261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Ordenantza, komunikazio inklusiboaren sustapena eta hizkera ez-sexistaren erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Obanosko Udalak, 2022ko irailaren 12an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza, Komunikazio inklusiboaren sustapena eta hizkera ez-sexistaren erabilera arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 6an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Obanosen, 2022ko azaroaren 29an.–Alkate udalburua, Arantxa Hernández Lacalle.

UDAL ORDENANTZA, KOMUNIKAZIO INKLUSIBOAREN SUSTAPENA ETA HIZKERA EZ-SEXISTAREN ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da, eta gizarte demokratiko orok izan behar duen balioa. Egun, emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna aitortzen duen araudi garapen zabala dugu. Nolanahi ere, berdintasun hori berdintasun erreala eta efikaza izatetik oso urrun gaude.

Esan beharra dago emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak kalte sozialak eta ekonomikoak eragiten dituela, bai eta giza mailan ere. Hortaz, nabarmentzekoa da toki administrazioak gai honen inguruan duen rola funtsezkoa dela; aldaketa sustatzeko eta alor horretako lorpenak neurtzeko xedez, politika proaktiboak sustatzeari dagokionez.

Desberdintasun horren markarik agerikoenetako bat da emakumea hizkuntzan eta komunikazioan ikusezin egotea, baita hura irudi sexistak eta baztertzaileak erabiliz irudikatzea ere. Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazo gisa identifikatu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeei buruzko lehenengo mundu-konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egiten dira behin eta berriz. Zentzu horretan, hizkera lagungarria izan daiteke aldaketa sustatzeko, eta ezagutzak eta kultura transmititzeko, baina, desberdintasuna areagotzeko tresna ere bihurtzen ahal da.

Gogoan izan behar da, zalantza izpirik egon ez dadin, hizkuntza sistema ez dela neutroa. Mintzaira ez da sortu hiztunak baino lehen. Gaur egun erabiltzen dugun zeinu sistema hau gizon eta emakumeok joan gara lantzen, sortzen eta birsortzen, komunikaziorako eta pentsamendurako. Horregatik guztiagatik, ordenantza hau onestearekin, Udalak zenbait mezuren anbiguotasuna eragotzi eta emakumearen presentzia azaleratu nahi du administrazio hizkuntzaren diskurtsoan, betiere arau gramatikalak behartu gabe, eta, horren bidez, Obanosko Udaleko administrazioko langileak gaztelaniak eta euskarak dituzten estrategia ez-sexistak erabiltzera ohitzeko ekimenari erantzun nahi zaio, eta egungo gizarteak eskatzen dituen aldaketekin sentsibilizatu.

Hori dela eta, Obanosko Udalak, ordenantza honen bitartez, modu aktiboan lagundu nahi du hizkerako eta irudietako sexismoa ezabatzen, urrats bat aurrera eginez gizarte askoz justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean. Beraz, borondate politiko eta legegile horien ondorioz, eta Obanosko Udaleko teknikari eta politikarien prestakuntza prozesuaren ondorioz, oinarri argi hauek dituen Ordenantza aurkezten da:

–Hizkera eta irudiak sexistak ez izatea jokamolde demokratikoa da,

–Emakumeek pentsamenduan lekua izateko, hizkuntzan beraien tokia izan behar dute,

–Orokorren ez da uste nahita erabiltzen denik hizkera modu sexistan, baina egitearen ondorioak berdinak dira: emakumeak ikusezinak bihurtzea,

–Aipatzen ez dena, ez da existitzen.

Araudi hau, beraz, justifikatua dago, interes orokorreko gaiari heltzen baitio, eta bere helburua lortzeko beharrezkoak diren arauak biltzen baititu, beharraren, eraginkortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraikiz.

Arau esparrua

Hona hemen komunikazio inklusiboaren esparruan eragiten duten zenbait xedapen eta arau:

–Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak azpimarratzen du, halaber, estereotipoetan oinarrituta emakumea diskriminatzen duten irudiak ez erabiltzearen garrantzia, eta 10. artikuluan dio ez dela zilegi "emakumearen irudia modu iraingarri edo diskriminatzailean erabiltzen duen publizitatea".

–Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak hizkera ez-sexista ezartzen du, botere publiko guztien jarduketarako, administrazio eremuan erabili beharreko irizpide nagusi gisa, eta dio hura sustatu behar dela harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.

–Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak honako hau dio III. tituluan: "tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta emakumeen duintasuna urratzen duten mezu berariazkoak edo esan gabekoak dituztenak ere, Estatuko oinarrizko arauetan ezarritakoarekin bat".

–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 7/2019 Foru Legeak 21. artikuluan ezartzen du ezen administrazio publikoek erabiltzen duten hizkera inklusiboa eta ez-sexista izanen dela. Nafarroako administrazio publikoek "zainduko dute transmititzen den irudia berdintasunezkoa dela, genero-rolekin loturarik gabea eta emakumeez nahiz gizonez irudi askotarikoa eskaintzen duena".

Horrez gainera, Ordenantza honekin "Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan" izenburuko dokumentuan adierazitako xedetako bat betetzen da. Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egin du ibilbidea, eta haren helburuen artean dago hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea.

Horrenbestez, eta aipatutako araudia beterik, erabaki da honako ordenantza hau onestea:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Obanosko Udalean eta haren mendeko erakunde eta enteetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza hau aplikatuko da, haiei dagokien neurrian.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Obanosko Udalaren edo haren menpeko erakunde autonomoen argitalpen, dokumentu administratibo, ordenantza, zirkular, formulario, inprimaki eta abarretan, oro har, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira.

4. artikulua. Orokorrean, Obanosko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliz idatziko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Obanosko Udalari eskatzeko komunikazio-sistema ez-sexista erabil dezan, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

6. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emanen die langileei hizkera ez-sexista eta komunikazio inklusiboaren erabilera bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

7. artikulua. Obanosko Udalak eta haren mendeko erakunde autonomoek estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudia erabiliko dute herritarrekin komunikatzen direnean, bai gaztelaniaz bai euskaraz:

Komunikazio inklusiboa erabiliko da dokumentu hauetan.

a) –Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Jaietako programak.

d) Dibulgazioko iragarkiak, idazkiak eta buletinak.

e) Prestakuntza ekintzen dibulgazioa (ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak).

f) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, eta udal langileen arropa edo uniformeak.

g) Bando ofizialak, ediktuak, kartelak eta argibide plakak.

h) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

i) Autobus eta taxi markesinak eta geltokiak.

j) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

k) Udalaren web orria.

8. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Obanosko Udalak eskatuko du sare sozialetan eta egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan eta ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean mezuek hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezaten.

V. KAPITULUA

Kontratuak, dirulaguntzak eta hitzarmen publikoak

9. artikulua. Kontratazio publikoa.

Obanosko Udalak zerbitzu publikoetarako egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat txertatuko da, emakumeendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa eskatzeko, eta baloratu eginen da proiektu teknikoa idaztean hizkera ez-sexista erabiltzea.

10. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

Dirulaguntza publikoak ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.

Obanosko Udalaren dirulaguntza jaso duten elkarte eta kolektiboek hizkera ez-sexista erabili behar dute komunikazio publikoetan.

11. artikulua. Administrazio publikoen arteko hitzarmenak.

Administrazio publikoen arteko hitzarmenen hizkera eta irudia ez-sexistak izanen dira.

VI. KAPITULUA

Aholkularitza eta kontrola

12. artikulua. Aholkularitza.

Udalerrian hizkera modu ez-sexistan erabiltzea edo komunikazio inklusiboa sustatzea zer den erabakitzeari dagokionez, Izarbeibarko Mankomunitateko Berdintasun Ataleko teknikariak izanen dira horri buruz aholkatzeko arduradunak.

13. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Obanosko Udaleko Berdintasun alorraz arduratzen den zinegotzitza/batzordea arduratuko da ea ordenantza betetzen den zaintzeaz eta haren xedea betetzeko lagungarri den edozein gairi buruzko proposamenak egiteaz, Udala kide duen Izarbeibarko Mankomunitateko Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza teknikoarekin.

VII. KAPITULUA

Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboa sustatzea

14. artikulua. Obanosko Udalak antolatuko dituen prestakuntza planetan, tresnak egin edo abian jarriko dira, ordenantza honetan ezarritako helburuak lortzeko.

15. artikulua. Obanosko Udalak Nafarroako Gobernuaren eta Izarbeibarko Mankomunitateko Berdintasunerako Zerbitzuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte, beste udal erakunde batzuekin batera, hizkera eta irudi inklusiboak erabiltzea sustatzeko gaietan.

16. artikulua. Udalak ordenantza honen berri emanen du bere webgunearen bidez; hura desgaitasuna duten pertsonentzat egokitua egonen da, informazioaren eta komunikazioaren arloan irisgarritasunaren printzipioa betetze aldera.

17. artikulua. Obanosko Udalak hedapenerako estrategia erabakiko du, Udaleko langileei eta, oro har, herritarrei ordenantzaren berri emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturalen buruan.

Bigarrena.–Obanosko Udaleko Berdintasunerako alorraz arduratzen den zinegotzitzak eskumena du nahi bezainbat agindu edo argibide emateko, ordenantza honetan jasotakoa behar bezala interpretatze, egite eta aplikatze aldera.

Iragarkiaren kodea: L2216496