260. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUEZKO KONTZEJUA

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Muezko Kontzejuak, 2022ko abuztuaren 26an egin bilkuran, legez eskatutako gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza.

Ordenantza jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2022ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko xedatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Muetzen, 2022ko abenduaren 1ean.–Alkatea, Domingo Eraso Azcona.

MUEZKO UDAL-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Muezko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Muezko Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Muezko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Muezko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Muezko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Muezko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Muezko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Muezko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Muezko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Muezko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Muezko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Muezko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Muezko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Muezko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Muezko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.

16. artikulua. 1. Oro har, Muezko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Muezko Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebete lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Muezko Kontzejuak argituko ditu banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik baimena ematea Muezko Kontzejuko Alkatetzak. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren % 20 ordaindu beharko da fidantza moduan.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren % 5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazio-hartzailearen heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazio-hartzailea beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira egiten diren kalte guztiak.

Adjudikazio-hartzaileak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, kalteak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Muezko Kontzejuak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa Kontzejuak erabakiko du.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Muezko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

22. artikulua. 2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera.

22. artikulua. 3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapitala, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horien antzeko beste edozein datu ere.

23. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

24. artikulua. Kontzejuak urtero onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen % 90 baino.

Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari esleitutako laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik zenbat herri-lur dauden.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

26. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, Kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Muezko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 28. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Muezko Kontzejuak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

28. artikulua. Muezko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Erabakiko da honako kasu hauetan ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Kontzejuak gehiengo soilaz hartutako erabakiaren arabera, adjudikatutako lurzatiak norberak zuzenean lantzen ez baditu, ordenantza honetako 26., 27. eta 28. artikuluetan xedatzen denaren arabera.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta ez aurkeztea agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek eginak edo Kontzejuak baimendutako pertsonek.

d) Adjudikaturiko lurzatiaren % 80, gutxienez, lantzen ez dutenak.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza dutenek.

30. artikulua. Kontzejuak finkatuko du herritarrentzako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

31. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan ezarritako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

32. artikulua. Kontzejuak onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona aprobetxamendu mota honetan, lur motaren arabera.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura nekazaritzako produktuen KPIarekin batera eguneratuko da urtero. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

34. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako azalera bat, gehienez herri-lurren azaleraren % 5, onuradun berriei esleitzeko.

3. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. artikulua. Muezko Kontzejuak, laborantzako lurrik soberan bada lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; izanen da inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

38. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Muezko Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

39. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

h) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Muezko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

40. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Muezko Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasuna duten herritarrena edo zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

41. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Muezko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

42. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

43. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Muezko Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu.

44. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

45. artikulua. Muezko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

46. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izango dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izango dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izanen dute baldintza hori betetzeko.

47. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Muezko Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

Larreen adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren, beste norbaiten azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien % 50 kentzen ahalko zaio adjudikaziodunari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

48. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

49. artikulua. Muezko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Muezko Kontzejuko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta Muezko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Muezko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Muezko Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

50. artikulua. Muezko Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du.

51. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izango da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

52. artikulua. Baldin herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Muezko Kontzejuak erabakitzen duen denborarako eta jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari.

53. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira azienda mota ezberdinen artean:

a) Behor aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru 1.

b) Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

54. artikulua. Herri-lurretako larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, finka partikularrekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

53. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Muezko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

54. artikulua. Muezko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Muezko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

55. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

56. artikulua. Egurra banatzerakoan, Muezko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

57. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Muezko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 22. artikuluan islatzen den bezala.

58. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.

59. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

60. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

61. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Muezko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

62. artikulua. 1. Muezko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

62. artikulua. 2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

62. artikulua. 3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

62. artikulua. 4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

63. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

64. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Aprobetxamenduaren % 80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

65. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Muezko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituzten ordenantzak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2216499