26. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1329E/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, Tokiko Agenda 2030 presta dezaten 22-23 aldian. DDBN identifikazioa: 602348.

Tokiko Agenda 2030 –lehen Tokiko Agenda 21 izandakoa– plangintza estrategikoko prozesu bat da, udalerri batek edo udalerrien elkartze batek egiten duena jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa jarrita garapenaren jomugan; prozesu hori bideratzeko, udal agintariek eta herritarrek elkarrekin erabakiak hartuta zehazten dira helburuak.

Ebazpen honen xedea da araubidea ezartzea Tokiko Agenda 2030 prestatzeko dirulaguntzetarako, hura 2022-2023 aldian presta dadila sustatze aldera, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzea helburu harturik.

Tokiko Agenda 2030 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki erakundeekin eta biztanleekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 2030 egiteko dirulaguntzak urte anitzekoak izatea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzak emateko deialdia onestea toki erakundeek Tokiko Agenda 2030 –lehen Tokiko Agenda 21– prestatzeko finantzaketa izan dezaten 2022-2023 aldian.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 2022. urterako 46.800,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den 2021eko gastu aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: “740001 74100 4609 468100 Toki erakundeentzako dirulaguntzak jasangarritasuneko azterlanak eta planak egiteko. Agenda 21”, baldin eta kreditu egokia eta nahikorik bada.

4. 2023. urterako 46.800,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den 2021eko gastu aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: “740001 74100 4609 468100 Toki erakundeentzako dirulaguntzak jasangarritasuneko azterlanak eta planak egiteko. Agenda 21”, baldin eta kreditu egokia eta nahikorik bada.

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzi jurisdikzioan. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

TOKIKO AGENDA 2030 PRESTATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ERAKUNDEENTZAT, 2022-2023 ALDIRAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da araubidea ezartzea Tokiko Agenda 2030 prestatzeko dirulaguntzetarako, hura 2022-2023 aldian presta dadila sustatze aldera, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzea helburu harturik.

Honako ezaugarri hauek ditu Tokiko Agenda 2030 delakoak:

1. Tokiko Agenda 21 izandakoaren jarraipena da.

2. Jasangarritasuna sustatzen du ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

3. Agenda 2030 eta haren garapen jasangarrirako 17 helburuak herri mailara ekartzen ditu.

4. Espainiako Hiri Agendaren egitura orokorra du.

5. Epe ertain eta luzerako plan estrategikoa da.

6. Jardun eremua ukitzen duten gainerako garapen-estrategiekin koherentea da.

7. Herritarrek parte hartzen dute haren lanketan.

8. Tokiko botere publikoen erantzukizun politikoa da hura ezartzea, hari jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen da Nafarroako Toki Erakundeetan Tokiko Agenda 2030 prestatzeak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a. Toki erakunde batek eginak izatea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo erakundeen elkartze batek.

b. Tokiko Agenda 2030 baten prestaketa lanen barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

c. Agenda osoki prestatzea, eranskin horretan berean zehaztu bezala.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, ondoko dokumentazio hau erantsiko zaio eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharreko eskaerari:

1. 2. eranskina: Erakunde eskatzailearen eta dirulaguntzaren xede diren erakundeen erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Eskaera erakunde baterako baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer erakunde diren. Halaber, zehaztuko da inoiz prestatu den Tokiko Agenda 21, eta noiz.

2. Zenbait toki erakundetarako eskaera eginez gero, eskuordetutako erakunde bakoitzerako 3. eranskina osorik beterik gehituko da: erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, adieraziko da erakunde eskatzaileari eskuordetza egiten zaiola, baita Tokiko Agenda 21 prestatzeko eta gasturako konpromisoa ere.

Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo toki erakundeko lehendakariak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Agendek zenbait udalerritan baldin badute eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko baimen-agiria erantsiko da (3. eranskina).

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

Batzordeburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburu bat.

Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasotakoan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatuko du oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez eman edo ukatuko dira dirulaguntzak. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2022ko eta 2023ko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2022ko eta 2023ko ekitaldietan eman dezan toki erakundearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki erakundeak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek behin betiko hartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzule bakar-bakarra izanen da, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek, estatukoek nahiz Europar Batasunekoek, egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

6. Tokiko batzorde betearazlea sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda prestatzen duten toki erakundeen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek; azken horiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko batzorde betearazleak hiru bilera eginen ditu, eta bilerek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

a) Lehena 2022ko ekainaren 20a baino lehenago eginen da. Horretan, abiatzeko dokumentua eta lanerako plana aurkeztuko dira, informazio honekin, gutxienez:

–Tokiko Agenda 2030 prestatzeko ardura duen enpresa kontratatzeko agiria.

–Tokiko Agenda 2030erako hasierako dokumentua.

a. Hasierako dokumentuak: aurreko Tokiko Agenda 21 edo 2030, LOEE (EMOT), LAP (POT) eta Eskualdeko estrategiak.

b. Lanerako plana:

I. Informazio iturriak: erakundeak, pertsonak eta alderdi interesdunak.

II. Lantegi kopurua eta egutegia.

III. Komunikazio eta mobilizazio plana parte-hartze lantegietarako.

IV. Laneko planaren beste ekintza batzuk.

b) Bigarren bilera 2022ko azaroaren 14a baino lehen izanen da, jasangarritasunari buruzko diagnostikoa aurkezteko, balidatzeko.

c) Hirugarren bilera 2023ko maiatzaren 14a baino lehen izanen da, tokiko ekintza- eta jarraipen-plana aurkezteko, balidatzeko.

7. Seihileko bakoitzeko gutxienez parte hartzeko foro bat eginen da.

8. Toki erakundearen ordezkari politiko bat eta erreferente tekniko bat izendatu beharko dira; tokiko batzorde betearazleetan parte hartuko dute, eta artekari lanak eginen dituzte Nafarroako Gobernuarekin eta laguntzaileekin.

9. Toki erakundeek ez dute zertan Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin bat egin, baina oso egokia da hori, itunaren eta deialdi honen helburuak ildo berean doazelako.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

Bi epetan ordainduko da. Lehendabizikoa, 2022ko abenduaren 31 baino lehenago ordainduko da, 2022ko gastu aurrekontuko “740001-74100-4609-468100 Toki erakundeentzako dirulaguntzak jasangarritasuneko azterlan eta planetarako: Agenda 21” izeneko partidaren kargura.

Lehen epe honetan agenden diagnostikoa prestatzeko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ordainduko dira.

Bigarrena 2023ko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, “740001-74100-4609-468100 Toki erakundeentzako dirulaguntzak jasangarritasuneko azterlan eta planetarako: Agenda 21” partidaren kargura edo 2023ko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura. Bigarren epe horretan ordainduko dira agenden ekintza- eta jarraipen-planak prestatzeari lotutako gastuetarako dirulaguntzak. Azken kasu horretarako, beharrezkoa izanen da Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak aldeko txostena egitea, hots, Tokiko Agenda 2030 osoki zuzen prestatu dela ziurtatzea. Bestela, Tokiko Agenda 2030en erakunde arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, gehienez 46.800 euro emanen dira 2022rako, eta 46.800 euro 2023rako. Dirulaguntzaren xede diren ekintzek ekarritako gastuaren %70 izanen da gehienez proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Epe eta agenda bakoitzeko 5.850 euro ordainduko dira 2022an eta 5.850 euro 2023an gehienez ere; horrenbestez, gehieneko dirulaguntza 11.700 eurokoa izanen da 2022-2023 aldian egiten den tokiko agenda 2030 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emateko ebazpenean adieraziko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa, urtero, araberan murriztuko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak:

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza. Horien artean, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten erakundeen edo erakunde multzoen proiektuek.

b) Gero, tokiko ekintza- eta jarraipen-plan zaharrenak dituzten erakundeei emanen zaie dirulaguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten erakundeen edo erakunde multzoen proiektuek.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Onuradunek 2022ko azaroaren 15a arte izanen dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean esaten den bezala.

c) 6. eranskina, betea eta sinatua: Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrei buruz eta gastuei eta diru-sarrerei buruz.

2. Onuradunek 2023ko maiatzaren 15a arte izanen dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko Agenda 21 dokumentu osoaren ondoriozko dokumentua, 4. eranskinean ezarri bezala.

c) 6. eranskina, betea eta sinatua: Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrei buruz eta gastuei eta diru-sarrerei buruz.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Erakunde publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

Deskargatu 2. eranskinetik 6.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2200071