259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SOLTXAGAKO KONTZEJUA

Hilerriko zerbitzuak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Soltxagako Kontzejuak, 2022ko martxoaren 6an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Soltxagako Kontzejuko hilerrian zerbitzuak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean, baita Soltxagako Kontzejuko egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak eta 326. artikulua betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Soltxagan, 2022ko abenduaren 5ean.–Kontzejuko burua, Andrés García Díez.

ORDENANTZA FISKALA, SOLTXAGAKO KONTZEJUKO HILERRIAN ZERBITZUAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babespean ere, tasa eta prezio publikoei dagokienez.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Udal hilerriko zerbitzuak ematea da; honako hauek dira:

a) Ehorztea.

b) Hobitik ateratzea, hilerri barnean tokiz aldatu eta berriz ehorzteko.

c) Hobitik ateratzea, beste udalerri bateko hilerrira lekuz aldatzeko.

d) Askotariko ehorztokiak erabiltzeko emakidak, hala nola lurrazpiko hilobiak eta kolunbarioak.

e) Hilerrian ematen ahal diren bestelako zerbitzuak.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Adjudikazioa edo zerbitzua eskatzen duen edo haren onura jasotzen duen pertsona natural zein juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Emandako zerbitzua zein den kontuan hartuta zehaztuko da zerga-oinarria, ordenantza honetako tarifetan agertzen diren zenbatekoen arabera.

5. artikulua. Mota.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

6. artikulua. Kuota.

Kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Kuotak 30 egun naturaleko epearen barrenean ordaindu beharko dira, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan hala egiten ez dutenei premiamendu bidez erreklamatuko zaie, eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean tasa eta prezioen alorrean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea–Erabilera-emakidak.

1.1. Lurrean.

Lurreko erabileraren emakidaren tarifa bat dator hileta-enpresak egindako lanengatik Kontzejuari fakturatzen dioen prezioarekin. Hildakoaren familiak nahitaez ordaindu beharko du faktura.

1.2. Kolunbarioa.

a) 99 urterako emakida: 400,00 euro.

b) 20 urterako emakida: 100,00 euro.

c) 20 urteko luzapen bakoitzarengatik, Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan baimendutako gehieneko epea (99 urte) bete arte: 100,00 euro.

2. epigrafea.–Ehortzi, hobitik atera eta berrehorzteko tasak.

Kontzejuak lan horretarako kontratatutako enpresak fakturatzen duen zerbitzuaren kostua.

3. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk.

Interesdunei egotziko zaizkie hilerrian ematen ahal diren bestelako zerbitzuen kostuak, tarifa hauetan aurreikusi ez direnak, Kontzejuko langileek (halakorik bada) zein kontratatutako kanpoko enpresa batek eginak izan. Kostu horiek zehaztuak izan ondoren, interesdunek berariaz onartu beharko dituzte.

Halaber, interesdunak Kontzejuaz kanpoko enpresa bat kontratatu ahalko du, bere kontura, lan horiek egin ditzan. Kontzejuak izendatutako langileek ikuskatuko dituzte aipatu lan horiek.

Iragarkiaren kodea: L2216683