259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OLTZA ZENDEA

Tokiko Gobernu Batzarraren erabakia, 2022ko urriaren 27koa, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea)

Tokiko Gobernu Batzarraren 2022ko apirilaren 25eko Erabakiaren bidez onetsi da 2022rako lan publikoaren eskaintza, ezartzen dituena enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko). Aipatutako ebazpena argitaratu zen 2022ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 5ekoan.

Osoko bilkuraren 2022ko irailaren 29ko Erabakiaren bidez, toki erakunde hau osorik atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz), salbu 4. eta 11. artikuluei dagokienez, iritzi baita Foru Komunitateko Administrazioari, eta hari bakarrik, dagozkiola.

Horiek horrela, eta apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1 artikuluan ezarritako eskumenak baliatuz (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), zeinak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu baitzitzaizkion Alkatetzaren 2019ko uztailaren 2ko 267/2019 Ebazpenaren bidez.

ERABAKITZEN DA:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta bere oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza zendean, 2022ko urriaren 27an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, eta lekualdatze-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez funtzionarioen araubideko lanpostuak betetzeko izendatzen diren izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Lan-araubideko lanpostuak betetzeko izendatzen diren izangaiek Langileen Estatutuan, ematen diren xedapen espezifikoetan eta sinatzen diren hitzarmen kolektiboetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean sailkatuta geldituko dira.

1.4. Prozesu honen ondoren hutsik geratzen diren lanpostuak merezimendu-lehiaketaren eta oposizio-lehiaketaren bidez egitekoa den egonkortzeko hautaketa-prozeduran sartuko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak eta lanpostu hutsen kopurua handitzea.

3.1. Lekualdatze-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Parte hartzen ahalko dute Oltza Zendeako Udaleko langile finkoek, deialdiaren xede den lanpostu berean jarduteko izendatuak badaude eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian badaude.

b) Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin aipatutako baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko esleipena lorturik.

3.2. Deialdi honetako lanpostuak gero osatzen ahalko dira kalifikazio epaimahaiak deialdia egin duen organoari helarazten dionean lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

4.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko da, Oltza Zendeako Udaleko erregistro elektronikoan, esteka honen bidez: https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/info.0. Izena emateko, II. eranskineko eredu normalizatua erabili beharko da.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

–Lanpostuaren maila zein den, hari dagokion zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideengatik (ikus I. eranskina).

Zenbateko hori eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izanen da, honako kontu honetan: ES70 2100 5174 8702 0002 5931 (CAIXA).

–Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • Kontzeptua: zer hautapen-prozesutarako den.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da Oltza Zendeako Udalaren Gardentasunaren atarian egonen den deialdiaren web fitxan. Deialdiaren ezaugarrien taulan dago zehaztua non.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia lekualdatze-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 10 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Oltza Zendeako Udalaren Gardentasunaren atariko deialdiaren web fitxan.

6.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hiru egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu. Erreklamazioak aurkeztuko dira Oltza Zendeako erregistro elektronikoan, esteka honen bidez: https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/info.0. Eskabide orokorra erabiliko da horretarako.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Lekualdatze-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak. Baloratuko diren merezimenduak.

7.a. Oltza Zendeako Udalean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

7.b. Euskara

Euskara jakitea puntuazio honekin baloratuko da:

Eremu mistoan: Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 2,8 puntu gehienez.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari emanen zaio aurreko apartatuan euskararako ezarritako baloraziorik handiena.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Nafarroako edozein toki erakundetako egonkortze-prozeduretan, izangaiek, euskararen jakite-maila frogatzeko, merezimendu gisa zein nahitaezko betebehar gisa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakite-mailari buruz emandako egiaztagiriak aurkez ditzakete, baliozkoak izanen baitira xede horretarako dauden titulazio ofizialez gain.

7.c. Lehiakideak puntuetan berdindurik baldin badaude, ebatziko da Oltza Zendeako Udalean zerbitzu ematen denbora gehien daramanaren alde. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.d. Lehiakideei ebazpen bidez esleituko zaizkie lanpostuak, prozesuaren ondoriozko lehentasun hurrenkeraren arabera lanpostu hutsak aukeratu ondotik. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiak egun berean laneratuko dira, ebazpenean ezartzen den egunean.

7.e. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozeduren ebazpena formalizatuko da egonkortze prozeduretan lanpostuak esleitu aurretik.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du, Oltza Zendeako Udalaren Gardentasunaren atarian egonen den deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehazten da non), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, lanpostuak aukeratzeko tramiteak egiteko.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Alkateak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek 5 egun naturaleko epea dutela lanpostu hutsak aukeratzeko.

Informazio hori argitaratuko da Oltza Zendeako Udalaren Gardentasunaren atariko deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

10.2. Esleipen hartzaile diren lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

11.–Datuen babesa.

Izangaiei ondokoak jakinarazten zaizkie, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak babesteko erregelamendu orokorra, DBEO). Erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari dagokionez eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua. Hona hemen izangaiei jakinarazten zaizkienak:

Oltza Zendeako Udalak du ardura izangaiek deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalen tratamenduaren gainean.

Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin (egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa). Langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena).

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@ayuntamientoolza.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Oltza Zendeako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

OLTZA ZENDEAKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

EUSKARA

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

EUSKARA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

2

Zerbitzu anitzetako enplegatua - albientea

C

Funtzionarioa

Osoa

Oltza Zendeako Udala

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa, edo baliokideak

B2

Gidabaimena

"B"

4

Zerbitzu anitzetako enplegatuen eta albienteen koordinatzailea

C

Funtzionarioa

Osoa

Oltza Zendeako Udala

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa, edo baliokideak.

B2

Gidabaimena

"B"

11

Garbiketa

E

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Oltza Zendeako Udala

Eskola-ziurtagiria edo baliokideak

Euskara: B1 maila izanen da puntuatuko den gehieneko euskara-maila

12

Teknikari diplomaduna - kontularia

B

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Oltza Zendeako Udala

Graduko titulu unibertsitarioa, unibertsitateko diploma, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, edo lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura baten lehenbiziko hiru ikasmailak osorik gainditu izana, edo baliokideak

Euskara: C1 maila izanen da puntuatuko den gehieneko euskara-maila

2.–Betekizunak.

2.1. Espainiako nazionalitatea izateko betebeharra duten lanpostuak (plaza zenbakiak adierazi): bat ere ez.

2.2. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra duten lanpostuak (plaza zenbakiak adierazi): bat ere ez.

3.–Tasa:

3.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa:

–B maila: 25,00 euro.

–C maila: 15,00 euro.

–E maila 10,00 euro.

3.2. Ordaintzeko modua: dirua sartuz edo transferentzia eginez banku-kontu honetara: ES70 2100 5174 8702 0002 5931 (CAIXA).

3.3. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonez gero, horren frogagiria aurkeztu beharko da.

4.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa).

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/transparency/1726b94c-17c0-4a3f-a4b8-c94cc13a0977/

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko apirilaren 25ekoa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/87/6

6.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko urriaren 27koa.

II. eranskina

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/?x=jiLizL7OBdIJoxruDaYBrg

III. eranskina

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es/?x=jiLizL7OBdIJoxruDaYBrg

Iragarkiaren kodea: L2215274