257. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Udal ordenantza, Landabideen eta xenden erabilera, mantentzea eta hobekuntza arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2022ko uztailaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Landabideen eta xenden erabilera, mantentzea eta hobekuntza arautzen dituen udal ordenantza", eta jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunean, iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2022ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 9an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egun naturalean egon da jendaurrean.

Legez ezarritako jendaurreko aldia iragan da, eta alegazioak ebatzi dira, Udalak 2022ko urriaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez; hala, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da. Eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Ordenantzaren behin betiko onespen honen aurka, hautara, errekurtso hauek jar daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2022ko urriaren 28an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

ORDENANTZA, TUTERAKO LANDABIDEEN ETA XENDEN ERABILERA, MANTENTZEA ETA HOBEKUNTZA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan xedaturik dagoenez, "Nafarroako udalek, legeria orokorrak Estatuko guztiei aitortzen dizkien eskumen, ahalmen eta eskubide berberak dituzte".

7/1985 Legearen 25.2 artikuluak honako hau xedatzen du: "Udalerriak eskumenak izanen ditu, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legediak ezarritako moduan, honako arlo hauetan:

d) "Bide-azpiegitura eta bere titulartasuneko beste ekipamendu batzuk".

Zehazki, toki-erakundeen eskumen gisa aipatzen dira beren titulartasuneko toki-sareko zatiak eta landabideak onik zaintzeari dagozkionak, eta haietan bide-diziplinako eginkizunak betetzea; hori guztia, ezertan ukatu gabe lankidetzan aritzea beste administrazio batzuekin eta ureztatzaile-elkarteekin, eginkizun horiek benetan gauzatze aldera.

"Ibilgailuen zirkulazio publikorako landabidetzat hartzen dira udal komunikabideak, udalerri bakoitzeko hiri-lurzoruak eta lurzoru urbanizagarriak eraturiko perimetrotik kanpora daudenak. Komunikabide horiek egin eta defendatzea haien titular diren erakundeei dagozkie, eta horiek beren gain izanen dute haiek mantentzea eta onik zaintzea".

Eskumen hori baliatuz, Tuterako Udalak erabaki du ordenantza hau onestea, xede harturik araudia ezartzea landabideak erabili eta mantentzeko, bai eta landabidearen beraren saneamenduak, arekak, estoldak, bide-bazterrak eta hustubideak, udalerriaren interes orokorreko elementuak diren aldetik.

Halaber, behar diren baliabideak ezarriko dira Tuterako landabide-sareak lotura izan dezan herri mugakideekin eta errepideekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da arauketa ezartzea Udalaren titulartasuneko landabide eta xenden hobekuntzaren, mantentzearen eta zentzuzko erabileraren gainean, eta halakotzat hartuko dira katastroan Udalaren titulartasuneko lurzoru urbanizaezin gisa jasorik daudenak. Salbuesten dira, bada, finka bakartuetako berezko zortasunak, ez baitira katastroan jasotzen Udalaren titulartasuneko gisa. Horiek Kode Zibilaren mende egonen dira.

2. Ordenantza honetan jasoriko xedapenak ez zaizkie aplikagarri izanen Tuterako udal-mugartean zehar iragaten diren abelbideei, horien titularrak Nekazaritza Ministerioa edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitatea baitira; izan ere, halakoen araubide juridikoa ezarririk dago Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean.

3. ADIFen jabetzako lurretan, bide berdearen gisako errealitate fisikoa eratzen dutenean, aplikatuko dira bide berdeen gaineko legedia eta berariazko arauak, bai eta ADIFen gaineko gainerako araudia ere, bereziki Tarazonicaren bide berdearen Partzuergoaren eta Renferen arteko hitzarmena, Tarazonica bide berdeari buruzkoa.

4. Aurrekoa gorabehera, nahiz eta bide berdean errepideko ibilgailuen zirkulazioa onartzen ez den, baimena izan ezean, berezitasun hori aintzat harturik, ADIFen lur horietan aplikagarri izanen da ordenantza honetan xedaturikoa, bereziki honako hauetan ezartzen dena: 7. artikulua ("Erabilera erkide orokor arautua"); 10. artikulua ("Landaketak"); 11. artikulua ("Atzeraemanguneak"); "Ibilgailu astunen araubidea", 13. artikuluan jasoa; eta "Betebeharren" eta "Zehapenen" araubidea, 15. eta 16. artikuluetan xedatua, hurrenez hurren.

2. artikulua. Titulartasuna.

1. Ordenantza honen xedeko udal landabide eta xenden titulartasuna izanen da Udalaren datu-basean jasotakoa (udal bideen katalogoa), hura taxutzen denean. Bestela, zehaztu gabeko landabideei dagokienez, bakoitzaren titulartasuna aztertu beharko da, gorabeheraren bat gertatzen denean edo jarduketaren bat egin asmo dagoenean. Titulartasun horren gaineko txostena eginen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak, Katastroaren laguntzarekin.

2. Aipatu bideak eta haiek osatzen dituzten eraikuntza-elementu guztiak –hala nola arekak, bide-bazterrak, ezpondak edo lubetak, ertzak, zubiak, fabrika-obrak, seinaleztapen- eta babes-elementuak, zerbitzu-eremuak, etab.– erabilera eta jabari publikoko ondasuntzat hartzen dira eta, beraz, besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira.

3. artikulua. Kategoriak eta definizioak.

1. Bide kategoriak.

Haien zabalera zehazte aldera, bideak kategoria hauetan daude sailkaturik:

a) Bide nagusiak: gutxieneko zabalerari dagokionez, 5 metroko errodatze-plataforma eta, albo banatan, 1 metroko areka (bide-bazterra) dituztenak.

b) Bigarren mailako bideak: gutxieneko zabalerari dagokionez, 4 metroko errodatze-plataforma eta, albo banatan, 1 metroko areka (bide-bazterra) dituztenak.

c) Hirugarren mailako bideak: gutxieneko zabalerari dagokionez, 3 metroko errodatze-plataforma eta, albo banatan, 1 metroko areka (bide-bazterra) dituztenak.

d) Xendak: zabalerari dagokionez, 3 metro baino gutxiagoko errodatze-plataforma eta, alde banatan, 1 metroko areka (bide-bazterra) dituztenak.

Bide guztiek izanen dute, gutxienez, metro bateko areka (bide-bazterra) albo banatan.

2. Ikertzeko, berreskuratzeko, mugatzeko eta mugarriztatzeko ahalak:

Udalak badu betebeharra eta eskubidea ikertzeko ustez jabari publikokoak diren ondasunak, eta badu ahalmena galduriko jabetza noiznahi ofizioz berreskuratzeko. Halaber, ofizioz egiten ahalko ditu behar diren administrazio-mugaketak, osokoak edo partzialak; horiek egin aurretik, jendaurrean jarriko dira eta entzunaldia eginen zaie interesdun direla frogatzen dutenei. Gero, mugaturiko bideak mugarriztatu eginen dira.

Bideak konpontzean, eta gastuak saihesteko, bidea estua denean, joko da haren zati sendoenaren aldetik zabaltzera, ahal den guztietan.

Udal landabidea: komunikabide bat, udal-mugartearen barnekoa, errepide mailara iristen ez dena, eta balio duena herriguneak komunikatzeko, eta iristeko errepideetara, finketara, nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetara, industria instalazioetara eta lurraldeko gainerako elementuetara.

Xenda: oinezkoentzako bide estua.

Lur publikoaren okupazio-eremuak, bide-erabilerari dagokionez, honela deskribatzen dira:

–Arekak: espazio publikoaren zatia, gainazaleko urak biltzen eta bideratzen dituena, inguruko lursailetatik eta errodatze-plataformatik datozen urak, alegia.

–Bide-bazterra: bazterra, hegia, ezponda, goranzko eta/edo beheranzko lur-atala, galtzadaren ondoan edo ezpondaren arekaren ondoan egon daitekeena.

–Ezponda: bide eta areken kanpoaldeko malda.

–Lubeta: lur-berdinketaren zatia, jatorrizko lur-eremuaren gainean dagoena.

Ertza: bide eta areken kanpoaldeko bazterra edo hegia.

Okupazio-banda: bideen albo banatan, parez pare dauden lur-jabetzen mugen arteko eremua.

Lotuneak: zabalgune edo inbutu erako elkarguneak, bideen artekoak edo bideen eta dena delako errepide sarearen artekoak, hartarako sarbidea dutenean.

Errodatze-plataforma: espazio publikoaren zatia, bide-zoruaren obra-bandak okupatzen duena, non ibilgailuek zirkula baitezakete, eta gelditu, bai eta aparkatzeko eremuak ere.

Lursail atxikiak: aurrekoek okupatu ez arren, espazio publikoaren okupazio-zabaleraren barnean dauden eremuak.

Obren okupazio-eremuak: Lurrazaleko edo lurpeko eremuak, behar diren obrak dauzkatenak gainazaleko urak bideratzeko, edo horiek bateragarri egiteko lursail mugakideetarako sarbideekin.

Saneamendu eta hustubideak: bideko gainazaleko euri-urak husteko leku edo ibilbideak.

Errespetatu behar dira bideak eta finkak zedarritzeko paraturik dauden mugarriak eta, azken batean, seinale guztiak, eta desagertuz gero, berriak paratu behar dira.

4. artikulua. Finantzaketa.

Sistema hauetako edozein erabiltzen ahalko da beharrezko inbertsio eta gastuak egiteko, bideak sortu, hobetu, kontserbatu eta sarbideak antolatzeko, bai eta, oro har, udal landabideen sistemaren funtzionamenduak behar dituen jarduketak egiteko:

a) Aurrekontu-funtsen kargura, eta helburu horretarako jasotzen diren administrazio publikoen transferentzia, dirulaguntza edo laguntzen kargura.

b) Ondasunen jabeen kargura, kontribuzio bereziak ezarririk, bereziki onuradun gertatzen direnean bide publikoak sortzen edo hobetzen direnean.

c) Lankidetza-hitzarmen edo -akordioak sinatuz, Udal honen eta partikularren, nekazari- edo ureztatzaile-elkarteen eta abarren artean.

Kontribuzio bereziak

1. Udalak funts ekarpena egiteko eskatzen ahalko die lurzati mugakideen titularrei, edo bide publiko baten bidezko sarbidea dutenen titularrei, bide hori egokitzeko eta konpontzeko lanak egiteko. Ekarpen horiek ezarri, likidatu eta bilduko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean kontribuzio berezietarako xedaturikoaren arabera (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. Kontribuzio berezien zenbateko osoa subjektu pasiboen artean banatuko da irizpide objektibo batzuei jarraikiz, halakoak zehazturik honako hauen artetik, obren eta eraikuntzen izaera eta haietan gertatzen diren inguruabarrak aintzat hartuz:

a) Finka onuradunen azalera.

b) Finka, ustiategi, eraikuntza edo instalazioek bideari dagokionez dituzten kokapena, hurbiltasuna eta sarbideak; hartara, Udalak behar bezala arrazoitu beharko du onura bereziaren banakako quantuma, banaketa-modulu bidez.

c) Finka onuradunek landa-ondasun higiezinen gaineko zergan duten katastro-balioa.

d) Bolumen eraikigarria.

e) Kontribuzioa ezartzen duen dekretuak zehaztutako irizpideak.

5. artikulua. Proiektu teknikoak.

1. Udal sareko landabideak zabaldu, hobetu eta egokitzeko proiektu teknikoak onesteak beharrezkoa du onura publikoa deklaratzea, eta ondasunak okupatu eta dagozkien eskubideak eskuratu behar izatea, nahitaezko desjabetzerako, aldi baterako okupaziorako edo zortasunak ezarri edo aldatzeko.

2. Onura publikoaren deklarazioak eta okupazioaren beharrak eraginen diete, bai proiektuaren zuinketaren barnean, bai aurrerago onets daitezkeen aldaketetan barnean sartzen diren ondasun eta eskubideei.

3. Aurreko apartatuetan adierazitakoaren ondorioetarako, landabideen proiektuek eta haien aldaketek barne hartu beharko dituzte haien trazaduraren definizioa, bai eta okupatu edo eskuratu beharrekotzat jotzen diren lur, eraikuntza edo beste ondasun eta eskubideen zehaztapena, landabideak egiteko edo haien defentsa edo zerbitzuetarako.

6. artikulua. Landabideen trazadurak desjabetzea, aldatzea edo kentzea.

1. Ondasunak eta eskubideak desjabetzeko eta zortasunak ezartzeko, baldin beharrezkoak badira landabideak egiteko edo horiek aldatzeko, jokatuko da indarreko legearen arabera, nahitaezko eta onura publikorako desjabetzeari dagokionez.

2. Onura publikoko arrazoiak direla eta, Udalak baimentzen ahalko du udal landabidearen trazadura aldatu, desbideratu edo kentzea, betiere bermatzen bada gainazalaren osotasuna, ibilbideen eta trazaduren egokitasuna, eta zirkulazioaren jarraitutasuna, alde batera utzi gabe behar den administrazio-izapidetzea eta organo eskudunaren onespena, eta alde batera utzi gabe behar diren beste baimen batzuk.

Udalak, partikular batek eskaturik eta osoko bilkuran hala erabakirik, baimentzen ahalko du landabide publikoa interes partikularrarengatik aldatzea, desbideratzea edo kentzea, baldintza hauekin: gastu guztiak partikular horren kontura izatea, bidea berrezartzeko proiektu eta obren gastuak barne; administrazio-izapidetzea egitea, udal teknikarien txostenekin eta behar den organoaren onespenarekin; eta hirugarrenei kalterik ez eragitea, beharrezkoak diren beste baimen batzuei dagokienez, daitekeena delako abelbide diren beste bide batzuk ukiturik gertatzea. Betiere, interes orokorra nagusituko zaio interes partikularrari.

II. KAPITULUA

Udalerriko landabide eta xenden erabilera

7. artikulua. Erabilera komun orokorra.

1. Tuterako udal bideen erabilera komun orokorra libreki eginen da, bat etorriz haien izaerarekin, legeekin, indarreko erregelamenduekin, ordenantza honekin, eta gainerako xedapen orokorrekin.

2. Tuterako landabideen erabilera komunean, ez da gaindituko orduko 30 km-ko abiadura, eta landabideok erabiltzen dituzten ibilgailuen pisua ezin izanen da izan 30 Tm-tik gorakoa, 13. artikuluko salbuespenak salbuespen, ibilgailu astunen zirkulazioa jasotzen baitu. Zenbateko horiek ibilgailuen zirkulazioaren segurtasuna bermatzen dute, bai eta landabideko fabrika-obren egiturazko segurtasuna ere.

3. Udal landabide eta bideetan, azienden nahiz bestelako animalien zirkulazioa zaintzapean eginen da, eta horien galtzadatik soil-soilik. Debeku da animaliak zaintzarik gabe uztea udal bide eta landabideetan, bai eta horien inguruetan ere, aukera baldin badago animaliek bideok inbaditzeko. Zakurren zaintzan, uhala erabiliko da, salbu eta ehizaren aprobetxamenduan ari diren zakurrentzat, behar den araudiaren arabera, betiere, eta udalerrian bazkatzen den azienda estentsiboa zaintzen eta gidatzen dituzten zakurrentzat.

4. Mota orotako ibilgailuen zirkulazioa egokitu beharko zaio pistaren egoeraren ezaugarriei, eta eguraldiari; hala, gidariak hartuko ditu bere gain bere gidatze eraren ondoriozko gertakizunak.

5. Galtzadatik kanpo gelditu edo aparkatu beharko da, bide guztietan. Ibilgailua ezin bada galtzadatik kanpo paratu, premiazko arrazoiengatik edo zamalan puntualak egiteko, galtzadaren ertzetik ahal den hurbilena kokatuko dira, eta ertz horrekiko paraleloen, iragatea eta zirkulatzea eragotzi gabe, eta arriskurik izan gabe gainerako erabiltzaileentzat. Bereziki begiratuko dira ibilgailuaren kokatzeko era, haren seinaleztapena, eta gidaria ez dagoenean mugitzen has dadin saihestea.

6. Finka mugakideek nahitaez jaso behar dituzte bidetik berez jaisten diren urak. Landabideak gainazaleko jariatze-uretatik babesteko drainatze obrak egiterakoan, haiek husteko aukeratu beharko da ibarbidearen barnean huste hori berez gertatuko litzatekeen gunea, ahal den neurrian murriztuz ebakuatu beharreko emariak, urak pixkanaka itzul daitezen ingurune naturalera, ahalik eta kalte txikienarekin.

8. artikulua. Kirol-proba, ekitaldi edo beste herri-jarduera batzuetarako erabilera.

Halako jarduera guztiek Udalaren baimena beharko dute. Horretarako, 2 hilabete lehenago komunikatu behar zaizkio Udalari, udalerriko erromeria tradizionaletarako izan ezik, aski izanen baita Udalari jakinaraztea. Ibilbidea berariaz seinaleztatu behar den guztietan, instalazio eta seinale eramangarriak erabiliko dira seinaleztapenerako, ez finkoak, kalterik egin eta pintatu gabe zuhaitz, haitz, zutoin eta itxituretan, edo bideen alboko beste instalazio batzuetan. Antolatzaileek izanen dute horiek kentzeko ardura, proba edo herri-ekitaldia bukatu ondoren. Hori betetzen ez bada, Udalak subsidiarioki kentzen ahalko ditu. Era berean, parte-hartzaileek utzitako zaborrak biltzeko ardura ere izanen dute. Jarduera horien ondorioz, kalte-galerarik gertatzen bada landabide publikoetan, antolatzaileak izanen dira horien erantzule, eta kalteak konponduko dituzte. Hori betetzen ez bada, Udalak subsidiarioki eskatzen ahalko ditu. Dena dela, antolatzaileek aseguru bat izan beharko dute, jarduera horiek egiteko. Kirol-proba, ekitaldi edo beste herri-jarduera batzuk ibilgailu motordunekin egiten badira, 1.000 euroko fidantza ezarri beharko da.

Kirol-proba udalerri batean baino gehiagotan egiten bada, Nafarroako Gobernuari dagokio baimena ematea, eta autonomia-erkidego batean baino gehiagotan eginez gero, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari. Kirol-probak baimentzeko araudia hau da: 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

9. artikulua. Finketarako sarbideak.

Erabiltzailearen kontura izanen dira finketara sartzeko egin beharreko obren kostua, ezarpena eta kontserbazioa. Betiere, bideko euri-uren hustuketa egokia mantendu beharko da.

Finka partikularretara sartzeko egun dauden zubiak jotzen dira sarbide ematen dioten finkaren jabearen jabetzatzat; hala bada, kontserbazio-gastuak haien erabiltzaileen kontura izanen dira, eta horiek gauzatu beharko dituzte Udalak agindutako kontserbazio neurriak.

10. artikulua. Landaketak.

1. Zuhaitz-landaketa guztiak egin beharko dira foru legearen arabera bideek duten zortasun-eremutik kanpo (3 metro), eta adarrak ez dira inoiz ere aterako bidearen bertikaletik, areka edo bide-bazterra ere kontuan harturik.

2. Mahastiak eta beste zuhaixka-landaketa batzuk egin beharko dira bidearen kanpoaldeko ertzetik hiru metrora, eta desnibela duten finketan, inoiz ere ez da landaketarik eginen ezpondan.

3. Belar- eta barazki-laboreetan, gutxienez 0,35 metro utzi beharko dira bidearen kanpoaldeko ertzetik (ezponda/areka) laborera bitarte.

11. artikulua. Atzeraemangunea.

1. Bideen mugakide diren lursailetan gauzatu nahi diren eraikuntzak ezin izanen dira egin zortasunarena baino distantzia laburragoetara. Betiere, behar den lizentzia izan beharko dute, udalarena edo autonomia-erkidegoarena, eta adierazitako mugak errespetatu.

2. Berariazko araudian zortasun-eremu zehazturik ez duten bide publiko eta ibilbide interesgarrientzat, hala nola abelbideentzat edo Donejakue bidearentzat, hiru metroko zortasun-eremua ezartzen da, bide horien kanpoaldeko ertzetik neurturik.

Eremu horretan, debeku dira honako hauek:

a) Lurrei eusteko lanak eta lur-mugimenduak egitea, baldin loturik badaude eraikuntzako erabilera eta jarduerak ezartzearekin, erauzketa-jarduerekin edo hondakindegiak ezartzearekin.

b) Eraikuntza-jarduerak, salbu eta azpiegiturak; horiek baimena beharko dute.

3. Egun finken eta bideen arteko muga egiten duten bide-bazterrak ezin izanen dira inola ere desegin edo higatu; baldin finken muga badago bidearen maila berean edo apalagokoan, ezin izanen da eraiki euste-hormarik.

4. Zortasun-eremuan debeku diren eraikuntza jarduerak.

a) Ezin izanen da laboreak bideratzeko zutoin finkorik jarri, berariazko baimena izan ezean.

b) Ezin izanen da egin lurzatia ixteko obrarik, nahiz eta itxiturak egiteko landare-espezieak erabili, berariazko baimena izan ezean.

c) Ezin izanen da landatu ez heskairik, ez zuhaitz- edo zuhaixka-labore iraunkorrik, berariazko baimena izan ezean.

d) Ezin izanen da metatu ez harririk, ez beste material solterik, nahiz eta halakoak finkatik bertatik etorri, errodatze-plataformaren ertzetik 6 metrora baino gutxiagora, berariazko baimena izan ezean.

e) Ezin izanen da egin obra iraunkorrik, horma, zutoinak, zutabeak edo eraikinak eraikitzeko.

f) Ezin izanen da egin hondeaketarik, baldin gero lurrak berriz ezartzeko ez badira, hots, ezin izanen da egin urmaelik, putzurik, zangarik edo gisakorik.

5. Baldin hesi bat paratzeak berekin ekartzen badu ikuspena murriztea, hurbil dituelako bihurguneak, bidegurutzeak edo bide-lotuneak, edo trafikoaren segurtasunari eragiten dion beste edozein inguruabar, jabeak hesia alaka eratuz paratuko du, edo atzeraemangune gehigarria emanen dio, segurtasun-tartea handitze aldera; hori egitea ez da izanen nahitaezko betebeharra.

6. Lurzatien itxiturak ezin izanen dute inoiz eten ur ibilgurik.

7. Landabideen mugakide diren ureztalurren jabe edo edukitzaileek ureztapena gutxienez metro batera jarri beharko dute bide mugakidearen kanpo ertzetatik. Ureztapena aspertsio bidezkoa bada, txapa bat jarriko da aspertsore bakoitzean, ura bidera joan ez dadin, edo zatikako aspertsoreak paratu, urak bidea ez bustitzeko moduan.

8. Ezin izanen da hasi inolako obra edo instalaziorik gauzatzen, ez eta inolako itxitura edo hesi paratzen ere, aurretik Udalak baimena eman ez badu eta Landa Poliziako Zerbitzuak sokak jarri ez baditu, lerrokadura markatzeko, edo obra edo itxitura paratu beharreko gutxieneko distantzia, landabidearekiko. Arau-hausterik eginez gero, hurrengo artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

9. Landabideen mugakide diren finketan edozein obra gauzatzean, markaturiko lerrokaduratik aldaratuz gero edo lizentzia ematean ezarririko baldintzak ez betez gero, alkateak obra eraistera behartuko ditu hori egiten dutenak eta, gainera, eraginiko kalteak ordaintzera. Era berean jokatuko da obra edo instalazioen eraikingintzako edo eraikuntzako lanak –edozein izanik ere, baita itxiturak edo hesiak ere– egiten direnean lizentziarik gabe edo sokak jarri gabe. Lerrokadura-akats puntual gisa onartuko da %10era bitarte desbideratzea markaturiko gutxieneko distantziatik. Hori guztia justifikatu egin beharko da.

12. artikulua. Beste mugapen batzuk.

1. Landabideen mugakide diren finken jabeen betebeharra izanen da elementurik ez uztea alboko areketan (hondakin organikoak, harriak, fitosanitarioen ontziak, sasiak garbitu ondoko hondarrak, etab.), areken egoera okertzen badute garbiketaren eta mantentzearen aldetik. Bestela, utzi dituzten horiek kentzera beharturik egonen dira.

2. Segurtasun-arrazoiak direla eta, zirkulazioa eragozten ahalko da, noranzko batean edo bietan, bide publikoen zati jakin batzuetan, aldez aurretik behar diren seinaleak paraturik. Betiere, iragateko eskubidea bermatuko zaie finken titularrei, bide horietan baldin badute finketarako sarbidea.

a) Bilketa-garaietan, edo aurreikusten denean landabideetan zirkulazio-gainkarga gerta daitekeela.

b) Gauzatzen ari diren obra batzuk direla eta, hala eskatzen dutenean, obra publikoak zein pribatuak izan.

c) Ekaitzak edo euriak direla eta.

d) Udalaren iritziz hala behar duen beste edozein egoeratan.

3. Gatazkarik gertatzen bada landabideak aukeran dituen erabileren artean, lehentasuna izanen du nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jarduerak normal egiteko behar den erabilerak.

4. Finken maila landabidearen gainetik dagoenean, ezpondaren malda, gehienez ere, 45º-koa izanen da.

Landabideak erabiltzeko mugapen bereziak

13. artikulua. Ibilgailu astunen zirkulazioa.

1. Oro har, gehieneko pisua 30 Tm-tik gorakoa duten ibilgailuek ezin izanen dute zirkulatu Udalaren titulartasuneko landabideetan, aurretiaz baimendu ezean. Honako hauek salbuetsirik egonen dira:

a) Udalerrian baimendurik dauden industriako eta meatzaritzako jardueren berezko ibilgailuak, eta haien bezero eta hornitzaileenak.

b) Udalerriko nekazaritzako ustiategiekin zuzenean lotutako zamak eramaten dituzten ibilgailuak.

c) Honako hauetarako behar diren ibilgailuak, udalerrian baimendurik egonez gero: abeltzaintzako ustiategiak, ehiza-haztegi eta -jarduerak, basogintza eta arrain-hazkuntza.

2. Udalerri honetako landabideetan zirkulatu ahal izateko aurreko apartatuan aipatu ibilgailuek baino pisu handiagoa dutenekin, Tuterako Udalaren baimena beharko da, eta behar diren tasak ordaindu; orobat, kalte-galerei erantzuteko ezarritako abala gordailutu beharko da aldez aurretik.

3. Baimen hori izateko, interesdunek horretarako eskabidea aurkeztu beharko dute, Udalaren erregistro orokorrean. Hartan, zehatz adierazi beharko dute honako hauek: zein den joan-etorrien arrazoia, zein bide edo bide-zatitan zirkulatu nahi duten, zer egunetan ibiliko diren eta zenbat joan-etorri eginen dituzten, eta zer ibilgailu erabiliko diren (haien xehetasuna, pisua eta matrikula adierazita).

4. Honako hauek ez dute beharko Udalaren baimenik eta, beraz, ez dute horretarako abalik jarri eta tasarik ordaindu beharko: Estatuko Administrazioa, Nafarroako Foru Komunitatekoa, ureztatzaile-elkarteak, materialak loturik daudenean obra edo zerbitzu publikoak gauzatzearekin, eta/edo horiek Tuterako Udal honek eskaturik egiten direnean. Udala bera salbuetsirik egonen da bere obretarako.

5. Eskatuko diren abalen zenbatekoa: ibilgailuek baldin badute artikulu honen lehen apartatuan adierazitako pisua baino handiagoa, joan-etorriak egiteko aldez aurretik banku-abal bat gordailutu beharko da Udal honen alde (lehen apartatu horretan ere jasotzen diren salbuespenekin). Hona hemen zenbatekoak:

–10 joan-etorrira bitarte: 600 euro.

–10 joan-etorritik 20ra bitarte: 1.200 euro.

–21 joan-etorritik 30era bitarte: 1.800 euro.

–31 joan-etorritik 40ra bitarte: 2.400 euro.

–41 joan-etorritik 60ra bitarte: 5.100 euro.

–60 joan-etorri baino gehiago, eta urtebetean etengabe iragan behar denean: 10.000 euro.

Landabidearen erabilera berezia bukatutakoan, Udalari horren berri emanen zaio idatziz. Udalak ukitutako bideen egoera egiaztatuko du eta, emaitza zein den, horren arabera erabakiko da zer egin behar den gordailuturiko abala ezerezteari dagokionez.

6. Bideen egituran eta instalazioetan kalterik izan bada, halakoen eragileek konponduko dituzte eta, subsidiarioki, Udalak, eragile horien kargura.

Erabilera pribatiboa

14. artikulua. Zanga egitea.

Baimendurik dago bide publikoak erabiltzea lurpeko sareak instalatzeko, baldintza orokor hauekin:

1) Aldez aurretik, behar den udal lizentzia eskatu beharko da, 05. ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera (Eremu publikoa eta herri-lurrak okupatzeko tasa).

2) Eskatzailea izanen da erantzule (edo jabeak izanen direnak, kasua bada), onik zaintzeari, mantentzeari eta obrarako ezarritako gainerako baldintzei dagokienez.

3) Baimen hori ematen da hirugarrenen kalterik gabe eta jabetza eskubidea salbu utzirik. Ez du inola ere ordezkatzen behar diren baimenak lortzeko betebeharra, indarreko xedapenekin bat. Eskatzailea beharturik egonen da lehendik dauden zortasunak gorde edo ordezkatzeko behar diren obrak gauzatzera, eta behar den moduan kalte-ordaina ematera, baldin eta horren ondorioz kalte-galerarik eragin bada.

4) Baimen hori emateak ez du berez ahalbidetzen obrak egitea errepide, bide, xenda, erreten, ibai, trenbide eta abelbideen zortasun-eremuetan; hartara, onuradunak baimena eskatu beharko die organo eskudunei, eta ezin izanen du inolako aldaketarik egin, harik eta aldeko ebazpena ematen den arte. Salbuespen bera bidezkoa izanen da lehendik dagoen beste obra edo instalazio oro ukituz gero, halakoaren izaera edo erabilera edozein izanik ere.

Eskatzaileak baimena eskatu beharko dio ureztatzaile-elkarteari edozein zubi edo erreten zeharkatzeko, eta hesia paratzeko erreten baten alboan.

5) Matxuraren bat gertatzen bada inoiz, horren arrazoia edozein izanik ere, dela instalazioaren hutsagatik, dela bideak berriz ezartzeko makinen lanagatik eta abar, eskatzailearen kontura izanen da eraginiko kalteak konpontzea.

6) Sarean hornidurarik faltako balitz, arrazoia edozein izanik ere, ezin izanen diote eskatu Udalari zerbitzu hori eman dezala, ez eta inolako kalteren ordaina ere.

7) Hodia edo kanalizazioa obra-lizentzian zehazturiko sakoneran geldituko da lurperatua, egitekoa den instalazio motaren arabera. Sakonera hori aldatzen ahalko da, baldin zerbitzu teknikoek hala erabakitzen badute, era arrazoituan.

8) Lurretik 40 cm-ra polietilenozko seinaleztapen-zinta bat paratu beharko da, adierazteko han dagoela edateko uraren edo ureztatzeko uraren hodi bat edo linea elektriko bat.

9) Baimena prekarioan ematen da, eta Udalak eskubidea izanen du kanon bat ezartzeko haren ondasunak okupatzeagatik, egoki jotzen duen unean. Era berean, inoiz Udalari komeni bazaio instalazioaren trazadura aldatzea, eskatzaileak aldatu egin beharko du ezartzen den tokira, eta ez du izanen kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik. Eskatzailearen kontura izanen dira hodian edo sarean gertatzen diren matxuren ondoriozko kalte guztiak.

10) Udalak eskubidea izanen du hodi edo linea berrira lotzeko, beharrezkoa denean.

11) Abala eskatuko da, bide publikoak berriz ezar daitezen bermatzeko. Bide horiek egoera onean gelditu beharko dute obra bukatutakoan, zanga ongi trinkoturik daukatela, eta zabor-legarrezko geruza bat, bide guztian zehar uniformeki trinkoturik, lurrezko bideak badira. Hormigoiz edo asfaltoz eginak diren bideetan, obra bukatutakoan, zangak gelditu behar du ongi trinkoturik, eta hormigoizko edo asfaltozko geruza bat, kasuan kasukoa, ezarri beharko da.

12) Obra hasi eta hilabetera egon beharko du egoera onean zanga irekiko den bideak.

13) Eskatzailek urtebetez hartu beharko du bere gain zanga berriz ezartzea, obra bukatzen denetik zenbatzen hasita.

14) Tasak eta zergak aplikatzeko, kontuan hartuko dira obraren aurrekontua eta bide publikoan eginiko zangaren luzera.

15) Eskatzaileak hiru egun lehenago jakinarazi beharko die obren hasiera Udaleko zerbitzu teknikoei, obra horiek gauzatzea koordinatzeko eta behar diren egiaztatze ikuskapenak ezartzeko. Ezin izanen dira zangak bete, behar diren zerbitzu teknikoek gainbegiratu gabe; horiek egiaztatuko dute obra bat datorrela espedientean jasotakoarekin.

16) Zanga ez da irekirik egonen egun batez baino gehiagoz, Udalak ontzat emaniko salbuespenetan izan ezik; obraren eskatzaileak estali egin beharko du, ibilgailuek behar bezala iragan daitezen.

17) Obrak eta instalazioak bat etorriko dira espedientean jasotako agiri eta planoekin, eta onuradunak behar diren seinaleak paratu beharko ditu, ikusteko moduan, den arriskurik txikienaz ohartarazteko obrak egiten ari diren bitartean.

18) Kutxatilak edo ur-harguneak bidearen erdigunean kokatu beharko dira, eta instalatu aurretik Udalari jakinarazi beharko zaio, oniritzia emanen diezaion kokaguneari.

19) Eskatzaileak bere gain izanen du kutxatilak hobetu, eraiki edo aldatzea Udalak hala eskatzen dionean, eta ez du izanen kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

20) Egun diren sare guztien berri eman beharko da, baldin auzo-bideak erabiltzen badituzte onura partikularrerako.

Debekuak

15. artikulua. Betebeharrak.

1. Herritar guztiek lagundu behar dute landabideak onik zaintzen, eta ez dute ezer egin behar haien egoera onari kalte egiten dionik edo haien azalera edo zabalera txikitzen duenik.

2. Finken jabe guztiek beren finken mantentze-lanak egiteko betebeharra dute; hala, sasirik, zuhaixkarik eta landaretzarik gabe eduki beharko dituzte ezpondak, ur-bazterrak, ur-sarbideak eta ureztapen-ubideak beren finketan, saihesteko bideak osoki edo zati batean hartzea alboko jariatze-urek, ur-iraganbideetatik eta, halakorik dagoenean, areketatik aterata. Lan horiek urtean behin gutxienez egin beharko dira, eta, udaberriaren bigarren erdian, udal langileek landabideak ikuskatuko ditu, eta horren ondorioz nahitaezko betearazpeneko espediente bat irekitzen ahalko da, lanak betebeharpekoen kontura egin daitezen. Bide-bazter edo areketan metro bateko zabalera gorde beharko da.

Uholde bidezko ureztapeneko eremuetan bakarrik eginen dira lan horiek.

Mantentze-lanak eta garbiketa-lanak ez dira eginen ezpondak, ur-bazterrak eta bide-bazterrak ahultzeko moduan.

3. Landabideen mugakide diren jabe eta edukitzaileen betebeharra izanen da zuhaitzen adarrak moztea, baldin eta, haien jabetzetatik abiaturik, bide gainetik ateratzen badira. Bidearen mugakide diren alor eta etxaldeak ixten dituzten landaketak eta denetariko heskaiak moztu beharko dira bideraino ez iristeko moduan. Ez da baimendurik egonen, orobat, eragozpena edo arriskua sor dezakeen objekturik zintzilik egon edo atera dadin.

4. Udalak egiten ahalko ditu arestian aipatu diren garbiketa- eta mozketa-lanak, jabeen kontura, azken horiek uko egiten badiote. Kautelaz eta solidarioki, garbiketen eta mozketen ondoriozko gastuak eskatzen ahalko dizkie, premiamendu-bidez, onibarren jabeei, gozamendunei, errentariei, prekaristei nahiz finken gainean edozein eskubide erreal edo betebehar duten titularrei. Gastu horiei gehituko zaizkie betearazpen subsidiarioaren tasak.

5. Konpontzeko, handitzeko edo arekak garbitzeko lanak direla eta, edo udal jardueraren ondoriozko beste lan batzuk direla eta, kaltetzen badira jabari publikoan edo haren babes eremuan dauden azpiegiturak, behar ez bezala edo oker instalatu direlako, azpiegitura horien jabeek egin beharko dute konponketa beren kargura, eta Udala salbuetsirik geldituko da haien gaineko edozein erantzukizunetatik.

6. Udal azpiegituretan kalterik gertatzen bada trafiko istripuz, kalte horren berri eman beharko zaio Udalari lehenbailehen, eta eragindako kaltea konpondu, hala badagokio.

7. Ibaiadar eta erretenen jabeek erabiltzeko eta funtzionatzeko egoera onean eduki beharko dituzte halakoak, mantentze-lanen faltak kalterik ez eragiteko bideetako azpiegiturei (ur-iraganbideak, arekak, etab.).

8. Bide publikoen lurrak ukitzen dituzten obra guztietarako, nahitaezko obra-lizentzia izateaz gain, eta horren baldintza gisa, fidantza bat gordailutu beharko da, jabari publikoa berriz ezartzea bermatzeko, eta eskatzailearen kontura izanen dira, obrak ez ezik, horien mantentze-lanak eta etorkizuneko konponketak ere.

9. Ezinbesteko kasuetan, udal bideen gainean oztopoa edo arriskua sortzen dutenek lehenbailehen kendu beharko dute halakoa, eta bitartean beharrezko neurriak hartu, gainerako erabiltzaileak horretaz ohar daitezen; horretarako, modu eraginkorrean seinaleztatu beharko dute, hala egunez nola gauez, islatzaileekin. Gainera, Udaltzaingoari gertatutakoaren berri eman beharko diote.

10. Ehizan aritzean, erabiltzaile guztien segurtasuna errespetatu eta bermatu beharko da, ehizaren arloko legedi sektoriala aplikatuz.

16. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan jasoriko arauen aurkako egite edo ez-egite orok honako hauetakoren bat ekar dezake:

1. Erantzuleei zehapenak ezartzea, aldez aurretik behar den zehapen prozedura izapideturik.

2. Kalte-galeren ordaina emateko betebeharra, erantzuletzat jotzen direnen kargura.

3. Udalak behar diren neurriak hartzea, berriz ezartzeko araua hautsi duen jarduketak aldatutako errealitate fisikoa; arau-hausleari horren errekerimendua egiten ahalko dio subsidiarioki.

4. Administrazio-erantzukizuna izanen dute hurrengo artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenek.

17. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honen arau-hausteak izan daitezke astunak eta arinak.

1. Arau-hauste astunak dira:

–Bidean kalteak edo narriadura eragitea zibarena eginez edo irristatuz.

–Bidean kalteak edo narriadura eragitea baimendutako mugetatik gorako pisuarekin zirkulatuz, edo tresnak edo makinak herrestan eramanez.

–Bide-zorutik herrestan eramatea goldeak, areak edo kaltea edo hondaketa eragiteko moduko beste elementu batzuk.

–Bideko edo haren egiturazko elementuetako edozein obra edo instalazioa suntsitu, eraldatu edo aldatzea.

–Bideko edozein elementu funtzional ostu, hondatu edo suntsitzea, edo berariaz aldatzea halakoen ezaugarriak edo kokapena.

–Baimendurik ez dauden obrak, instalazioak edo jarduketak egitea areka edo lubetaren kanpo ertzaren eta itxitura- edo eraikuntza-lerroaren artean, Udalaren baimenik gabe, edo emaniko baimenean ezarritako baldintzetako bat ez betetzea.

–Denetariko objektuak edo materialak jarri, bota edo abandonatzea areketan, lubetetan edo egituraren euskarriek hartzen duten eremuan, bidearen plataformari eragiten diotenak.

–Udal landabideenak diren lur-eremuak inbaditzea edo anexionatzea.

–Arekak goldatu, aldatu, oztopatu eta/edo kentzea.

–Ezponda-eremuetan egitea lubetan lur-erauzketa eragin dezaketen nekazaritza-lanak.

–Oztopoak paratzea edo bidean normaltasunez ibiltzea eragozten duen ekintza oro egitea.

–Ur ibilgu naturalak desbideratzea eta landabideraino joanaraztea.

–Baimendu gabeko landaketa egitea.

–Urtebetean, arau-hausle berak hiru arau-hauste arin egitea.

–Bideetan edozein azpiegitura paratzea Udalaren baimenik gabe.

–Kalte egitea bideen berezko azpiegiturei: arekak, ur-iraganbideak, konkorrak, seinaleak, etab.

–Mugarriak edo denetariko seinaleak kentzea edo haiei kalte egitea.

–Buxadurak egitea ekintza desegokien bidez bideetako ur-iraganbide eta sifoietan.

–Lehia eginez ibiltzea lur orotako ibilgailuz, motozikletaz, quadez eta edozein ibilgailu motordunez.

–Ez betetzea, horretarako ezarritako epean, elementuak lehengoratzeko agindua.

–Udal bideetan ibilgailu motordunez egitea kirol proba edo lehiaketak eta ibilbide antolatuak, Udalaren baimenik gabe.

–Bidea erabiltzea edo hartan jarduerak egitea Udalaren baimenik gabe, baimen hori beharrezkoa denean ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

2. Arau-hauste arinak dira:

–Ezponda, ur-bazter eta bide bazterren mantentze-lanak eta garbiketa-lanak egitea elementu horiek ahultzeko moduan.

–Bideak desegokiro eta ardurarik gabe erabiltzea, haiek azkar narriatzeko moduan.

–Nekazaritza-ibilgailuekin biraketa-maniobrak egitea finketan lurra lantzeko lanak egitean.

–Landabideetan zirkulatzea edozein ibilgailu motordunez baimendutako abiadura edo tona-kopuru handiago batekin, edo bostek baino gehiagok zirkulatzea ilaran.

–Bideetara ura isurtzea ureztapen-lan desegokiaren ondorioz edo beste edozein inguruabarren ondorioz.

–Denetariko ibilgailuak edo atoiak bidearen mugen barnean aparkatzea, bilketa-garaian izan ezik, ezinbesteko denbora-tartean betiere, eta ez badago beste aukerarik eta ez bada era larrian oztopatzen beste ibilgailu batzuk iragatea.

–Behar diren neurriak ez hartzea, arriskutsuak ez diren hondakinak garraiatzean, eragozpenak saihesteko usaina, zarata edo hautsa dela eta, edo hondakinen zati bat barreiaturik gelditzea landa-eremuetan eta udalerriko bideetan zehar.

–Landabideetan kalteak edo galerak eragiten dituzten egiteak edo ez-egiteak, nahiz eta iragatea ez eragotzi.

–Ez betetzea baimenetan ezarritako baldintzak, arau-hauste astuna ez denean.

–Ez betetzea agintaritza-agenteen eta udal teknikarien aginduak, edo zailago egitea haien ikerketa, ikuskapen eta zaintza lana.

–Ordenantza jasotzen diren arauetako edozein haustea, arau-hauste arin eta astun gisa tipifikaturik ez egon arren, bideak normaltasunez erabiltzeari eragiten badio.

–Bideko arekan ildoak edo zangak egitea, baldin eta, haien sakonera edo mugarekiko hurbiltasuna dela eta, bidean zirkulatzea arriskuan jar badezakete.

–Finketatik ateratzea edozein ibilgailurekin edo nekazaritza-tresnarekin harriak, agregakinak, lokatza, adarrak edo beste objektu batzuk barreiatuz, bideen funtzionamendu egokian kalteak eragin edo hura eragotzi dezaketenak.

3. Tuterako Udalak edo haren agintaritza-agenteek hartzen ahalko dituzte beharrezkotzat jotzen dituzten behin-behineko neurriak, konfiskatzea barne, ustez arau-haustea eragin duen jarduerak sortutako kaltea geldiarazteko. Era berean, kautelazko neurri gehiago ezartzen ahalko ditu azkenean eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluan jasoriko arau-hausteak zehatuko dira, behin dagokion zehapen-espedientea izapidetu eta gero, kontuan hartuz eragindako kalte-galerak (halakorik izan bada), sortutako arriskua eta eragilearen intentzionalitatea, honako isun hauek ezarrita:

–Arau-hauste arinak: 180 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 300 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna.

Isunak murrizten ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legean jasoriko ehunekoetan, bertan xedaturiko arrazoiengatik (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

2. Ordenantza hau hausteagatik instruitzen diren administrazio-espedienteak direla eta, horiek hastea ekarri zuen egitatean bertan delitu-zantzuak agertzen badira, alkateak horren berri emanen dio Fiskaltzari, arau-hausleei erantzukizun penalak eska diezaien, halakorik badute, eta Udal Administrazioak ez du aurrera segituko zehapen-prozeduran, agintaritza judizialak bere erabakia eman arte. Zehapen penala ezartzen bada, ez da izanen administrazio-zehapenik, baina, hala ere, arau-haustea egin aurreko egoerara lehengoratzeko neurriak hartzen ahalko dira.

19. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantzaren ondorioetarako, bertan aurreikusitako arau-hausteen erantzule izanen dira horiek egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak.

Arau-haustearen egilea ez bada harrapatzen hura egiten ari den unean, baina baldin badaude zantzuak eta arrazoi frogagarriak ezartzeko bideari edo bertako instalazioei eginiko kaltea finka jakin batean egin diren lanen ondoriozkoa dela, subjektu erantzulea izanen da lurzatiaren jabea.

Pertsona juridikoak zehatuko dira haien organo edo agenteek eginiko arau-hausteengatik; hala, beren gain hartuko dute konpontzeko neurrien kostua, deusetan galarazi gabe hirugarrenei eragindako kalte-galeren ordaina eman behar izatea.

Erantzule bat baino gehiago dagoenean, ezin bada zehaztu parte-hartzearen maila, erantzukizuna solidarioa izanen da, erantzukizunei aurre egin dietenek uko egin gabe berreskaera-eskubideari, gainerako parte-hartzaileen aurrean.

20. artikulua. Zehatzeko eskumena.

1. Alkateak izanen du ordenantza honen xedapenak hausteagatik zehapen-espedientea hasteko eskumena, edo eskuordetzaz ahalmena duenak. Espedienteak hasiko dira ofizioz edo aurretik partikularrek edo agintaritza-agenteek salaketa eginik.

2. Zehapen-prozedura izapidetuko da urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.

3. Bidezkoa den zehapena ezartzea izanen da eraginiko kalte-galeren ordaina eman beharretik apartekoa eta harekin bateragarria. Udaleko zerbitzu teknikoek zehaztuko dituzte kalte-galera horiek.

4. Alkateari dagokio zehapenak ezartzea ordenantza honetan xedaturikoaren aurkako arau-hausteengatik.

21. artikulua. Preskripzioa.

1. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epea izanen da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legean xedatutakoa.

2. Zehapen-prozedura hasi behar dela iritziko zaio kanpo zantzuak agertzen direnean, ahalbidetzen dutenak arau-haustea eragin duten egitateen berri izatea.

3. Etengabeko jokabide baten ondoriozko arau-hausteetan, preskripzio-epea kontatzeko hasierako eguna izanen da jarduera bukatu zenekoa, edo arau-haustea burutu zuen azken egitatearena, edo egitatea bukatzen den egunarena.

22. artikulua. Kalte-galeren ordaina.

1. Tuterako landabideetan edo bertako instalazio edo elementu funtzionaletan kalte egiten duen orok kalte-ordaina eman beharko du, bidezkoak diren zehapenez gain; hori guztia, Nafarroako Foru Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horretarako, zehapen prozeduraren ebazpenean honakoa deklaratzen ahalko da:

–Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengoratzeko.

–Sortutako kalte-galeren ordaina, prozeduran haien zenbatekoa zehaztu denean.

2. Premiazkotzat jotzen bada kaltea konpontzea, udal organo eskudunak berehala eginen du konponketa hori, eta gero gastuaren likidazio proposamena igorriko dio eragileari. Likidazio hori behin betiko finkatuko da, interesdunari entzunaldia eman ondotik.

3. Konponketa ez bada premiazkotzat jotzen, interesdunari hura egin dezala eskatu zaio, gehienez ere 3 hilabetean; bidea edo bertako elementuak utzi beharko ditu kaltea eragin aurretik zeuden egoera berean.

Komunikazioan adierazitako epea betetzen ez bada, udal organo eskudunak beharrezko obrak eta lanak subsidiarioki egiten ahalko ditu, eta gero gastuaren likidazio proposamena igorriko dio eragileari, hamabost eguneko epean ordain dezan.

4. Premiazkotzat jotzen bada kaltea konpontzea, udal organo eskudunak berehala eginen du konponketa hori, eta gero gastuaren likidazio proposamena igorriko dio eragileari. Likidazio hori behin betiko finkatuko da, interesdunari entzunaldia eman ondotik.

5. Zehapen prozedura izapidetzean ez bada ezarri eragindako kalte-galeren ordaina, hura prozedura osagarri baten bidez zehaztuko da, eta haren ebazpena berehala betearaztekoa izanen da.

23. artikulua. Landabideen kontsulta organoak.

1. Landabideen kontsulta organo bat ezarriko da, eta bertan behar bezala ordezkaturik egonen dira udal titulartasuneko landabideen erabiltzaileak; hala, ordezkari hauek egonen dira: ureztatzaile-elkarteen hiru ordezkari, afiliatu gehien daukan nekazari sindikatuaren ordezkari bat, Tuterako udal katastroko ordezkari bat, landazain bat, mendi-ingeniaria, oposizioko taldeetako kide bana, eta Mendietako zinegotzia, organoko burutzan jardunen baitu. Organo horrek kanpoko aholkularitza eskatzen ahalko du, haren beharra duela uste denean.

2. Landabideen kontsulta organoak eginkizun hauek izanen ditu:

1.–Aztertzea nola banatu onurak eta kargak ukitutako jabeen artean, Udal honek beharrezkotzat jotzen badu.

2.–Obrak, konponketak, jarduketak eta aldaketak aztertu eta proposatzea, halakoak komenigarritzat jotzen badira bideen kontserbazio eta defentsarako, eta esku hartzea Udalbatzak arlo horretan eskuordetzen dizkion gai guztietan.

3.–Oro har, udal landabideen kontserbazio, ustiaketa eta erabilerarako komeni diren azterketako eta zaintzako gestio, proposamen eta irizpen guztiak, Udal honek beharrezkotzat jotzen baditu.

3. Tuterako udal-mugarteko landabideen kontsulta organoak jardunen du bide judizialera jo aurretik, alderdien arteko arbitraje eta bitartekaritzako organo gisa bide-zortasunaren inguruan sorturiko gatazketan, baldin alderdiek eskumen hori onartzen badute.

4. Organoak urtean bitan bildu beharko du gutxienez. Biltzen ahalko da, orobat, kideen heren batek hala eskatzen badu, edo Mendietako zinegotzi eta organoko buruak biltzera deitzea erabakitzen duenean.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehendik dauden itxiturak eta hesiak

Bideen mugakide diren finketako itxitura edo hesietarako, baldin eta gauzatu baziren ordenantza hau onetsi baino lehen:

–Bideen jabari publikoa okupatzen badute, loturik egonen dira kasu bakoitzean nahitaez bete beharreko prozedurei, ordenantza honetan jasorik baitaude egitate hori lehengoratzeko.

–Lehendik dagoen itxitura edo hesia zortasun-eremuan kokaturik egonez gero, ordezteko edo berritzeko obrak eskatzen baldin badira, obra horiek bete beharko dituzte ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian ezarritako aginduak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik gelditzen dira 1943ko "Hiri-poliziaren eta ohituren ordenantzak" direlakoetan bideei erreferentzia egiten dieten artikulu guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2214467