258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantza, autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak autokarabanen eremuan aparkatzea eta gaua egitea arautzen duena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2022ko ekainaren 1ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea ordenantza bat, arautzen duena autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak autokarabanen eremuan aparkatzea eta gaua egitea. 2022ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Valtierran, 2022ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA AUTOKARABANAK ETA BIZITEGI-IBILGAILUAK VALTIERRAKO AUTOKARABANEN EREMUAN APARKATZEA ETA GAUA EGITEA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da, batetik, Valtierrako udalerrian arautzea autokarabanak ostatatzeko erabilera, xedea izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea eta Valtierrako herritarren eta autokarabanak erabiltzen dituzten turisten arteko bizikidetza erraztea, pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea autokarabanen eremuaren erabiltzaile guztien artean, eta, bertzetik, bermatzea Nafarroako Gobernuaren araudi autonomoan kanpaldi libreari buruz ezarri den debekua betetzen dela.

2. artikulua. Zehapena ezarriko zaio Valtierrako udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Kanpaldi librea da paratzea aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoa, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

Kanpatzeko elementuak dira erraz garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi libre erratean, horren barnean sartzen da ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, baita udaltzainen edo Alkatetzaren iritziz edozein udal ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.

4. artikulua. Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabanendako eremuan.

Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin edo segurtasun ziriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

3.–Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoa hustea.

4.–Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita.

6. artikulua. Autokarabanak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian berendako eremu erreserbatuetan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak eremu publikoko zonalde mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.

7. artikulua. Autokarabanendako zerbitzugunea da hustubideak edo kainozuloak izatea, estolderia sarearekin lotuak, hondakinak botatzeko eta haien tratamendu ekologikoa egiteko araztegi batean. Eremu horretan autokarabanak aparkatzeko plaza erreserbatuak daude.

Autokarabanendako zerbitzugunetako eremuak erabiltzeko arau hauek izanen dira:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., baldin etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komuna eta ur erabilien biltontzia ez badituzte.

2.–Aparkatutako ibilgailuek une oro errespetatu behar dituzte plaza bakoitzaren mugak eta noranzkoa.

3.–Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbertzean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere udaltzainek edo Alkatetzak baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere.

5.–Biltontziak hustutzeko alderdian ezin da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar du, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ari ez direlarik; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.

6.–Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

7.–Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuen eremuen guneek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

8.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, kadirak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

8.–Autokarabanak aparkatzeko eremua ez dago zainduta. Hortaz, Valtierrako Udala ez da ibilgailuetan gerta daitezkeen gorabeheren erantzule, hola nola lapurretak, kalteak edo antzekoak.

8. artikulua. Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; Alkatetzaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Segurtasun indar eta kidegoak edo horretarako gaitzen diren agenteak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

9. artikulua. Zehapen prozedura:

1.–Valtierrako Udaleko alkate udalburua da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia (1993ko abuztuaren 9ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 6. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.–Arau-hauste astuna izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko dagoen betebeharraz aparte.

Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egiten edo arriskua ekartzen dutenak.

11. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarra duen ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

12. artikulua. Erantzukizuna.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

13. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea da zerbitzuak ematea autokarabanak aparkatzeko eremu mugatu batean, Valtierra udalerrian dagoen aparkalekuaren barruan. Kontraprestazio ekonomikoa prezio publiko bat da –zerbitzu hori emateagatiko prezio publiko bat, alegia–, udal honen eskumeneko zerbitzuak ematean edo jarduerak egiteam datza eta.

14. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Zerbitzuaren onuradun direnak behartuta daude ordenantza honetan araututako prezio publikoak ordaintzera.

15. artikulua. Zenbatekoa.

Prezio publikoaren zenbatekoa honako hau da: 5 euro gau bakoitzeko (24 ordu). Uraren eta beste zerbitzu batzuen erabilera barne. Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio ordenantza honetan araututako prezio publikoak aldatzea. Zenbatekoak emandako zerbitzuaren edo egindako jardueraren kostua estali beharko du gutxienez, nahiz eta prezio publikoak ezar daitezkeen legez aurreikusitako mugaren azpitik hala gomendatzen duten arrazoi sozialak, ongintzakoak, kulturalak edo interes publikokoak daudenean; kasu horretan, erakundearen aurrekontuetan behar diren zuzkidurak kontsignatu beharko dira, aldea estaltzeko, halakorik balego.

16. artikulua. Ordaintzeko betebeharra eta modua.

Prezio publiko hori dagokion baimena ematen denean sortuko da, eta toki desberdinetan horretarako instalatutako makinetan ordaindu beharko da. Baldin, prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio. Hemen arautzen diren prezio publikoak direla-eta zorrik baldin bada, horiek premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatzen ahalko dira, eta diru-bilketari buruz aplikatzen ahal zaion araudiari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L2216002