258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2353/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Datuak Babesteko Politika aldatzeko Erabakia", Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2022ko azaroaren 24ko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Datuak Babesteko Politika aldatzen duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, DATUAK BABESTEKO NUP-EK DUEN POLITIKA ALDATZEN DUENA

2022ko ekainaren 30ean, Datuak Babesteko Politika onetsi zuen NUPek, eta, horrela, 2019ko urtarrilaren 31n onetsitakoa ordeztu.

Politika honek datu pertsonalen tratamendu burokratikoarekin lotura duten atalburutzei esleitzen die barneko arduradunaren rola.

Arau orokor honen arabera, atal batek beste bati datuak eskatzen dizkionean, ez zegoen behar adina zehaztua norena zen ardura, batez ere eskaerak Informatika Zerbitzuari egiten zaizkionean.

Ondorioz, halako datuak eskatzen direnean, aipatutako rola nori esleitzen zaion zehaztu beharra dago. Barneko erantzukizuna, kasu horietan, eskaera egin duen atalari dagokio.

Ondorioz, Datuak Babesteko Politika berria aldatzea proposatzen da aipatutako ñabardura hori sartzeko (erabaki honen eranskinean dago azaldurik).

Garapen Digitaleko errektoreordeak proposaturik, hona hemen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 24an egindako bileran hartu duen.

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–NUPek Datuak Babesteko duen Politika aldatzea erabaki honetan aipatzen diren puntuan eta eranskinean azaldu bezalaxe.

Bigarrena.–Aipatutako politikaren kudeaketaren atalari 2.bis puntu berria gehitzea atal horretako 2. puntuan xedatutakoa osatze aldera.

Hirugarrena.–Agindua ematea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nup-en datuak babesteko politikaren kudeaketaren partearen aldaketa (2.bis puntua gehitu da)

2. Bis. Rolen zehaztapena zenbait kasutan.

Datuak eskatzen direnean barneko arduraduna nor den identifikatzerakoan, Atal Orokorraren 4. atalean ezarritakoari jarraikiko zaio. Beraz, barneko arduradunaren rola datuen eskaera argudiatzen duen pertsonari esleituko zaio. Eskaera administrazioko eta zerbitzuetako langile batek egin badu, dagokion atalburua edo nagusia izango da barneko arduraduna. Zehatzago esateko, atal edo unitate eskatzaileak argudiatu beharko du Informatika Zerbitzuari egindako eskaeren zergatia baldin eta haren parte-hartze edo esku-hartze teknikoa beharrezkoa bada. Informatika Zerbitzua, halakoetan, informazio-emailea izango da; ez, ordea, eskatutako informazioaren arduraduna.

Iragarkiaren kodea: F2215905