259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

495E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren irailaren 1eko 331E/2022 Foru Agindua, Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroko osasun datu anonimizatuak eskuratzeko prozedura ezartzen duena, ikerketa sanitarioko azterlanak egiteko.

2022ko irailaren 23an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 331E/2022 Foru Agindua, Osasuneko kontseilariak irailaren 1ean emandakoa, Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroko osasun datu anonimizatuak eskuratzeko prozedura ezartzen duena, ikerketa sanitarioko azterlanak egiteko.

2022ko azaroaren 11n, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak txostena eman du, non proposatu baitu irailaren 1eko 331E/2022 Foru Agindua aldatzea, akats material bat antzeman baita foru agindu horren II. eranskineko 2. puntuko transkripzioan; izan ere, datu-fitxategia lagatzeko arduraduna ez da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetza, ezpada Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. Ikusi da, halaber, ez dela aipamenik egiten datuak babesteko indarreko araudiaz, eta, beraz, erabaki da aipatutako II. eranskina aldatzea eta Osasun Ministerioak erabiltzen duen ereduari jarraitzea, han indarreko araudia jasotzen baita.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Osasuneko kontseilariaren irailaren 1eko 331E/2022 Foru Aginduaren II. eranskina aldatzea. Foru agindu horren bidez Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroko osasun datu anonimizatuak eskuratzeko prozedura ezarri zen, ikerketa sanitarioko azterlanak egiteko. Hona hemen testu berria:

"II. ERANSKINA

Ikerketa azterlanerako eskatutako datuen erabilerari dagokionez hartzen diren betebeharren konpromiso dokumentua

Datuak ateratzeko eskaerari dagokionez (haren xedea, helburuak eta irismena bertan zehaztu dira), honako konpromiso hauek hartzen ditut:

1. Informazio guztia konfidentzialtasun zorrotzarekin tratatzeko.

2. Lagatako datuak ez erabiltzeko, eta baimenik ez emateko beste edozein pertsona fisikok edo juridikok erabil ditzan, eskaera adierazitakoarekin bat lanaren helburu ez den beste ezertarako. Eskatzaileak izendatutako laguntzaileei ere zabalduko zaie konpromiso hori, eta eskatzailearen erantzukizuna izanen da haiek konpromiso hori betetzea.

3. Emandako fitxategia edo datuak eta haien kopia guztiak suntsitzeko, behin iraganda epea zeinetarako datuak behar baitira.

4. Hala badagokio, datuen eskaeraren xede den azterlanaren edo lanaren emaitzak argitaratzeko, halako eran non datu pertsonalen babesa bermatuta geratuko baita, ezin izan daitezen zuzenean edo zeharka identifikatu banakako estatistika-unitate informazio-emaileak. Lagatako datuetatik lortutako edozein zabalkunde-produktutan informazioak izanen duen desagregazio mailak ez du biderik eman behar unitate informazio-emaile zehatzak identifikatzeko (ospitaleak, osasun-zentroak edo pertsonak –kasu bakoitza zein den–).

5. Emandako datuetatik abiatuta egiten diren zabalkunde publikoko txosten guztien kopia bat Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura bidaltzeko.

6. Lortutako zabalkunde-produktuetan datuen iturriari aipamena egiteko, eta jasotzeko egileen erantzukizun esklusiboa dela egileen elaboraziotik eratorritako informazioaren zehaztasuna edo fidagarritasuna.

7. Edozein kasutan, informazioaren tratamenduak eta hedapenak honako hauetan aurreikusitakoa beteko du: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei buruzkoa; eta 12/1989 Legea, maiatzaren 9koa, Eginkizun Estatistiko Publikoari buruzkoa.

Eguna:

Eskaera egiten duenaren sinadura:"

2.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2216019