259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2167/2022 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "TED2021-132368B-C21".

2022ko abenduaren 9an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesu baterako deia egiteko eskatu zuen, "TED2021-132368B-C21" ikerketa-proiektua garatzeko proiektuko lankide gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Antonio Urbina Yeregui jauna da, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deialdia eta haren oinarriak onestea "TED2021-132368B-C21" ikerketa-proiektua garatzeko.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Francisco J. Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "TED2021-132368B-C21"

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa-proiektu hau garatzeko: "TED2021-132368B-C21".

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: berrikuspen bibliografikoa egitea kapsulatuak eta eguzki moduluen euskarriak egiteko beiraren eta material polimerikoen artearen egoeraren inguruan; osaera eta tratamendu termiko desberdinak dituzten SLS motako beira-laginak eta PETetik eratorritako polimeroak prestatzen laguntzea; prestatutako laginen ezaugarritze estrukturaleko eta dinamikoko esperimentuak egitea (difrakzioa eta espektroskopia). Tarteka baliteke instalazio handietara joan behar izatea esperimentuak egitera (neutroien dispertsioa eta sinkrotroien erradiazioa); halaber, laginen zahartze azeleratuko esperimentuak egin beharko ditu eta ikerkuntzako emaitzen hedapena egiteko zereginetan kolaboratu (artikuluak idatzi, kongresuetan parte hartu, digulbatu).

–Kontratu mota: 2021eko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, aldi jakin baterako kontratu bat eginen da, bi mota hauetako bat, hain zuzen: Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planeko jarduerak egitekoa edo Europar Batasuneko funtsen bidez finantzatutako aldi baterako programak egitekoa (kasu batean zein bestean, proiektua egiteko behar den denboraz).

–Aurreikusitako iraupena eta lanaldi mota: 21 hilabeteko iraupena kalkulatu da, lanaldi osoan. Iraupen hori gutxi gorabeherakoa da, 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian zehaztutako finantzaketaren mende egonen baita, baina ezin izanen da inola ere proiektua gauzatzeko behar den denbora baino luzeagoa izan.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta Europar Batasuna (Next Generation EU/PRTR).

–Argitaratzeko tokiak: Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen graduko titulazio akademiko ofiziala, masterra, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautapen Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiliko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Vicente Sánchez-Alarcos Gómez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Antonio Urbina Yeregui, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Epaimahaikidea: José Ignacio Pérez de Landazábal Berganzo doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: Vicente Recarte Callado doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Cristina Gómez Polo doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zientzien Sailari atxikia.

Epaimahaikidea: Juan Jesús Beato López, kontratupeko irakasle doktorea, Zientzien Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: espediente akademikoa

Puntuak

40

Titulazioaren ikasketa espedientea proportzionalki balioetsiko da, 10 punturekin gehienez ere.

Izangaia lizentziaduna edo ingeniaria bada edo 300 ECTSko gradua badu, titulazioa 10 punturekin baloratuko da gehienez ere.

Izangaia, masterrarekin ere, 300 ECTS kreditura ailegatzen ez bada, 10 puntura bitarte balioetsiko da, proportzioan, titulazioaren eta masterraren ECTS kredituen kopuruaren portzentajea aintzat hartuz.

Bi kasuetan, lortutako puntuazioa 4 faktorearekin biderkatuko da baldin eta aurkeztutako titulazioa Fisikako lizentziatura/gradua, Fisikako unibertsitate masterra, Kimikako lizentziatura/ingeniaritza/gradua, Kimikako unibertsitate masterra, Zientzietako gradua, Industria Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Teknologien Ingeniaritzako gradua edo Industria Ingeniaritzako unibertsitate masterra bada, eta 1 faktorearekin beste titulazioren bat bada.

2. APARTATUA: aldez aurreko esperientzia gauzatu beharreko jardueretan

Puntuak

30

–Unibertsitateetan edo ikerketa-zentroetan egindako I+G jarduera, proiektuaren xedearekin lotutako gaietan: 0,25 puntu kontratuaren edo bekaren hilabete bakoitzeko, doktoretza aurreko kontratuak barne, eta 10 puntu gehienez ere. Teknika espektroskopikoen arloko kontratu edo beka baten esperientzia-hilabete bakoitzeko 0,25 puntuko faktore gehigarri emanen da.

–Aurreko puntuan jaso gabeko lehiaketa-deialdien ikerketa-proiektuetan izandako parte-hartzea, proiektuarekin gaiekin lotutako gaietan: 0,25 puntu proiektuan aritutako hilabete bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez ere.

–Instrumentazio zientifikorako programazioaren arloan prestakuntza eta/edo esperientzia egiaztatua izateagatik 0,5 puntu emanen dira hilabeteko, eta 15 puntu gehienez ere.

3. APARTATUA: argitalpenak, kongresuetako ekarpenak eta prestakuntza-ikastaroak

Puntuak

10

–Argitalpenak (5 puntu): 1 puntu SCIn indexatutako aldizkarietako argitalpen bakoitzeko, 1 faktorea aplikatuz proiektu honekin lotura zuzena baldin badu, 0,5 faktorea lotura partziala baldin badu eta 0,1 faktorea lotura txikia baldin badu; gainerako argitalpenengatik 0,2 puntu emanen da, proiektuarekin duen erlazioaren arabera.

–Kongresuetan eta zientzia-biltzarretan egindako ekarpenak (gehienez ere 2,5 puntu): gehienez ere 0,5 puntu emanen dira proiektuarekin duen loturaren arabera.

–Prestakuntzako/espezializazioko ikastaroak (gehienez ere 2,5 puntu): 0,5 puntu 10 orduko, ikastaroak proiektuarekin duen loturaren arabera.

4. APARTATUA: elkarrizketa pertsonala

Puntuak

20

Elkarrizketa eginen zaie 1., 2. eta 3. apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei, betiere 30 puntu lortu badituzte gutxienez.

Elkarrizketan hautagaiak kontratuaren xedea betetzeko duen gaitasuna eta eskatutako profila betetzeko duen egokitasuna balioetsiko dira.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 40 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2216945