261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARELLANO

Espedientearen hastapena, hirigintzako betebeharrak ez betetzeagatik Larga kaleko 20. zenbakian dagoen eraikinean

Ezinezkoa izan baita Alkatetzaren abenduaren 1eko 55/2022 Ebazpenaren berri ematea Larga kaleko 20. zenbakian (101. lurzatia, 1. poligonoa) dagoen eraikinaren jabeen jaraunsleei, aipatu finkaren gaineko eskubide errealen titularrei ematen zaie aditzera ebazpena, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin. Hona hemen ebazpenaren xedapen-zatia:

1. Errekerimendua egitea Arellanoko Larga kaleko 20. zenbakian (101. lurzatia, 1. poligonoa) dagoen eraikinaren jabeen jaraunsleei, errekerimendua jasotzen dutenetik 2 hilabeteko epean obra-lizentzia eska dezaten, honako jarduketa hauek egiteko:

–Fatxadak errepasatzea, askatuta egon daitezkeen elementuak pikatuta, eta harlangaitzezko piezak, harlanduak eta arrakalak berdintzea, erremateetan aske egon daitezkeen elementu guztiak finkatuta (hegala, ertzeko teilak...).

–Eraikinaren barrualdea zurkaiztea, ezegonkortzat jotzen diren eta mugitzeko edo erortzeko arriskua dakarten aldeetan, bai forjatuetan, bai estalkiaren egituran.

– Kanpoko arotzeriak behar bezala itxita edukitzea. Hegaztiak sartzea eta habiak egitea saihestuko duten metalezko sareak jarriko dira halakorik ez duten zuloetan, eraikinaren higienea eta barrualdearen aireztapen egokia mantentzeko.

–Patioan dagoen landaredia garbitzea eta ondoren mantentzea.

2. Exekuzio-agindu bat betetzen ez bada, Udalak ahalmena du subsidiarioki egiteko eta zigor-isunak ezartzeko, hamabi jarraian gehienez, hilabetean behin ordaindu beharrekoak, 600 eta 6.000 euro bitartekoak, harik eta kontserbaziorako legezko beharkizunaren mugaraino (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 198.3 artikulua).

3. Jabetzak aukera izanen du birgaitzeko obrak egiteko nahiz plantea daitezkeen beste batzuk egiteko, baldin eta indarrean dauden hirigintza-determinazioak betetzen badira, interes kulturaleko ondasun deklaratutako armarria errespetatu eta kokatzen bada, eta aplikagarria den beste zeinahi baldintza betetzen bada.

Nolanahi ere, gogorarazten da, higiezinean edozein obra edo jarduketa egiteko, eskatutako obrak barne, sustatzaileak dagokion obren udal-lizentzia eskatu beharko duela, kasu bakoitzean beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztuta.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza edo erabaki hau eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Arellanon, 2022ko abenduaren 13an.–Alkatea, Iñaki Urriza Arrastia.

Iragarkiaren kodea: L2216946