261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Aldaketa, Karabana, autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzuen eremua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2022ko azaroaren 24an egin osoko bilkuran, jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak baietsi zituen eta behin betiko onetsi zuen aldaketa Karabana, autokarabana eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzuen eremua arautzen duen ordenantzan.

Hasierako onespena 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean. Epe horretan alegazioak aurkeztu dira, eta osorik baietsi dira.

Hura behin betiko onetsita, bidezko da haren testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lekunberrin, 2022ko azaroaren 28an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

UDAL ORDENANTZA, KARABANA, AUTOKARABANA ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUENDAKO ZERBITZU EREMUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, bermatzea betetzen dela Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreaz egiten den debekua, eta, bestetik, arauak ezartzea Lekunberriko udalerrian autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatatzeko erabil daitezen, Errotazelai alderdian gaitu den eremuaren barrenean. Horren guztiaren helburua da bertako natura baliabide eta espazioak zaintzea, bizikidetza erraztea Lekunberriko bizilagunen eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten artean, eta bermatzea bai pertsonen segurtasuna, bai aparkaleku publikoen beharrezko errotazioa eta banaketa zuzena, autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen eremuaren erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Zehapena ezarriko zaio Lekunberriko udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Bi aterpe mugikor edo gehiago paratzea –karabana, autokarabana, kanpadenda edo aise garraiatu eta desmuntatzeko gisako elementua–, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

b) Autokarabanen aparkalekuan egotea ordenantza honetan ezarritako denbora baino gehiago.

4. artikulua. Aparkatzearen eta kanpatzearen arteko desberdintasuna.

Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan iritziko zaio autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

2.–Ibilgailu itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duen elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3.–Inolako isurki kutsagarriren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoan hustea.

4.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian, hau da, 22:00etatik 8:00etara bitartean.

Eremua egonaldirako edo gaua igarotzeko erabiltzen duten autokarabanek edo etxebizitza-ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti, eta inoiz ezin izanen dira kanpora atera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo bestelako tresnak. Plaza horiek egonaldirako erabiliko dira soilik.

5. artikulua. Aparkatzea.

Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita. Karabanak bere trakzio-ibilgailutik askatzea baimentzen da Errotazelai kaleko aparkalekuaren barruan.

Nahitaezkoa izanen da autokarabana eta etxebizitza-ibilgailu guztiak Lekunberri udalerrian horretarako prestatutako aparkalekuan igarotzea gaua, Errotazelai kaleko aparkalekuan.

6. artikulua. Aparkatze denbora.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian eremuan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide-segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

7. artikulua. Lekunberriko autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen zerbitzu eremua.

Lekunberriko Errotazelai aparkalekuaren barnean autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzu eremura bideratutako zonaldean (sarbidea: NA-7510 errepidea, Aralarko San Migelgoa), badaude erreserbatutako plazak autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eta gaua igarotzeko, zerbitzu hauekin: estolda-sarerako sarbidea duten hustubide edo estolda-zuloak, hondakinak isuri eta tratatzeko, eta edateko ura, Burundegia kaleko 6. zenbakiko behean.

8. artikulua. Errotazeilaiko zerbitzugunea erabiltzeko arauak.

Zerbitzu eremu hau erabilera arau hauen mendean egonen da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ezin dira aparkatu eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, turismoak, etab., etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Aparkatutako ibilgailuek une oro errespetatu behar dituzte plaza bakoitzaren mugak.

3.–Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak aurretiaz baimendua bada.

4.–Eremuak baditu ur gris eta beltzak botatzeko espazioa eta edateko uraren hargunea.

5.– Aparkalekua erabiltzen duten etxebizitza-ibilgailuen erabiltzaile guztiek baimena izanen dute ur grisak eta beltzak husteko eta edateko ura hartzeko zerbitzua erabiltzeko. Horiez gainera, Lekunberrin erroldatutako pertsonek baimena izanen dute ur grisak eta beltzak husteko eta edateko ura hartzeko zerbitzua erabiltzeko.

6.–Biltontziak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu, eta oztoporik gabe egon behar da, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ez den bitartean. Erabiltzaileek, erabili ondoren, higienea mantendu beharko dute.

7.–Berariaz debekatuta dago eremu osoan edozein motatako ibilgailuak garbitzea; inola ere ez dira erabiliko xaboiak edo garbiketarako detergenteak. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8.–Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzu eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9.–Orobat, debeku da kanpatzeko tresnak paratzea bide publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak, olanak edo antzekoak.

10.–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzu eremu honetan baimenduta egonen da gaua igarotzea.

11. Aparkatzeko erreserbatutako eremuaren barruan, baimenduta dago karabana trakzio-ibilgailutik askatzea, aparkatzeko maniobra errazteko, eta, horrela, gainerako espazioa hobeto erabiltzen ahalko dute beste erabiltzaile batzuek.

9. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ez betetzea edo urratzea ordenantza honen artikuluetako edozein, eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak; toki-korporazio honi dagokio egoki diren ikuskaritza eta zehapen eginkizunak betetzea.

Ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz arduratuko dira Udalak horretarako ahalmena ematen dien pertsonak.

10. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Lekunberriko Udaleko alkatea da, edo hark eskuordetutakoa, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzearen gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik, edo jarduketa judizialen ondorioz eten bada.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Honela daude sailkatuta:

a) Arau-hauste arina da:

–Mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna kanpoaldera ateratzea.

–Ordaintzeko tiketa ez jartzea ongi ikusteko moduko tokian.

b) Honako hauek arau-hauste astuntzat hartuko dira:

–Zerbitzu eremuko edozein leku garbi ez edukitzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako plazetan 2 egun jarrai baino denbora luzeagoan egotea, horretarako baimenik izan gabe.

c) 5. artikulua urratzea, Lekunberri udalerrian karabanak edo autorik gabeko atoiak aparkatuta; izan ere, baimena ematen da karabanak beren trakzio-ibilgailutik askatzeko, Errotazelai kaleko aparkalekuaren barruan.

c) Arau-hauste oso astunak:

–Autokarabanak, etxebizitza-ibilgailuak edo edozein motatako ibilgailuak zerbitzu eremuan garbitzea.

–Aparkalekuaren zerbitzu eremuko altzariak hondatzea.

–Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako erreserbaturiko tokietan ibilgailuak, kamioiak, karabanak, etab. aparkatzea eta/edo han gaua igarotzea.

–Gai kutsatzaileak isurtzea.

Zehapenak:

Arau-hauste arina egiteagatik, 60,00 eta 90,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste astuna egiteagatik, 91,00 eta 600,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, 600,00 eta 3.000,00 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.

12. artikulua. Arau-hausteen erantzukizuna.

Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Lekunberriko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo gisakoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan.

Arau-hauste den egitatearen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren aurkako arau-hausteen erantzulea, edo egile horren tutoretza duena, adingabea bada.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzulea nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio.

Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu, haren zehapena 300,00 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2216375