258. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1173E/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Legariako Udal Planaren aldaketari buruz (S-4 sektorea), Legariako Udalak sustaturik, ingurumen ukipenik ez duela eragiten iritzita.

Aldaketa hori Udalak 2022ko irailaren 1ean onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 26koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da S-4 sektoreko lurzoru urbanizagarritik ateratzea sektorearen ekialdeko ertza ezartzen duen bidearen eremua, gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzeko (bide tradizionalak).

Ukitutako eremuak 2.394 m²-ko azalera du, hau da, sektorearen azalera %3 murriztuko da. Nekazaritzako bide bat da, 1. poligonoko 74. lurzatiaren (lurzoru urbanizagarria) eta 73. lurzatiaren (lurzoru urbanizaezina) artean dagoena. Sektoretik ateratzearen eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzearen arrazoia da landa-bideen sarea mantentzeko funts publikoetara jo behar izatea. Proposamenak berekin dakar 4. sektorearen hirigintza-fitxa aldatzea eta egokitzea, baztertuko den eremua kontuan hartuz, eta lurzoruaren sailkapen planoak ere aldatzea.

Proposatutako sailkapen berriak bidea sendotzen du, eta egungo nahiz etorkizuneko erabilerari eusten dio, nekazaritza-finketan sartzeko bidea baita. Ingurumen agiri estrategikoak ondorioztatzen du ez dela ingurumen ondoriorik aurreikusten, eta ez dela ingurumen neurririk ezarri behar.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Legariako Udal Planaren aldaketari buruz (S-4 sektorea), Legariako Udalak sustaturik, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Legariako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2215855