261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

117/2022 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

11/2019 Foru Legeak, martxoaren 11koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, ezartzen du departamentu bakoitzean izanen direla zuzendaritza nagusi bat edo gehiago, eta idazkaritza tekniko nagusi bat; horiek departamentuko titularraren menpe daude zuzenean. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari esleitzen dio zuzendaritza nagusiak sortzea, aldatzea, metatzea edo ezabatzea, bai eta erabakitzea ere zein den bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak, eta zerbitzuak, zerbitzu maila duten unitate teknikoak eta atalak sortzea, aldatzea edo ezabatzea.

Urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Egitura horren barruan, bi zuzendaritza nagusietako batek, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, bi zerbitzu ditu, eta horietako batek, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, betetzen dituen eginkizunen artean daude foru dekretuan ezartzen direnak pertsonentzako prestazio ekonomikoen kudeaketaren arloan, pertsona horiei diru-sarrera egoki batzuk bermatzeko.

Arlo horretan, abenduaren 2ko 19/2021 Legeak bizitzeko gutxieneko errenta ezarri zuen, pobreziaren eta gizarte bazterketaren arriskuaren prebentziorako prestazio bat izan dadin, oinarrizko premiak asetzeko aski baliabide ekonomikorik ez izateak eragin ditzakeen zaurgarritasun egoeretarako.

Bosgarren xedapen gehigarriak, Estatuaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen bidez aldatuak, xedatzen du ezen, foru ogasunak izateak dakarren berezitasuna dela eta, prestazio horri dagokionez, foru araubidea duten autonomia erkidegoek beren gain hartuko dituztela, beren lurralde-eremuari dagokionez, lege horretan Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizunak eta zerbitzuak, bai eta, foru ogasun horiek finantzatzeko sistema aintzat hartuta, ordainketa ere, bizitzeko gutxieneko errentaren Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko prestazioari dagokionez, erabakitzen diren baldintzetan.

Transferentzia Batzordeak 2022ko martxoaren 31n egindako osoko bilkuran erabaki zuen Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartuko zuela, 2022ko urritik aurrera, bizitzeko gutxieneko errentaren kotizazio gabeko prestazioaren kudeaketa.

Egokia da, beraz, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren egitura aldatzea.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko abenduaren hamalauan egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 13. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

13. artikulua. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak gai hauen gainean foru dekretu honetan ezartzen diren eginkizunak beteko ditu: pertsonentzako prestazio ekonomikoak kudeatzea haiei diru-sarrera egoki batzuk bermatzeko; garapenerako lankidetza eta ekintza humanitarioa; eta bere esparru materialean, esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak.

2. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Errenta Bermatuaren eta Prestazio Ekonomikoen Atala.

b) Kotizazio gabeko Prestazioen eta Babes Sozialerako bestelako Neurrien Atala.

c) Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atala.

Bi.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren izena eta 1. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

14. artikulua. Errenta Bermatuaren eta Prestazio Ekonomikoen Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

1. Errenta Bermatuaren eta Prestazio Ekonomikoen Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu prestazio ekonomikoen kudeaketaren bidez diru-sarrerak bermatzearen arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Errenta Bermatuaren Programa kudeatu, tramitatu, horren jarraipena egin, kontrolatu eta ebaluatzea.

b) Foru araudian babes sozialerako ezarritako bestelako prestazioak kudeatu, tramitatu, haien jarraipena egin, kontrolatu eta ebaluatzea.

c) Babes sozialerako bestelako prestazioak aztertu, diseinatu eta ezartzea.

d) Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin koordinatzea, diru-sarrera txikiak dituzten biztanleen tratamendu fiskalari eta prestazioei begira.

e) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatzea eta artxibatzea.

Hiru.–Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuari 14 bis artikulu berria gehitzen zaio, testu honekin:

14. artikulua. bis. Kotizazio gabeko Prestazioen eta Babes Sozialerako bestelako Neurrien Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Kotizazio gabeko Prestazioen eta Babes Sozialerako bestelako Neurrien Atalak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu kotizazio gabeko sistemaren prestazio ekonomikoen eta babes sozialerako bestelako neurrien kudeaketaren arloan, eta, zehazki, honako hauek:

a) Kotizazio gabeko sistemaren prestazioak kudeatu, tramitatu, haien jarraipena egin, kontrolatu eta ebaluatzea: bizitzeko gutxieneko errenta eta kotizazio gabeko pentsioak.

b) Foru Ogasunekin eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin koordinatzea kotizazio gabeko sistemaren tratamendu fiskala eta prestazioena.

c) Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinatzea eskudantzia hauen arloan.

d) Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako babes sozialerako bestelako prestazioak kudeatu, tratatu, haien jarraipen egin, kontrolatu eta ebaluatzea.

e) Alargun-pentsioak eta kotizazio gabeko erretiro pentsioak jasotzeagatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kenkaria aldez aurretik ordaintzeko espedienteak tramitatu, haien jarraipena egin eta kontrolatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatzea eta artxibatzea.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialetako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abenduaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2217006