261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO
–SAN FRANCISCO DE ASÍS UDAL PATRONATUA–

Deialdia, batetik, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gerokultore-zaintzaile izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoduna, San Francisco de Asís Udal Patronatuaren zerbitzura aritzeko, eta, bestetik, izangaien zerrenda bat eratzeko, sor litezkeen beharrei erantzutearren

San Francisco de Asís Udal Patronatuaren Batzarrak 2022ko abenduaren 5ean hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi da, batetik, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gerokultore-zaintzaile izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoduna, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren zerbitzura aritzeko, eta, bestetik, izangaien zerrenda bat eratzeko, sor litezkeen beharrei erantzutearren.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cintruenigon, 2022ko abenduaren 6an.–Patronatuko burua, Óscar Bea Trincado.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da gerokultore-zaintzaile izateko lanpostu bat, txanda irekiko oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lan-kontratu finkoduna eta lanaldi osoan aritzeko; R25 zenbakia du plantilla organikoan, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren plantilla organikoan sartzeari begira.

Lanpostua Cintruenigoko Udalaren 2019ko lan publikoaren eskaintzan dago (2019ko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 26an).

Halaber, deialdi honen xedea da hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 8. oinarrian xedatutakoarekin bat, aldi baterako lan kontratazioak egiteko honako zerrenda hauek osatzea:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

1.2. Ordainsariak 3 mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, zehazturik dagoen bezala Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuaren hitzarmen kolektiboko gerokultore lanpostuan, eta jasoko ditu Udal Patronatuaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udal Patronatuak kontratua deuseztatzen edo desegiten ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla Patronatuak nahi bezala bete.

1.4. Dagozkion hautaprobak gaindituta hautatua gertatzen den izangaiaren izendapena eginda, Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuko lan-kontratudun finko bilakatuko da ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2 a) eta b) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Patronatuan sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horiek lehentasuna izanen dute gerokultore-zaintzaile izateko lanpostuak aldi baterako kontratatzeko eratzen den edozein zerrendaren gainetik; beraz, lehendik dagoen zerrendak izaera subsidiarioa izanen du deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez, eta gehienez ere bost urteko indarraldia izanen du, hori onesteko ebazpena ematen denetik aurrera.

Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik deusezten ahalko du kontratua.

1.7. Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, gerokultore-zaintzaile izateko lanpostuaren ohiko funtzioak:

–Egoiliarrak jaiki eta oheratzea.

–Janari zerbitzua, eta sostengua egoiliarraren elikaduran.

–Egoiliarra egoitzako tokietan barna lekualdatzea.

–Egoiliarraren garbitasun pertsonala.

–Egoiliarraren zuzeneko laguntza iraunkorra, eta zaharra artatzea.

–Osasun langileak laguntzea.

–Egoitzako eta egoiliarraren arroparen kontu egitea.

–Egoitzako instalazioak garbitzea.

–Egoiliarraren gelak garbitu eta moldatzea.

–Egoitzako zuzendaritzak manatzen dizkien gainerako eginkizun guztiak, funtzionamendua hobetzeko eta zerbitzuaren beharren ariora.

2.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako laguntzailearen lanbide heziketako lehen mailako titulua, maila ertainekoa edo baliokidea izatea edo mendekotasuna duten pertsonei erakundeetan arreta sozio-sanitarioa ematearen gaineko profesionaltasunaren ziurtagiria izatea edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Aurreko apartatuetan eskatutako tituluak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztuta.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdi honetako 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu beharko ditu hautaketa-prozedurak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak eskabide orokorra baliatuta egin beharko dira, San Francisco de Asís Udal Patronatuko Erregistro Nagusian.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, han jasoko dituzte-eta jakinarazpenak.

3.3. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

Denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Patronatuko buruak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, bai eta Udal Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Patronatuko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa, bai eta epaimahaiaren behin betiko osaera, kasua bada. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu dagokion garaian, Udal Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: San Francisco de Asís Patronatuko burua, Óscar Bea Trincado.

Ordezko epaimahaiburua: Ángela García Alfaro, Patronatuaren Batzarreko kidea.

–1. mahaikidea: María Teresa Beltrán Alcorta, Patronatuko zuzendaria.

1. epaimahaikidearen ordezkoa: María Cariñena Garbayo, Patronatuaren Batzarreko kidea.

–2. mahaikidea: M.ª Jesús Celihueta Navascués, Patronatuaren Batzarreko kidea.

2. epaimahaikidearen ordezkoa: M.ª Ángeles García Sesma, Patronatuaren Batzarreko kidea.

–3. epaimahaikidea: Patronatuko Enpresa Batzordeko kidea.

3. epaimahaikidearen ordezkoa: Patronatuko Enpresa Batzordeko kidea.

–Epaimahaikide idazkaria: Ana Isabel Lacarra Ridruejo, Patronatuko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Ana Isabel Chivite Gil, Patronatuko Batzarreko kidea.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta eraketak eta jardunak balioa izan dezaten gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, eta bertan egotea epaimahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta kalifikazio epaimahaiko buruari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.

Oposizioa 2023ko irailean hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Patronatuaren web-orrian eta iragarki-taulan.

6.3. Oposizio-lehiaketako gehieneko balorazioa 100 puntu izanen da; haietarik, 40 puntu ariketa teorikoari dagozkio eta 60 puntu ariketa praktikoari.

7.–Oposizioaldia.

7.1. Lehiaketaldia:

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinari jarraikiz. Emaitza ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, aurkeztu beharko dira jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak, bestela ez baitira kontuan hartuko. Merezimenduak lehen ariketa egin baino lehen aurkeztu beharko dira Udal Patronatuaren bulegoetan.

7.2. Oposizioaldia:

Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, idatziz, epaimahaiak ezarritako denbora tartean, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko III. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Parte honetan, gehienez ere, 60 puntu erdiesten ahalko dira. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio. Erantzun okerrak zigortu eginen dira, erantzun oker bakoitzagatik puntu erdia kenduko da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko 60 puntutatik 30 lortu behar dira gutxienez. 30 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik erabili, ezta kalkulagailurik, telefonorik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

–Bigarren ariketa: Proba praktikoa: idatzizko ariketa bat egin beharko da, frogatzeko izangaiak zer abilezia duen zaintzaile/gerokultorearen eginkizunetan. Gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira.

7.3. Probak egun berean eta bata bestearen jarraian, edo egun desberdinetan eginen dira, aurkeztu den izangai-kopuruaren arabera betiere. Epaimahaiak probei ekin aurretik zehaztuko du zenbatekoa izanen den ariketa teorikoaren eta praktikoaren iraupena.

Probak egiteko eguna, ordua eta tokia proba hasi baino gutxienez 48 ordu lehenago emanen dira aditzera San Francisco de Asís Patronatuaren informazio-taulan eta web-orrian.

7.4. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehalakoan kanporatuko da, abia litezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

7.5. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketa horietan. Ariketa guztiak zuzendu ondoren, epaimahaiak Udal Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak, eta horiekin batera plikak irekitzeko eguna eta ordua zehaztuko ditu.

Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete hiru egun naturaleko epean, Patronatuaren erregistro orokorrean. Alegazioak ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara web-orrian eta Patronatuaren iragarki-taulan.

7.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.7. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik probaren bigarren zatian, proba praktikoan alegia, zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, lehen proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko dira oposizio fasea gainditu arren lanpostua eskuratu ez duten guztiak. Izangai horien nota kalkulatuko da lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioak batuta. Jarraian, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko dira proba teorikoa gainditu ez dutenak. Izangai horien nota bakarrik izanen da oposzioaldian ateratakoa.

7.8. Proba guztien puntuazioaren batura EHUN PUNTU (100) izanen da.

7.9. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat jarriko dira bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Probak gainditu dituztenen zerrenda.

8.1.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, loteslea izanen baita, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Udal Patronatuaren Batzarrari.

Proposamen hori Patronatuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Zerrenda horiekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen diren zerrendak eratuko dira, gerokultore-zaintzaile izateko lanpostuan egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Patronatuaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik. Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Kasua bada, deialdi honetako 2.1.g puntuan ezarritakoa betetzen duela egiaztatzen duten agiriak.

e) Europar Batasunetik kanpokoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

8.1.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 8.1.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Udal Patronatuko Batzarrak San Francisco de Asís Udal Patronatuko lan-kontratudun finko izendatzea ebatziko du, deialdi honen xede den lanpostuan ari dadin.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu San Francisco de Asís Udal Patronatuko langilea izateko. Kasu horretan, deialdiko 8.1.3 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek sortuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta San Francisco de Asís Udal Patronatuko aldi baterako kontrataziorako zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorrita, Patronatuko Batzarrak aldi baterako lan-kontrataziorako zerrendak onetsi eta Patronatuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira.

Kontratazio-zerrendako izangaien ordena honako hau izanen da: oposizioaldia gainditu ondotik lanpostua lortzen ez dutenak. Izangai horien nota izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko noten batura. Jarraian, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko dira proba teorikoa gainditu ez dutenak. Izangai horien nota bakarrik izanen da oposzioaldian ateratakoa.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek soilik ekarri beharko dituzte 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: 5 urte, eratzen diren egunetik hasita.

Hala ere, aurrerago beste zerrenda batzuk eratuz gero, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiek izanen dute kontratatzeko lehentasuna, zaharragoen aurretik.

10.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatuak egiaztatuko ditu.

10.3. Dei egiteko sistema: Arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

10.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 10.5 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Telefonoz bi saiaketa eginda izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Egin diren lehenbiziko bi lan eskaintzetan ezin izan bada harekin harremanetan jarri zerrendako azken tokira pasako da.

Izendapena eginda, toki-erakunde eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Aldi berean kontratu bat baino gehiago egiten bada, lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.

Dagokien deialdiaren ondorioz kontratua onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko bertze lanposturik eskainiko kontratuak indarra duen bitartean, salbu eta eskaintza berria sei hilabete edo gehiagoko kontratu bati edo bitarte baterako kontratu bati dagokionean.

10.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen arabera, ezkondu edo pareko egoeran (bikote egonkorra) sartu berria izatea, eskainitako administrazio-kontratuaren hasierako eguna ezkontza ospatu edo bikotea eratu ondoko hamabost egun naturalen barnean sartzen bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin ez bada epe barrenean aurkezten kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

10.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea. Langile batek legez ezarritako probaldia gainditzen ez badu (2 HILABETE), edo diziplina-espediente bat dela-eta kontratua iraungitzen bazaio, dagoen zerrenda guztietatik behin betiko baztertuko da.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

10.7. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

11.–Datu pertsonalen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat etorriz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Cintruenigoko San Francisco de Asís Udal Patronatua da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo gardentasun atariaren bitartez, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1.–Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia, 30 puntu, gehienez ere).

Esperientzia zaintzaile laguntzaile/gerokultore gisa, egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, izan titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, behar bezalako kontratu harremanarekin.

Mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako urte oso bakoitzeko: 0,2 puntu hilabete bakoitzeko.

Titulartasun publikoko laguntza zentroetan izandako esperientzia frogatuko da honako hauek aurkeztuz: giza baliabideen arloan eskumenak esleiturik dituen erakundearen unitateko buruak egindako ziurtagiria, eta, horrekin batera, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.

Enpresa pribatuetan lan egindako denbora frogatuko da honako hauek aurkeztuz:

Enpresaren ziurtagiria, lan-kontratuaren kopia frogatu nahi duen aldi bakoitzeko, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.

Ez dira baloratuko aurreko atalean eskatzen denarekin bat frogatzen ez diren merezimenduak.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Pertsonarengan oinarritutako arreta integralaren eredua, zaintzaren humanizazioa.

2.–Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubide eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

3.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea egoiliarrari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

4.–Mugitzeko arazoak dituen egoiliarrari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Ultzerak presioagatik: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia. Gurpildun aulkien, ohatilen eta garabi elektrikoen erabilera zuzena.

5.–Egoiliarra laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higienearen kontzeptu orokorra eta partziala, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen egoiliarraren higienea. Aho osasuna eta higienea.

6.–Egoiliarra lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.

7.–Egoiliarra lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutikoen motak. Elikagaien manipulazioa.

8.–Egoiliarra akuilatzea, alderdi fisiko, psikiko eta sozialean.

9.–Egoitzako langilearen tasunak: autoestimua, konfidentzialtasuna.

10.–Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea.

11.–Osasun mentaleko pazientea zaintzea eta laguntzea honako hauetan: komunitate terapeutikoan, errehabilitazio psikosozialaren esparruan eta arreta komunitarioan.

12.–Laguntza eta zainketak zaharrari: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen egoiliarra laguntzea.

13.–Laguntza eta zainketak hil hurren den egoiliarrari, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

Iragarkiaren kodea: L2216722