259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

ENPLEGUA egonkortzeko deialdi salbuespenezkoa, merezimenduen lehiaketa bitartez betetzekoa Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko komunikazio-teknikari lanpostu huts bat (A maila), administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikariaren lanpostu huts bat (B maila), mantentze-lanetako teknikari-ofizialaren lanpostu huts bat (C maila) eta gelazain-lanpostu huts bat (D maila).

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko abenduaren 12an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Zerbitzu Orokorretako buruak proposamen bat aurkeztu du, Nafarroako Parlamentuko plantilla organikoko zenbait lanpostu huts deitu ahal izateko, hain zuzen ere, Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean jasotako salbuespenezko kasuetan daudenak. Proposamen hori egiten da Legebiltzarreko Mahaiak 2022ko maiatzaren 30eko erabakiaren bidez egindako eskaera betez, eta aipatu 20/2021 Foru Legean ezarritako epeei jarraikiz. Espedientea Zerbitzu Juridikoek eta Kontu-hartzailetzak egindako txostenez ere hornitu da.

Aurkezturiko dokumentazioa ikusita eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 37. artikuluarekin bat, honako hau

ERABAKI DA:

1. Enplegua egonkortzeko deialdi salbuespenezkoaren oinarriak onestea, merezimenduen lehiaketa bitartez betetzekoa Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko komunikazio-teknikari lanpostu huts bat (A maila), administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikariaren lanpostu huts bat (B maila), mantentze-lanetako teknikari-ofizialaren lanpostu huts bat (C maila) eta gelazain-lanpostu huts bat (D maila).

2. Agintzea deialdia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bai eta Parlamentuko web orrian eta iragarki-oholean ere.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

Enplegua egonkortzeko deialdi salbuespenezkoa, merezimenduen lehiaketa bitartez betetzekoa Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko komunikazio-teknikari lanpostu huts bat (A maila), administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikariaren lanpostu huts bat (B maila), mantentze-lanetako teknikari-ofizialaren lanpostu huts bat (C maila) eta gelazain-lanpostu huts bat (D maila).

Deialdi honen oinarriak honakoak dira:

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

1.1. Deialdi honek xede du lehiaketa-sistemaren bidez betetzea, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren 2022ko maiatzaren 30eko Erabakian eta Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezartzen denari jarraituz, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko funtzionario-araubideko honako lanpostu hauek: komunikazio-teknikari lanpostu huts bat (A maila), administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikariaren lanpostu huts bat (B maila), mantentze-lanetako teknikari-ofizialaren lanpostu huts bat (C maila) eta gelazain-lanpostu huts bat (D maila).

1.2. Lehiaketa aurrera eramanen da 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan eta horrek gerora izandako aldaketetan xedatuari jarraikiz; eta, osagarri modura, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta, hori garatu eta betearazteko, Sarrera-erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedatuarekin bat.

1.3. Deialdi hau dela medio izendaturik suertatzen diren izangaiek Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat eta, zehazki, teknikarien, teknikari-ofizialen eta gelazainen kidegoetakoentzat ezarritako eginkizunak beteko dituzte eta horien eskubide eta betebeharrak edukiko dituzte. Haien eginkizunak dira Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 8. artikuluak eta Nafarroako Parlamentuko administrazioaren antolamenduari buruzko Erregelamenduko 11 eta 21. artikuluek orokortasunez ezartzen dituztenak.

Lehiaketak barne hartzen dituen lanpostuak honako zerbitzu eta atalei atxikita daude:

–Komunikazio-teknikaria: Idazkaritza Nagusia, Prentsa Atala.

–Administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikaria: Zerbitzu Orokorrak.

–Mantentze-lanetako teknikari-ofiziala: Zerbitzu Orokorrak.

–Gelazaina: Zerbitzu Orokorrak.

Lanpostu bakoitzerako, hautaprozesu bereizia eginen da, deialdi honetako oinarriei jarraituko zaiena.

1.4. Izendapenak Nafarroako Parlamentuaren nominako eta plantillako funtzionarioaren izaera emanen die hautatuei, indarreko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuei A maila (komunikazio-teknikariarenari), B maila (administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikariarenari), C maila (mantentze-lanetako teknikari-ofizialarenari) eta D maila (gelazainarenari) esleitzen zaizkie, bai eta maila horiei dagozkien ordainsariak eta Nafarroako Parlamentuaren plantilla organiko indardunean zehazten diren osagarriak ere.

1.6. Izendatuak suertatzen diren pertsonak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuak izanen dira eta alta emanen zaie bertan, araubide horren estalduraren abaroan, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta horren osagarri diren xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun- eta gizarte-laguntzaren araubidean jadanik afiliatuta badaude, ezen kasu horretan aukera izanen dute araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.7. Lanaldia gauzatuko da Nafarroako Parlamentuko langileentzat orokortasunez ezarritako ordutegi eta txandetan.

2. oinarria. Izangaien betekizunak.

2.1. Merezimendu-lehiaketaren prozedura salbuespenezkoan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek beharko dituzte bete:

a) Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa edukitzea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetako herritarren edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta ez badaude zuzenbidez bereizita. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez daudenean, hogeita bat urte baino adin txikiagokoak badira, edo haien kontura bizi diren adin horretatik gorakoak.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Ondoko titulazioa edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

–Komunikazio-teknikaria: unibertsitateko gradu- edo lizentziatu-titulu ofiziala kazetaritzan, informazio-zientzietan edo ikus-entzunezko komunikazioan, edo aurreko horietakoren baten baliokide gisa ofizialki deklaratua izandako titulu ofizial bat.

–Administrazio-kudeaketako erdi mailako teknikaria: unibertsitateko diplomaturako titulu ofiziala, edo maila altuagoko unibertsitate-titulazio ofizial bat edukitzea (gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura).

–Mantentze-lanetako teknikari-ofiziala: goi mailako batxilergo, bigarren mailako lanbide heziketa, edo haien baliokide den titulu ofizial bat.

–Gelazaina: eskola-graduatuaren titulu ofiziala, lehen mailako lanbide heziketakoa edo baliokidea.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, horien baliozkotze-agiria eduki beharko da, edo, kasua bada, homologazioaren frogagiria.

d) Kasuan-kasuan bete beharrekoak diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea.

e) Ez egotea kasuko eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitzerik ez eta etendurarik ere, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratzez iraitzia ere.

2.2. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean, eta postuaren jabetza hartzen den arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean beharko dute frogatu aurreko betekizun horiek betetzen dituztela.

2.4. Lanpostu bakoitzean aldi baterako enplegua egonkortzeko deitzen den sarrera-hautaprozedurara ezin izanen dira aurkeztu Nafarroako Parlamentuan lanpostu berean langile finkoaren izaera daukaten enplegudunak.

3. oinarria. Eskabideak, dokumentazioa eta azterketa-eskubideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1-Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz gero, eskabidea eta haren kopia bat aurkeztu beharko dira. Kopia zigilatu eta interesdunari itzuliko zaio, izen-ematearen ziurtagiri gisa. Nafarroako Parlamentuaren Erregistroaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 17:30era; eta ostiraletan, 09:00etatik 14:30era. Abenduaren 27tik urtarrilaren 5era, biak barne, ordutegia honakoa izanen da: 9:00etatik 14:30era.

3.2. Eskabidea posta-bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki batekin eginen da, kasuko posta-langileak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtapena egin aurretik.

3.3. Eskabidea I. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa izanen da, eta interesdunentzat eskuragarri egonen da Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean eta Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.parlamentodenavarra.es) "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia" izeneko atalean.

3.4. Parte-hartze eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituztela eskabide-aurkezpenerako zehaztutako epea amaitzen den egunean.

3.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia aurkeztu beharko dute.

3.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eta, zein den kasua, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena ere bai. Halaber aurkeztu beharko dute zinpeko edo hitzematezko aitorpena, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikorako sarbidea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatearena.

Desgaitasun aitortua duten pertsonek horren berri eman beharko dute eskabidean, eta zuzenbidezko desgaitu-izaeraren frogagiria gehitu, horretarako atxikiz organo eskudunak jaulkitako dokumentuaren kopia bat, merezimendu-balorazioko baremoan jasotako zuzentze-faktorea aplikatu ahal izan dakien.

3.7. Halaber, eskabideari nahitaez atxikiko zaio alegaturiko merezimenduen zerrenda ordenatua, II. eranskineko ereduaren araberakoa, merezimendu horien frogagiriekin batera.

Izendapenerako proposatuak diren izangaiek merezimendu horien frogagirien jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak aurkeztu beharko dituzte, 8.3 oinarrian adierazitako beste dokumentuekin batera. Dokumentu horien faltsutasunak, edo aipatu dokumentuak bat ez etortzeak aurretiaz aurkeztuak eta lehiaketa-fasean baloratuak izan direnekin, ondorio gisa ekarriko du haien aldeko izendapen-proposamenak automatikoki indarra galtzea eta kasuko izangaia deialditik kanporatua izatea.

4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria. Izangai-onarpena. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Izangai bazterturik ez badago, zilegi izanen da zuzenean onestea behin betiko zerrenda. Halaber argitaratuko da Nafarroako Parlamentuko iragarki-oholean eta www.parlamentodenavarra.es webgunean, "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia" izeneko atalean.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrerako hamar egun balioduneko epean, interesdunek zilegi izanen dute egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztea zerrenda horren aurka eta haiek egindako balizko akatsak zuzentzea.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzirik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, zeina argitaratuko baita Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, iragarki-oholean eta www.parlamentodenavarra.es webgunearen "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia" atalean.

6. oinarria. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Inmaculada Jurío Macaya andrea, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea.

Ordezkoa: Yolanda Ibáñez Pérez andrea, Nafarroako Parlamentuko bigarren lehendakariordea.

Epaimahaikidea: Sergio Zozaya Garralda jauna, Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako burua.

Ordezkoa: Mikel Iriarte Cilveti jauna, Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Laura Vidán Astiz andrea, Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Asun Marzal Parra andrea, Nafarroako Parlamentuko Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatu beharrekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatu beharrekoa.

Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Kontuen Ganberako legelaria.

6.2. Baldin eta, abstentziorako eta errefuserako arrazoi zuzenbidezkoak aplikatuz, epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, aldaketa hori publikoki jakinaraziko litzateke izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi aurretik eratu beharko da. Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkarien hautaketa eginen da onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera.

6.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta jarduterik ere ez du izanen, gutxienez bere kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertaratuta egon beharko dute.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeaz eta aplikatzeaz sor daitezkeen ebazkizun guztiak.

6.6. Epaimahaiko kideak behartuta egonen dira esku hartzetik abstenitu eta organo dei-egileari horren berri ematera, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio-kausetakoren bat beraiei aplikatzekoa bada. Halaber, izangaiek zilegi dute aipatu kausetakoren bat aplikatzekoa zaien epaimahaikideak errekusatzea.

7. oinarria. Lehiaketaren nondik norakoa.

7.1. Jarduna lehiaketa-fase bakar baten bidez gauzatuko da. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, epaimahaiak bilera bat eginen du, izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratzeko.

7.2. Izangai bakoitzaren guztizko puntuazioa honako atal hauetatik lortutako puntuak batuz aterako da:

a) Lanbide-esperientzia: deialdi honen argitalpen-datara arte Nafarroako Parlamentuan eta beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak 60 puntura bitartean baloratuko dira, puntuazio honen arabera:

a.1) Lortu nahi den postuari dagokion lanpostu berean Nafarroako Parlamentuan emandako zerbitzuak: 3 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Lortu nahi den lanpostuaz bestelakoak diren Nafarroako Parlamentuko lanpostuetan emandako zerbitzuak: 1,5 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.3) Lortu nahi den postuari dagokion lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak: 0,75 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Urte-kopurua ez baldin bada kopuru oso bat, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, horren araberako zatia deskontatuko da.

Ez dira baloratuko aldi berean emandako zerbitzuak, salbu eta lanaldi partzialean emandakoak badira.

Izangaiak prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian emandako aldiak zenbatuko dira benetan jardundako lanpostuan emandako zerbitzu gisa.

Izangaia zerbitzu berezietako egoeran beste arrazoi batzuengatik egon bada, edo eszedentzia berezian egon bada, edo burutza batean, horietan igarotako denbora zenbatuko da egoera horietara iritsi zen unean zeukan lanpostuan emandako zerbitzu gisa.

Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietatik handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk (gehienez ere, 40 puntu):

b.1) Lortu nahi den Nafarroako Parlamentuko postuaren funtzionario-araubideko lanpostu bererako oposizio edo oposizio-lehiaketa bat posturik lortu gabe gainditzeagatik: 15 puntu, gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Lortu nahi den postuaz bestelakoa den Nafarroako Parlamentuko funtzionario-araubideko lanpostu baterako oposizio edo oposizio-lehiaketa bat gainditzeagatik: 10 puntu, gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.3) Goi-mailako batxilergoko edo lanbide-heziketako titulazio akademiko ofizial, unibertsitate-diplomatura edo gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako unibertsitate-titulazio bakoitzeko, maila berekoa edo altuagokoa baina lortu nahi den posturako betekizun gisa exijitzen den horretaz bestelako mailakoa: 10 puntu.

b.4) Euskara jakitea: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeagatik 7 puntu emanen dira. Horrelako titulu edo ziurtagiririk eduki ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiria edukitzea gehieneko puntuazioaren 1/5ekin baloratuko da; A2 mailaren baliokidea edukitzea, 2/5ekin; B1 mailaren baliokidea edukitzea, 3/5ekin; eta B2 maila osoa edukitzea, 4/5ekin. Erdietsitako maila gorenaren titulua bakarrik baloratuko da.

b.5) Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, Europar Batasuneko lan-hizkuntzak diren aldetik: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeagatik 5 puntu emanen dira. Horrelako titulu edo ziurtagiririk eduki ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiria edukitzea gehieneko puntuazioaren 1/5ekin baloratuko da; A2 mailaren baliokidea edukitzea, 2/5ekin; B1 mailaren baliokidea edukitzea, 3/5ekin; eta B2 maila osoa edukitzea, 4/5ekin. Hizkuntza bakoitzeko, erdietsitako maila gorenaren titulua bakarrik baloratuko da.

Behin merezimendu-balorazioa aurreko a) eta b) apartatuek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasun-gradua frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

7.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozedurako parte-hartzaileen puntuazioan suertatzen diren berdinketak ebatziko dira baremoko a.1) apartatuan ("lanbide-esperientzia") puntuaziorik altuena lortu duen pertsonaren alde; eta horrela ere berdinketak bere horretan baldin badirau, ebatz-irizpide izanen da gainerako a.2), a.3), b.1), b.2), b.3), b.4) eta b.5) azpiapartatuetako bakoitzean lorturiko puntuaziorik altuena, horiek zerrendatu diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinketan dauden pertsonetako bakoitzari, abizenen alfabeto-hurrenkeran ordenatuta daudelarik, zenbaki bat esleituko zaio, eta ondoren zozketa bat eginen da, zeinean zenbaki bat aterako baita, eta horixe izanen da hautaturiko pertsonarena.

7.4. Izangaiek, beren eskabidearekin batera, alegaturiko merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko dute, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Epaimahaiak baloratu ahal izan ditzan, nahitaezkoa izanen da dokumentu horri gehitzea merezimendu bakoitzari buruzko frogagiri hauek:

a) Lanbide-esperientzia: administrazio publikoetan emandako zerbitzuak kasuko administrazio publikoko organo arduradunak jaulkitako ziurtagirien bitartez frogatu beharko dira, non xeheki adierazi beharko baitira emandako zerbitzuak, berariaz jasota lanpostuak bertako plantilla organikoaren arabera duen izena, mailaketa, zein zentro edo unitatetan emandako zerbitzualdia den, zerbitzualdi bakoitzaren hasiera- eta amaiera-egunak, bai eta pertinentea den beste edozein datu ere.

b) Bestelako merezimenduak: izangaiak oposizioa edo lehiaketa-oposizioa gainditu izana frogatuko da horren berri ematen duten administrazio-ebazpenaren, argitalpen ofizialaren edo organo eskudunak jaulkitako ziurtagiri ofizialaren fotokopia bidez. Titulazioa frogatuko da horretarako aurkeztuz titulu ofizialaren fotokopia, edo eskabide-aurkezpenaren epea bukatzen den egunean hori lortzeko eskubideak ordainduta egoteari buruzko gordekinarena. Hizkuntzen jakitea frogatuko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako titulu edo ziurtagiria aurkeztuz; hots, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean zerrendaturik daudenetako bat, edo ofizialki baliokidetzat aitorturiko titulu bat.

Merezimenduen balorazioari dagokionez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte lortutakoak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ez egun horren ondoren lortutakoak.

Agiriek baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute. Ez da kontuan hartuko frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan jasota ez dagoenik ere. Epaimahaiak zilegi izanen du argibideak eta datu osagarriak edozein unetan eskatzea izangaiek alegatutako merezimenduei buruz.

Epaimahaiak Izangai bakoitzari esleitzen dizkion merezimenduak arrazoituz baloratuko ditu, baremoko atal bakoitzari jarraikiz, eta ezin izanen du ezein kasutan aintzat hartu alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik. Era berean, ez du zilegi izanen atal bakoitzagatik puntuazio handiagorik ematea baremoan aipatzen dena baino.

Epaimahaiak zilegi izanen du izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzea.

Aurkezturiko merezimenduen frogagiriak aztertzetik ondorioztatuko balitz izangaietakoren batek ez daukala halako merezimendurik, deskontatu eginen da aipatu merezimenduei emandako puntuazioa, ezertan galarazi gabe hari faltsutasunagatik erator lekizkiokeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.5. Lehiaketa-fasea amaituta, epaimahaiak izangai bakoitzaren merezimenduen balorazioaren emaitza jasotzen duen zerrenda argitaratuko du Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean, izangaien balizko erreklamazioei begira, bost egun baliodunez.

Erreklamaziorik egonez gero, epaimahaiak ebatziko ditu, horren ondorioz prozedura eten gabe.

8. oinarria. Izendapen-proposamena eta agiri-aurkezpena.

8.1. Hautaprozesua amaituta, epaimahaiak Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko du lorturiko puntuazioen hurrenkeran antolaturiko amai-kalifikazioa, apartatu desberdinetako puntuazioak batuz erdietsia.

8.2. Deialdiaren xede den postu bakoitzerako, epaimahaiak Nafarroako Parlamentuko Mahaiari igorriko dio guztizko puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendatze-proposamena, lehiaketako aktekin eta gainerako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiek ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dizkiote Nafarroako Parlamentuari, guzti-guztiak jatorrizkoan eta fotokopian, konpultsatuak eta bueltatuak izateko:

a) Nortasun agiri nazionala edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide bat.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Lehiaketa-fasean alegaturiko merezimenduen jatorrizkoa. Dokumentu horien faltsutasunak, edo aipatu dokumentuak aurretiaz aurkeztuekin bat ez etortzeak, ondorio gisa ekarriko du izendapen-proposamena automatikoki indargabea izatea eta kasuko izangaia deialditik kanporatua izatea.

d) Txostena, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak jaulkitakoa, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasun edo akats fisikorik, lanpostuaren berezko eginkizunetan aritzea eragozten dionik. Ofizioz aurkeztua izanen da, horretarako osasun-azterketa egin ondoren.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek halaber aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek jaulkitakoa.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izateari eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izateari buruzko zinpeko aitorpena.

f) Zin-egite edo hitz-ematea, Nafarroako foru araubidea errespetatzearena, Konstituzioari eta legeei men egitearena eta karguari dagozkion eginkizunak zintzoki betetzearena.

g) Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek, gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena bai izaera hori bai beraien lehenagoko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren gainerako inguruabar eta aurrekariak, postuan sartzeari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoak.

8.4. Behar adina justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epearen barrenean arestiko agiriak aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta haien egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela eta legokiekeen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

8.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hutsune hori beteko du 8.1 apartatuak aipatzen duen gainditzaile-zerrendan jarraian dagoen izangaiarekin, eta horrekiko prozedura izanen da aurreko apartatuek adierazten dutena.

9. oinarria. Izendapena.

9.1. Deialdi honen 8.3 apartatuan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu direnean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak funtzionario izendatuko ditu proposatutako izangaiak. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean, izangaiek beren karguaren behin betiko jabetza hartu beharko dute, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiaren aurrean.

9.3. Ulertuko da epe horretan lanpostuaz jabetzen ez den izangaiak lehiaketatik eratortzen diren eskubideei uko egiten diela. Kasu horretan, lanpostua deialdi honetako 8. oinarrian aipatzen den gainditzaile-zerrendan hurrengo tokian dagoen izangaiarekin beteko da.

10. oinarria. Jarduketak argitaratzea.

Ezertan galarazi gabe argitaratze ofiziala Nafarroako Aldizkari Ofizialean izan beharrekoa duten tramiteak, proba-deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak egindako jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat lagungarria den beste edozein informazio orokor ere, Nafarroako Parlamentuaren www.parlamentodenavarra.es webgunean argitaratuko da.

11. oinarria. Aurkeztutako dokumentazioa.

11.1. Aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzea zilegi izanen dute izangaiek, berariaz eskatuz gero eta erreklamazio edo errekurtsorik jarri ez bada. Berreskuratze-eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, aurretik beste hiru hilabete igaroak direnean izendapen-erabakia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.

11.2. Aurreko apartatuan ezarritako epea bukatzen bada dokumentazioa berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak dokumentazio-berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da. Ondorioz, horretarako eskubidea galduko du, eta dokumentazioa suntsitu eginen da.

12. oinarria. Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunean kontatzen hasitako hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasita.

12.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak nahiz epaimahaiak deialdi honen aplikazioan erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Parlamentuko Mahaiari, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasitako hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. Eranskina.–Eskabide-eredua.

II. Eranskina.–Alegatutako merezimenduen zerrendatze-eredua.

Deskargatu I. eranskinetik II.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2217087