260. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Udal ordenantza, 2022ko ekainaren 18an izandako suteak kaltetutako higiezinak berreraiki eta konpontzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2022ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ekainaren 18an izandako suteak kaltetutako higiezinak berreraiki eta konpontzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, eta horren iragarkia argitara eman zen 2022ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Valtierran, 2022ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

VALTIERRAKO UDALAREN UDAL ORDENANTZA, 2022KO EKAINAREN 18AN IZANDAKO SUTEAK KALTETUTAKO HIGIEZINAK BERRERAIKI ETA KONPONTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Valtierrako Udalak hobaria ezartzea eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, zerga hori aplikatu bada 2022ko ekainaren 18an Valtierran izan zen sutean kaltetutako higiezinak konpontzeko eta berreraikitzeko obren ondorioz.

2. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak emateko organo eskuduna, hark izanen baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.

3. artikulua. Onuradunak eta onuradun izateko baldintza orokorrak.

Honako hauek izaten ahalko dira ordenantza honetan arauturiko laguntzen onuradun:

a) Valtierran erroldaturiko pertsona fisiko eta/edo juridikoak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren likidazioa aurkezten dutenak dagokion obra-lizentziaren eskaeraren ondorioz edo obra txikiei dagozkien erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa aurkeztearen ondorioz, baldin eta aurretiaz frogatzen badute hobaria jasotzea nahi duten obra horren jatorria dela 2022ko ekainaren 18an Valtierran izan zen suteak kaltetutako higiezin bat berreraikitzea, eta hura Valtierrako udal-mugartean dagoela.

Ordenantza honetan arauturiko laguntzak jasotzeko baldintza izanen da Gizarte Segurantzako kotizazio betebeharrak egunean izatea, bai eta Nafarroako Foru Ogasuneko eta Valtierrako Udaleko zerga betebeharrak ere. Ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da.

Valtierrako Udalarekiko zerga betebeharrei dagokienez, Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori, eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari ordaindu beharreko zenbatekorik.

4. artikulua. Baztertzeak.

Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan:

1. Valtierrako udal-mugartean ez dauden higiezinetako obrak.

2. 2022ko ekainaren 18ko sutea jatorritzat ez duten berreraikitze obrak.

3. Ezin izanen dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean dauden pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

5. artikulua. Eskaerak aurkeztea, epea eta ebazpena.

1. Eskabidea Valtierrako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko da, eskatzaileak sinatua eta deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberakoa (I. eranskina). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz ayuntamiento@valtierra.es helbide elektronikora.

2. Eskabideak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), dagokion deialdian ezartzen den epearen barnean aurkeztuko dira.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik hasita, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaiola. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.

4. Eskabideak aurkezteko epea: 2023ko ekainaren 18a.

5. Valtierrako Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa; gainera, horretarako beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

6. Ebaluazioa bukatuta, instrukzio-organoa arduratuko da datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko egin behar diren izapide guztiak ofizioz egiteaz; izan ere, datuok oinarri hartuta eginen zaio ebazpen proposamena organo eskudunari, hark ebazpena eman dezan. Ebazpen proposamena dagokion batzordera igorriko da, eta batzorde horrek txosten loteslea eginen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

6. artikulua. Eskatzaileek kasu bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak.

1) Eskabidea, Valtierrako Udalari zuzendua (I. eranskina).

2) NANaren fotokopia (pertsona fisikoak) eta eraketa edo aldaketa eskriturarena (pertsona juridikoak), bai eta enpresaren IFK ere, hala dagokionean.

3) Gizarte Segurantzarekin, Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Valtierrako Udalarekin dituzten betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

4) Alta ekonomia-jardueren gaineko zergan eta ordainagiria (pertsona juridikoak).

5) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (I. eranskina).

6) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (I. eranskina).

7) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

8) Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren likidazioa, Valtierrako Udalean behar bezala erregistratua.

9) Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren likidazioa, Valtierrako Udalean behar bezala erregistratua, ordaindu izanaren frogagiria.

Zergaren likidazioak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira.

Udalak edozein dokumentazio eskatzen ahalko du, argigarria dela baderitzo.

7. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Valtierrako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ahalko ditu.

Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta dirulaguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edo betebeharrak aldatu badira.

8. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin, baina jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren kostua baino handiagoa.

9. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Onuradunak zergaren likidazioa ordaindu izana justifikatu ondoren eginen da ordainketa, itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpena eman eta gero.

10. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da eta, kasua bada, emandako onurak deuseztatu, dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, edo aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazionalak nahiz nazioartekoak, emandako dirulaguntzak edo laguntzak lortzen badira, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, emandako datuak faltsutu, itxuragabetu edo ezkutatzen badira, eta laguntzak emateko erabakigarriak izan diren gertaerak eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatzen badira.

11. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea izapidetu ondoren, honako kasu hauetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.

c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi % 25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

e) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko. Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea izapidetuko da kontraesanaren eta frogaren printzipioen arabera, onuradunari entzunaldia emanez, egin eta proposa ditzan egoki iritzitako alegazio eta frogak. Udaleko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo errebokatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

II. TITULUA

Dirulaguntzak

12. artikulua. Dirulaguntzak emateko irizpideak eta baldintzak.

Dirulaguntza hau gauzatzeko, laguntza ekonomiko bat emanen da, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren % 100eko hobaria izanen dena, baldin eta halakoak beharrezkoak badira 2022ko ekainaren 18an udalerrian izan zen sutearen ondorioz ondasun higiezinetan eragindako kalteak berreraikitzeko eta/edo konpontzeko, betiere Valtierrako udal-mugartean dauden higiezinetarako.

Udal Administrazioak ikusten badu onuradunak dirulaguntza hau oker erabiltzen ari direla, zilegi izanen du horren gaineko ikerketa egitea. Dirulaguntza iruzurrez erabiltzeak laguntza berehala kentzea ekarriko du.

13. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Honako kontzeptu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

a) Valtierrako Udalean erregistratutako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren likidazioa, halakoak egiteko obra-lizentzia eman denean edo obra txikien erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu direnean.

14. artikulua. Onuradun izateko berariazko baldintzak eta betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 (1) Legearen 14.1 artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

a) Diruz lagundutako zergaren likidazioa ekarri duen baimendutako edo adierazitako obra gauzatzea.

b) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

15. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Zerga-hobariaren zenbatekoa izanen da zerga-likidazioaren zenbatekoaren % 100; onuradunak aurretiaz ordainduta eduki beharko du Valtierrako Udalak horretarako gaitutako kontuetan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta berariaz indargabetzen den arte egonen da indarrean.

1. ERANSKINA

Eskabidea eta adierazpenak

Datuak.

Izen-deiturak:

Hemengo bizilaguna:

Helbidea:

Kalea:

NANa:

Telefonoa:

Helbide elek.:

Nire izenean edo ondoko hau ordezkatuz: (ezabatu behar ez dena)

Izena edo sozietatearen izena:

IFZ edo NANa:

Helbidea:

Kalea:

Poligonoa:

Telefonoa:

Faxa:

Web-orria:

Helbide elek.:

Behean sinatzen dudan honek deialdi honetan onar nazazuen eskatzen dut.

1. Aditzera ematen dut eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Hitza ematen dut deialdiko betebehar guztiak beteko ditudala eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatuko ditudala.

2. Aditzera ematen dut ez dudala inolako debeku kausarik eta deialdi honen aurreko bi urteetan ez dudala honelako jarduerarik ez gisakorik nire kontura egin.

Valtierran, ...........(e)ko ..................................aren ..................(e)(a)n.

Sinatua

Iragarkiaren kodea: L2216000