259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SOLTXAGAKO KONTZEJUA

Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Soltxagako Kontzejuak, 2022ko martxoaren 6an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Soltxagako Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean, baita Soltxagako Kontzejuko egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak eta 326. artikulua betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Soltxagan, 2022ko abenduaren 5ean.–Kontzejuko burua, Andrés García Díez.

SOLTXAGAKO KONTZEJUKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA EDO HITZAURREA

Nafarroako Toki Administrazioaren eskumena da bere ondasunak arautzea eta bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak lortzea.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen (aurrerantzean TAOL) 25.2.k eta 26.1.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, toki-erakundeen berezko eskumena da hilerriaz eta hileta-jarduerez arduratzea.

Hilerria jabari publikoko ondasun bat da, zerbitzu publikoari atxikia dagoena, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 3.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, kontzejuek beren mugartean dauden hilerriak zaindu eta mantentzeko eskumena daukate.

Eskumen hori ez zaio Olorizko Udalari eskuordetu. Hortaz, kontuan hartuz hilerriaren esanahia eta erabilera, Soltxagako Kontzejuarentzat interes orokorrekoa da arautzea bizilagunek eta balizko erabiltzaileek egiten duten hilerriaren erabilera eta, gai horri dagokionez, herritarren beharrei erantzuteko ezinbestekoak diren gaiak arautzea.

Erregulazio hori egiteko legezko baliabide egokia da ordenantza bat, prozedura proportziozkoak ezarriz, herritarrei gai horren inguruko ezinbesteko segurtasun juridikoa ematen zaiela bermatzeko.

Ezarri nahi den erregulazioa bat dator indarreko legediarekin, eta haren aurretik herritarren parte-hartzerako prozesu bat egingo da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

TAOLeko 25. eta 26. artikuluetan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 3.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz Soltxagako hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, kontzejuaren agintearen mendekoa, kontzejua baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Kontzejuari honako hau dagokio:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, mantendu eta egokitzea, bai eta zaindu eta garbitzea ere.

b) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko emakidak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea.

c) Dagokion ordenantza fiskalean, legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

d) Lizentziak ematea gorpuak eta gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua, Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua arautzen duena).

e) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Kontzejuaren bestelako administrazio ahalmenak.

3. artikulua. Definizioak.

Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren arloan aplika daitekeen araudian ezarritakoari jarraikiz, hona hemen definizioak araudi honen ondorioetarako:

–Gorpua: giza gorputza, heriotzaren ondoko bost urteetan, Erregistro Zibilean heriotza inskripzioan azaltzen den heriotza egun eta orduaren epetik zenbatzen hasita.

–Gorpu-hondakinak: giza gorputzetik geratzen dena heriotzaren ondoko bost urteak igaro ondoren.

–Gorpuzkinak: giza gorputzaren atal garrantzitsuak dira, abortu, mutilatze, ebakuntza kirurgiko, autopsia kliniko edo judizialetatik eta irakaskuntza edo ikerkuntza jardueren ondoriozkoak.

–Lekualdatzeak: gorpu, gorpu-hondakin edo gorpuzkinen garraiatze oro, behin betiko destinora iritsi artean, hilkutxa egokian eta heriotza ziurtagiria, mediku ziurtagiria edo epailearen ziurtagiria edukiz egiten direnak.

–Errausketa: gorpuen, gorpu-hondakinen edo gorpuzkinen beroaren bidezko suntsiketa, errauts bihurtu arte.

II. TITULUA

Ehorzketak, hobitik ateratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak

4. artikulua.

Ehorzketak, hobitik ateratzeak, berrehorzketak eta gorpu eta gorpuzkien lekualdatzeak Nafarroan indarrean dagoen hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamenduaren arauei jarraituz egingo dira.

5. artikulua. Ehorzketak

a) Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, abisua emanda eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari; gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

b) Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez edo heriotza Hilotzen gaineko osasunari buruzko maiatzaren 9ko 297/2001 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren I. taldean adierazitako arrazoiengatik gertatzen bada, bost urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, hilotzaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa.

6. artikulua. Hobitik ateratzeak.

a) Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

b) Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

c) Epaileak agindu ezean, ezin izango da gorpurik hobitik atera, heriotzatik bost urte iragan arte, ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den kontuan hartu gabe.

d) Ez da baimenik emanen gorpuak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

e) Gorpuak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal dezaten, nahi badute.

f) Epea iraungi delako egiten diren hobitik ateratzeetan, nahitaezkoa da interesdunei jakinaraztea, eta horiek hilabete bateko epean jardun behar dute jakinarazpena jasotzen dutenetik.

g) Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu gorpua ateratzeko lanak. Kontzejuari jakinarazi beharko dio aurretik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu. Sortutako gastuak eskatzailearen konturakoak izango dira.

h) Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak zenduaren oinordekoek eska ditzakete, eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beraien nortasuna eta oinordetza frogatu ondoren. Kontzejuak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

i) Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, gorpu bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena edukita.

III. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua. Hilobi motak.

Soltxagako hilerrian honako hilobi mota hauek daude:

–Lurreko hilobiak.

–Kolunbarioak.

8. artikulua. Soltxagako hilerrian ehorzteko eskubidea dutenak.

Hilobiratzen ahalko dira hilerrian ehorzteko edo berriz ehorzteko aurkezten diren gorpu edo gorpuzkin guztiak.

Gainera, legezko izapideak bete beharko dira, eta zerbitzuak dagokion ordenantza fiskalean ezartzen diren ehorzketa-eskubideak bete beharko ditu.

9. artikulua. Hilerriaren antolaketa.

a) Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, edozein motatakoak, Kontzejuko biztanleen erroldaren arabera.

b) Hilerriak izanen ditu indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak.

10. artikulua. Hilerriko sarbidea.

a) Hilerriaren esparrua zabalik egonen da jendearendako, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Kontzejuak ezartzen duen ordutegian.

b) Debeku da hilerrian lasaitasuna eta orden egokia eragoz dezakeen ezein animalia sartzea, laguntzarako edo antzeko lana egiten duten gida-zakurrak edo lagun egiteko animaliak izan ezik.

c) Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira udal zerbitzuko ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak; betiere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izango dira hilerriko bide eta instalazioetan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak daude, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, erantzukizun hori bera berehala eskatzen ahal zaio kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

11. artikulua. Kontserbazioa.

a) Kontzejuko organo eskudunek dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

b) Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak, emakidadunaren kontura izanen dira.

c) Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta instalazioak zaintzea, behar bezala betez segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, kontzejuko buruak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko lanak has ditzaten. Hori ez egitea nahikoa izanen da ehorzketak debekatzeko.

Epe hori iraganik, Kontzejuak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

d) Kontzejuak ez du bere gain hartuko erantzukizunik baldin zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebasten edo narriatzen badituzte.

II. KAPITULUA

Lurreko hilobiak

12. artikulua. Lurreko hilobien antolamendua eta baldintzak.

a) Hilobi berriak jartzeko, aurreko ehorzketetako antzinatasunaren ordena birakariari jarraituko zaio.

b) Ezin da deus eraiki, ezta inongo egiturarik jarri ere, hilobiaren gainean. Ezin da jarri hesirik edo itxiturarik ere.

c) Gomendatzen da zuhaitz, landare, heskai eta bestelako landare-elementurik ez landatzea. Landatzen badira, ez dira 100 cm-tik gorakoak izanen.

III. KAPITULUA

Kolunbarioak

13. artikulua. Edukia.

Kolunbarioak Kontzejuko hilerrian daude eta honako hauetatik heldu diren errautsak bil ditzakete:

a) Gorpu bakar baten edo horren gorpuzkien errausketa.

b) Hilobi beretik ateratako gorpuzkiak, hilobi mota edozein dela ere.

Soltxagako kolunbarioetan utz daitezkeen urna edo estutxeen kopurua ez dago mugatua. Dena den, lekuen dimentsioek baldintzatuko dute. Ildo horretan, kontzejuak, salbuespenez, eta behar bezala arrazoitutako kasuetan, beste zerbait ebatz ditzake.

14. artikulua. Urnak edo estutxeak kolunbarioan uzteko modua.

Urnak edo estutxeak modu ordenatuan gordeko dira kolunbarioetan, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Lerro bat ez bada osorik bete, ezin izanen dira erabili hurrengo lerroko kolunbarioak.

Ordena bat jartzearren, aintzat hartuko da erabileraren kontzesioaren data.

15. artikulua. Kolunbarioen ezaugarriak eta apainketa.

Kolunbario guztien identifikazioa berdina izanen da, kontzejuak horretarako normalizatutako ereduari jarraikiz.

Lotura-sistema itsaspenezkoa izanen da eta, testu-metodoa, grabatua.

Eskatzaileak ordainduko du elementuaren kostua, eta hornitzaileekin egin beharreko kudeaketak ere egin beharko ditu.

Gutxienez, honako hauek ageriko dira plakan: hildakoaren izen-abizenak eta hil zen eguna edo jaiotzaren eta heriotzaren urteak; eskatzaileak eskabidea egiterakoan aukeratuko du.

IV. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Emakida

16. artikulua. Eskabidea.

Emakidaren titularra izango da eskaera egiten duena, eta eskaerarekin batera erantsi beharko ditu honako agiri hauek:

–NANaren fotokopia.

–Hildakoaren Erregistro Zibileko inskripzioaren ziurtagiria.

–Errausketa legez baimendutako erraustegi batean egin izanaren frogagiria, beharrezkoa denean.

–Erabiltzeko eskubideen edo tasen ordainagiria edo ordaindu izanaren frogagiria, beharrezkoa denean.

17. artikulua. Emakiden baldintza orokorrak.

a) Emakida ematea ez da horiek saltzea.

b) Emakidako lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.

c) Ez da inoiz eta inola ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

d) Kontzesioaren gehieneko epea 99 urte izanen da, luzapenak barne.

e) Emakida luzatzea eskatuko da epemuga bete baino bi hilabete lehenagotik gehienez ere, eta 15 egun lehenagotik gutxienez.

Hala ere, leku gutxi izateagatik premiarik izanez gero, legeak ezartzen duen gutxieneko epea beteta jasoko da.

Nolanahi ere, Soltxagako Kontzejuak, urtean behin, epemuga bukatzen dela jakinaraziko die interesdunei, luzatzea eskatu edo uko egin dezaten.

18. artikulua. Kolunbarioko ehorztokiak emateko baldintzak.

a) Hasiera batez 20 urterako emanen da kolunbarioko ehorztokiak erabiltzeko eskubidea. Emakida ematen den egunean hasiko da zenbatzen epe hori. Bestela, gehienez ere 99 urterako emakida baimen daiteke.

b) Erabilera hori 10 urteko epeetan luzatu ahalko da aurreko artikuluan ezarritako gehieneko epea bete arte.

19. artikulua. Emakidaren ebazpena eta ebazpen horrek ematen dituen eskubideak.

a) Kontzejuak kontzejuko buruaren ebazpen bidez emango du dauden hilobien erabileraren gaineko ehorzketa-eskubidea, emakida egintzaren bidez sortuko dena, eta horretarako dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasa ordaindu beharko da.

b) Hilerrian ematen diren hilobien emakida guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak jartzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira emakiden eskubide guztiak. Hilobietan jartzen ahal diren elementuek ordenantza honetan hilobi mota bakoitza apaintzeko ezarritakoak izan beharko dute.

II. KAPITULUA

Eskubidea azkentzea

15. artikulua. Emakida azkenduko da, eta kasuan kasuko hilobia Kontzejuari itzuliko, honako kasu hauetan:

a) Hilobiaren hondamen egoera dela eta, hori azaltzen duen txosten teknikoan aurkezteagatik, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

d) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

e) Hilerria ixteagatik.

f) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

III. KAPITULUA

Erregistroa

16. artikulua. Erregistroa sortzea.

Ordenantza hau onetsi ondoren, kontzejuak hilerrian dauden hilobien eta ematen diren zerbitzuen erregistro bat sortuko du.

Hilobiei zenbakiak esleituko zaizkie eta horretarako egingo den hilerriaren plano batean ezarriko da emaitza, hobeki zehaztu eta kudeatzeko hilerrian egiten diren ehorzketak, hilobitik ateratzeak, berrehorzketak eta lekualdatzeak.

17. artikulua. Datuak babesteko araudia.

a) Ordenantza honek indarra hartzen duenean datu pertsonalen tratamendua egingo da, pertsonen eskaerak erregistratu eta erantzuteko, lurzatien eta hilobien banaketari eta emakidei dagokienez.

b) Lurzatien eta/edo hilobien eskaera egiteko interesa dutenek, Kontzejuari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazten diren datuak.

c) Kontzejuak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izanen da erregistroaren helburua, eta Soltxagako Kontzejuak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Interesdunen datu pertsonalen tratamendua legitimatzen duten oinarri juridikoak, Kontzejuaren eskumen eta eginkizunetan oinarrituz.

e) Interesdunen datu pertsonalak zein helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran edukiko dira, Kontzejuaren eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko ezartzen duen epean.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen Kontzeju honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, bat etorriz une bakoitzean aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko xedapenekin.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea. Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da eskaera.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Fitxategian erregistraturik daudenek aukera izanen dute beren eskubideak erabiltzeko, artxiboan sartzeko eta datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, datuen tratamendua mugatzeko, kontra egiteko edo eramateko, jarraikiz datuen babesaren arloan indarran dagoen araudian xedatutakoari.

18. artikulua. Hona hemen erregistro horrek izanen dituen datuak:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: zein gorpu eta/edo gorpuzki den, pertsona horren izen eta abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

e) Gorabeherak eta erreklamazioak.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Kontzezuko buruak alda ditzake ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketa horiek berarekin badakarte karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta jarraitzen badiote aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio kontzejuko buruari:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek barne har dezake, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den ere, berariaz adierazita haren edukia zein izanen den.

2. Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean Soltxagako hilerrian dauden hilobiek ordenantzan xedatutakoa bete beharko dute. Hartara, ordenantza honetan ezarritako esleipen-denbora gainditu duten hilobiei dagokienez, haien gaineko ehorzketa-eskubideak luzatu egin beharko dira eta horiengatik ordaindu dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasak.

Soltxagako Kontzejuak, ukitutako hilobien familietako kideei jakinaraziko die, epeak bete ahala, aipatu luzatzeak eskatzeko beharra dutela. Epeok zenbatzen hasiko dira ehorzketa egunetik aurrera, eta egun hori zein den ez badakite, hil zen egunetik aurrera.

Hilobietarako luzapenik eskatzen ez bada, hilobiok ehorzketetarako libre dagoen espazio gisa joko dira, eta Soltxagako Kontzejua arduratuko da haien kudeaketaz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, sektorean indarrean den araudia aplikatuko da.

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost eguneko epea iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen ahalmena erabiltzeko.

I. eranskina.–Eskaera, hilerriko hilobi baten gaineko ehorzketa-eskubiderako (DOC).

II. eranskina.–Hilerriaren banaketa-planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2216682