261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGIÑANOKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Argiñanoko Kontzejuak, 2022ko irailaren 16an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan. Erabakia argitaratu zen 2022ko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31koan.

Jendaurreko epean ez zen oharrik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Argiñanon, 2022ko abenduaren 19an.–Lehendakaria, Daniel Bujanda Eraso.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Argiñanoko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Argiñanoko Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Argiñanoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Argiñanoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Argiñanoko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Argiñanoko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Argiñanoko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Ehizaren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Argiñanoko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.

16. artikulua.

1. Oro har, Argiñanoko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Argiñanoko Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebete lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Argiñanoko Kontzejuak argituko ditu banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik baimena ematea Argiñanoko Kontzejuko lehendakariak. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea nahiz Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behineko zein behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Argiñanoko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapitala, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horien antzeko beste edozein datu ere.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

23. artikulua. Kontzejuko batzarrak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona aprobetxamendu modu honetan. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino gutxiago.

Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari esleitutako laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik zenbat herri-lur dauden.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza batzuen artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

25. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, Kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Argiñanoko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Argiñanoko Kontzejuak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

27. artikulua. Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

28. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Erabakiko da honako kasu hauetan ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinak ez aitortzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean , aitortu beharra izanda.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean, edo hura ordeztu dezakeen aitorpenean, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematea.

f) Egiaztapenak egiteko Kontzejuak hala eskatu arren, ez aurkeztea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.

g) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta ez aurkeztea agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek eginak edo Kontzejuak baimendutako pertsonek.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

30. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrentzako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

31. artikulua. Adjudikazio epea izanen da 22. artikuluan esan den bera. Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira.

32. artikulua. Kontzejuko kideek onetsiko dute herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona aprobetxamendu mota honetan, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da kanona, aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaio 24., 25., 26., 27. eta 28. artikuluei.

34. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako azalera bat, gehienez herri-lurren azaleraren %5, onuradun berriei esleitzeko.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak, laborantzako lurrik soberan bada lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, jarraituko zaio 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; izanen da inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Argiñanoko Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta Kontzejuan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak errentan edo jabetzaz besteko titulu baten bidez, bai kontzeju-mugarte honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Argiñanoko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Argiñanoko Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasuna duten herritarrena edo zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

41. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Ordenantza honen araberakoak izanen dira loteen ezaugarriak eta azalera.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda, behin-behinekoa, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu.

42. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, finkatuko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Argiñanoko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak izanen dira ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak. Aziendak alta emanda egon behar dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Zentsuaren Erregistroan, eta ustiapen liburuan ere jasota.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamenduan ematea eta lagatzea. Hori dela eta, Argiñanoko Kontzejuak interpretatuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen baldin familia-unitateko bizilagun titularrek beren azienda kentzen badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.

46. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, frogatzen duena betetzen dituela indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak.

Bertan larratzen ahal dira Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak.

47. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.

48. artikulua. Baldin herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Argiñanoko Kontzejuak erabakitzen duen denborarako eta jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari.

49. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, honako baliokidetasun hauek finkatu dira azienda moten artean:

a) Behor aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru 1.

b) Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

Kontzejuak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona.

Proposatutako kanona urtero eguneratuko da, aurreko urteko KPIarekin (kontsumoko prezioen indizea). Goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

50. artikulua. Mendian aski baldin bada, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoan, Argiñanoko Kontzejuak epaitzak edo egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

51. artikulua. Argiñanoko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Argiñanoko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

52. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

53. artikulua. Egurra banatzerakoan, Argiñanoko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

54. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Argiñanoko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

55. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.

56. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.

Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute epaitza, hurrengoa eskatu aurretik.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

57. artikulua. Egurretarako aprobetxatzen ahalko dira, salbuespen gisa, haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Argiñanoko Kontzejuaren onespena.

Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, aipatutako ordenaren arabera banatuko da.

Baldin izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki zerrendan azken postura igaroko da.

V. KAPITULUA

Ehizaren aprobetxamendua

58. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

59. artikulua. Orobat, une oro aplikatzekoa den arauei jarraikiz eginen da usategien aprobetxamendua. Enkante publikoz adjudika daitezke, usadio-ohituren arabera.

VI. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

60. artikulua. Kasu bakoitzerako Argiñanoko Kontzejuak prestatzen duen baldintza-agiriaren arabera eginen dira herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

61. artikulua.

1. Argiñanoko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

62. artikulua. Toki-erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urratuz.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

64. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, indarrik gabe geldituko dira Argiñanoko Kontzejuaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Argiñanoko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2217287