258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

330/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez eskuordetzen baita Doneztebeko kontsultategi medikoa enplegu agentzia gisa eraberritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko eskumena.

Gaur egun, Doneztebeko Enplegu Agentzia Leitzako errepidea kaleko etxebizitza-eraikin baten beheko solairuan dago. Lokal hori herriko udalari alokatzen zaio. Lokal horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bost langilek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko bi langilek ematen dute zerbitzua. Lokal horrek ez ditu betetzen desgaitasuna duten pertsonentzat legez eskatzen diren irisgarritasun-baldintzak. Bestalde, herri berean dagoen Nafarroako Gobernuaren Ogasunaren bulegoa lan egiteko baldintza egokiak betetzen ez dituen espazio batean dago. Ondare Zerbitzuak beharrak aztertu ditu eta bi unitateak Doneztebeko garai bateko osasun etxera eramatea proposatu du.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ez du baliabide tekniko ez langile aski lan horiek aurrera eramateko behar diren administrazio espedienteak prestatzeko, tramitatzeko, adjudikatzeko eta betearazteko. Bestalde, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita dagoen Ondare Zerbitzuak bere gain hartuak ditu Foru Komunitatearen ondare-ondasunen kudeaketari loturiko eginkizunak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren higiezinen politikarako planak idatzi, kudeatu eta gainbegiratzekoak ere. Obra hau, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokion zatian, Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialetik datozen funtsekin finantzatuko da, eta, beraz, aipatutako zuzendaritza nagusiaren esku jarriko da eskuordetutako jarduketa guztiak ordaintzeko kostua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11.1 artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Gaineratzen du ezen, elkarren artean lotura hierarkikorik ez duten organoak badira, beharrezkoa izanen dela goragoko organo komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea. Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo baliogabetu daitekeela, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela. Ezartzen du, orobat, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko azaroaren 16ko Erabakiaren bidez, onetsi da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzailetzak Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiari eginen dion eskumenen eskuordetzea, Doneztebeko kontsultategi medikoa enplegu agentzia gisa eraberritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin ditzan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiari eskuordetzea Doneztebeko kontsultategi medikoa enplegu agentzia gisa eraberritzeko obrak kontratatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egiteko eskumena.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen egunaren biharamunean hasiko direla.

3. Ebazpen hau igortzea Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiari, Ondare Zerbitzuari eta Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuko zuzendariari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2215906