258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

479/2022 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2022-2023 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 653446.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoei agintzen die behar diren prebentzio eta konpentsazio jarduketak ziurtatu behar dituztela gizarte, hezkuntza eta kultura aldetik zaurgarritasun egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatzeko, haien hezkuntza eta gizarte garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, modu horretan saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak 36. artikuluan ezartzen du ezen, berdintasuna bermatzeko eta desorekak konpentsatzeko, deialdiak eta laguntzak izanen direla urtero, bai jantokirako, bai eskola materialerako, bai prestakuntza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2022-2023 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoen dirulaguntzarako, 480.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasuna Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2022ko azaroaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan eskolaturik badaude eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

2. Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 480.000 eurokoa da, 2023ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 420004-42700-4809-322403 partida, "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izenekoa. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira.

2.2. 2022-2023 ikasturtean diruz laguntzen ahalko dira ikastetxeek 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era gauzatuko dituzten gastuak, honako hauekin loturik badaude:

a) Ekipamendu pertsonala eta eskola materiala (informatika ekipamendua, eskola asegurua, ikastetxeen kudeaketa eta funtzionamendu plataforma, giza baliabideak, bertako langileak, elkarrizketa laguntzaileak... izan ezik).

b) Eskolako ateraldiak eta beste jarduera osagarri batzuk.

c) Eskolako jantokiaren zerbitzua.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.

2.3. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.

3. Baldintza orokorrak.

3.1. Eskatzaileak.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak matrikulatuta dituzten itunpeko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan araututako laguntzak. Ezinbestekoa izanen da onuradun izaten ahal diren ikasleen legezko ordezkariek aldez aurretik baimena ematea errenta aitorpeneko datuak eta zerga betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria eskuratzeko.

Ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da baimen horiek bildu eta zaintzea.

3.2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunak eta familia unitateko gainerako kide konputagarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

b) 2021. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitortzera behartua badago.

c) Zergaduna Foru Komunitatetik kanpokoa bada 2021ean, zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu, eta:

c.1) 2021eko ekitaldiko errenta aitorpenak.

c.2) Salbuetsita egoteagatik errenta aitorpenik aurkeztu ez bada, OGZren txosten bat, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dagoela egiaztatzeko.

d) 2021ean Espainian bizi izan ez bada, OGZren txosten bat aurkeztu beharko dio ikastetxeari, egoera sozioekonomiko zaurgarrian dagoela egiaztatzeko.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egoki irizten duten eta txosten bidez egiaztatzen duten beste edozein inguruabar.

3.3. Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

Baldintza hauetan dauden pertsonek jasotzen ahalko dute laguntza:

a) Hurrengo taulako datuak baino zerga oinarri txikiagoa duen familia unitate batekoa izatea (bi gurasoen zerga oinarriak batuko dira, errenta aitorpena batera edo bereizita egin, guraso bakarreko familien kasuan izan ezik).

Urteko datuak:

FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

ZERGA OINARRIA

1

12.720

2

15.792

3

17.988

4

19.308

5

20.628

6 edo gehiago

21.504

b) Zaintza partekatua duten legez banandutako familien kasuan, bi gurasoen zerga oinarriak batuko dira; aldiz, zaintza guraso bakarrarena denean, zaintza duen gurasoaren zerga oinarria hartuko da.

b) 2021eko ekitaldian errenta aitorpena aurkeztetik salbuetsita egotea.

c) Bere egoera sozioekonomiko zaurgarria Gizarte Zerbitzuen txostenaren bidez egiaztatu behar duena.

Laguntza eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du Hezkuntza Departamentuari baimena ematea errenta aitorpenaren datuak eta zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak kontsultatzeko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bitartez.

4. Dokumentazioa.

Baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek, deialdi honen 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuak dituztenek, eskabide orokor bat aurkeztu beharko dute, honako agiri hauek atxikirik:

a) Ikastetxearen aitorpena, laguntzen hartzaileek irakaskuntzaren kuota ordaintzeko inolako diru-ekarpenik egiten ez dutela adierazteko.

b) II. eranskina, behar bezala beteta (Excel formatuan)

c) III. eranskina. Ikastetxearen edo erakunde baimenduaren erantzukizunpeko adierazpena, 2021eko errenta aitorpena eta zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria eskuratzeko familien baimen egokiak dituela egiaztatzen duena.

d) 2021ean Foru Komunitatetik kanpo zergak ordaindu dituzten familiek errenta aitorpenak eta zerga betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

e) 3.2 puntuko c.2) eta d) eta e) idatz-zatietan jasotako egoeretan dauden onuradunen OGZen txostenak. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden eta Hezkuntza Departamentuak diruz lagundu behar dituen ikasleen laguntza eskaerak ikastetxeen bidez bakarrik eginen dira; aldez aurretik, ikasleen legezko ordezkarien baimena izan beharko dute datuak lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

5. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak, 4. oinarrian adierazten den dokumentazioarekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 20 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduak, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

6. Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

6.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

6.3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta horiek aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, dirulaguntzak behin-behinekoz ematea onetsiko du ebazpen bidez, eta hartan hamar egun balioduneko epea ezarriko da egoki jotzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo eskatutako dokumentazioa zuzentzeko. Dirulaguntzak behin-behinekoz emateko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzak behin betiko ematea.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

7. Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era egindako gastuei buruzko fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta dagozkien ordainagiriak ere. Ordainagiri horiek guztiak beren izenean egin beharko dituzte, VI. eranskinean jasota dagoen bezala; halaber, IV. eta V. eranskinak ere aurkeztuko dira (Excel formatuan) uztailaren 31 baino lehen.

Hezkuntza Departamentuko Zerbitzu Juridikoek adierazi dute garrantzitsua dela jarraibide horiek betetzea, ez betetzeak emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekar baitezake, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea.

Hala ere, emandako zenbateko osoa 2023ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu nahi duten ikastetxeek 2023ko martxoaren 31ra arte bidaltzen ahalko dute ordainketa izapidetzeko adierazitako dokumentazioa.

Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio hori, Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

Justifikatzeko epea amaitu eta dokumentazioa berrikusi ondoren, IV., V. eta VI. eranskinen arabera eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu ez duten ikastetxeei jakinaraziko zaie, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa zuzen dezaten.

8. Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2023ko irailetik aurrera eginen den ordainketa bakar batean; aurretik, 2023ko uztailaren 31 baino lehen, IV. eta V. eranskinak eta egindako gastuen fakturak eta ordainketen frogagiriak, nahiz instrukzioak aurkeztu beharko dira, VI. eranskinaren arabera.

2023ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) emandako laguntza osoa justifikatzen den kasuetan, ordainketa bakarra 2023ko maiatzetik aurrera eginen da.

Ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

9. Ikastetxeen betebeharrak.

Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

3. Ikasle onuradunaren familiari laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.

10. Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

11. Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

12. Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina: egoera sozioekonomiko ahulean izanda, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleak.

III. eranskina: baimena duen ikastetxe edo entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, datu fiskalak eskuratzeko senideen baimen egokiak dituela egiaztatzen duena.

IV. eranskina: gastuen justifikazioa. 2022-2023 ikasturtea.

V. eranskina: ikasle bakoitzeko gastuen justifikazio osoa. 2022-2023 ikasturtea.

Deskargatu II. etik V.era bitarteko eranskinak (DOC).

VI. ERANSKINA

Gastuak justifikatzeko hiru agiri bidali behar dira:

1. IV. eranskina (Excel formatuan).

2. V. eranskina (Excel formatuan).

3. Fakturak eta ordainagiriak eskaneatuta dituen dokumentu bat, behar bezala ordenatuta (PDF formatuan).

Fakturak eta ordainagiriak aurkezteko jarraibideak.

Faktura bakoitza ordenatuta egonen da, eta dagokion ordainagiria erantsiko zaio, zenbakiaren hurrenkeraren arabera (dok. zenbakia), IV. eranskineko lehenengo zutabean agertzen den bezala.

Adibide gisa, honela ordenatu behar da PDFa: 1. faktura, 1. egiaztagiria, 2. faktura, 2. egiaztagiria... eta horrela hurrenez hurren.

I. eranskinaren 7. oinarriak agintzen duen bezala, ikastetxeek fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dituzte, honako kasu hauetan izan ezik:

1. Jantoki zerbitzua ikastetxeak kudeatzen duenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, ikasle onuradunak eta jantoki zerbitzuaren zenbateko osoa (lehengaia eta giza baliabideak) zehaztuz; laguntza agortu arteko denbora ere zehaztuko da.

2. Jantoki zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzen duenean, enpresa horrek txosten sinatu bat eginen du ikasle onuradunen eta zerbitzuaren kostuaren berri emateko, eta ikastetxeak enpresa kudeatzaileari egindako transferentzien egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu laguntza agortu arte.

3. Salbuespenezko beste inguruabar batzuk. Hala gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuak aztertuko ditu eta banakako jarraibideak emanen ditu.

Iragarkiaren kodea: F2215158