261. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

506E/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Osasuneko kontseilariak emana, osasun establezimenduetan hirugarrenek egin beharreko gutxieneko funtsezko zerbitzuak ezartzen dituena, 2022ko abenduaren 14rako eta 21erako deitutako legezko greba dela eta.

GUREAK NAVARRA SLU enpresako UGT-SP sindikatuak jakinarazi du legezko greba deialdia egin duela 2022ko abenduaren 14rako eta 21erako. Greba 12:00etatik 14:00etara izanen da.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Greba deialdiaren aurrean, gutxieneko zerbitzuak zehazteko arrazoia da greba-eskubidea bateragarria izan behar dela osasun zerbitzuen funtzionamendu egokiarekin. Zerbitzu horiek zehazteko orduan, funtsean, zerbitzu horien izaera saihetsezina hartzen da kontuan, premia sanitarioko egoeren aurrean herritarrei zor zaien arreta bermatze aldera. Arrazoi horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Zerbitzu horiek honako hauei eragiten diete: hitzorduen kudeaketa, mezularitza eta paketeria, biltegiko garraioa –batez ere material sanitarioa–, laginen garraioa eta entrega zentro batetik bestera, eta asistentzia-jarduerari lotutako gainerako bidalketak. Beraz, asistentzia-jarduerari zuzenean lotutako "zerbitzu logistikoak" dira. Jarduera hori atzeraezina eta funtsezkoa da, eta, beraz, gutxieneko zerbitzuek bermatu behar dute jardueraren %100 egiten dela, alde batera utzita enpresak zenbat langile jotzen dituen beharrezkotzat jarduera hori aurrera eramateko.

Bestalde, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernu-agintaritzari dagokio, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak baliatu behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera bere gain hartu dituen eskumenen arabera.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen helburua da, 2022ko abenduaren 1ean deitutako greba dela kausa, GUREAK NAVARRA SLUk egiten dituen zerbitzuei dagozkien gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzea. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Arrazoi horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horrenbestez, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko abenduaren 14rako eta abenduaren 21erako, zehazki, 12:00etatik 14:00etara bi egunetan, deitutako legezko greba gauzatuko da ondoren zehazten diren gutxieneko funtsezko zerbitzuak errespetatuz:

1,1. Hirugarrenek Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduentzat egiten dituzten zerbitzuetan –zehazki, logistika zerbitzuan–, gutxieneko funtsezko zerbitzuak %100ekoak izanen dira.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako gutxieneko funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau jakinaraztea GUREAK NAVARRA SLU enpresako UGT-SP sindikatuaren ordezkariari eta Garapen Ekonomikoko Departamentuko Lan Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2216756