260. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2022 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez xedatzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hezkuntzako lankidetza hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak garatzeko.

2022ko azaroaren 17an sinatu da Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hezkuntzako lankidetza hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak garatzeko. Horrenbestez, bidezkoa da hitzarmen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Eranskin gisa gehitu zaio ebazpen honi.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 23an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARTEKO HEZKUNTZAKO LANKIDETZA HITZARMENA, KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK GARATZEKO

Iruñean, 2022ko azaroaren 17an.

BILDU DIRA:

Batetik, Juan Cruz Cigudosa García jauna, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hitzarmen hau sinatzeko ahala izanik, kontuan hartuz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak xedatutakoa, baita Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren departamentuaren egitura ezartzen duen abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa ere.

Bestetik, Ramón Gonzalo García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, aipatu unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz, hitzarmen hau sinatzeko baimendua, Nafarroako Gobernuaren maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluaren bidez.

Aldeek hitzarmen hau sinatzeko zuzenbidearen araberako behar besteko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri eta, hala,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Irakaskuntza unibertsitario ofizialetako hezkuntza ereduak helburu du, besteak beste, prestakuntza teoriko eta praktiko egokia duten tituludunak prestatzea, eta, horretarako, beharrezkoa da, orobat, lanbidean aritzeko prestakuntza, baita erakundeetako, enpresetako eta laneko errealitateak ezagutzea ere, lantokietako prestakuntza prozesuen bitartez.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratiboak, baita hari lotutako erakunde autonomoetakoak eta sozietate publikoetakoak ere, prestakuntza praktikoaren iturri izan daitezke unibertsitateetako ikasleentzat, eta prestaketa izan daitezke haien lanbide jardunerako.

Hirugarrena.–Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko 2015eko maiatzaren 21eko hitzarmenak ekarri duen esperientzia arrakastatsua aipatu behar da. Horri esker, ikasle askok beren praktika akademikoak osatzen ahal izan dituzte Nafarroako Foru Komunitateko egitura administratiboan, bai eta haren erakunde autonomoetan eta sozietate publikoetan ere.

Laugarrena.–Bi aldeen nahia da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen prestakuntzari jarraitutasuna ematea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta graduondoko ikasleentzako praktika arautuen proiekzioaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratiboetan, baita hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoko organo eta unitateetan ere.

Bosgarrena.–Unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuko xedapenek, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretukoek, eta, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegiak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an onetsi eta 2014ko urriaren 14an eta 2018ko otsailaren 21ean aldatu baitzuen, arautzen dute hitzarmen hau.

Horrenbestez, bi aldeek honako hauek hitzartzen dituzte:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan edo sozietate publikoetan kanpoko praktika akademikoak garatzeko lankidetza ezartzea. Praktika horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen graduko edo graduondoko irakaskuntzetako ikasleak beren eremuetan hartzeko konpromisoa hartzen dute, dagokion ikasketa planean integratutako praktiken garapena erraztuz.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta ikasleen arteko harremanaren izaera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren antolakundean hitzarmen honen bidez sartu diren ikasleen artean ezarri den harremana ez da lan izaerakoa, baizik akademiko eta administratiboa, eta honako hauen bidez arautzen da: unibertsitateen araubide juridikoko xedapenak, kanpoko praktikak unean-unean arautzen dituzten arauak eta hitzarmen hau bera. Horrenbestez, ez Nafarroako Gobernuarentzat ez haren erakunde autonomo eta sozietate publikoentzat ez da eratorriko lan nahiz estatutu izaerako betebeharrik.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoentzat ez da eratorriko inolako lan izaerako betebeharrik, eta Langileen Estatutua ez da aplikatzekoa izanen.

Hirugarrena.–Praktiketarako ikasleen kopuruaren esleipena.

Foru Komunitateko Administrazioan eta horri lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoetan praktikak eginen dituzten ikasleen kopurua hitzarmen honen hamahirugarren klausulan aurreikusitako moduan zehaztuko da.

Laugarrena.–Ikasleen tutoretzaz arduratuko diren irakasleak.

Unibertsitateak bere tutoretzaz arduratuko diren irakasleak esleituko dizkio ikasle bakoitzari. Irakasle horiek irakasgai praktikoaren planifikazioaz, koordinazioaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko dira.

Praktikak egiten diren Foru Komunitateko Administrazioaren, erakunde autonomoen edo sozietate publikoen eremu zehatzean, ikasle bakoitzaren aprobetxamendua eta egindako praktiken maila egiaztatzeko tutorea izendatuko da.

Bosgarrena.–Praktiken edukia.

Praktiken edukia Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatuko du ikasle bakoitzarentzat, hitzarmen honen 1. eranskineko ereduaren arabera. Eduki hori titulazioaren konpetentzia generikoetan eta espezifikoetan oinarrituko da, eta ikasleari erraztasunak emanen dizkio ezagutza teorikoak osatzeko, ikaskuntza praktikoa lortzeko, lanbide gaitasunak garatzeko eta lan merkatuan txertatzeko.

Seigarrena.–Laguntza ekonomikoa.

Foru Komunitateko Administrazioak, erakunde autonomoek edo sozietate publikoek, hala erabakitzen badute, hilero diru kopuru bat esleitzen ahalko dute laguntza ekonomiko gisa. Laguntza hori ez da inola ere ordainsari edo nominatzat hartuko, ez baitago kontratu harremanik.

Zazpigarrena.–Erantzukizun zibilaren eta istripuen asegurua.

Unibertsitateko irakaskuntza ofizial edo berezkoetako batean matrikulatutako ikasle guztiek erantzukizun zibilaren aseguru bat dute.

Eskola aseguruak 28 urtetik beherakoak estaltzen ditu, unibertsitateko ikastegietako irakaskuntza ofizialetan matrikulatuta badaude eta dagokion kuota ordainduta badute. Estalduraren denbora eremua urte akademikoa da. Aplikazio esparrua lurralde nazionala da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean jasotako lurraldetasun printzipioaren arabera.

28 urte edo gehiagoko ikasleen kasuan, edo Unibertsitatearen berezko irakaskuntzetan matrikulatutakoen kasuan, Unibertsitatearen barne erakundeak ziurtatuko du dagokion istripu aseguruak eta derrigorrezkoak izan daitezkeen guztiek estaltzen dutela.

Praktikak lurralde nazionaletik kanpo egiten badira, Unibertsitateak, dagokion zentroaren bidez, bermatuko du ikasleek poliza egokia dutela istripuen, osasun laguntzaren eta aberriratzearen kasuetarako.

Zortzigarrena.–Ikasle bakoitzaren jardueraren balorazioa.

Ikasle bakoitzaren jardueraren kontrolari eta balorazioari dagokionez, erakunde laguntzaileak ikasleen ebaluazio akademikorako beharrezkoa den informazio guztia emanen dio tutore akademikoari.

Bederatzigarrena.–Jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoa.

Ekintzak behar bezala koordinatzeko eta horien jarraipena egiteko eta ekintzak behar bezala garatzeko, alde bakoitzeko arduradunak, praktikaren eta/edo dagokion ikastetxeko ikasketen amaierako lanaren tutorearekin batera, unibertsitatearen kasuan, eta kanpoko tutorearekin, erakunde laguntzailearen kasuan, harremanetan eta komunikazioan egonen dira etengabe, komenigarritzat jotzen duten guztietan bilduko dira, eta hitzarmen honen xede diren ekintzen garapenean sor daitezkeen gorabehera guztiak elkarren arteko adostasunez konpontzeko konpromisoa hartuko dute.

Hamargarrena.–Laneko araubide juridikoa.

Pentsio publikoak birbalorizatzeko eta gizarte-, lan- eta enplegu-arloko premiazko beste neurri batzuetarako abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege-dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian jasotako betebeharrei dagokienez, oraindik ez denez aplikatu erregelamendu bidezko garapena benetan aplikagarria izan dadin, bi aldeek konpromisoa hartzen dute eranskin bat sinatzeko erregelamendu bidezko garapen hori indarrean sartzen denean. Eranskin horretan aldeek aipatutako errege lege-dekretua garatzeko araudia betetzeko dituzten betebeharrak jasoko dira.

Ikasle bakoitzak praktika programan parte hartzeak ez du esan nahi hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak baino gehiago hartzen dituenik. Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza izaera dela eta, praktika horiek egiteak ez du, inola ere, lan harremanaren berezko betebeharrik ekarriko. Halaber, horien edukiak ez du lanpostuen berezko lan prestazioa ordezten ahalko. Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar finantza betebeharrik edo kontraprestazio ekonomikorik aldeetako inorentzat.

Halaber, ikasketak amaitzean ikaslea Foru Komunitateko Administrazioko, bere erakunde autonomoetako edo sozietate publikoetako plantillan sartzen bada, praktiketako denbora ez da antzinatasunerako zenbatuko, eta ez da probalditik salbuetsiko, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan berariaz bestelako zerbait ezarrita ez badago.

Foru Komunitateko Administrazioak, bere erakunde autonomoek edo sozietate publikoek ez dute betetzen ahalko, ezta behin-behineko edo bitarteko izaerarekin ere, plantillan inolako lanposturik hezkuntzako lankidetza hitzarmen honi atxikitako praktiketako ikasle batekin.

Era berean, kanpoko praktika akademikoak egitea ez da merezimendutzat hartzen ahalko funtzio publikoan sartzeko, eta ez da kontuan hartuko antzinatasunerako edo aurretiazko zerbitzuak aitortzeko.

Hamaikagarrena.–Foru komunitateko administrazioko departamentuetako eta erakunde autonomo eta sozietate publikoetako langileen tutoretza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak tutore gisa aitortzen ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako langileak, bai eta praktiken tutoretzan parte hartzen duten erakunde autonomoetako eta harekin lotutako sozietate publikoetako langileak ere, erakunde horrek aldez aurretik izendatuta. Horrek ez du eragozten praktiken jarraipenaz arduratzen diren unibertsitateko irakasleak tutore akademikoak izatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuen menpeko langileak, bai eta haren erakunde autonomoetako eta harekin lotutako sozietate publikoetako langileak ere, tutore gisa aitortzen ahalko dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Ez dakar inolako lan edo administrazio harremanik unibertsitatearekin, eta ez dakar erakunde horrek inolako ordainsaririk jasotzea.

–Onarpen horrek berekin ekar dezake unibertsitateko lagun-tutore izatea, bertan aurreikusitako baldintzetan, eta, hala badagokio, izaera horri dagozkion eskubideak izatea (arrazoi horrengatik ez da inolako kuotarik eskatzen ahalko).

–Foru Komunitateko Administrazioaren, bere erakunde autonomoen edo sozietate publikoen aldetik, tutoreak Unibertsitatera sartzeko eskubidea izanen du, bere eginkizunak betetzeko behar dituen laguntza eta informazioa lortzeko. Bere zeregina amaitzean, praktiken programan tutore gisa parte hartu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat eskatzen ahalko du.

Hamabigarrena.–Praktiketako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

Praktiketako ikasleek honako eskubide hauek izanen dituzte:

a) Tutoretza jasotzeko eskubidea, praktikak irauten duen bitartean, unibertsitateko tutore baten eta Foru Komunitateko Administrazioko, haren erakunde autonomoetako edo sozietate publikoetako tutore baten eskutik.

b) Ebaluatuak izateko eskubidea, Unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera.

c) Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen txostena eskuratzeko eskubidea, garatutako jarduera eta haren iraupena berariaz aipatuta.

d) Hala xedatzen den kasuetan, Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen ekarpen ekonomikoa jasotzeko eskubidea, ikasteko laguntza edo poltsa gisa.

e) Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

f) Foru Komunitateko Administrazioak, bere erakunde autonomoek edo sozietate publikoek laneko arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

g) Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, Foru Komunitateko Administrazioari, haren erakunde autonomoei edo sozietate publikoei behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

h) Desgaitasuna duten ikasleek tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta praktikak baldintza berdinetan eskuratzeko behar dituzten baliabideak izateko eskubidea.

i) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egiteko eta desgaitasun egoerarekin lotutako jarduera eta egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

j) Ikasleak aurkeztutako lan esperientzia curruculumeko praktika moduan aitortzeko eskubidea.

k) Indarrean dagoen araudian edo Unibertsitateak edo, hala badagokio, horri lotutako praktiken erakunde kudeatzaileak Foru Komunitateko Administrazioarekin, haren erakunde autonomoekin edo sozietate publikoekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste eskubide batzuk.

Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten diren bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktika akademikoei buruz ezarritako indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, bi tutoreen jarraibideei jarraituz, eta Foru Komunitateko Administrazioarekin, haren erakunde autonomoekin edo sozietate publikoekin adostutako jarduerak betetzea, proiektu horretan ezarritako ildoen arabera.

c) Unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea praktikak irauten duen bitartean, eta bertan sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta praktiken amaierako memoria entregatzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, hala badagokio, eskatzen zaizkion bitarteko jarraipeneko dokumentu eta txostenak aurkeztea.

d) Adostutako egunean Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen praktikak egiteko eremuan sartzea, aurreikusitako ordutegia betetzea eta haren funtzionamenduko, segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko arauak errespetatzea.

e) Konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala gordetzea, Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen barne informazioari dagokionez.

f) Une oro, Foru Komunitateko Administrazioko, bere erakunde autonomoetako edo sozietate publikoetako politikarekiko errespetuzko jarrera erakustea, kide den unibertsitatearen izen ona zainduz.

g) Indarrean dagoen araudian edo Unibertsitateak edo, hala badagokio, horri lotutako praktiken erakunde kudeatzaileak Foru Komunitateko Administrazioarekin, haren erakunde autonomoekin edo sozietate publikoekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.

Hamahirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren konpromisoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak konpromisoa hartzen du unibertsitate ikasleak onartzeko, praktikak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren bulegoetan, baita erakunde autonomokoetan eta hari lotutako sozietate publikokoetan ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoari ikasturte bakoitzean adieraziko zaio zer kopuru izanen den, hark dituen aukeren arabera. Horretarako, urtero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratibo bakoitzak, baita erakunde autonomoen eta sozietate publikoen kasuan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoari adieraziko dio praktikak egiteko eskaintzen duen gutxieneko postu kopurua, eta hitzarmen honi gehituko zaio eranskin gisa. Gutxieneko hori izateak ez du galaraziko kopurua handitzea, baldin aurrera ateratzen badira ukitutako aldeen arteko ekimenak, praktiketan ikasle gehiago bidaltzea ahalbidetzen dutenak. Curriculumeko praktikak lehenetsiko dira, curriculumaz kanpokoen aurretik.

Sozietate publikoen kasuan, praktikak egiteko beharrezkoa izanen da aurretik sozietate publikoaren akordioa izatea, haren administrazio organoak edo ahalmen nahikoa duen pertsonak onetsia. Kasuan kasu hitzarmen honen 1. eranskina formalizatuz frogatuko da hori.

Hamalaugarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren konpromisoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpoko praktika akademikoak esleituko ditu irizpide objektiboekin bat eta bermatuz, betiere, gardentasunaren, publizitatearen, irisgarritasun unibertsalaren eta aukera berdintasunaren printzipioak.

Hamabosgarrena.–Alde sinatzaileetako tutoreen betebeharrak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko tutoreen betebeharrak:

a) Prestakuntza proiektua behar bezala garatzen dela zaintzea, praktikak egiteko ordutegia eta ikasle bakoitzaren betebehar akademikoak, prestakuntzakoak, ordezkaritzakoak eta parte hartzekoak bateragarriak direla bermatuz.

b) Praktiken jarraipen eraginkorra egitea, horretarako erakunde laguntzailearen tutorearekin koordinatuta eta, hala badagokio, jarraipen txostenak ikusita.

c) Prestakuntza proiektuan gertatzen diren aldaketak baimentzea.

d) Tutoretzapeko ikaslearen praktikak ebaluatzeko prozesua gauzatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatzen duen tutoreak konfidentzialtasuna gordetzea bere jardueraren ondorioz ezagutzen duen edozein informaziori dagokionez.

f) Unibertsitateko kanpoko praktika akademikoen ardura duen organoari sor daitezkeen gorabeheren berri ematea.

g) Desgaitasuna duten ikasleek beren praktikak aukera berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan egiten dituztela bermatzeko beharrezkoak diren laguntza baliabideak behar bezala eskura dituztela gainbegiratzea eta, hala badagokio, hori eskatzea.

Foru Komunitateko Administrazioko tutoreen betebeharrak, bai eta haien erakunde autonomoenak eta sozietate publikoenak ere:

a) Ikasle bakoitzari harrera egitea eta egin beharreko jarduera antolatzea, prestakuntza proiektuan ezarritakoari jarraituz.

b) Jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena bideratzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarritutako harremana sustatuz.

c) Ikasle bakoitzari jakinaraztea erakundearen antolamendua eta funtzionamendua eta intereseko araudia, batik bat segurtasunari eta laneko arriskuei buruz.

d) Unibertsitateko tutore akademikoarekin koordinatzea hitzarmen honetan ezarritako jardueren garapena, praktika normaltasunez garatzeko beharrezkoak izan daitezkeen prestakuntza planaren aldaketak barne, bai eta praktika garatzean sor daitezkeen gorabeherak jakinarazi eta konpontzea eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea ere.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Erregelamenduaren 14. artikuluan aipatzen den azken txostena egitea.

f) Praktikak egiteko ikasle bakoitzak behar duen prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasle bakoitzari praktika garatzeko ezinbestekoak diren baliabide materialen erabilera erraztea.

h) Ikasleek berrikuntza, hobekuntza eta ekintzailetza proposamenak egin ditzaten erraztea eta bultzatzea.

i) Unibertsitateko tutore akademikoari erakunderako sarbidea erraztea, haren eginkizunaren berezko helburuak bete ditzan.

j) Tutoretza jardueraren ondorioz ikasleek ezagutzen duten edozein informazio isilpean gordetzea.

k) Ikasle bakoitzari laguntza eta sorospena ematea, erakundean dagoen bitartean, bertan egiten dituen jardueretan izan ditzakeen arazo profesionalak ebazteko.

Hamaseigarrena.–Jazarpen egoeren kontrako neurriak.

Jazarpen egoeren aurkako neurriei dagokienez, aldeek adostu dute ikasle bakoitza praktika egiten ari den erakunde laguntzailearen berariazko prozedura aplikatuko dela ikasleen balizko jazarpen egoerei aurre egiteko. Halakorik ez badago, unibertsitatearena aplikatuko da, eta bi aldeek konpromisoa hartuko dute abian jartzeko, lankidetzan aritzeko eta, nolanahi ere, alde guztien esku-hartzea bermatzeko.

Hamazazpigarrena.–Kode etikoa.

Ikasle praktikak "Crue Universidad Española" delakoak onartutako kode etikoaren arabera eginen dira. Kode hori bere webgunean dago.

Hemezortzigarrena.–Datuen babesa eta gardentasuna.

Aldeek hitz ematen dute honako hauek aurreikusten dituzten arauei jarraitzea, aplikagarri zaien heinean: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta gaia garatzen duen gainerako araudia (DBEO).

Bereziki, alde sinatzaileei jakinarazten diete hitzarmenaren indarrez ematen dituzten edo ondoren eman ditzaketen datu pertsonalak hitzarmen hau ezarri, garatu eta betetzeko erabiliko direla. Trataera horrek aldeen interes publikoa du oinarri (DBEOren 6.1.e artikulua), eta ezinbestekoa da hitzarmena formalizatu eta betetzeko. Horrenbestez, legez eska daitekeen epean mantenduko da, kontratu harremanetik erator daitezkeen erantzukizunei erantzuteko.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, mugatzeko eta eramateko eskubideak baliatzen ahalko dituzte, kontratu honen idazpuruan agertzen diren helbidera zuzendutako idazki baten bidez, datuak babesteko legerian aurreikusitako baldintzetan, beren NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuta. Halaber, eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, edo hala badagokio, datuak babesteko agintaritza autonomikoetan. Halaber, erakunde laguntzailearen datuak babesteko ordezkariarengana jotzen ahalko dute, halakorik balego, edo bestela, hona: delegado.protecciondatos@unavarra.es.

Harremanetarako datuak ez zaizkio ezein hartzaileri jakinaraziko, legezko betebehar bat betetzeko izan ezik.

Hitzarmen honek bete egin behar du Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Foru Legea.

Beharrezkoa izanez gero, aldeek zuzenbidearen arabera bidezkoak diren agiri guztiak sinatu beharko dituzte, datuak babesteko araudia betetze aldera.

Praktiketako ikasleei eska dakizkiekeen konfidentzialtasun betebeharrak eta jokabide arduratsua ez betetzeak aukera emanen dio Unibertsitateari praktika horiek aldez aurretik amaitzeko, erakunde laguntzaileak horren berri eman ondoren.

Hala badagokio, erakunde laguntzaileak, egoki baderitzo eta ikasleak hala eskatuta, txosten bat egiten ahalko du, egindako jarduera, iraupena eta abar berariaz aipatuz.

Hemeretzigarrena.–Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honen interpretazioari eta exekuzioari buruz izan daitezkeen desadostasunak ebaztea Jarraipen Batzorde Paritario bati dagokio, eta aldeek izendatuko dituzte haren kideak.

Hogeigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia eta suntsipena.

Hitzarmen hau lau urtez egonen da indarrean, sinatzen den egunetik aurrera, eta lau urtez luzatzen ahalko da, gehienez ere. Alde bakoitzak bere aldetik suntsiarazten ahalko du hitzarmena, hiru hilabete lehenago formalki jakinarazita. Era berean, aldeek edozein unetan adosten ahalko dute hitzarmena suntsiaraztea edo aldatzea.

Hogeitabatgarrena.–Hitzarmenaren aldaketa eta amaiera.

Hitzarmen hau alda daiteke, aldeek aho batez hala adostuta. Hala bada, aldaketa hori dagokion eranskinaren bidez formalizatuko da.

Hitzarmen hau hutsalduko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsitzeko arrazoietako bat gertatzen denean. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan jasota daude hitzarmena suntsitzeko arrazoiak.

Hitzarmena suntsitzen den unean Unibertsitateko ikasleren bat Foru Komunitateko Administrazioan, haren erakunde autonomoetan edo sozietate publikoetan praktikak egiten ari bada, hitzarmenak ondorio guztiak izanen ditu praktikak erabat amaitu arte.

Hitzarmen honek indarrik gabe uzten ditu aurretik Unibertsitatearen eta Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen artean sinatutako praktiketako hitzarmenak. Hitzarmena suntsiarazten bada, hura behar bezala likidatzeko beharrezko erabakiak hartuko dira.

Arduradunek eta bi aldeen jardunean tutoretza egiten ari diren pertsonek jardunean jarraituko dute, eta haiek arduratuko dira aribidean dauden jarduketekin edo hitzarmenetik eratorritakoekin lotuta sor daitezkeen arazoak konpontzeaz. Berdin jokatuko da, era berean, hitzarmena azkentzen bada, konpontzeke dauden gaiak ebatzi arte.

Hala erabaki dute eta, ados izatearen frogagarri, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan.

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Juan Cruz Cigudosa García, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Ramón Gonzalo García, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea.

PRAKTIKETAKO HITZARMENAREN EREDU OROKORRAREN ERANSKINA

Eranskin hau Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmenari erantsi zaio.

AGERTU DIRA:

Alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko dekano edo zuzendari gisa, eta Unibertsitatearen Estatutuetan ezarritakoaren arabera ekitaldi hau egiteko behar besteko ahalmena izanik.

Bestetik, [Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo praktikak egiten diren sozietate publiko edo organismo autonomoaren egitura organikoaren izena txertatu]n praktiketan ari den ikaslearen tutorea (aurrerantzean destinoko egitura organikoa).

Eta, bestetik, ikaslea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Fakultatearen/Eskolaren izena

Dekanoaren edo zuzendariaren izena

Destinoko egitura organikoa

Izena, osorik

Egoitza soziala

IFK

Tutorearen izena

Ikasleak

Ikaslearen izena

NANa

Ikaslearen helbidea

Jaioteguna

Titulazioa

ADIERAZTEN DUTE:

Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituen ikaslea hautatua izan dela destinoko egitura organikoan prestakuntza praktikak egiteko. Halaber, adierazi du badakiela praktikak egiteak ez dakarrela inolako lan harremanik, prestakuntza praktiketako ikaslea baita.

Adierazpen horiek eginda, aldeek, askatasunez eta borondate propioz, honako hau

ADOSTEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Akordio honen xedea da ikasleak matrikulatuta dagoen kanpoko praktikak destinoko egitura organikoan nola eta zer baldintzatan egin behar dituen artikulatzea.

Bigarrena.–Praktikak.

a) Ikasleak destinoko egitura organikoan eginen dituen zereginak esleitutako prestakuntza proiektuaren arabera egokitu beharko dira, eta proiektu horretan ezarriko dira bai helburu espezifikoak bai ikaskuntzan aurreikusitako zeregin zehatzak.

b) Praktikak ordutegi egokian eginen dira, ikasleak bere prestakuntzan ezarritako jarduera akademiko osagarriaren jarraipen egokia egin dezan eta unibertsitatean garatutako ordezkaritza lanak bete ditzan.

c) Baimen erregimena destinoko egitura organikoaren eta tutorearen eremuan ezarritako atsedenaldietara egokituko da, orduen egutegia eta ikasketak eta prestakuntza praktikoa bateragarri egiteko beharrezko baimenak osatu arte.

d) Ikasleak Unibertsitateko irakasle tutore bat izanen du, bere prestakuntzaren planifikazioaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko dena, Nafarroako Gobernuaren egitura organikoko langileen artean izendaturiko irakasle tutorearekin koordinaturik, betiere Batzorde Akademikoak urtero ezartzen duen praktika gidaren arabera.

Ikaslearen izen-deiturak

Titulazioa

Destinoko egitura organikoaren izena

Nafarroako Unibertsitate Publikoko tutore-irakaslea

Posta elektronikoa

Destinoko egitura organikoko tutorea

Posta elektronikoa

Praktikaren datuak

Hasiera eguna

Amaiera eguna

Ordu kopurua, guztira

Ordutegia

Hala badagokio, laguntza ekonomikoa (euro hilean)

Hirugarrena.–Nahitaezko prestakuntza proiektua.

ZEREGINAK

LOTUTAKO KONPETENTZIAK

Bete ataza egokiak:

–Ikaslearen titulazioko praktiken irakasgaian zehaztutako konpententziak

–Adimen emozionala (konfiantza, asertibitatea, autokontrola, ikuspegi positiboa, motibazioa, estresaren kudeaketa, enpatia)

–Talde lana eta malgutasuna

–Lidergotza eta arazo eta gatazken ebazpena

–Komunikazioa

–Ekimena eta sormena

–Plangintza eta antolaketa

–Pentsamendu analitikoa eta erabakiak

Laugarrena.–Ikaslearen eskubideak eta betebeharrak.

–Ikasleek, praktikak egin bitartean, honako eskubide hauek izanen dituzte:

1. Beren maila akademikorako egokiak diren praktikak egiteko eskubidea, betiere horietarako hautatuak izan badira.

2. Tutoretzen bidez ikuskatuak eta ebaluatuak izateko eskubidea.

3. Prestakuntza praktikora joateren ziozko istripu asegurua edukitzeko eskubidea.

4. Praktikak egiteari uko egiteko eskubidea, aldeei aurrerapen nahikoaz jakinarazita.

5. Destinoko egitura organikoak igorritako txostena lortzeko eskubidea, garatutako jarduera, haren iraupena eta, hala badagokio, errendimendua berariaz aipatuta.

6. Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

7. Destinoko egitura organikoaren zerbitzuen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren gainean indarrean den araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

8. Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, destinoko egitura organikoko organo eskudunei behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

9. Desgaitasuna izanez gero, praktika berdintasun baldintzetan egiteko behar diren baliabideak edukitzeko eskubidea, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.

10. Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egiteko eta beren egoerarekin lotutako egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

Indarreko araudian eta hezkuntzako lankidetza hitzarmen egokietan aurreikusitako bestelako eskubideak.

–Bestalde, ikasleen betebeharrak izanen dira honako hauek:

1. Prestakuntza praktikak destinoko egitura organikoari dagozkion arau eta ohituretara egokituta egitea, egutegia eta ezarritako ordutegia betez.

2. Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarritako araudia ezagutzea eta betetzea.

3. Prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, tutoreak destinoko egitura organikoari buruz emandako jarraibideak betez eta unibertsitateko tutoreak gainbegiratuta, eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, bertan ezarritako ildoen arabera.

4. Praktikak irauten duen bitartean unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea eta sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta bitarteko jarraipeneko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria egitea eta entregatzea ere.

5. Konfidentzialtasuna gordetzea destinoko egitura organikoaren barne informazioari dagokionez, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, egonaldi praktikoan eta hura amaitutakoan.

6. Destinoko egitura organikoko langile guztiekiko errespetuzko jarrera erakustea uneoro, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izen ona zainduz.

7. Indarrean dagoen araudian eta/edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.

Bosgarrena.–Erakunde laguntzaileko tutorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak erakunde laguntzailearen tutore gisa aitortzen ahalko ditu praktiken tutoretzan parte hartzen duten destinoko egitura organikoaren mendeko langileak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren eremuan izendatu ondotik. Horrek ez du eragozten praktiken jarraipenaz arduratzen diren unibertsitate irakasleak tutore akademikoa izatea. Erakunde laguntzailearen tutore izateko aitorpenak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Ez dakar inolako lan edo administrazio harremanik unibertsitatearekin, eta ez dakar erakunde horrek inolako ordainsaririk jasotzea.

b) Onarpen horrek berekin ekar dezake unibertsitateko lagun-tutore izatea, bertan aurreikusitako baldintzetan, eta, hala badagokio, izaera horri dagozkion eskubideak izatea (arrazoi horrengatik ez da inolako kuotarik eskatzen ahalko).

c) Erakunde laguntzaileko tutoreak Unibertsitatera sartzeko eskubidea izanen du, bere eginkizunak betetzeko behar dituen laguntza eta informazioa lortzeko. Bere zeregina amaitzean, praktiken programan tutore gisa parte hartu duela egiaztatzen duen ziurtagiri bat eskatzen ahalko du.

Seigarrena.–Erantzukizun zibilaren eta istripuen asegurua.

Unibertsitateko irakaskuntza ofizial edo berezkoetako batean matrikulatutako ikasle guztiek erantzukizun zibilaren aseguru bat dute.

Eskola aseguruak 28 urtetik beherakoak estaltzen ditu, unibertsitateko ikastegietako irakaskuntza ofizialetan matrikulatuta badaude eta dagokion kuota ordainduta badute. Estalduraren denbora eremua urte akademikoa da. Aplikazio esparrua lurralde nazionala da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean jasotako lurraldetasun printzipioaren arabera.

28 urte edo gehiagoko ikasleen kasuan, edo Unibertsitatearen berezko irakaskuntzetan matrikulatutakoen kasuan, Unibertsitatearen barne erakundeak ziurtatuko du dagokion istripu aseguruak eta derrigorrezkoak izan daitezkeen guztiek estaltzen dutela.

Praktikak lurralde nazionaletik kanpo egiten badira, Unibertsitateak, dagokion zentroaren bidez, bermatuko du ikasleek poliza dutela istripuen, osasun laguntzaren eta aberriratzearen kasuetarako.

Zazpigarrena.–Haur eta nerabeekin tratu errepikatua, zuzena eta erregularra duten praktikak edo adingabeak hartzaile nagusitzat dituztenak.

Praktikek haurrekin eta nerabeekin tratu errepikatua, zuzena eta erregularra eskatzen badute, edo adingabeak hartzaile nagusitzat badituzte, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan ezarritakoa beteko da, eta, ondorioz, curriculum praktikak eginen dituzten ikasleek sexu delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute destinoko egitura organikoan sartu aurretik.

Zortzigarrena.–Jazarpen egoeren kontrako neurriak.

Aldeek adostu dute ikasle bakoitza praktika egiten ari den destinoko egitura organikoaren berariazko prozedura aplikatuko dela ikasleen balizko jazarpen egoerei aurre egiteko. Halakorik ez badago, unibertsitatearena aplikatuko da, eta bi aldeek konpromisoa hartuko dute abian jartzeko, lankidetzan aritzeko eta, nolanahi ere, alde guztien esku-hartzea bermatzeko.

Bederatzigarrena.–Datuen babesa eta gardentasuna.

Aldeek hitz ematen dute honako hauek aurreikusten dituzten arauei jarraitzea, aplikagarri zaien heinean: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta gaia garatzen duen gainerako araudia (DBEO).

Bereziki, alde sinatzaileei jakinarazten diete hitzarmenaren indarrez ematen dituzten edo ondoren eman ditzaketen datu pertsonalak hitzarmen hau ezarri, garatu eta betetzeko erabiliko direla. Trataera horrek aldeen interes publikoa du oinarri (DBEOren 6.1.e artikulua), eta ezinbestekoa da hitzarmena formalizatu eta betetzeko. Horrenbestez, legez eska daitekeen epean mantenduko da, kontratu harremanetik erator daitezkeen erantzukizunei erantzuteko.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, mugatzeko eta eramateko eskubideak baliatzen ahalko dituzte, kontratu honen idazpuruan agertzen diren helbidera zuzendutako idazki baten bidez, datuak babesteko legerian aurreikusitako baldintzetan, beren NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuta. Halaber, eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, edo hala badagokio, datuak babesteko agintaritza autonomikoetan. Halaber, erakunde laguntzailearen datuak babesteko ordezkariarengana jotzen ahalko dute, halakorik balego, edo bestela, hona: delegado.protecciondatos@unavarra.es.

Harremanetarako datuak ez zaizkio ezein hartzaileri jakinaraziko, legezko betebehar bat betetzeko izan ezik.

Hitzarmen honek bete egin behar du Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Foru Legea.

Beharrezkoa izanez gero, aldeek zuzenbidearen arabera bidezkoak diren agiri guztiak sinatu beharko dituzte, datuak babesteko araudia betetze aldera.

Praktiketako ikasleei eska dakizkiekeen konfidentzialtasun betebeharrak eta jokabide arduratsua ez betetzeak aukera emanen dio Unibertsitateari praktika horiek aldez aurretik amaitzeko, erakunde laguntzaileak horren berri eman ondoren.

Hala badagokio, erakunde laguntzaileak, egoki baderitzo eta ikasleak hala eskatuta, txosten bat egiten ahalko du, egindako jarduera, iraupena eta abar berariaz aipatuz.

Hamargarrena.–Indarrean sartzea eta iraupena.

Hitzarmen hau sinatzen den unean jarriko da indarrean, eta indarraldia praktikak amaitzen diren egunean amaituko da. Nolanahi ere, aldeetako edozeinek Akordio honetan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu, gainerakoei baimena emanen die zorrotz betetzeko eskatzeko edo suntsiarazteko.

Aldeek, irakurri ondoren, edukiarekin ados daudela adierazteko, hiruna alde sinatu dituzte, ondore bakarrerako, Iruñean,

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik:

Destinoko egitura organikoaren aldetik:

Ikaslea

Iragarkiaren kodea: F2215907