258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak, onesten dituena.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 106/2021 Ebazpenaren bidez onetsi ziren taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Ebazpen hura 2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan.

2022ko irailaren 15ean, Francisco José Asín Pérez jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, honakoa eskatu du:

–Taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak 2023rako eguneratzea, %11ko igoera lineala eginez kontzeptu guztietan, hau da, 2022ko abuztuan KPIak Nafarroan izan duen portzentajearen arabera, azken urteetan halaxe egin baita.

–Bidaiari bakoitzeko gehigarri bat ezartzea, 5 toki baino gehiagoko ibilgailuen titularrek hala eskatuta. Osagarria 1,25 eurokoa izanen litzateke okupatutako toki bakoitzeko, bosgarren tokitik aurrera.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi du, tarifak Nafarroako 2022ko abuztuko KPIaren arabera eguneratzeaz, ezen, orain arte Nafarroako urtetik urterako KPIaren aldaketaren arabera egin bada ere eguneratzearen kalkulua, kontuan hartuta gaur egungo testuingurua, ez ohikoa den inflazio altua dagoelarik, komeni da beste erreferentzia bat erabiltzea ekitaldi honetan, zehazki, kostuen egiturari lotutako bat, desindexazio araudian xedatutakoaren ildoan.

Aipatzen du, halaber, Iruñerriko Mankomunitateak 2022ko urriaren 20an egindako batzar orokorrean onetsi zela 2023rako hiri tarifak eguneratzea Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan, eta tarifen egiturari %5,6ko igoera aplikatu zaiola, oinarritzat hartuta sektorearekin 2018an berrikusitako kostuen egitura, partida bakoitzaren adierazle ofizial eta espezifikoak baliatuz egin eta baliozkotu zena, partida bakoitzeko prezio zehatzek, erregaiaren partidakoak barne, izandako aldaketa ofiziala aplikatuta.

Erabaki hori jasota dago Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 134/2022 Ebazpenean, zeinaren bidez onesten baita Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa 2023. urterako. Ebazpena 2022ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 2koan.

Azkenik, eta kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onetsitako hiriarteko taxien tarifak aplikatzen direla eremu horretako B zonan eta hiriko nahiz hiriarteko esparruetan irizpide batasunari esker saihesten dela distortsioak gertatzea hiriko tarifak eguneratzean, komeni da hiriarteko tarifei igoera portzentaje bera aplikatzea.

Bidaiari bakoitzeko gehigarri bat, bosgarren tokitik aurrera okupatutako toki bakoitzeko 1,25 eurokoa, ezartzeari dagokionez, zerbitzuak adierazi du ez dela egokitzat jotzen halakorik ezartzea, lehen aipatutako testuinguruagatik eta kontuan hartuta eguneratzerako aipatu den irizpide batasunerako beharrezkoa dela hiriko nahiz hiriarteko esparruetarako analisi bateratua egitea.

Horrenbestez, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onestea, 2022koei %5,6ko igoera aplikatuta, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera indarra izateko.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40 artikuluarekin eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela:

Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):

–Egindako kilometro bakoitzeko, 0,67 euro

–Itxaron ordu bakoitzeko: 18,45 euro

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,60 euro

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,60 euro denbora-tarte bakoitzeko.

5 euroko gehigarria aplikatzen ahalko da, taximetrotik kanpo, hiriarteko zerbitzuetan garraiatutako helduen bizikleta bakoitzeko.

Lanegunetako gaueko ordutegian (22:00etatik 07:00ak bitarte) eta larunbat eta jaiegunetan (00:00etatik 24:00ak bitarte), tarifaren zenbatekoa %25 igoko da, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duen Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 3ko 323/2022 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, 18:00etatik aitzina.

Tarifak hurrengo urteetarako luzatzen badira, jaieguntzat hartzen diren egunen egutegia lortuko da urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpenetik.

2. Ezartzea tarifa hauek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkiela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremukoak diren taxi lizentzien titularrek egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barnean zirkulatzen dutenean.

3. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa-taulak eraman beharko dituztela, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ikus-onetsiak.

Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileak aise ikusteko toki batean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi-San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari eta Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu denetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2216685