258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Ordenantza, arautzen duena autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak autokarabanendako zerbitzu-eremuan aparkatzea eta gaua egitea. Behin  betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2022ko abuztuaren 17an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena autokarabanendako Cadreitako zerbitzu-eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua igarotzea.

2022ko azaroaren 10eko osoko bilkuran, alegazioak baietsi ziren, eta behin betiko onetsi zen ordenantza hori.

Jendaurreko aldia igaro denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Cadreitan, 2022ko azaroaren 23an.–Alkatea, Berta Pejenaute Prat.

UDAL ORDENANTZA, AUTOKARABANENDAKO CADREITAKO ZERBITZU-EREMUAN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA IGAROTZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Karabana parkea milioi bat unitatetik gorakoa da Europan, eta urtez urte hazten ari da, turismoen batezbestekoa baino askoz ere gehiago. Frantzia, Italia, Alemania eta Erresuma Batua dira Europar Batasunean autokarabana kopuru handienak dituzten herrialdeak. Lau herrialde horietako batuketak EBn matrikulaturiko autokarabana kopuruaren erdia baino gehiago egiten du.

Cadreitara garraiobide eta egoitza mota hori erabiltzen duten turista asko etortzen dira Europar Batasunetik, bai eta estatu barnetik ere.

Gehiago sakonduz, gai honen arauketan gurutzatzen dira administrazio desberdinen eskumen alorrak, eta erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natur eta kultur baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin; era berean, herritarren eta autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan ibiltzen diren turisten arteko bizikidetza erraztu behar da.

Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelakoz, horretarako lurzoruaren antolamenduari buruzko legeriek aitortzen dizkieten tresnak erabilita.

Cadreitak autokarabanen eremua 2023. urtean inauguratzea espero du. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da eremu horren erabilera arautuko duen araudi bat izatea, aisiarako ibilgailuen presentzia normalizatzeko; hartara, bateragarri eginen dugu, batetik, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituztenek herriko erakargarri turistikoez gozatu ahal izatea, eta, bestetik, bidezko interes publikoak zaintzea, ingurumena babestea eta eremu horretako aparkatzeko tokiak berdintasunez banatzea.

Testuinguru horretan, hau proposatu da:

UDAL ORDENANTZA

Atarikoa

Espainiako 1978ko Konstituzioak, bere VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoa baita, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezarri zuen erkidego autonomoek turismoa antolatzeko eskumenak bereganatzen ahalko zituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.

Eskumen emate hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak bere helburu eta printzipioak ezartzen ditu, Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko egin beharrekoak zehazten, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatzen eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotzen. 5.1,c) artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoari dagokionez: turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea Foru Komunitatearen esparruan. Era berean, lege honek, 6. artikuluaren b apartatuan, ezartzen ditu toki entitateek turismo arloan dituzten eskumenak, hau da, beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 39. artikuluan xedatzen denez, hiri bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea udal ordenantzaren bidez arautuko da eta behar diren neurriak hartzen ahalko dira trafikoa ez trabatzeko, besteak beste aparkatzea halako ordu batzuetara mugatzea, baita behar diren neurri zuzentzaileak ere, ibilgailua kentzea edo hura mugitzeko debekua barne, denbora mugatua duten eremuetan aparkatzeko gaitasuna ematen duen titulua ez dutenean, edo emandako baimena gainditzen dutenean, gidaria nor den jakitea lortu arte.

Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak, 1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen uztailaren 30ean, Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen ditu; haren 4. artikuluaren 1. atalak ezartzen du kanpaldi librea aurretik baimendu behar duela dagokion toki entitateak.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Cadreitan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatu gisa nola erabili arautzea, helburu hauek betetzeko: bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea; bizikidetza erraztea Cadreitako herritarren eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten artean; pertsonen segurtasuna bermatzea; eta aparkaleku publikoak txandakatzea eta egoki banatzea autokarabanen eremua erabiltzen dutenen artean. Bestetik, ordenantza honen bidez bermatu nahi da betetzen dela Nafarroako Gobernuaren araudi autonomoan kanpaldi libreari buruz ezarri den debekua.

2. artikulua. Kanpaldi librea.

1) Kanpaldi librea da paratzea aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoa, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.

2) Kanpatzeko elementuak dira erraz garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi libre erratean, horren barnean sartzen da ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, baita udaltzainaren edo Alkatetzaren iritziz edozein udal ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.

3) Aditzera emate aldera, honelakoetan iritziko zaio autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu paraturik ere).

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola erabilitako urak eremu publikoan hustea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

4) Debekatua dago udalerri osoan beren trakzio-ibilgailuetatik bereizitako karabanak edo atoiak aparkatzea, aparkatzeko eremuan izan ezik, baimendutako orduetan.

5) Zehapena ezarriko zaio Cadreitako udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Aparkatzeko arauak.

Autokarabanak edo etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek bete behar dira:

1) Ibilgailuak baterian eta erdi-baterian aparkatzen ahal dira; zeharka ere bai, denak orientazio berean eta norabide berean, larrialdietan ebakuazioa errazteko.

2) Sartzeko eta ateratzeko maniobrak egin ahal izateko moduan aparkatu behar da, eta gainerako espazioa beste erabiltzaileek ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan utziz.

3) Gidariak ibilgailua ibilgetu egin behar du, bere kabuz mugitu ez dadin eta beste pertsona batzuek mugitu ez dezaten. Oker ibilgetuz gero, ibilgailua mugitzearen ondorioz egindako arau-hausteen erantzule gidaria izanen da.

4) Malda handiko leku batean aparkatuz gero, gidariak, gainera, behar bezala kaltzatu beharko du ibilgailua, dela altxagarriak jarrita (horretarako ezin izanen dira erabili harriak edo berariaz eginkizun horretarako ez diren beste elementu batzuk), dela gurpil gidarietako bat espaloiaren zintarrian bermatuta; kasu horretan, malda goranzkoa bada, gurpilak galtzadaren erdira begira utzi behar dira eta, malda beheranzkoa bada, kanpora begira. Berriz abiatzean, altxagarri horiek bidetik baztertu behar dira.

5) Aparkatu ahal izateko prezioa ordaindu gabe aparkatzen badu norbaitek, edo ordaindutako denbora gainditu bada, udalak ibilgailua erretiratu eta udal gordailura eraman dezake, edo mekanikoki ibilgetu, edo udaltzainek salaketa jar dezakete. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua udal gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak.

4. artikulua. Zerbitzu-eremua erabiltzeko arauak.

Autokarabanendako eta etxebizitza-ibilgailuendako zerbitzu-eremuan, estolderia-sarerako sarbidea duten hustubideak edo kainu-zuloak daude, hondakinak horietara isuri eta haien tratamendu ekologikoa egiteko araztegi batean.

Eremu horretan, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plaza erreserbatuak daude.

Autokarabanendako zerbitzugunetako eremuak erabiltzeko arau hauek izanen dira:

1) Etxebizitza-ibilgailu gisa homologatutako ibilgailuek bakarrik aparkatu dezakete erreserbatutako guneetan. Horretarako onartutako ibilgailuen fitxa teknikoko zenbakiak honako hauek dira:

2448

Etxebizitza-furgoia

3148

Etxebizitza-ibilgailu mistoa

3200

Autokarabana, baimendutako gehieneko masa (BGM) duena ≤ 3.500 kg

3248

Etxebizitza-autokarabana, BGM duena ≤ 3.500 kg

3300

Autokarabana, BGM duena > 3.500 kg

3348

Etxebizitza-autokarabana, BGM duena > 3.500 kg

4048

Karabana > 750 kg

4148

Karabana < 750 kg

4248

Karabana > 3.500 kg

2) Zerbitzu-eremua erabiltzeko, nahitaezkoa izanen da prezio publikoa ordaintzea, zeina arautuko baita dagokion arauaren bidez.

3) Aparkatutako ibilgailuek une oro errespetatu behar dituzte plaza bakoitzaren mugak eta noranzkoa.

4) Egonaldiaren gehienezko iraupena, aparkatzen denetik plaza utzi arte, 48 ordu jarraitukoa da. Plaza utzi ondoren, ezin izanen da berriz aparkatu, aparkalekua utzi denetik astebete igaro arte; horrela, bermatuko da ibilgailu horientzako aparkalekuak behar bezala txandakatu eta banatzen direla.

Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta Udalak aurretiaz baimendua bada.

5) Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Lan horiek egiteko 45 minutu izanen dira, gehienez ere.

6) Biltontziak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu, eta oztoporik gabe egon behar da, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ez den bitartean. Erabiltzaileek, erabili ondoren, higienea mantendu beharko dute.

7) Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8) Udalak zerbitzu-eremua zaintzeko eta begiratzeko, eta errespetua eta jendetasuna izan dadin emandako jarraibide guztiei men egin behar diete eremu hori erabiltzen dutenek. Garrantzi berezia dute zaborren eta hondakinen kudeaketarekin lotutako jokabide guztiek.

Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzu eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

9) Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada.

5. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko alkateak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udaltzainaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Udaltzainak arduratuko dira ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.

6. artikulua. Zehapen prozedura.

1) Cadreitako Udaleko alkatea da zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2) Zehapen-prozedura 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera bideratuko da (6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena).

3) Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik, edo jarduketa judizialen ondorioz eten bada.

7. artikulua. Arau-hausteak.

1) Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) 4.1 artikuluan aipatutakoez bestelako ibilgailuak aparkatzea erreserbatutako guneetan.

b) Ibilgailua adierazitakoaz bestelako noranzko batean kokatzea edo ibilgailu bakoitzarentzat mugatutako eremuetatik kanpo aparkatzea.

c) 4. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan adierazitako gehieneko egonaldia gainditzea.

d) Hiri-ondakin solidoak edo likidoak botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpo.

e) Elementuak jartzea ibilgailuaren perimetrotik kanpo, esaterako eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, nibelatzeko hankak, etab., baimenik gabeko tokietan.

f) Zaraten udal ordenantzan edo arloko legerian ezarritakoaren arabera ezarritako ordutegietatik kanpo zarata gogaikarriak egitea.

g) Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea eremu osoan.

2) Arau hauste astunak honako hauek dira:

a) Aparkatzeko edo zerbitzuak erabiltzeko ezarritako prezio publikoa ez ordaintzea.

b) Biltegiak husteko gunean aparkatzea.

c) Soinu-ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

3) Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

a) Hiri-ondakin solidoak edo likidoak nahita botatzea horretarako ezarritako tokietatik kanpo.

b) Hiri-altzariak hondatzea, bai eta zerbitzu-eremua zikintzea edo higatzea ere, alde batera utzita eragindako kalteak konpontzeko betebeharra.

c) Errepideko ibilgailuen zirkulazioa osoki trabatzea, justifikatuko duen ezinbesteko arrazoirik gabe.

8. artikulua. Zehapenak.

1) Artikulu honetan tipifikatutako arau-hausteen zehapenak honako hauek dira:

a) Arau-hauste arinak 100,00 eurora arteko isunekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste astunak 200,00 euroko isunekin zehatuko dira eta/edo zerbitzugunetik kanporatzearekin, hala badagokio.

c) Arau-hauste oso astunak 500,00 euroko isunekin zehatuko dira eta/edo zerbitzugunetik kanporatzearekin, hala badagokio.

2) Zehapenak graduatu eginen dira, honako irizpide hauen arabera bereziki:

a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Kalteak nolakoak diren.

c) Berrerortzea, izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik.

d) Ibilgailuen eta pertsonen trafikoa edo zirkulazioa oztopatzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

9. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarra duen ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

Ibilgailua ibilgetzearen ondorioz sortzen diren gastuak arau-hauslearen kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainduko dituela bermatu, neurri hori kendu aurretik, hargatik eragotzi gabe defentsa-eskubidea.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Zerbitzu-eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Cadreitako Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko han aparkatuak dauden ibilgailuetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du nor den araua hautsi duen gidaria, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Dagokion prozedura-izapidean betebehar hori betetzen ez badu, isun hau ezarriko zaio: hasierakoaren bikoitza, arina bada, edo hirukoitza, astuna edo oso astuna bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespena testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Cadreitako autokarabanendako zerbitzugunean autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua igarotzea arautzen duen ordenantzaren testu osoa eta eguneratua www.cadreita.es udal webgunean kontsulta daiteke.

Iragarkiaren kodea: L2215781