259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Aldaketa partziala, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzarena. Behin betiko onespena

Murillo el Frutoko Udalak, 2022ko irailaren 30ean eginiko ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Murillo el Frutoko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa partziala.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 18an.

Hasierako onespenaren iragarkia jendaurrean egon zen 30 egun baliodunean, herritarrek eta interes legitimoa zutenek espedientea aztertu, eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen (TAFL) 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aipatutako epea erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia, jarraian osorik ematen baita, behin betikoa bilakatuko da, 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluaren azken paragrafoari jarraituz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, denek jakin dezaten.

Murillo el Fruton, 2022ko abenduaren 2an.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

ALDAKETAK

Bat.–15. artikuluko 4. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

Adjudikaziodunen betebeharra izanen da esleitutako lurzatien Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPE) deklarazioa egitea eta ordenantza honen 27. artikuluan eskatutako gainerako agiriak urtero aurkeztea.

Orobat, aurreko adjudikaziodunen betebeharra izango da, laborantzako lurzatiak libre eta esleipendun berrientzat eskuragarri uztea zozketa bakoitzaren eta herri-lurretako loteen banaketa orokorraren ondoren; hau da, aurreko uzta-hondarrez (lastoak eta/edo iralekuak barne), plastikoz eta/edo laborantzan erabilitako edozein materialez garbi geratu beharko dute, baita aspertsoreak eta programatzaileak ere, egoera onean utzi beharko dira; bestela, aurreko adjudikaziodunak konponketa- edo mantentze-lanak egin beharko ditu.

Murillo el Frutoko Udalak lanen bat egin behar badu lurzatiak adjudikaziodun berrientzat erabilgarri uzteko edo aspertsoreak eta/edo programatzaileak konpontzeko, lan horien kostua zerbitzua uzten duen adjudikaziodunak ordaindu beharko du.

Banaketa edo zozketa orokor bakoitzaren ondoren, edo herri-lurzati bati uko egiten zaionean edo hura kentzen denean, Udalak, aurreko adjudikaziodunarekin eta adjudikaziodun berriarekin batera, dagozkion egiaztapenak eginen ditu, herri-lursail horretako aspertsore eta/edo programatzaile guztiak egoera onean dauden eta lurzatia libre eta eskuragarri dagoen aztertzeko, aurreko ataletan azaldutakoaren arabera.

Bi.–27. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

Udalak edozein unetan egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin eta onuradunei behar dituen agiriak aurkez ditzaten eskatzen ahalko die, era horretan ikusi ahal izateko laborantza zuzenean eta norberak egiten duela. Egiaztapen horiek bereziki eginen dira lurzatiak banatzeko urtero egiten diren zozketen aitzinetik.

Horretarako, urtero, maiatzaren 15etik 31ra bitartean, adjudikaziodunek adjudikaziorako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dituzte udaletxean (nekazaritzako politika bateratuaren aitorpena, PFEZaren aitorpeneko sarrerak eta gastuak, eta ogibide nagusia nekazaritza duela egiaztatzen duen agiria).

Era berean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute ordenantza honen 23. eta 24. artikuluen ondorioetarako, hau da, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen dituztela adierazi. Murillo el Frutoko Udalak, bere kabuz, hori egiaztatzen ahalko du. Adierazpen horretan azaldutakoa gezurrezkoa bada, ebazpen honen 25. eta 61. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Ikuskapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaien dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie, aitzineko artikuluan aipatzen diren ondorioak jasan beharko direlarik, bidezko diren zehapenez gainera.

Hiru.–Hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da. Hona hemen:

Nafarroako ubidearen X sektoreari dagozkion herri-lurren adjudikazioak, alegia, Nafarroako ubidearen X sektoreko Murillo el Frutoko herri-lurren barne-banaketarako sarearen proiektuan -INTIA SAk egin eta udal honek onetsian- ezarritako jarduketa-perimetroaren barruan sartzen diren lurrak, beren ordenantza espezifikoak arautuko ditu:

MURILLO EL FRUTOKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAREN ORDENANTZA EDO BARNE ARAUDIA, NAFARROAKO UBIDEAREN X SEKTOREARI DAGOKIONA

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Araudi hau aplikatuko zaie Nafarroako ubidearen X sektoreko Murillo el Frutoko herri-lurren barne-banaketarako sarearen proiektuan ezarritako jarduketa-perimetroaren barruan dauden lurrei. Proiektu hori INTIA SA enpresak egin eta udal honek onetsi zuen.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik libratzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; adjudikatutako loteetan, ureztalurraren oinarrizko azalerari eutsi beharra ezartzea, gutxienez ere 15 urterako, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5 b) artikuluarekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura dagoen uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak Riegos de Navarraren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, alkatetzak, edo honek eskuordetzen duenak, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, edo hark eskuordetzen duenak, fakturatuko dizkie ureztatzaileei euren egiazko kontsumoaren gaineko ordainagiriak, blokeka tarifatuko ere.

Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, aldez aurretik harentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik gorakoak eta %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoaren %20tik gorakoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, edo hark eskuordetzen duenak, ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko du kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa, 1. multzoari dagokiona.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Ureztatzaileren batek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen baditu, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako erreferentziako ur kopurua baino gehiago erabiltzen badu.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Gutxienez hamabost urteko epean, ureztatze-deklarazioa egiten denetik zenbatzen hasita, loteen azalera oinarrizko ureztatze-azaleraren berdina edo handiagoa izanen da. Azalera hori Nafarroako ubidearen X sektoreko Murillo el Frutoko herri-lurren barne-banaketarako sarearen proiekturako zehaztuta dago. Proiektua INTIA SA enpresak egin eta udal honek onetsi zuen.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahal dira; hori guztia aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

7. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza edo barne erregelamendu honek ez die ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bertzelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak".

Lau.–Bigarren xedapen indargabetzailea ezabatu da, hirugarren xedapen gehigarriaren bidez haren edukia berriro gehitzen delako.

Iragarkiaren kodea: L2216723