259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

40/2022 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Nafarroako Arartekoarena, zeinaren bidez onartzen baita Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako administrari plaza bat (C maila) merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdia, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren hamaikagarren xedapen gehigarriak aurreikusten du, salbuespen gisa, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozeduretarako deialdia egitea, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz.

2022ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak Nafarroako Parlamentuan aldi baterako enplegua egonkortzeko akordioa onartu zuen, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen esparruan onartua. Akordioak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen mende dauden plantilla organikoko lanpostuak identifikatzen ditu. Horien artean dago Nafarroako Arartekoaren Bulegoari atxikitako administrari plaza bat (C maila), zeina merezimendu-lehiaketa bidez hornituko baita.

2022ko urriaren 10eko Akordioaren bidez, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak Nafarroako Arartekoari eskuordetu zion plaza hori deitzeko eskumena. Azken akordio hori Nafarroako Arartekoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 24.2 artikuluan aurreikusitakotik dator, honako hau xedatzen baitu: "Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere plantillako langileei dagozkien lanpostuak aukeratu eta beteko ditu, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eskuordeturik eta hari jakinarazirik, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan xede horretarako ezarriak dauden prozeduren bitartez eta langileen plantillan aurreikusitakoarekin bat".

Horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari eta erakundearen antolaketa eta funtzionamendu erregelamenduari jarraikiz,

HAU EBAZTEN DUT:

Lehenengoa. Onartzea Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako administrari lanpostu bat (C maila) merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdia, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan, bai eta deialdi horren oinarri arautzaileak ere (I. eranskina).

Bigarrena. Deialdia eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Arartekoaren web orrian argitara daitezen agintzea.

Hirugarrena. Ebazpen honen berri ematea Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, 2022ko urriaren 10eko Akordioan aurreikusitakoarekin bat, eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeari jakinaraztea, jakinaren gainean egon dadin eta epaimahaiko ordezkaria izenda dezan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera Donazar.

I. ERANSKINA

Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako administrari plaza (C maila) merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdiaren oinarri arautzaileak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez, Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako administrari plaza bat (C maila) betetzea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren 2022ko maiatzaren 30eko eta urriaren 10eko erabakietan xedatutakoaren arabera.

1.2. Lehiaketa Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera burutuko da, bai eta, horren arabera, modu osagarrian, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta arlo horretan onartutako gainerako araudi osagarrian xedatutakoaren arabera ere.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaiak Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat eta, zehazki, Administrarien Kidegoko funtzionarioentzat ezartzen diren funtzioak, eskubideak eta betebeharrak egikarituko ditu.

Haren funtzioak, oro har, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 8.3 artikuluan ezarritakoak izanen dira, Nafarroako Arartekoaren legeria erregulatzailetik eta deitutako plaza atxikita dagoen erakunde horri esleitutako funtzioetatik eratortzen diren berezitasunekin.

1.4. Izendapenak Nafarroako Parlamentuko funtzionario izaera emanen dio izendatuari, indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Plaza C mailakoa da eta maila horri dagozkion ordainsariak ditu, bai eta Nafarroako Parlamentuko indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak ere; bertan sartzen da Nafarroako Arartekoaren bulegoa.

1.6. Izendaturiko funtzionarioa Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio araubide horretan aurreikusitako babes-ekintzaren pean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun- eta gizarte-laguntzaren araubidean afiliatuta badago; kasu horretan, araubide horretan jarraitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea erabaki ahal du.

1.7. Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako funtzionarioentzat oro har ezarritako ordutegi eta txandetan eginen da lanaldia.

2.–Betebeharrak.

2.1. Prozeduran onartua izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuaren barruan dagoen estatu bateko nazionalitatea izatea, langileen zirkulazio askea aintzat hartuta.

Halaber, parte hartu ahal izanen dute Espainiako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, bai eta Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea duten edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta haien eta ezkontidearen ondorengoek ere, legezko banantzerik ez dagoenean, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorako kasuetan, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako ezarritako adina ez gainditzea.

c) Goi-mailako batxiler-titulua, bigarren mailako lanbide-heziketa edo baliokidea izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, dagokion baliozkotzea edo, hala badagokio, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Dagozkion funtzioak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Ez egotea dagozkion funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik bereizita.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean eta lanpostua lortu arte bete beharko dira aurreko baldintza horiek.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte baldintza horiek.

2.4. Ezin izanen dute prozeduran parte hartu Nafarroako Parlamentuan edo Nafarroako Arartekoan administrari lanpostua duten langile finkoek.

3.–Eskabideak, epea eta dokumentazioa.

3.1. Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Arartekoaren Erregistroan aurkeztuko dira (Emilio Arrieta kalea 12, behea, Iruñea) edo, bestela, bide elektronikoz bidaliko dira helbide honetara: eregistro@defensornavarra.es. Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean edo beste erregistro batzuetan ere aurkez daitezke, indarrean dagoen administrazio-araudiaren arabera.

3.2. Eskabideak II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera eginen dira, eta eredu hori eskuragarri egonen da Nafarroako Arartekoaren web orrian (www.defensornavarra.es/eu).

Izangaiek deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duten pertsonek, merezimenduen baremoan oinarri hauetan aipatzen den zuzenketa-faktorea aplika dakien, baldintza hori aitortu beharko dute parte hartzeko eskabidean.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Eskabideekin batera, izangaiek alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua aurkeztuko da, III. eranskineko ereduaren arabera.

3.5. Era berean, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak erantsiko dira:

–Emandako zerbitzuak egiaztatzeko, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Ziurtagiri horietan zehatz-mehatz jaso beharko dira emandako zerbitzuak, eta berariaz adierazi beharko da lanpostuaren izena, alderdi hauen arabera: plantilla organikoa, maila, zerbitzu horiek eman ziren zentro edo unitatea, zerbitzu-emate bakoitzaren hasiera- eta amaiera-datak eta egoki den beste edozein datu.

–Sartzeko hautaketa-prozesu bat gainditu dela egiaztatzeko, administrazio-ebazpenaren fotokopia, argitalpen ofiziala edo organo eskudunak emandako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

–Titulazio akademikoak egiaztatzeko, dagokion titulu ofizialaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen titulu hori eskuratzeko eskubideak bete izanaren frogagiria.

–Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko, titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

4.–Izangaiak onartzea. Behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Nafarroako Arartekoak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Arartekoaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

Bazterturik ez badago, zuzenean onartu ahal izanen da behin betiko zerrenda.

4.2. Interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, behin-behineko zerrendaren aurka egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko eta, hala badagokio, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, Nafarroako Arartekoak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du, eta 4.1. apartatuan adierazitako modu berean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Carlos Sarasíbar Marco jauna, Nafarroako Arartekoaren idazkari nagusia.

Ordezkoa: Susana Galilea Barrio andrea, Nafarroako Arartekoaren Kabinetearen burua.

Epaimahaikidea-idazkaria: Jorge Balduz Gil jauna, Nafarroako Arartekoaren kudeaketa-teknikaria.

Ordezkoa: Laura Ugarte Longás andrea, Nafarroako Arartekoaren aholkulari teknikoa.

Epaimahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatuko du.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatuko du.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko da Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkarien izendapena.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta ezinen du jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaia behar bezala eratzeko, bai eta behar bezala jardun dezan, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria bertan egotea, edo, hala badagokio, haien ordezkoak.

5.3. Epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izanen dute parte hartu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako abstentzio-arrazoiren bat dagoenean. Eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko diote hori.

Orobat, izangaiek zilegi dute aipatutako inguruabarrak dituzten epaimahaikideak errefusatzea.

Legez ezarritako abstentzio- eta errefusatze-arrazoiak aplikatuz epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatuko balitz, onartutakoen eta baztertutakoen zerrendarako aurreikusitako moduan argitaratuko litzateke.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen arazo guztiak.

6.–Merezimenduen baremoa eta lehiaketaren garapena.

6.1. Prozedura lehiaketa-fase bakarrean eginen da. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, epaimahaiak bilera eginen du izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratzeko.

6.2. Izangai bakoitzaren guztizko puntuazioa honako atal hauetako bakoitzaren puntuen baturak zehaztuko du:

a) Lanbide-esperientzia (gehienez 60 puntu).

Deialdi hau argitaratzen den egunera arte Nafarroako Arartekoaren erakundean, Nafarroako Parlamentuan eta beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Esperientzia honako puntuazio eta arau hauen arabera baloratuko da:

a.1) Nafarroako Arartekoaren erakundean administrari lanpostuan emandako zerbitzuak (C maila): 3 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Nafarroako Parlamentuan administrari lanpostuan emandako zerbitzuak (C maila): 2 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.3) Nafarroako Arartekoaren erakundean beste lanpostu batzuetan emandako zerbitzuak: 1,5 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.4) Nafarroako Parlamentuan beste lanpostu batzuetan emandako zerbitzuak: 1 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.5) Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak deialdiaren xede den lanpostu berean: 0,75 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzuak eman diren aldiari proportzionalki dagokion puntuazioa emanen da.

Zerbitzu-emateen hasiera-datatik amaiera-datara arte emandako zerbitzuak baloratuko dira, lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

Bateraezinak izanen dira aurreko azpiataletan emandako puntuazioak, aldi berekoak direnean, eta kasu bakoitzean puntuazio altuena esleituko da.

Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko egoera berezian egon den aldiei dagokienez, benetan betetako lanpostuan emandako zerbitzutzat hartuko dira.

Ostera, izangaia beste arrazoi batzuengatik (eszedentzia berezia edo buruzagitza bat) zerbitzu berezietan egon den aldiei dagokienez, egoera horietara heltzeko unean zuen lanpostuan emandako zerbitzutzat hartuko dira.

b) Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 40 puntu).

b.1) Nafarroako Arartekoaren erakundean administrari lanpostuan (C maila) sartzeko prozesu bat plazarik gabe gainditu izanagatik: 15 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Nafarroako Parlamentuan administrari lanpostuan (C maila) sartzeko prozesu bat plazarik gabe gainditu izanagatik: 10 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.3) Nafarroako Arartekoaren erakundean beste lanpostu batean sartzeko prozesu bat plazarik gabe gainditu izanagatik: 7,5 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.4) Nafarroako Parlamentuan beste lanpostu batean sartzeko prozesu bat plazarik gabe gainditu izanagatik: 5 puntu gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.5) Lortu nahi den lanpostuan eskakizun gisa eskatzen dena baino maila altuagoko titulazio akademiko ofiziala izateagatik, edo administrazio kudeaketako teknikariaren bigarren mailako lanbide-heziketako titulua edo teknikari espezialistaren titulua (administrazio espezialitatea) edo baliokidea izateagatik gradu eta espezialitateari dagokionez: 7 puntu (azpiatal honen gehieneko puntuazioa).

b.6) Euskara jakitea: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukiz gero, 7 puntu jasoko dira. Titulazio edo ziurtagiri hori izan ezean, gehieneko puntuazioaren 1/5ean baloratuko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, 2/5ean A2 mailaren baliokidea izatea, 3/5ean B1 mailaren baliokidea izatea, eta 4/5ean B2 maila izatea. Mailarik altueneko titulua bakarrik baloratuko da.

b.7) Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, Europar Batasuneko lan-hizkuntza gisa: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukiz gero, 5 puntu jasoko dira. Titulazio edo ziurtagiri hori izan ezean, gehieneko puntuazioaren 1/5ean baloratuko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, 2/5ean A2 mailaren baliokidea izatea, 3/5ean B1 mailaren baliokidea izatea, eta 4/5ean B2 maila izatea. Mailarik altueneko titulua bakarrik baloratuko da. Azpiatal honen gehieneko puntuazioa 7 puntukoa izanen da.

Merezimenduen balorazioa aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera egin ondoren, %33ko desgaitasuna edo handiagoa egiaztatzen duten pertsonek lortutako puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio, zuzenketa-faktore gisa.

6.3. Berdinketarik gertatuz gero, a.1) atalean puntuaziorik altuena duen pertsonaren alde ebatziko da. Berdinketa bada hala ere, gainerako azpiatalak kontuan hartuta ebatziko da, horiek zerrendatzen diren hurrenkeran.

Irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketa izaten jarraitzen badu, epaimahaiak zozketa bakarra eginen du horretarako, eta horrela ebatziko da. Alfabetoari jarraiki abizenen arabera ordenatuta, berdinduetako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, eta, ondoren, zozketa eginen da. Hala, zenbaki bat atera, eta hura izanen da hautatua.

6.4. 3.4 eta 3.5 oinarrietan adierazitakoaren arabera alegatu eta egiaztatuko dira merezimenduak.

Merezimenduak baloratzeko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte lortutakoak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko ondoren lortutakoak.

Dokumentuek baremoa aplikatzeko eskatzen den informazio guztia jaso beharko dute. Ez dira aintzat hartuko justifikatu gabeko merezimenduak, ezta baremoan ezarritakoekin bat ez datorren merezimendurik ere. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izanen ditu hautagaiek alegatutako merezimenduei buruzko azalpenak eta datu osagarriak.

6.5. Merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Arartekoaren webgunean argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, izangaiek erreklamazioak egin ahal izateko eta merezimenduen balorazioari dagokionez beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alegatzeko.

6.6. Epaimahaiak ezarri diren erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Arartekoaren webgunean.

7.–Izendapen-proposamena eta baldintzak egiaztatzea.

7.1. Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak Nafarroako Arartekoari bidaliko dio puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena, baita aktak eta lehiaketako gainerako dokumentazioa ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Arartekoaren webgunean argitaratuko da.

7.2. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barruan, proposatutako izangaiak dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkio Nafarroako Arartekoaren erakundeari:

a) Izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen nortasun-agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen kopia.

b) 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten kopia, edo titulu horiek lortzeko eskubideak bete izanaren frogagiria.

c) Lan-osasunaren arloko organo eskudunak emandako txostena. Horren bidez egiaztatuko da interesdunak ez duela lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz aurkeztuko da, horretarako osasun-azterketa egin ondoren.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizita ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena.

e) Nafarroako Foru Erregimena errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguari dagozkion betebeharrak zintzoki betetzeko zina edo promesa.

7.3. Proposatutako izangaiak aitortutako desgaitasun bat alegatu badu, baremoa aplikatze aldera, baldintza hori egiaztatu beharko du epe berean, organo eskudunak emandako agiri baten bidez.

7.4. Adierazitako epearen barruan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituen edo deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen ez duen pertsona ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, eskabidean datu faltsuak emateagatik izan dezakeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

7.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Nafarroako Arartekoak, puntuazioaren hurrenkerari jarraiki, hurrengo izangaiarekin beteko du plaza, eta aurreko apartatuetan jasotako prozedura bera jarraituko du haren kasuan ere.

8.–Izendapena.

8.1. Aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Arartekoak funtzionario izendatuko du proposatutako izangaia. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Arartekoaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean, izangaiak lanpostua hartu beharko du Nafarroako Arartekoaren aurrean.

8.3. Adierazitako epean lanpostua hartzen ez duen izangaiak lehiaketatik eratorritako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta, kasu horretan, puntuazio-zerrendan hurrengo postuan dagoenak beteko du plaza.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean ofizialki argitaratu behar diren izapideei kalterik egin gabe, epaimahaiaren jarduketei buruzko informazioa eta interesdunentzat baliagarria izan daitekeen beste edozein informazio orokor Nafarroako Arartekoaren webgunean argitaratuko da: www.defensornavarra.es/eu.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta prozeduran Nafarroako Arartekoak emandako gainerako ebazpenen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako, bi hilabeteko epea egonen da, dena delako ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Aldez aurretik, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio Nafarroako Arartekoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

10.2. Deialdi honi dagokionez epaimahai kalifikatzaileak hartzen dituen eta ebazpen izaera duten gainerako aplikazio-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen zaio Nafarroako Arartekoari, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik Aurrera.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. Eranskina.–Nafarroako Arartekoaren bulegoari atxikitako administrari plaza (C maila) merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea.

III. Eranskina.–Alegatutako merezimenduen zerrendaren eredua.

Deskargatu II. eranskinetik III.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2216734