257. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Ordenantza, lehentasunez birgaitu beharreko eremua arautzen duena. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2022ko abuztuaren 22an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Arbizun lehentasunez birgaitu beharreko eremua arautzen duen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu osoko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu honetan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.

Arbizun, 2022ko azaroaren 21ean.–Alkate udalburua, Francisco Javier Razquin Flores.

ORDENANTZA, ARBIZUKO LBEan (LEHENTASUNEZ BIRGAITU BEHARREKO EREMUA) SARTUTA DAUDEN SUSTAPEN PRIBATUKO ETXEBIZITZAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1.artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da hobariak arautzea udalaren zenbait tribututan (zehazki, instalazioen eta obren gaineko zergan eta bide publikoa okupatzeko tasetan), udalaren zerga-jardunaren esparruaren barruan, eta udal-mugarte honetako LBEan (lehentasunez birgaitu beharreko eremua) kokatuta dauden eraikinen zaharberritzeari lagundu beharrez.

Ordenantza honen bidez, lehentasunez birgaitu beharreko eremu izendatutako gunea arautu nahi da, eta zerga-hobariak ezarri eremu horretan ordenantza honetan xedatutakoaren araberako zaharberritze-lanak egiten dituztenentzat. Hain zuzen, arauketa hau ematen da sustatzeko eta dinamizatzeko udalerriko etxebizitza partikularren parkea gizarte-arrazoiengatik eta interes orokorragatik, horiek birgaitzeko jarduketak lagunduz eta indartuz, eraikin horietan obren sustapen pribatuaren bidez, baldin eta, zehatz-mehatz izan gabe, ohiko etxebizitzarako egokitzeko eta erabiltzeko jarduketa integralei buruzkoak badira. Beraz, diruz laguntzen ahalko dira inguratzaileak hobetzeko lanak, kanpoko arotzeriakoak, barrualdea egokitzeko lanak, egitura sendotzeko lanak eta, oro har, lehendik dauden eraikinak erabiltzeko aukera ematen duten lan guztiak, horretarako ezarritako lege-eskakizun guztiak betez.

2. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntzak jasotzen ahalko dituzte aurreko artikuluan deskribatutako obrek eta, oro har:

a) Etxebizitzak zati batean edo osorik zaharberritu edo konpontzea (fatxadak konpontzeko lanak, kanpoko arotzeriak, estalkiak, berreraikuntzak, eraikinaren egitura sendotzeko eta indargarriak jartzeko obrak...), baldin eta lan horiek gainditzen badituzte kontserbazio hutsera bideratutakoak, Eraikingintzaren Kode Teknikoak zehazten dituen bezala, eta betiere ohiko etxebizitza izateko.

b) Zati batean eta/edo osorik konpontzea ekonomia-jardueretara bideratutako lokalak edo nagusiki bizitegi-erabilerari lotutako eraikuntza osagarriak.

c) Eraikinaren inguratzailearen isolamendu termikoa hobetzeko obrak (fatxada eta estalkia).

d) Barnealdean egiten diren obrak edo jarduketak etxebizitzak egokitzeko, irisgarritasuna hobetzea helburu, arkitektura-oztopoak kenduz.

e) Etxebizitzen egokitzapen funtzionalerako obrak, haien bizigarritasuna helburu, definitzen den bezala Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen 142/2004 Foru Dekretuan, edo hura ordezten duen xedapenean.

f) Jarduera ekonomiko, administratibo, kultural edo aisialdikoetara bideratutako lokalen egokitzapen funtzionalerako obrak, aplikatzekoa zaion araudian ezarritakoari jarraituz.

–Birgaitzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten eraberritzeak. Energia-efizientzia, segurtasuna, irisgarritasuna eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Hobariak aplikatuko zaizkie soilik Arbizuko LBEaren eremuan dauden eta gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten eraikinetan egiten diren jarduketei. Ordenantzari plano bat erantsi zaio, eremua zein den ikus dadin. Eremua 2022ko abuztuaren 22ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Laguntzak Arbizuko Udalak onuradunei emandako dirulaguntza edo ekarpen gisa hartuko dira, ordenantza honetan araututako baldintzetan, eta honelakoak izaten ahalko dira:

–%75eko hobaria obrak egiteagatik ezarritako udal tributuen gainean; hala ere, aldez aurretik, onuradunek ordaindu beharko dituzte dagozkien eskubide eta tasa guztiak. Hobaria eraikuntzen eta obra-instalazioen gaineko zergaren (EIOZ) kalkuluaren emaitzari dagokio. Gehienez ere 900 euro emanen dira.

–Bide publikoa materialekin eta aldamioekin okupatzearen tasari dagokionez, udal-zerbitzuek zehaztuko dute bide publikoan okupatutako azalera, obraren beharren arabera; hobaria %75ekoa izanen da, eta gehienez ere 300 eurokoa.

5. artikulua. Hobarien onuradunak.

Arbizuko LBEan zehaztutako jarduketa eremuko eraikinen edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa. Azken kasu horietan, onuradunek 8. artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzeko moduan egon beharko dute, kontratu bidez eta beste dokumentu fede-emaile baten bidez, zeinaren bidez frogatzen baita dirulaguntzaren xedeko etxebizitza erabiltzeko ahalmena dutela, aipatutako apartatuan ezarritako baldintzetan.

Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelako betebehar publiko edo pribatuak egunean ez dituzten pertsonak edo erakundeak; betebehar hori familia-unitateko kide guztiendako izanen da. Ordenantza honen ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko dira higiezin berean bizi diren pertsonak; erroldako orri berean daudenak, alegia.

Ordenantza honetako apartatu horretan ezarritako laguntzen onuradun izateko, familia-unitateko edo erakunde juridiko eskatzaileko kide guztiek udalerrian erroldatuta egon beharko dute, edo alta eman beharko dute laguntza eskatzeko unean.

6. artikulua. Jarduketen baldintzak.

Obrak eginen dira 50 urtetik gorako eraikinetan. Antzinatasun hori zehaztuko dute katastroan adierazitako datak edo behar bezala justifikatutako agiriek.

Egin beharreko obren artean, betiere jaso beharko da fatxada birgaitzeko eta bertako elementuak araudira eta ordenantzetara egokitzeko jarduketaren bat.

Era berean, obrak gauzatzerakoan aurreikusiko da hondakin-uren saneamendu-sareak eta euri-uren sareak behar bezala bereiztea, eta inola ere ezin izanen da hondakin-urik isuri euri-uren sarean, eta alderantziz. Baldin lizentziaren xede den etxebizitzan, eraikinean edo instalazioan era horretako disfuntzioren bat badago, nahitaez zuzendu beharko da eskatutako obra egiten denean, Udalaren txosten teknikoek adierazten duten moduan, eta horren berri eman beharko zaio Sakanako Mankomunitateari.

Obrak, oro har, nahitaez egin beharrekoak direla jasota egotea Udaleko Hirigintza arloko Aholkularitza Taldeak espediente bakoitzerako egin beharko duen nahitaezko txosten teknikoan. Txosten horrek zehaztuko du ordenantza honetako kasuetara egokitzen den eta nola egokitzen den.

7. artikulua. Mugak.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik. Etorkizunean dirulaguntzok berriro jasotzen ahal izateko, udal-zerbitzuek horri buruzko balorazioa egin beharko dute.

8. artikulua. Nola tramitatu hobaria eskuratzeko eskaera:

Oro har, Udalak interesdunei jakinaraziko die, horiek hala eskatuta, ohiko publizitate bitartekoen bidez edo obra-lizentziak eskatzen direnean, laguntzak badaudela eta zein diren horiek jasotzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko agiriak, bai eta, hala badagokio, behar den dokumentazio teknikoa ere.

Arbizuko Udalari aurkeztuko zaizkio laguntza ekonomikoen eskaerak, ordenantza honetan jasotako zaharberritzeetarako direnean, honako dokumentazio hau erantsita:

–Eskatzaileak duen ordezkaritza egiaztatzeko agiria, hala badagokio.

–Udalarekiko zerga-betebeharrak ordainduta daudela dioen ziurtagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, ordenantza honetako baldintzak betetzen dituela eta obra udal-bulegoetan dagoen dokumentazioaren arabera eginen duela adierazten duena.

–Egin beharreko obren deskripzio-memoria, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo, bestela, ikus-onetsitako proiektu teknikoa, obra motaren arabera, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeari jarraituz.

–Obra-lizentziaren eskabidea.

–Jabearen edo erkidegoak duen ordezkariaren NANaren edo IFZaren fotokopia, eta horien berariazko baimena obrak egiteko sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa, eta kasu horietarako 5. artikuluan berariaz aipatzen diren agiriak.

–Jabekideen erkidegoaren erabakia: obrak egitekoa, laguntza-espedientearen kudeaketarako ordezkaria izendatzekoa, eta jabekide bakoitzak obran duen ehunekoa zehaztekoa, hala badagokio.

9. artikulua. Hobaria ematea:

EIOZren murrizketa ebatziko da alkatetzaren ebazpen bidez, obrak bukatu eta interesdunak kasu bakoitzari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren.

Obren bukaera justifikatzeko aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

–Lehen okupazioko lizentzia, beharrezkoa denean hirigintzako araudiaren arabera.

–Obraren bukaerako ziurtagiria edo akta, teknikari eskudunak sinatua, obra motagatik esku hartu behar izan duenean eta lehenengoz okupatzeko lizentziarik behar izan ez denean, barnean dela horien benetako kostua egiaztatzen duen dokumentu teknikoa.

–Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, baldin teknikari eskudunak esku hartzea nahitaezkoa ez bada.

–Jarduketen EIOZren zerga-oinarriarekin bat datozen fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Obrak etxebizitzaren bizigarritasun-zedula lortzeko badira, zedula hori izapidetu, lortu eta aurkeztu beharko da (martxoaren 22ko 5/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena, edo hura ordezten duen xedapena).

Bide publikoa okupatzeko tasaren gaineko hobaria emanen da obra gauzatzeko aurkeztutako proiektua onartu bezain laster. Udaleko langileek obra amaitu eta/edo geldiarazten denean egiten duten azken likidazioaren zenbatekoa murriztea, horretan datza hobaria.

10. artikulua. Hobaria galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, zehazki, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, dagokion zergaren edo prezio publikoaren gaineko hobaria deuseztatu eta kentzea ekarriko du, eta jasotakoa itzultzeko ere eskatzen ahalko da.

Ordenantza honetan araututako laguntzak galduko dira, halaber, eskatzaileek, zaharberritze obrak egitean, ez badituzte betetzen arau subsidiarioak edo obra lizentzia ematean ezarritako baldintzak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, behin betiko onetsita 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu lege beraren 326. artikuluan xedatuarekin bat, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta iragaten denean Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea.

Arbizun lehentasunez birgaitu beharreko eremua

Iragarkiaren kodea: L2215579