbitzua ere.

Beste alde batetik, garraio-linea desberdinetan zenbait etapa dituzten bidaietarako, linea-aldaketako tarifa-mota bat dago, mota horretako lekualdatzeak errazteko xedearekin aplikatzen dena.

3. Garraio-txartelek ahalbidetuko dute zerbitzuaren tarifak ordaintzea alboko edo pertsona laguntzaileei txanpon-tituluen bidez, multibalidazioa eginez 5 minutuko epean lehen aldiz erabili denetik. Garraio-txartel pertsonalizatu berezia erabiltzen bada, albokoei edo pertsona laguntzaileei tarifa orokorreko (egunekoa edo gauekoa) txanpon-titulua aplikatuko zaie, E motako txartel pertsonalizatu berezien kasuan izan ezik, kasu horretan lehen laguntzaileari E tarifa bera aplikatuko baitzaio eta gainerakoei txanpon-tituluko tarifa orokorra (egunekoa edo gauekoa).

13. artikulua. Linea-aldaketa.

Garraio-txartela erabiltzen duten bidaiariei linea-aldaketako tarifa aplikatuko zaie, baldintza hauek betetzen badira:

a) 45 minutu baino gutxiago igaro badira lehen aldiz erabili denetik eta lehen bidaian erabilitako linea ez den beste batean erabiltzen bada. Denbora-tarte horretan, gehienez ere, 2 linea-aldaketa egin ahal izango dira aipatutako baldintza horietan.

b) Multibalidazioa egin bada, albokoen edo pertsona laguntzaileen bidaia horietarako linea-aldaketa baldintzak multibalidazio-eragiketa ekarri zuen lehen erabilerarako izandako baldintza berberak izango dira.

14. artikulua. Diru-zorroa kargatzea.

Txanpon-tituluak eskuratzea gaitzen duen diru-zorroa kargatzea kargatzeko sarea osatzen duten establezimenduetan egingo da, helburu horretarako garatu den garraio-txartelak kargatzeko aplikazio mugikorrean, bide telematikoaren bidez ordaintzen den eta autobusera igotzean txartelean grabatzen den birkarga baten bidez edo Iruñerriko Mankomunitateak etorkizunean ezartzen dituen beste bide batzuetan.

15. artikulua. Saldoa kontsultatzea.

Garraio-txartelean dagoen saldoa autobusetan txarteletarako dauden makinetan, kargatzeko sareko establezimenduetan, EHGko txartelak kargatzeko aplikazio mugikorrean kontsultatu ahal izango da, edo helburu horretarako etorkizunean egokitzen diren beste gailu edo bide batzuetan.

16. artikulua. –Saldoa galtzea

1. Txartel baten saldoak automatikoki galduko du bere balioa kasu hauetan:

a) Txartela iraungitzen bada, ordenantza honetan araututakoaren arabera.

b) Txartel izengabe bat galtzen bada edo lapurtzen badute.

2. Komenigarri jotzen duenean, saldo horiek berreskuratzeko prozedura bat gauzatu ahal izango du Mankomunitateak.

V. TITULUA

Aldi baterako tituluak arautzea

17. artikulua. Erabilera eta tarifa-motak

1. Aldi baterako titulu bat eskuratzeak ondoz ondoko 30 egun naturaleko epe batean zerbitzuan bidaia kopuru mugagabea egiteko eskubidea ematen dio garraio-txartelaren titularrari. Titulu-mota hau garraio-txartel pertsonalizatuetan baino ezin da kargatu. Autobusean lehen aldiz erabiltzen denetik aurrera hasiko da zenbatzen epe hori. Lehen erabilera hori aldi baterako titulua erosi zen egunaren ondoren 7 egun natural igaro aurretik egin beharko da. Ez bada hala egiten, erosi denetik 7 egunetara hasiko da zenbatzen aldi baterako tituluaren baliozkotasuna.

2. Tarifa desberdinak daude aldi baterako tituluetarako, erabiltzaileak ordenantza honetako III. tituluan finkatuta dauden baldintzak betetzen dituen edo ez kontuan hartuta:

a) Tarifa orokorra: prezio orokorra aplikatzen da, ez baditu betetzen.

b) Tarifa berezia: prezio hobariduna aplikatzen da, betetzen baditu.

18. artikulua. Garraio-txartelaren bateragarritasuna aldi baterako tituluarekin eta beste erabilera batzuk.

1. Aldi baterako tituluak eskuratzeko pertsonalizatutako garraio-txartelek tarifa orokorreko (egunekoa eta gauekoa) eta linea-aldaketako tarifako txanpon-tituluak ordaintzeko bidea ere emango diote titularrari, erabiltzaileei aplikatuko zaizkienak ez dutenean aldi baterako inolako titulu baliodunik.

2. Aldi baterako titulua eskuratuta duten garraio-txartel pertsonalizatuek ahalbidetuko diote txartelaren titularrari zerbitzuaren tarifak ordaintzea alboko edo pertsona laguntzaileei txanpon-tituluen bidez, multibalidazioa eginez 5 minutuko epean lehen aldiz erabili denetik. Kasu horretan, albokoei edo pertsona laguntzaileei aplikatuko zaien prezioa izango da tarifa orokorreko (egunekoa edo gauekoa) txanpon-titulua, E motako txartel pertsonalizatu berezien kasuan izan ezik, kasu horretan lehen laguntzaileari E tarifa bera aplikatuko baitzaio eta gainerakoei txanpon-tituluko tarifa orokorra (egunekoa edo gauekoa).

19. artikulua. Aldi baterako titulua kargatzea.

Aldi baterako titulua kargatzea kargatzeko sarea osatzen duten establezimenduetan egingo da, helburu horretarako garatu den garraio-txartelak kargatzeko aplikazio mugikorrean, bide telematikoaren bidez ordaintzen den eta autobusera igotzean txartelean grabatzen den birkarga baten bidez edo Iruñerriko Mankomunitateak etorkizunean ezartzen dituen beste bide batzuetan.

Erabiltzen ari den aldi baterako titulua duen garraio-txartel batean, erreserbako beste titulu gehigarri bat eskuratu ahal izango da, ezaugarri berberekin, erabiltzen ari den titulu horren baliozkotasun-epeko azken 7 egun naturalen barnean. Behin amaitu denean erabiltzen ari den tituluaren epea, erreserbako tituluaren baliozkotasun-epea egiten den lehen erabileratik aurrera hasiko da zenbatzen, edo, ez bada halakorik egiten, aurretik erabiltzen ari zen tituluaren epea amaitu eta handik aurrerako 7 egun naturalen buruan.

20. artikulua. Aldi baterako tituluen kontsulta.

Aldi baterako tituluen baliozkotasun-epea autobusetan txarteletarako dauden makinetan, kargatzeko sareko establezimenduetan, EHGko txartelak kargatzeko aplikazio mugikorrean kontsultatu ahal izango da, edo helburu horretarako etorkizunean egokitzen diren beste gailu batzuetan.

21. artikulua. Tarifak aldatzea.

Aldi baterako titulu baterako tarifa berri batek indarra hartzen duenean, tarifa zaharrean eskuratutako tituluak erabili ahal izango dira indarra galdu arte.

VI. TITULUA

Garraio-Txartelak

22. artikulua. Txartel-motak.

1. Garraio-txartelen mota hauek daude:

a) Garraio txartel izengabea: txartelak ez du titularrik, eta, horrenbestez, hainbat pertsonak erabil dezakete txartel bera. Tarifa orokorreko (egunekoa eta gauekoa) eta linea-aldaketako tarifako txanpon-tituluak ordaintzeko erabil daiteke.

b) Garraio-txartel pertsonalizatu bereziak: txartelak titular bat duenean, eta haren datuak eta argazkia txartelean ageri direnean, identifikatu ahal izateko. Datuek egiaztatzen dute titularrak bakarrik erabili beharreko txartela dela, besterenezina, garraio-tarifa berezietako baten onuraduna den heinean. Tarifa orokorreko (egunekoa eta gauekoa) eta linea-aldaketako tarifako txanpon-tituluak eta tarifa orokorreko eta bereziko aldi baterako tituluak ordaintzeko erabil daiteke.

c) Garraio-txartel pertsonalizatu orokorra: garraio-txartelak titular bat duenean, eta haren datuak eta argazkia, identifikatu ahal izateko, txartelean ageri direnean. Datuek egiaztatzen dute titularrak bakarrik erabili beharreko txartela dela, besterenezina. Tarifa orokorreko (egunekoa eta gauekoa) eta linea-aldaketako tarifako txanpon-tituluak eta tarifa orokorreko aldi baterako tituluak ordaintzeko erabil daiteke.

2.–Mankomunitateak hitzarmenak ezarri ahal izango ditu beste erakunde eta organizazio batzuekin, hartara, Mankomunitateko garraio-txartelaren xede berberetarako beste txartel batzuen erabilera bideratzeko.

Nafarroako Foru Administrazioko herritar txartela garraio-txartel izengabe gisa dago egokituta.

Beste txartel-mota batzuei baimena eman ahal izango zaie, Mankomunitatearen estandarrak beteta, Lehendakaritzaren Ebazpenaren bidez baimenduta badaude.

23. artikulua. Garraio-txartela eskuratzea.

1. Garraio-txartel izengabea kargatzeko sarea eratzen duten establezimenduetan eskuratuko da.

2. Garraio-txartel pertsonalizatua lortzea Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du aurrez aurre bulegoetan, bitarteko elektronikoen bidez edo, zeharka, kargatzeko sarea eratzen duten establezimenduen bidez.

3. Garraio-txartel pertsonalizatua jaulkitzeko, eskatzaileak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu edo, gainerakoan, Mankomunitateari baimena eman beharko dio kontsulta egiteko, beste administrazio publiko baten eskuetan badago:

a) Eskaera egiteko formularioa, osorik beteta.

b) Duela gutxiko argazkia, koloretakoa eta NANaren argazkiko tamainakoa, edo argazkiaren fitxategi elektronikoa (behar bezala hornituta dauden establezimenduetan, argazkiaren ordez, une horretan bertan, webcam baten bidez, egindako irudia erabili ahal izango da).Argazkia eskatuko da txartela lehenbiziko aldiz eskatzen denean edo eguneratzeko beharrengatik.

c) Jatorrizko nortasun-agiria eta haren kopia edo fitxategi elektronikoa (NANa, bizileku-txartela, pasaportea edo gidabaimena, eta familia-liburua ez bada nahitaezkoa NANa edukitzea).

4. Txartel pertsonalizatu berezien kasuan, gainera, egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da (jatorrizkoa eta kopia), dagokion motaren arabera, edo kontsulta egiteko baimena eman beharko zaio Mankomunitateari, beste administrazio publiko baten eskuetan badago:

a) B mota: ez da dokumentu gehigarririk behar.

b) C mota: familia ugariaren txartela (kasu honetan, ez da beharrezkoa NANa edo familia-liburua aurkeztea).

c) E mota: adierazpenaren edo kalifikazioaren egiaztagiria. Txartel hau aurrez aurre egin behar da Mankomunitateko bulegoetan edo bitarteko telematikoen bidez.

d) F mota: kasuaren arabera:

i) Errenta bermatuaren, bizitzeko gutxieneko errentaren edo kotizazio gabeko erretiro-pentsioen kenkariaren zenbatekoaren ordainketa aurreratuaren onuraduna dela egiaztatzen duten agiriak, Pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren Foru Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68. bis artikuluan araututa daudenak, eta bai 110/2017 Foru Dekretuan, abenduaren 13koan, kenkari horien ordainketa aurreratua arautzen duenean, edo, baliogabetuz gero, haiek ordezten dituen araudian onuraduna dena.

ii) Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioaren arreta humanitarioko eta nazioarteko babeserako harrerako programen eskatzailea edo onuraduna dela egiaztatzen duten agiriak.

iii) Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonen kasuan, babesa Espainian aurkitu dutenen kasuan, aldi baterako babeserako dagokien eskaera, eta, baliabide eskasia egiaztatzeko, baliabiderik ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena.

Kasu guztietan, aurreko laguntza horiek jasotzen dituen familia-unitate bereko kideek egiaztatu beharko dute prestazioaren onuradun den pertsonaren unitate jasotzaile horretako kideak direla.

a) J mota: ez da dokumentu gehigarririk behar.

5. Dokumentuak Mankomunitateko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu beharko dira, edo kargatzeko sarean dauden establezimenduen bidez, edo telematikoki, eskatutako tarifa bereziaren arabera. Edonola ere, garraio-txartel berezia jaulkitzeko beharrezkoak diren dokumentuak Iruñerriko Mankomunitatearen eskuetan badaude jada, eskatzailea salbuetsita egongo da aurkezteaz.

6.Txartela zuzenean ematen zaionean onuradunari, gainera, aktibatu egingo da. Txartela aktibatzeak berekin ekarriko du gutxieneko karga egin behar izatea nahitaez.

24. artikulua. Txartelak ematea.

Mankomunitateko garraio-txartela ematea erabiltzaileei postaz egin ahal izango da edo kargatzeko sareko kide diren establezimenduetako edozeinen bitartez, helburu horretarako egokituta dagoena. Txartela aktibatzea aurreneko karga bat egitearen mende egongo da, eta bai, halakorik badago, dagokion tasa ordaintzearen mende ere.

25. artikulua. Txartelak saltzeko, pertsonalizatzeko eta kargatzeko sarea.

Mankomunitateak establezimenduen sare bat jarriko du garraioaren erabiltzaileen esku, nahiko ugaria, garraio-txartelak eman eta pertsonalizatzeko, garraio-tituluak haietan saldu eta kargatzeko, eta gerta litezkeen gorabeherak konpondu eta informazioa emateko.

Halaber, Mankomunitateak informazioa emango du, egokiak diren bitartekoen bidez, bai saltzeko, pertsonalizatzeko eta kargatzeko sarekoak diren establezimenduen kokalekuaren gainean, bai eta une bakoitzean haren funtzionamendua arautzen duten arauen eta berariazko baldintzen, eta garraio-txartelaren beraren kudeaketarekin lotutako operatibaren eta prozeduren gainean ere.

26. artikulua. Txartelen indarraldia.

1. Garraio-txartelak 5 urtean egongo dira indarrean, onartzen diren egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Garraio-txartelen baliozkotasuna automatikoki berrituko da beste 5 urterako, garraio-txartel mota hori emateko eskubidea ekarri zuten inguruabarrak indarrean badaude eta detektatzen bada txartela erabili dela azken urtean, dela kargatzean, dela txartela balioduntzean. Bestela gertatuz gero, iraungi egingo da bai garraio-txartela bera bai eta hari lotutako saldoa ere.

2. Garraio-txartel pertsonalizatu berezien kasuan, txartel horiek lortzeko eskubidea eman zuten inguruabarrak balio-epe laburragoko dokumentuek bermatuta baleude, C, F eta J (30 urtetik hurbil) txartelen kasuan bezala, mota horietako garraio-txartela indarrean egongo da dokumentu horiek baliozkoak izan bitartean.

Edonola ere, F motako garraio-txartelak 12 hilabeteko indarraldia izango du, ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta gero, berrikusi egingo dira txartela eskuratzeko eskubidea eman zuten inguruabarrak.

Dena den, txartela jaulkitzea ekarri zuten baldintzak galtzeak berekin ekarriko du automatikoki galtzea garraio-txartelaren baliozkotasuna. Kasu horretan, baliodunak ez diren txartelak soil-soilik erabili ahal izango dira autobusetan balioduntzeko eta saldoak ahitu bitartean. Hala ere, txartel horien saldoak erabiltzaileak une horretan indarrean dituen beste txartel batzuetara aldatu ahal izango dira.

Garraio-txartel pertsonalizatu berezia beste berri batez ordezkatu ahal izango da, gehienez, haren indarraldia amaitzeko eguna baino hilabete bat lehenago, betiere eskatzaileak hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

27. artikulua. Erabilerak.

Ezarrita dauden tarifak garraio-txartelaren bidez ordaintzea, orokorrean, autobusetan txarteletarako dauden makinetan egingo da, gidariaren ondoan kokatuta daudenetan. Salbuespena izango da gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batzuetan ibiltzen diren eta mugikortasun murriztua duten pertsonen kasua, pertsona horiek helburu horretarako autobusaren erdiko plataforman kokatuta egongo den makinan ere egiteko aukera izango baitute.

Autobus bakoitzean, txarteletarako bi makina daude gidariaren ondoan: aurrekoa edo saltzeko makina, eta atzekoa edo balioduntzeko makina. Garraio-txartel pertsonalizatuak eta garraio-txartel izengabeak bi makinetan erabil daitezke. Txartel pertsonalizatuak gidariari erakutsiko zaizkio ordaindu aurretik, hark zuzen erabiltzen ari direla identifikatzeko aukera izan dezan.

Txarteletarako hirugarren makina bat ere badago, autobusaren erdiko plataforman kokatuta dagoena. Gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batzuetan ibiltzen diren eta mugikortasun murriztua duten pertsonek baino ezin izango dute erabili makina hori balioduntzeko.

28. artikulua. –Garraio-txartel pertsonalizatuak behar ez bezala erabiltzea.

1. Garraio-txartel pertsonalizatua behar ez bezala erabiltzeak, titularra ez den beste pertsona batek, berekin ekarriko du ikuskaritzako edo enpresa kontzesioduneko langileak kentzea. Hain zuzen, kentze horren frogagiri bat emango dio erabiltzaileari eta hartan kentzearen arrazoia agertuko da.

2. Garraio-txartel pertsonalizatuaren titularrak Iruñerriko Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetara joan beharko du bila. Hori guztia alde batera utzirik titularrak izan dezakeen erantzukizun administratiboa, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.

Hilabete bat igaro bada eta ez bada bila joan, baliogabetu egingo da eta, hortaz, saldoa galduko du.

VII. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ordainbidearekin lotuta

29. artikulua. Garraioaren erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

1. Garraioaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

a) Garraioan erabiltzeko egokituta dagoen edozein ordainbide erabiltzea.

b) Garraio-txartel bat eskuratzea, egokia den tasa ordaindu eta gero.

c) Aurreikusitako eskubideak gauzatzeko onuradunak direla egiaztatzen duen garraio-txartel bat lortzea, betiere ordenantza honetan ezarritako moduan egiten bada.

d) Ordenantza honetan ezarritako tarifa murriztuak aplikatzea, betiere behar bezala identifikatuta badaude dagokion garraio-txartelaren bidez eskubide hori gauzatzeko unean, eta txartela behar bezala irakur badaiteke, bai fisikoki bai eta elektronikoki ere.

e) Garraio-txartela berriz emateko finkatuta dagoen tasa ordaintzetik salbuetsita egotea, betiere onuradunari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik egin behar bada.

2. Garraioaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Tiketa edo erabilitako garraio-txartela erakustea, EMV banku-txartela, gailu mugikorra, paperezko sustapen-titulua, QR sustapen-titulua (paperekoa edo gailu mugikorrekoa) edo egokituta dagoen eta erabili den beste edozein ordainbide, garraio-titulua jasotzen duena. Ordaintzeko erabili diren txartelek edo gailuek ez badute ikusgai beren identifikazio-zenbakia, erabiltzaileak baimena eman beharko du beste bitarteko elektroniko batzuen bidez irakurtzeko.

b) Identifikatzea, garraio-txartel pertsonalizatua erakutsita, bai erabiltzeko unean, bai eta garraio-ikuskaritzak hala eskatzen duen guztietan ere, autobusaren barnean bidaiatzen duen bitartean.

c) Garraio-txartel pertsonalizatu berezien kasuan, garraio-txartel pertsonalizatu berezia ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri ematea.

d) Garraio-txartela zaintzea, horrek Iruñerriko Hiri Garraioan erabiltzeko balio duen bitartean.

e) Garraio-txartel pertsonalizatuen kasuan, ez uztea txartela titularra ez den beste pertsona bati Hiri Garraioan sartzeko.

3. Beste betebehar batzuk:

a) Garraio-txartela mantentzea, bere baliozkotasun-aldian, eman zitzaion unean zegoen antzeko egoera batean.

b) Garraio-txartela ordeztea, hori hondatuta balego irakurgailuak/grabagailuak ezin irakurtzeko moduan, edo txartelak kanpoan dauzkan elementu identifikagarri guztiak behar bezala ez ikusteko moduan baleude.

c) Garraio-txartela ordeztea edo iraungitze-epea luzatzea, indarrean dagoena iraungitzen bada eta automatikoki berritzen ez diren txartelen kasuan.

d) Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, ziurtagiri baten bidez, garraio-txartela galdu dela edo lapurtu dutela.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

30. artikulua. Arau-hausteak.

1. Beren garrantziaren arabera, arau-hausteak arinak edo larriak izango dira, jarraian zehazten den moduan.

2. Larri moduan kalifikatuta ez dauden ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-hauste arintzat joko da.

3. Garraio-txartel baliodunik ez duten erabiltzaileak, ordenantza honetan adierazita dagoenaren arabera, 100 euroko isuna jarrita zehatuko dira. Eragin horietarako ez da balioduntzat hartuko garraio-txartel pertsonalizatua erabiltzea haren titularra ez den edozein pertsonak.

Onartuko da zehapena berehala eta borondatez ordaintzea, arau-haustea detektatu den unean, garraio-ikuskariari edo enpresa kontzesioduneko langileari emanda, eta kasu horretan zenbatekoa 50 eurokoa izango da. Ordainketari dagokion frogagiria emango zaio interesdunari. Era berean, 50 eurokoa izango da isuna hurrengo zortzi egun baliodunen barnean ordaintzen bada Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan edo Mankomunitateak eskura jarritako bitartekoen bidez.

Ordainketa ez bada berehala gauzatzen, eta aurretiazko ordainketarako epea igarotzen bada, dagokion salaketa bideratuko da egokia den zehapen-prozedura abiarazteko. Salatutako pertsonak ez badu datu pertsonalik eman nahi, ez hutsegite honetarako ez eta beste batzuetarako ere, ikuskariak edo enpresa kontzesioduneko langileak laguntza eskatu ahal izango die udaltzainei, foruzainei, segurtasun-indar eta -gorputzetako beste kide batzuei, eta beste administrazio batzuetako ikuskaritza-zerbitzuetako beste kide batzuei, eta hori jasoko du idatziz salaketan.

Artikulu honek aipatzen duen zehapena gorabehera, salatutako pertsonak bidaia jarraitzen badu, tiketa ordaindu edo dagokion garraio-titulua baliodundu beharko du, ikuskariaren edo enpresa kontzesioduneko langilearen aurrean. Ez badu hala egiten, hurrengo geralekuan jaitsi egingo da.

4. Gainera, arau-hauste larritzat joko dira egintza hauek:

a) Garraio-txartel pertsonalizatua eskatzean adierazitako datuak faltsuak izatea.

b) Garraio-txartel pertsonalizatua ematea ekarri zuen egoeran edozein aldaketa baldin bada, horren berri emateko betebeharra ez betetzea.

Edozein arau-hauste egiteak dagokion zehapen-espedientea abiaraztea ekarriko du, eta hura administrazio-prozeduraren gaineko arauei jarraituta izapidetuko da.

31. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapenak.

a) Garraio-txartel pertsonalizatuen erabiltzaileek arau-hauste arinak egiteak garraio-txartel pertsonalizatua 6 hilabete eta urte bat artean kentzea ekar lezake, kalte egin gabe erantzukizun penalak eskatzeari, arau-hausteak Iruñerriko Mankomunitateari ekarri dizkion kalte-galeren ordaina emateari eta behar ez bezala erabilitako diru-kopuruak itzultzeari.

Gainerako arau-hauste arinak, berariazko zehapenik ez dutenak 750 eurorainoko isunak jarrita zehatu ahal izango dira.

b) Garraio-txartel pertsonalizatuen erabiltzaileek arau-hauste larriak egiteak garraio-txartel pertsonalizatua urte bat baino gehiagorako eta 5 urte baino gutxiagorako kentzea ekar lezake, kalte egin gabe erantzukizun penalak eskatzeari, arau-hausteak Iruñerriko Mankomunitateari ekarri dizkion kalte-galeren ordaina emateari eta behar ez bezala erabilitako diru-kopuruak itzultzeari.

c) Garraio-txartel pertsonalizatua aldi baterako kendu bada, titularrak ezin izango du beste bat eskatu aldi horretan.

2. Mailakatzea.

Berrerortzerik bada, zigorrak beren maila gorenean ezarriko dira. Berrerortzea dago arau-hauste baten egilea ordenantza honetako beste arau-hauste batengatik zigortuta badago, eta lehenbizikoz ezarritako zigorra oraindik preskribatu ez bada. Arau-hauste arin batean eta beste bat larrian berreroriz gero, arau-hauste larrienari dagokion zigorra ezarriko da, bere maila ertainean.

3. Zehapenak murriztea:

a) Ardura duen pertsonak onartzen badu bere erantzukizuna ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu borondatez ordaintzen zehapena, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

b) Ardura duen pertsonak borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu onartzen bere erantzukizuna, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

c) Ardura duen pertsonak bere erantzukizuna onartzen badu eta borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

d) Zehapenak berekin badakar txartel pertsonalizatua kentzea, ardura duen pertsonak bere erantzukizuna onartzen badu ebazpena hartu aurretik edozein unetan, aplikatzekoa den denboraren erdira murriztuko da zehapena.

e) Edonola ere, kasu guztietan, zenbatekoa murriztu ahal izateko, ardura duen pertsonak dokumentu bat aurkeztu beharko du. Dokumentu horretan jasota egongo da administrazio bidean edozein ekintza edo helegite aurkezteari berariaz uko egiten diola.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Aldaketa hauek 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

I. ERANSKINA

TARIFA
(eurotan)

TIKETA (ESKUDIRUTAN ORDAINTZEA)

Tiket arrunta, egunekoa eta gauekoa

1,50

Tiket arrunta, berezia sanferminetarako (uztailaren 6ko 06:00etatik uztailaren 15eko 06:00etara)

1,80

SUSTAPEN-TITULUA

TXANPON-TITULUAK (garraio-txartel bidez ordaintzea)

TARIFA OROKORRAK

Eguneko tarifa orokorra

0,77

Gaueko tarifa orokorra: gaueko lineetarako eta sanferminetarako, 00:00 eta 06:00 arteko zerbitzurako, txanpon-txartel mota guztiekin

1,12

TARIFA BEREZIAK (egunekoa eta gauekoa)

B mota: 65 urtetik gorako pertsonak

0,36

C mota: familia ugariak

0,54

E mota: %65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak, ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia duten pertsonak eta alboko edo laguntzaile bat

0,36

F mota: gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak

0,19

Linea-aldaketako tarifa

0,00

ALDI BATERAKO TITULUAK (garraio-txartel bidez ordaintzea)

TARIFA OROKORRAK

30 eguneko tarifa orokorra

32,80

TARIFA BEREZIAK

30 eguneko J mota (gazteak, 30 urte arte, 30 urteak barne)

26,25

30 eguneko C mota (familia ugariak)

23,10

Iragarkiaren kodea: L2217317